Iritzia: Jasone Aldekoa
Oraintsu (Berrian, 2004ko urriaren 28an) Ibon Usarraldek, euskal hizkuntza komunitatearen bizindar etnolinguistikoaren inguruko ikerketaren egileak, zera zioen: "Euskara, luzera, hiltzera kondenatuta dago". Bere esanetan hizkuntza baten osasunaren adierazlerik argiena hiztun komunitateak egiten duen hizkuntza horren erabilera da eta corpusean zein statusean eragiten denean erabilera indartzeko asmotan egiten da. Erabilerarik gabe ez baitago hiztun komunitaterik, ez behintzat hizkuntza horretakorik.
Euskararen Erabilera arautzen duen Oinarrizko Legea (azaroaren 24ko 10/1982) ezarri zenetik, Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxe guztietan, herri ikastetxe zein pribatuetan, hainbat ahalegin egin dira ikasleek derrigorrezko eskola aldia (lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza) burutzen dutenerako, Erkidegoan ofizial diren bi hizkuntzak erabiltzeko adina ezagutzen dituztela ziurtatzeko.
Hizkuntzen psikopedagogiak egindako ekarpenei jarraituta ere, ikastetxeetan behatu izan da, ikasleek euskara ikasi arren -ulermen eta mintzamen nahikoa lortu arren-, euskararen erabilera ez dela proportzio berdinean bermatzen. Alegia, euskara jakiteak ez duela ziurtatzen egoera formaletatik kanpo euskara erabiliko denik (Artola et al., 1991).
Erkidegoan euskaraz irakasten duen irakasle oro aspaldi ohartu da arazo horretaz eta Hezkuntza Sailak ere hainbat legedi, neurri, eta laguntza bideratu ditu adin batetik beherako biztanleria elebidun orekatua bihur dadin, eta euskara ikasgelan eta handik kanpo erabil dezan, ahoz zein idatziz.
Aldizkari honetako artikuluetan eta beste hainbat ikerketetan ikus daitekeenez, Euskal Autonomi Erkidegoan Oinarrizko Legea ezarri zenetik, ikastetxe ia guztietan euskara eta euskal ereduak irakasten dira. Frogatu da euskararen jakite mailak gora egin duela azken 20 urteetan (Eusko Jaurlaritza, 2003a), ez ordea euskararen erabilerak (Altuna, 2002), espero zitekeen proportzioan behintzat.
1982az geroztik euskararen erabilera sustatzeko hainbat ekimen partzial garatu dira Euskal Herriko ikastetxeetan, eta garatutako esperientzia guztiak oso lagungarri izan dira alor honetako jakintza metatzeko. Baina hizkuntzaren erabilera faktore anitzen eraginaren ondorioa da, hemen eta munduko beste hainbat tokitan ikusi izan denez (Skutnabb-Kangas,1988). Ondorioz, euskararen erabilera bultzatu nahi bada, komunitatearen egoeraren diagnosi zehatz batean oinarrituz, ahalik eta eragile diren faktore gehienetan interbenitzea komeni da, Hornberger-ek (2003) proposatzen duen "Continua of Biliteracy" ereduan legez, eta interbentzio guztiak plan orokor baten barnean uztarturik daudela. Plan orokor edo sistemiko horrek izen ezberdinak jaso ditu bultzatu duen sailaren edo kolektiboaren arabera: plan estrategikoa, plan nagusia, normalkuntza plana, etab.
Honelako plan sistemikoak ezinbestekoak dira, herrian euskararen garapenean (language evolution), euskararen ingurumenean (language environment) eta hizkuntza arriskuan jartzen duten gaietan (language endangerment) eragin nahi bada, beti ere helburua euskararen erabilera soziala ahalik eta gehien hedatzea delarik.
Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak, 1996/97 ikasturtean hasita, Ulibarri Programaren barne Hizkuntza Normalkuntza Proiektuak jarri zituen abian (Eusko Jaurlaritza, 2003b). Nire iritziz, sei ezaugarrik bihurtzen dituzte proiektu horiek eraginkor euskararen erabileraren sustapenean:
- Ikastetxeko Normalkuntza Proiektua interbentzio orokorra da bere baitan euskararen erabileran zerikusia izan ditzakeen eremu guztiak onartzen dituelako, hala nola ikastetxeko antolakuntza, hizkuntzak irakasteko metodologia, irakasleak, ikasleak, gurasoak, langile ez irakasleak, eskolaz kanpoko ekintzak, etab.
- Halaber, proiektu irekia da, barneko eragile guztiez gain, ikastetxea kokatuta dagoen testuinguruarekin (udalerria, Erkidegoa, Euskal Herria, Europa), zein gizarteko eragile anitzekin uztartuz (adituak, komunikabideak, kirol elkarteak, kultur elkarteak, eliza…) elkarlanean aritzea ahalbideratzen duelako.
- Era berean, aniztasunari sentikorra da, proiektua ikastetxe bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko gai delako; tokian tokiko diagnosiaren arabera, hezkuntza komunitate bakoitzak bere plan propioa diseinatu eta horri ekiten diolako.
- Horrez gain, hezkuntza komunitateko jarduera denez, komunitate horretako kideen euskararekiko motibazioa, ezagutza, eta erabilera lantzeko aukera ematen duelako. Unean uneko arreta talde osoari edo kide bakoitzari eskaintzen dio beharrizanaren edo komeni denaren arabera. Normalkuntza Proiektua hezkuntza komunitate osoaren borondatez eta onarpenez egiten da; diagnosia, plangintza, interbentzioak eta ebaluazioa taldean proposatu, burutu, eta baloratzen dira. Taldearen ikuspegia beti kontuan izanda, banakoaren nortasunari, gaitasunari, eta borondateari erreparatzen zaio.
- Bestalde, Ulibarri Programan diharduten guztiek elkarrekin etengabeko harremanean eta trukean jarduten dute topaketa berezien bitartez, koordinazio bilerei esker, edota teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerez baliatuz.
- Azkenik, Ulibarri Programak herri, eskualde, eta Erkidego mailan ikastetxeen, udaletxeen, administrazioen, eta adituen koordinazioa eta antolakuntza ahalbideratzen du, honek dakarren baliabide, tresna, eta material ezberdinen sorkuntzarekin, garapenarekin, eta elkartrukearekin.
Beraz, ikastetxeetako normalkuntza proiektuak globalak dira, irekiak daude, bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen dira nahiz eta kolektiboak izan eta etengabeko harremanetan diharduten elkarrekin eta euskalgintzan ari diren beste eragile batzuekin.
Horretan dihardugunok, jakina, berehalako emaitzak nahi ditugu, eta sarri ez ditugu lortzen nahi adinako abiaduran. Ikastetxeek Ulibarri Programaren barnean sei/zazpi urteko ibilbidea egin dute. Oraindik programa osoaren efikazia euskararen erabileraren bermean ez da sistematikoki ebaluatu, baina tokian tokiko ebaluazio txikiak egin dira, eta ikastetxeetako proiektuak eraginkorrak direla ikusi da bertako euskararen erabilera suspertzeko, ahozkoa zein idatzizkoa. Esparru batzuetan aurreratu dela ikusi izan dugu, esaterako, irakasleen euskararen ezagutzaren sakontze beharrizanetan, teknikarion soziolinguistika eta plangintza alorretako formazioan, normalkuntzaren inguruan bildutako dokumentazioa kudeatzean, ikastetxe-udal-eragile-aditu-administrazio sareen osakeran. Beste kasu batzuetan, ordea, Ulibarri Programan aritzeak gabezi batzuk detektatzeko ere balio izan digu. Ohartu gara ikasleek euskara ahoz erabiltzea nahi badugu, ezinbestekoa dela gelan ahozko erabilera bultzatuko duen metodologia komunikatiboa garatzea eta ikastetxeko irakasle guztiok, gure arloa edozein izanda ere, hizkuntza irakasle garela. Oraindik ere atal honetan zer egin asko gelditzen zaigu. Dena den, Esnaolak (2003) dioenez:
"hezkuntzari ez dagokio egoera soziolinguistikoa iraultzea, gehienez ere helburu horietako eragile garrantzitsua izatea, ez eragile bakarra ordea. Besteak beste, dituen ezaugarriak izanda, hezkuntzari hori lortzea ezinezkoa zaiolako. […] hezkuntza mailako diagnostikoa egitean arazo nagusia ez da ikastetxeak inguru erdalduna izatea, ikastetxean bertan errealitate euskaldun osoa ez lortzea baizik" (2003: 33. or.)
Ondorioz, etorkizun hurbilari begira, irakasleoi ikastetxea euskalduntzea dagokigu. Horretarako, geu izan behar dugu euskararen erabiltzaile eredu geure ikasleentzat eta hezkuntza komunitate osoarentzat, eta adituengandik jasotzen ditugun hausnarketekin, ikerketekin, eta gomendioekin gure proiektuak osatu behar ditugu, euskararen erabileran eragiten duten faktore gero eta gehiago bere baitan lan daitezen (taldekoak zein bakarkakoak, ezagutzari lotutakoak zein motibazioari lotutakoak, testuinguru hurbilekoak zein mundu mailakoak, metodologiarekin zein soziolinguistikarekin zerikusia dutenak). Arduradunei eskatzen diegu guretzat eredu izatea, euren taldeetan erabilera bermatzea, eta jada sortu ditugun sareen koordinazioa, harremanak eta trukeak bultzatzea. Adituei dagokie Ulibarri Programa hornitzeko baliabideak sortzea eta programak erabileran duen benetako eragina neurtzea. Azkenik, gizarteari eskatzen diogu eskolan egindakoa onartzea, babestea, eta bultzatzea, ea denon artean hiztun normalak bihurtzen garen.



