Azken zenbakia

BAT 66: Teknologi berriak eta euskara (LABURPENAK)

I. Teknologi berriak eta euskara: Egoeraren azterketa

Euskara XXI. Mendeko informazio- eta komunikazio teknologietan.

Andoni Sagarna

Artikulu honetan, azken hamarkadan Informazio- eta Komunikazio-Teknologietan izan diren aldaketek euskararen bizitzari ekarri dizkioten baldintza berriak eta euskal komunitatea baldintza horiei nola saiatu den erantzuten aztertzen da. Arlo horretako produktuak eta tresnak euskaraz erabiltzen, sortzen eta moldatzen ahalegintzen den jende saiatuaren lana eta herri-erakundeek ematen dituzten dirulaguntzak aurrerantz bultzatzen duten arren, teknologiaren aldaketak eragiten duen atzeranzko bultzadari eusteko, zailtasun handiak ikusten dira. Etorkizunari begira, berriz, euskarazko hizkuntza-teknologiak garatzea ezinbestekoa izango da, baina arlo horretako enpresa handiek euskal merkatua ez dute aintzakotzat hartuko, interes ekonomikorik ez diotelako ikusiko. Egoera horren aurrean, mundu-mailako merkaturako lan egingo duen hizkuntza-teknologiako euskal industria bultzatzea izan liteke irtenbidea, kanpoan errentagarritasuna lortuz, etxeko premiei erantzun ahal izateko.

Euskarazko informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak)

Araceli Diaz de Lezana

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) definitu eta gero, eukarazko IKTen nondik norakoak aurkezten ditu artikulu honek: batetik, Eusko Jaurlaritzak gauzatutako ekimenak, labur-labur, eta, bestetik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarritako IKTen Inbentarioa. Azkenik, etorkizun hurbilerako hizkuntzen teknologien merkatuaren aurreikuspena eta euskararen inguruko gogoetatxoa erakusten ditu.

Hizkuntza-teknologia Ixa taldean, euskararen erabilera errazteko eta sustatzeko aplikazioak

Iñaki Alegria, Xabier Artola, Arantza Diaz de Ilarraza eta Kepa Sarasola

Gero eta informazio gehiago dugu eskura modu digitalean: bideo, irudia, ahotsa eta testua. Tresna eta aplikazio informatiko berriak sortu dira informazio andana hori prozesatu ahal izateko. Baina non dago kokatuta euskara mundu horretan? Lagun dezakete tresna horiek euskararen normalizazioan? Artikulu honetan EHUko IXA taldeko kideak galdera horiei erantzuten saiatzen dira, euskarazko hizkuntza automatikoki lantzeko tresnak zerrendatuz eta azken 20 urtetako esperientzia laburbilduz.

II. Ikerketa lerroak

Hizkuntzaren Tratamendu Automatikoa Euskararen Irakaskuntzan

Itziar Aldabe, Bertol Arrieta, Arantza Diaz de Ilarraza, Montse Maritxalar, Ianire Niebla, Maite Oronoz eta Larraitz Uria

Ordenagailu bidezko hizkuntzen irakaste-sistematan, normalean ariketa itxiak aurkezten zaizkie ikasleei. Esaterako, lau aukeren artean zuzena aukeratzea. Mota honetako ariketetan ordenagailuak aldez aurretik gordeta dauka emaitza zuzena. Ariketa irekia denean, aldiz, ikasleak nahi duena idazteko aukera dauka. Kasu honetan ikaslearen emaitza ez dago aurreikusterik, prozesua automatizatzeko zailtasuna nabarmen handituz. Izan ere, hizkuntza baten irakaste-prozesuan lagungarri gerta daitezkeen tresna askoren baliagarritasuna handitu egingo litzateke, hizkuntzaren tratamendu automatikoan oinarrituko balira. Artikulu honen helburu nagusienetakoa IXA ikerketa-taldeak bide honetan eman dituen pausoak azaltzea da, hizkuntzaren tratamendu automatikoa hizkuntzaren irakaskuntzan nola erabil daitekeen deskribatuz. Ildo honetan, hiru arlo jorratzen ditugu nagusiki: ikasleek erabiltzen duten hizkuntzaren azterketa, irakaste-prozesuan lagungarri gerta daitezkeen tresna informatikoen bideragarritasuna eta baliabide didaktikoen sorkuntza.

Begiratu bat corpus-baliabideei

Nerea Areta, Antton Gurrutxaga, Igor Leturia

Maiz esan ohi da hizkuntza batek hizkuntza-teknologien garapenean duen maila lotuta dagoela hizkuntza horren 'osasunarekin', horren adierazle izateraino. Ez da aztia izan behar bi alderdi horien arteko lotura badagoela sumatzeko. Mundu zabalean posizio 'indartsuan' dauden hizkuntzak dira hizkuntza-teknologietan, eta, horien artean, corpusgintzan, baliabide gehien dituztenak. Artikulu honen helburua da egileek euskarazko eta beste hizkuntza batzuetako corpus-baliabideetan eta corpusgintzan egin duten datu-bilketa aurkeztea, eta datu horien azterketan oinarrituta gogoeta egitea, non gauden eta norantz jo behar genukeen hausnartzeko.

