Iritzia: Lionel Joly

Lionel Joly
Aipamenak
Alegia, askotan hizkuntz plangintzak hizkuntzaren erabilera du helburu. Plangintzak berak intelektualizazio bat suposatzen du eta askotan intelektualizazio bitartez hiztunak konbentzitu nahi dira. Hiztunek aldaketa bat egin behar dute; alegia, euskara jakin ez ezik, euskara erabili behar dutela intelektualizazio mailan onartzen badute ere, praktikan ondorio gutxi dakar.

Beraz, nire aburuz, erabilera bultzatzeko era berriak sortu behar dira intelektualizazioari, arrazoibideari gutxiago lotuta. Era berean, premiazkoa da ingurunea ondo aztertzea errepresentazioen eta jarreren aldetik plangintzak egokitzeko. Kuadrilategi bezalako programa bat adibide argia da alde honetatik


Egoera soziolinguistikoak aztertzeko, ezinbestekoak dira errepresentazioak ondo jorratzea eta are gehiago gure ikerketak erabilera baldin badu helburu. Norbaiti galdetzen badiogu zein hizkuntza erabiltzen duen bere gurasoekin edo bere lagunekin adibidez, ez dugu jakingo benetan zein hizkuntza erabiltzen duen baizik eta berak zein hizkuntza pentsatzen duen erabiltzen duela. Erraz nabaritzen da eguneroko bizitzan: askotan pertsona bati galdetu diodanean zein hizkuntza erabili duen elkarrizketa bat izateko beste pertsona batekin, elkarrizketa burutu eta gutxira, minutu edo segundu batzuetara, askotan jendeak ez daki zer hizkuntza erabili duen eta horrelako erantzunak jasotzen dira: "nola egin dudan nire anaiarekin... ez dakit... euskaraz... nire anaiarekin beti egiten dut euskaraz". Errepresentazio bat, beraz, besterik ez da.

Martinez de Luna, Jausoro eta Berrio Otxoak gizarte sareei buruz argitaratutako ikerketa batean, argi geratzen da desadostasun handiak daudela zein hizkuntzatan hitz egiten duen pertsona batek beste batekin zehazteko. Esate baterako, Pablo deitzen zenak Nekanerekin euskaraz egiten zuela esaten zuen eta Nekanek, aldiz, erdara erabiltzen zuela esaten zuen. Nahasmen hau 45 kasutatik 13tan gertatzen da, eta ez dago hizkuntza alternantziari bakarrik lotua. Beraz, erabileraren bilakaera aztertzen dugunean, argi izan behar dugu askotan ez dugula benetako bilakaera neurtzen, baizik eta jorratzen duguna erabilerari buruzko errepresentazio batzuk direla, besterik ez.

Horregatik, garrantzitsuak dira Euskal Herrian egiten diren Kale Neurketak: inkestatuen errepresentazioen prismei lotuta ez egoteko, nahiz eta kontziente izan behar dugun inkestatzailearenari lotzen garela. Baina bi ikuspuntu eta errepresentazio ezberdin jasotzen dira eta, horrela, errealitatera gehiago hurbiltzeko aukera daukagu.

Geroari begira, euskararen erabileraren bilakaera positiboa izan dadin, plangintzan dagoen hesiaz ohartu behar dugu. Alegia, askotan hizkuntz plangintzak hizkuntzaren erabilera du helburu. Plangintzak berak intelektualizazio bat suposatzen du eta askotan intelektualizazio bitartez hiztunak konbentzitu nahi dira. Hiztunek aldaketa bat egin behar dute; alegia, euskara jakin ez ezik, euskara erabili behar dutela intelektualizazio mailan onartzen badute ere, praktikan ondorio gutxi dakar. Praktikan ez baikaude intelektualizazio maila batean, baizik eta normaltasun eta naturaltasun maila batean. Horrela uler daitezke ikerketa askotan agertzen diren komentarioak. Adibidez, Eibarren egindako ikerketa batean, Marije Lezetak eta Elena San Martinek egindakoan, esaldi hau agertzen da, inkestatu batek esanda: "Nik uste dot problema hor dagoela, ez? Esaten dozu guazen euskaraz egitera, eta ez da espontaneoa" edo beste adibide bat Eibarren berriro: "ni saiatu naiz. Lehenengo momentuan bai egoten zara igual aste batian baina gero ya puff... berriro lehengo bezala" (erdarara alegia).

Beraz, nire aburuz, erabilera bultzatzeko era berriak sortu behar dira intelektualizazioari, arrazoibideari gutxiago lotuta. Era berean, premiazkoa da ingurunea ondo aztertzea errepresentazioen eta jarreren aldetik plangintzak egokitzeko. Kuadrilategi bezalako programa bat adibide argia da alde honetatik: badakigu haurtzaroa uzteko edo uzten dutenean gazteek euskaratik erdarara jotzen dutela, eta egoera honi aurre egiteko oso ondo pentsatutako programa da kuadrilategirena.

Bukatzeko, ezinbestekoa iruditzen zait gogoeta sakon bat egitea erabiltzen den euskarari buruz, eta ea batua egokia den euskararen ahozko erabilera bultzatzeko eta zein baldintzatan.