Iritzia: Jose Felix Diaz de Tuesta

Jose Felix Diaz de Tuesta
Aipamenak

Gerora begira, euskararen belaunez belauneko jarraipena bermatzea da lehen-lehena, lehentasun osokoa. Ezinbestekoa da guraso guztiek, jatorrizko euskaldunak izan zein euskaldun berriak izan, etxetik euskara transmititzea bere haurrei. Hartarako, gertuko ingurunea -familia, auzoa, eskola eta tokian tokiko komunikabideak...- normalizatzeko egitasmoak jarri behar dira abian.

ERABILERA INDARTZEKO GAUR EGUNGO BIDEAK NORAINO IRISTEN DIRA?

Oso datu gutxi dugu euskararen erabilerari buruz. Euskal Herriko euskararen kale erabilerari buruz, adibidez, lau datu sorta baino ez dugu, EKBk eta SEI Elkarteak 1989 eta 2001 bitartean egindako neurketetan lortutakoak, hain zuzen ere. Neurketa horietako datuen arabera, gora egin du euskararen kale erabilerak: hamabost urtean % 25 hazi da. Hala ere, oraindik oso apala da.

Beste eremu batzuetako erabilerari buruz ia ez dakigu ezer. Eta ditugun datu gehienak inkesta bidez lortutakoak dira. Ikerketa eta neurketa gutxi egiten dugu, eta, horiek gabe, ezin jakin aurrera ala atzera egiten dugun. Hala ere, dauzkagun ikerketa guztiak bat datoz oinarrizko printzipio batzuetan:

  1. Hizkuntza bat ezin da erabili jakin ezean.
  2. Eta euskararen erabilera nekez haziko da euskaldunen portzentaiak gora egiten ez duen bitartean. Are gehiago, euskaldunen proportzioa haztea ez da nahikoa; jatorrizko euskaldunen proportzioak egin behar du gora, erabileraren hazkundea nabarmentzeko modukoa izango bada.

GERORA BEGIRAKO GOGOETA: NON ERAGIN BEHARRA, PREMIARIK LARRIENAK…