Euskal Lanbide Heziketa
Ugari dira azken urteotan Lanbide Heziketan gertatu diren aldaketak. Luze joko luke banan-banan aipatzea, eta gainera, ez da hori artikuluaren gaia. Bai, ordea, agertu nahi nuke Lanbide Heziketarako onuragarriak izan direla eta, geroari begira, erronka berriei behar den moduan aurre egiteko egitura eta baliabideak eman dizkiotela.
Hala ere, egoera orokorra hori bada ere, badu zer hobetu Lanbide Heziketak, egunotan hainbaten ahoan dabilen gaia, kasu: euskarazko lanbide heziketa. Denek aitortzen dute hezkuntza-sistemaren euskalduntze-prozesuan falta den azken maila dela, unibertsitatearekin batera, eta hori, nahikoa da gure arreta bertan jartzeko. Lan-munduarekin lotura zuzena duen ikasketa-mota izateak ere berebiziko garrantzia ematen dio, lan-mundua euskalduntzeko aukera ezin hobeak eskaintzen baititu.
Aurrerapausoak egin badira ere, ezin uka hutsuneak ere badirela: desoreka nabariak lurralde eta eskualdeen artean, familien artean...
Hau guztia kontuan hartuz, arazoari heldu genion duela hiru urte, gure ahalmenek eta baliabideek ezartzen ziguten mugaren barruan, noski. Eta horretarako, orduan arazorik larriena zirudienari heldu genion; ikasmaterialaren eskasiari, alegia. Momentu horretan aitzindari izan ginen, ikastetxe publikoak eta kontzertatuak biltzen dituzten Ikaslan eta Hetel elkarteak bat egiteko gai izan baikinen, LANEKI erakunde amankomuna sortuz. Horren ondorioz, LANBIDE EKIMENA proiektua garatu ahal izan genuen; hots, irakasleek proposatu edo aukeratutako materialen itzulpena denon eskura interneten jartzeko proiektua. Helburua da familia eta ziklo guztietarako ikasmaterialak itzultzea.
Dagoeneko hiru fase bete dira eta emaitza ona izan dela uste dugu: 80 material inguru euskaratu da. Datorren ikasturtean hasiko den laugarren fasearen bidez euskaraz eskaintzen diren heziketa ziklo guztien behar larrienak arintzea lortuko da. Beharrak handiak direnez, epe luzeko egitasmoa dugu LANBIDE EKIMENA, urtez urteko planak antolatuz.
Lanbide Heziketako Zuzendaritzaren dirulaguntzaz gainera, Bizkaiko Diputazioak, BBK-k, eta Gipuzkoako Diputazioak ere berriki sinatu duen hitzarmenaren bidez, bat egin dute gurekin asmo horretan.
Esan bezala, orain hiru urteko egoeran, gure ustez, lehentasuna zuena bideratua dugun honetan, agian hausnarketa sakonagoa egiteko garaia ailegatu da eta arestian aipatutako desorekak orekatzeko abagunea dugu. Guk, geure aldetik, egoki ikusiko genuke euskararen erabileraren normalizaziorako plangintza bat antolatzea, unibertsitateak egin zuen moduan, eredu eta jokabide amankomunak ezarriko lituzkeena Lanbide Heziketan. Hala ere, jakin badakigu Hezkuntza Sailak ere honen inguruko hausnarketan ari dela eta laster dela bere proposamenak agertzeko. Bitartean, haien zai izango gara.
Lehen adierazi bezala, jabetu gara euskarak gure arloan behar duen trataeraz, eta aintzat hartu dugu aurtengo ikasturtean gauzatu den HEZKUNTEk proiektuan. Egitasmo honen bidez, Iparraldeko gazteei Hegoaldeko ikastetxeetan eta enpresetan ikasi eta praktikak egiteko aukera eskaintzen zaie eta hor euskarak merezi duen lekua izango du.
Azkenik, bada beste esparru bat Lanbide Heziketarekin lotura estua duena eta enpresa ari da honen antzeko hausnarketa egiten. Egunotan ere aditzen ari gara arlo horretatik datozkigun berriak eta, horren arabera, badirudi, poliki-poliki bada ere, gero eta enpresa gehiago ari dela euskara-planak garatzen. Horrek ere lagundu egingo dio Lanbide Heziketaren euskalduntze-prozesuari. Hau bi esparrutan oinarritzen da, nagusiki: eskola-enpresa harremana: praktiken esparruan eta heziketa ez arautuarenean. Bietan aurrera egin beharko du euskarak, normaltze bidean jarriko bada.



