Euskal Herriko Kale Erabileraren V. Neurketa

grafikoak Ikusi Kale Neurketaren emaitza taula eta iruditan

Zenbat erabiltzen da euskara kalean? Galdera horixe da Soziolinguistika Klusterrak gaur goizean UPV-EHUko Ibaeta Kanpusean aurkeztu duen ikerketa motibatu duena. Galdera horri erantzun nahiak eraman gituen kale-erabilera neurtzen hastera, eta halaber ekarri gaitu, neurraldiz neurraldi, honako honetara. Gogoeta komun batek emango ahal digu, iragana aintzat hartuta, oraina ondo ezagutzeko eta etorkizunean eragiteko gaitasuna.

Euskararen Erabileraren V. Kale Neurketa. Ondorio nagusiak.

- Euskara gero eta gehiago erabiltzen da Euskal Herrian. 2006an Euskal Herriko elkarrizketen % 14,2 euskaraz izan dira.

- Gehiago erabiltzen da, baina, oraindik ere minoritarioa da euskal gizartearen zonalde gehienetan. Ahaleginak egiten eta neurriak hartzen jarraitu behar dugu, beraz, Euskal Herrian euskara gaztelaniaren edo frantsesaren parera iritsi dadin.

- Gainera, erabileraren hazkundea nahi eta espero baino motelagoa da, izan ere, hamazazpi urtetan 3,4 puntu igo da.

- Oraindik ere, elebidun eta elebakarren proportzioak kontuan hartuta, espero dena baino gehiago hitz egiten da, baina, euskararen erabilera indarra galtzen ari da. Hau da, erabilera ez da ezagutzaren erritmo berean hazi, eta gainera, ezagutzaren hazkundearen erritmoa erabilerarena baino bizkorragoa da; beraz, bien arteko aldea, geroz eta handiagoa da.

- Herrialdeen arabera ezberdintasun handiak daude:

o Gipuzkoak euskararen erabileraren etengabeko hobekuntzarekin jarraitu du, eta erabilera % 33ra heldu da.

o Araba, Bizkaia eta Nafarroan ere euskararen kale erabilerak goranzko joera adierazten du aztergai izan dugun 17 urteko tartean; nahiz eta, hiru herrialde horietan, erabileraren igoera trabatuagoa egon eta Gipuzkoakoa baino apalagoa izan.

o Iparraldean euskararen erabileraren galerak ez du etenik.

- Adinaren araberako datuei erreparatuz gero, hizkuntza normalizazio-prozesu batean egon daitekeen hurrenkerarik onena lortu da; beraz, zenbat eta gazteago izan orduan eta euskararen erabilera altuagoa dugu. (Hurrenkera: haur, gazte, heldu eta adineko). Aurreko neurketatik haurren artean handitu da gehien erabilera (% 20,8), helduek ere puntu batean hobetu dute (% 12,3), eta zaharrek etengabeko jaitsieran jarraitzen dute (% 10,6). Gazteen artean, berriz, ez da hobekuntza nabarmenik gertatu, aurreko neurketetako proportzio antzekoa jaso dugu (% 13,8).

- Haurren presentziak nabarmen eragiten du euskararen erabileran, hau da, elkarrizketetan haurrak tarteko direnean euskara gehiago erabiltzen da haurrik ez dagoenean baino. Dena dela, hiriburuetan, eragina hori ahulagoa izan da 2006ean, 2001ean baino.

- Sexuaren araberako emaitzei dagokionez, Hego Euskal Herriko hiriburuetan (gainontzeko eremuetarako ez dugu lagin nahikorik) emakumezkoek gizonezkoek baino erabilera-maila hobeak azaldu dituzte.

- Oro har, zonalde linguistiko guztietan erabilerak gora egin du, batez ere zonalde euskaldunenean, hau da, ezagutza % 75-100 bitarteko zonaldean.

- 10.000 eta 25.000 biztanle arteko herrietan egiten da euskara gehien (% 26,9) eta ondoren herri txikietan (5.000 biztanletik gorakoetan).

- Euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera % 2,3koa da.

- Laburbilduz, argazki estatikoari erreparatuta, euskararen egoera eskasa da, oraindik. Aldiz, dinamikoki begiratuta joera itxaropentsua ikusten da, egoera duin batera iristeko asko falta zaigun arren.

BAT aldizkariko alean, hainbat adituk emaitza guzti hauek aztertu dituzte. Era berean, ikerketa honen emaitza nagusiak gure webgunean, Euskararen Datu Basean –EDB 1.0-, daude ikusgai: www.soziolinguistika.org/edb/ Gaur egun, EDB eguneratzen ari gara, 2008ko urtarrila bukaeran erabilera datuak ez ezik, hezkuntzari buruzko datu eguneratuak ere ikusi ahal izango dira.

Hemen dituzue BAT aldizkariko 64. alean agertzen diren artikuluen laburpenak: