Iritzia: Erramun Osa

Erramun Osa
Aipamenak

Beraz, hezkuntza munduan hizkuntzen erabilerari begira, euskararena bereziki, jarriko bagara, hizkuntzak nola eskuratzen diren kontuan hartu eta gela barruko planteamenduetan iraultza gertatzea behar-beharrezkoa da, horretarako gure eskuetatik aldentzen den kanpo faktorerik ez baitago. Noranzko horretan, baina, hezkuntza komunitateak urratsak batera egin behar ditu.


euskalduntzen ari diren hiztunek dakiten hori askotarikoa den ingurune horretan baliatu ahal izateko, ahalik espazio gehien irabaztea ezinbestekoa da, eta, horretarako ere, askotariko eragileen artean eta maila desberdinetan (udal, eskualde, lurralde zein beste maila bateko egiturak) egitasmoak komunean jartzeko eta dauden erresistentziak gainditzeko ahaleginak egin beharko ditugu.


Euskararen ezagutzak, belaunaldi gazteenetan batez ere, gora egin arren, euskararen erabilerak pareko goranzko joerarik ez duela erakutsi esan da behin baino gehiagotan. Halaber, euskararen ezagutzak gora egin bai, baina, ikuspegi formalari erreparatuta, kalitateak txarrera egin duela ere etengabe barreiatu den kezka izan da. Alabaina, halakoetan, euskararen gurpilera hurreratu diren pertsonen ezaugarriak, dituzten beharrak nola baita bizi diren inguruneak eskaintzen dituen aukerak zein ezartzen dituen mugak, oso gutxitan hartzen ditugu kontuan. Era berean, euskararen ikuspegi formalari ematen zaion aparteko garrantziak ere ez dio euskararen indarberritze ahaleginari laguntzen.

Hizkuntzaren erabilerari buruz hitz egiten dugunean, sarritan, atzamar tarteetatik ihes egiten duen ura bailitzan, kanpoko faktoreei buruz hitz egiten dugu, eta, halakoetan, dezakegunaz, gure esku dagoenaz hitz egitea ahaztu egiten zaigu. Guri dagokigunez, bederen, eskola askotan baliatzen diren curriculum mailako zehaztapenei (halakoetan, hizkuntzak beste osagai batzuen artean beraiei lotutako kulturen erakusle eta adierazpen sinboliko diren neurrian, euskal kulturari ematen zaion leku urria oso da kezkagarria) nola baita baliatzen dituzten abiaburu metodologikoei zein ebaluazio tresnei begiratu besterik ez daukagu euskararen erabilera bilatzen eta kontuan hartzen ez dutela ondorioztatzeko. Aurreko batean, gune erdaldun batean lanean diharduen irakasle batek, klaustro batean, "guk isiltasunaren gaitasuna lantzen dugu" zioen, eta hori, besteak beste, euskarazko ereduan aritu arren, gela barruan gertatzen denaren isla izan liteke, ezen isiltasuna landuz ezin baitira hizkuntzak erabili, ez eta erabili ahala eskuratu, nonahi, noiznahi, eta nolanahi hizkuntza batean zein bestean zuzentasunez, jatortasunez eta egokitasunez moldatzeko aukerak urrituz.

Gure artean badira euskararen ezagutzan urratsak egin eta gutxieneko ezaguerak pilatu ahala erabilerarako bidea egin daitekeela uste dutenak; ez naiz ni, ostera, iritzi horretakoa. Izan ere, hizkuntza sistema, gainerako ezagutzak bezala, ikasleak eraiki beharreko ezagutza da, besteekin elkarrekintzan, hizkuntzaren bidez gauzak eginez. Ikuspegi honen arabera, gramatika arauak zein elementuak, ustezko zailtasun formalaren baitan –orain errazenak, gero zailagoak diratekeenak–, ez ditugu era linealean eskuratzen; alta, askotariko beharrizan komunikatiboak asebetetzeko baliatzen gara behin eta berriz gramatikaz, bada, hizkuntzaren sistema puzzlea bailitzan eraiki egiten dugu pertsonok, eta prozesu horretan, hezkuntzak izugarri lagun diezaguke, ezen, mailaz maila eta etapaz etapa hizkuntzaz baliatuz gauzak egin behar baititugu etengabe.

Beraz, hezkuntza munduan hizkuntzen erabilerari begira, euskararena bereziki, jarriko bagara, hizkuntzak nola eskuratzen diren kontuan hartu eta gela barruko planteamenduetan iraultza gertatzea behar-beharrezkoa da, horretarako gure eskuetatik aldentzen den kanpo faktorerik ez baitago. Noranzko horretan, baina, hezkuntza komunitateak urratsak batera egin behar ditu. Izan ere, irakasle batek halako planteamenduekin aritzeak ezer gutxirako balio du, ondokoak "indikatibozko orainaldi" eta gisakoekin edota garai bateko horitutako orriekin ikasleak aspertu eta euskaraz aritzeko motibazio zein aukera urriak dituztenei jarrera are apalagoa izatea eta atzeraka egitea eragiten badie. Izan ere, traineru batek helmugara iristeko talde-lana behar duen gisa berdinean, hezkuntzan dihardugunon artean ere elkarlana ezinbestekoa da, metodologia, ebaluazio, etab. irizpide luzea komunean jarriz.

Aipatutakoaz landa, gelaz kanpoko eskolako gainerako eremuetan eragitea eta euskararen erabilerari begira jartzea ere garrantzi handikoa da, horretarako, euskararen erabilera zertan den aztertuz, beharrak eta lehentasunak zerrendatuz, horiek kontuan epe labur zein ertainerako helburu orokor zein zehatzak finkatuz, hauetara iristeko denboran garatuko diren eta itolarria eragingo ez duten planifikazio zehatzak abian jarriz, zein egitasmo hauen ebaluazioa etengabe burutuz. Inoren zain egon gabe hezkuntza munduan gauzak hobeto egin ditzakegu, ezbairik gabe ... baina, guk euskararen geroa, geure baitarik, ezin dugu ziurtatu besterik gabe. Horretarako, gizartearen laguntza eta berarekin aritzea behar-beharrezkoak ditugu.

Eskola berezko ezaugarriak dituen ingurune batean kokatuta dagoela eta gela barruko lana –ahal denik eragingarriena bilakatuta ere– oso laburra –pertsonarteko esparru informalean bereziki– geratzen dela kontuan hartu behar dugu. Beraz, eskolan nola baita euskaltegietan euskalduntzen ari diren hiztunek dakiten hori askotarikoa den ingurune horretan baliatu ahal izateko, ahalik espazio gehien irabaztea ezinbestekoa da, eta, horretarako ere, askotariko eragileen artean eta maila desberdinetan (udal, eskualde, lurralde zein beste maila bateko egiturak) egitasmoak komunean jartzeko eta dauden erresistentziak gainditzeko ahaleginak egin beharko ditugu.

Askotarikoen arteko talde lana, erritmo egokia, noranzko garbia izatea, horiek eta gehiago behar ditu traineru batek helmugara iritsiko bada. Guk ganoraz antolatu behar ditugun osagaiak (pertsonak, baliabideak, etab.) baditugu, ekiporik, ostera, osatzeke daukagu.