Hizkuntzaren tratamendu automatikorako tresnak

Elena García Berasategi

Teknologia berriek berebiziko garrantzia hartu dute azken urteetan gure bizitzan. Hizkuntzaren alorrean ere teknologia berriek ekarpen nabarmenak eskaintzen dizkigute, hala nola, hizkuntza-ezagutzaileak, zuzentzaile ortografikoak,Interneteko bilatzaile aurreratuak, entitateak automatikoki erauzteko tresnak,terminologia erauzketa automatiko eleanitza egiteko aplikazioak, itzultzaile automatikoak eta orokorrean euskaraz idazten laguntzeko tresnak. Hauetako batzuk egunero erabiltzen ditu euskaraz lan egiten duen edozein pertsonak eta askotan, lana pixka bat arinago egiten laguntzen diote.

Itzulpen automatikoa: aukerak, arazoak eta erronkak

Iñaki Alegria, Arantza Diaz de Ilarraza, Gorka Labaka, Mikel Lersundi, Kepa Sarasola

Itzulpen automatikoa da Ixa taldeak aztertzen duen gaia artikulu honetan. Modu orokorrean, itzulpen automatikoak ematen dituen aukerak eta suposatzen dituen zailtasunak eta erronkak aurkezten dira. Oinarrizko kontzeptuak aurkeztu eta gero gaia modu teoriko praktikoan jorratuta dago, aurrerapen eta baliabide teknologikoak zerrendatuz eta adibide praktikoak emanez.

Euskara eta hizketa-teknologiak

Igor Odriozola, Inma Hernaez, Eva Navas

Azken urteotan, aurrerapauso handiak ari dira ematen hizketa-teknologien alorrean. Halako teknologiak garatzeko, ordea, ahots-baliabideak sortu beharra dago, eta horixe da, hain zuzen, hiztun gutxiko komunitateen arazorik handienetariko bat, baliabideak sortzea prozesu luzea eta garestia baita. Artikulu honetan, euskararako dauden ahots-baliabideen berri emateaz gainera, gure komunitatean hizketa-teknologiekin diharduten talderik nabarmenenak zerrendatu ditugu. Gainera, hizketa-teknologien bi atal garrantzitsuenen azalpen bat eman, eta hemengo administrazioek eman dituzten urratsak aztertu ditugu. Azterketa hori guztia kontuan izanda, gure ondorioen berri eman dugu.

III. Aplikazioak eta azterketa teorikoak:

Euskaljakintza: euskara eta teknologia berriak

Maite Goñi

Azkenaldian, web 2.0 edo Internet berriaz nonahi entzun dezakegu. Asko hitz egin da, halaber, irakaskuntzak internetera hurbiltzeko eta berau ulertzeko modu berri honi atera dakizkiokeen onurez. Jakintza Ikastolako IKT taldean, duela urte batzuk hasi ginen ohartzen onura hauez eta hausnarketa sakon baten ondorengo emaitza dira gaur egun abian ditugun hainbat proiektu.

Horietako bat euskaljakintza egitasmoa dugu. Euskaljakintzaren ardatz nagusia blog bat da, baina blog hori mendiaren tontorra baino ez da. Mendiaren magalean, euskara irakasteko metodologia berri bat dago, zeinarekin ikasleen euskararekiko jarrera aldatu eta euskara ikasteko nahiz lau haizeetara zabaltzeko grina piztu nahi den teknologia berriek eskaintzen dizkiguten baliabide eta lan egiteko modu berriez baliatuz.

IKASYS, norbere trebakuntza sistematikoaren bidez egiten den ikasketa

Maite Gomez Lete

Teknologi berriek aukera berri batzuk ematen dituzte hizkuntzen irakaskuntzarako ere. Artikulu honetan Ikastolen elkarteko Maite Gomez IKASYS proiektua aurkezten digu. Proiektu honen helburua hezkuntzan nabari diren hutsuneak betetzea da, hau da, ariketak egiten trebe izaten lagunduko dio ikasleari eta, bidenabar, baita buruz ikasten ere, eta hori guztia autonomoki barneratzeko aukera eskaintzen dio proiektuak, betiere ikasle bakoitzaren gaitasuna eta beharrak kontuan izanez eta horiei ahal den egokiena erantzunez.

Teknologia idazlearen lagun

Fernando Morillo

Teknologia berriak ematen dizkiguten, eta bereziki idazleei ematen dizkieten, aukerak aztertzen ditu bere artikuluan, bereziki azken urte horietan zehar baliagarriak izan daitezkeen tresnak aurkezten ditu, eta aurkeztu ez ezik, nola erabili eta berak dituen trukuak ere azaltzen ditu. Horrela PDAk, hiztegiak eta entziklopediak, datu-baseak, testuak entzuteko programak e.a. ematen dituzten aukerak azpimarratzen ditu F. Morillok.

Katalanaren itzulpen automatikoa

Mikel L Forcada

Artikulu honetan Mikel L. Forcadak, Alacanteko Unibertsitateko ikertzailea, katalanerako itzulpen automatikoa aztertzen du. Artikuluaren lehengo zatian itzulpen automatikoa zer den azaltzen digu eta bigarrenean katalanerako itzulpen automatikoari buruzko gogoeta batzuk aurkezten ditu eta katalanaren eskaintza ere aztertzen du. Bere artikuluaren azkenengo zatian Mikel L Forcadak katalanaren aldaeren kasuari buruzko gogoeta bat egiten du ere.

GUREAN

 

HAUSNARTU: Euskal soziolinguistika sarietarako deialdia

Hausnartu deitutako sariak antolatu ditu Soziolinguistika Klusterrak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) laguntzarekin. Sari horien helburua euskal soziolinguistika teoriko edota metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. 5 sari emango ditu Soziolinguistika Klusterrak 2008an.