Iritzia: Kontseilua
Erabilera handitzeko behar den aurrebaldintza —ezagutza tasa handiago bat— lortzeko irakaskuntzak eta helduen euskalduntzeak duten funtzio estrategikoaz gain, "euskara planak" hedatzeak duena azpimarratu behar da. Izan ere, norbanakoen hizkuntz portaeraren aldaketa, nagusiki, gizartea hezurmamitzen duten erakundeen hizkuntz funtzionamenduaren aldaketaren ondorioa da, eta ez alderantziz.
ERABILERA INDARTZEKO GAUR EGUNGO BIDEAK NORAINO IRISTEN DIRA?
Urrats erabakigarriak egin dira joan deneko hamarkadetan. Labur erantzutekotan, irakaskuntzan eta helduen euskalduntzean egin diren aurrerakadek ekarri dute gaur egun dugun ezagutza tasa, txikia oraindik, baina ditugun erabilera indizeak ahalbideratzen dituena. Bi arlo horietan —irakaskuntzan eta helduen euskalduntzean— urratsak egiten segitzea, eta are neurri handiagoan egitea dira aurrera begirako bide garrantzitsuenak erabileran gora egiteko.
Horrekin batera, sektorez sektore erabilera aukerak zabaltzeko neurriak hartu dira, unibertsitatean, komunikabideetan, kultur produkzioan... Era berean, ez da gutxietsi behar oro har euskaldunen artean dagoen kontzientzia altua, hizkuntzarekiko leialtasun handi bat ekarri duena, espero zitezkeen erabilera indizeak baino nabarmen handiagoen kausa zuzena direnak. Leialtasun edo kontzientzia hori ere orain arteko bideek erabilera indartzeko eman duten emaitza garrantzitsuetakoa dira.
Baina gainerako guztien artetik, azken hamar urteetan sendotu den bide funtsezko bat azpimarratu nahi dut: euskalduntze planak. Batez ere lan munduko enpresei begira hedatu den esperientzia da, baina edozein erakundetan egin izan dira: lantegiak, zerbitzu bulegoak, dendak, sindikatuak, kirol edo kultur elkarteak... Bide honek bete-betean eragiten du erabileran, hurrengo atalean azalduko den moduan.
Azkenik, orain arteko bideek erabilera indartzeko eman dutena aztertzerakoan, noraino EZ diren iritsi ere aztertzea komeni litzateke, nabarmen urrutiago irits baitzitezkeen. Irakaskuntzan indarrean dagoen sistemak aspaldi gainditua behar zuen, eta gaztetxo guztiak euskaldunduko zituen hezkuntz ereduak asko azkartuko zituzkeen emaitzak. Helduentzat euskara ikastea oraindik ez da doakoa (etorkinentzat gaztelania ikastea berriz bai!) eta euskaltegiek maiz zangotrabatze gehiago jaso dute administraziotik espero litekeen lankidetza giroa eta babesa baino. Komunikabide pribatuen esparruan ez da eragin, kontzesio publiko diren enpresa pribatuei ez zaie ia inoiz hizkuntz baldintzarik ezarri... Unibertsitatearen edo osasun munduan euskalduntze prozesuak motelegi doaz. Administrazioaren kasua larria da, portzentaia oso txikian baino ez baita euskaldundu —25 urteren ondoren!—. Hizkuntz politika da, azken finean, epel edo, Nafarroan bezala, kontrara ibili dena; ondorioz erabileran eragiteko aukera ugari alferrik galdu da. Legediak baimentzen eta ahalbideratzen zituen urratsak ez dira egin nahi izan. Erabileran eragin nahi badugu, balorazio autokritiko batek egingo liguke mesede, aurrera begira oinarrizko aldaketa batzuk egiteko.
GERORA BEGIRAKO GOGOETA: NON ERAGIN BEHARRA, PREMIARIK LARRIENAK.
Erabilera handitzeko behar den aurrebaldintza —ezagutza tasa handiago bat— lortzeko irakaskuntzak eta helduen euskalduntzeak duten funtzio estrategikoaz gain, "euskara planak" hedatzeak duena azpimarratu behar da. Izan ere, norbanakoen hizkuntz portaeraren aldaketa, nagusiki, gizartea hezurmamitzen duten erakundeen hizkuntz funtzionamenduaren aldaketaren ondorioa da, eta ez alderantziz. Hau da, gizarteko egiturek ez dute euren hizkuntz funtzionamendua aldatzen norbanakoek euren hizkuntz portaera aldatzen dutelako, alderantziz baizik. Norbanakoen portaera garrantzitsua baldin bada, erakundeen —publikoen eta pribatuen— hizkuntz funtzionamendua alda dadin eragiteko lanean da garrantzitsua.
Euskaltzaleak erakundeen euskalduntzea eragiteko gauza bagara, eta neurri handi batean gauza garela bistakoa da, etorriko da euskarazko funtzionamendu hori, eta horren hedatze gero eta handiagoak ekarriko du norbanako erdaldunek euskara ikastea eta euskara dakitenek erabiltzea. Nolabait marrazteko, erabilerara garamatzan —erabilera sozialera eta pribatura garamatzan— estrategiaren kateatzea honakoa da:
Norbanakoek erakundeen euskalduntzean eragin
Erakundeek hizkuntz funtzionamendua aldatu
Norbanakoek hizkuntz portaera aldatu
Kontseiluaren ustez norabide horretan eragitea funtsezkoa da eta horregatik sortu du Bai Euskarari Ziurtagiria: mota guztietako erakundeen euskalduntzean ematen diren aurreratzeak kreditatzeko eta saritze publiko horren bitartez erakunde berriak bide horretara bultzatzeko.



