HITZAURRE GISA 37. ZKIA.

Imanol Esnaola

Azaroaren 24an Sinposiuma egin zenetik bi aro bereizten ditugu ahalegin honetan jardun garenok: Sinposiumaren aurrekoa eta honen ondorengoa.

Sinposiumaren aurrekoaz, arrakastarik handiena, zalantzarik gabe, BAT aldizkariaren argitalpen batzordean sortutako ideia xume hura gorpuztu eta gizarteratzeko moduan umotu izana da. Izan ere, ekimen hau, gainerakoak bezala, eztabaida baten erdian ekarpen soil bat izan zen.

Geroztik ideiak bide luzea egin du, horren aitzakian sortu genuen “Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen, SEI elkartea”, gaia jorratzeko batzorde bat eratu... eta gure ilusioaren indarra hortxe ixuri dugu.

Sinposiumaren aurreko hamar hilabeteak izan ziren bizienak, zalantzarik gabe. Izan ere, euskararen inguruan eragile diren hainbat erakunde eta elkarterekin gure asmoa agertzeko bilera aro luzea egin genuen. Eta zalantzarik gabe, pozgarriena, gure asmoarekin eragile horiek oro har bat egiten zutela ikustea izan zen.

Arrunta dirudien gertaera horrek, ordea, sortzaileontzat garrantzia izugarria du. Izan ere, berriro diot, hemezortzi hilabete lehenago ideia hori paper zati batean idatzitako asmo bat besterik ez zen.

Harremanen ondoren ideiarekin ardura berezia adierazi zuen zenbait eragile bildu zen antolaketa lanetara. Urrats honek ere izugarri poztu gintuen, izan ere, eta gure elkartearen sortze agirietan dagoen lez, ekimen hau burutzeak SEI elkartea osatzen dugunok gainditu egiten gaitu, gaiaz arduraturik dabiltzan guztien ekimena behar du aurrera egiteko. Hori dela eta, batzorde antolatzailean SEI kide gehiago sartzea ez da txantxetako lorpena.

Dena den, ez genuen uste Insitutuak zer izan behar duen jasoko zuen agiria seion artean egin behar genuenik, hemen ere ateak zabaldu eta ekarpen berrien bila jo nahi genuen. Horregatik gaiaz DELPHIa, edo nahiago baduzue, “hobetze sistema” bat jarri genuen abian oinarrizko gidoi batetik abiatuz. Jakin bagenekien ez zela erraza udan ekarpen ugari jasotzea. Dena den, 47 lagunen zerrenda bat osatu genuen, denak euskararen berreskurapen eta normalizazio lanarekin arduratuak, eta ondoren zerrenda hori beste 300 laguni zabaldu genien (tartean hainbat eta hainbat euskaltzale, irakasle eta ikerlari).

Beraz, Sinposiumaren bezperarako lortu genuena hastapeneko asmoetan gure buruan egin genuen hipotesirik onenetako bat zen, gaia gizarteratu, babesa jaso eta kide berriak biltzea mahaiaren bueltan. Ondoren, Sinposiumean parte hartzeko 180 lagunek izena ematea, arrakasta hori baieztatzera etorri zen.

Ez naiz hemen hasiko azaroaren 24an jazotakoa azaltzen ondorengo horrietan baituzue jasota bertan azaldutakoaren mamia. Hala eta guztiz ere, antolatzaileok onartu beharra dugu ez geniola ponentzia nagusia ezagutu eta hausnartzeari guk nahi beste denbora eskaini. Gure asmoa epe malguagoz jokatu eta dokumentu nagusiaren azterketa behar bezala egin eta ekarpenez aberasteko aldez aurreko tartea eskaintzea zen. Ezin izan zen,ordea.

Sinposiumaren ondoren beste aro bat hasi da, aroa uzta oparoz amaitzea nahi genuke, eta badugu horretan sinisteko arrazoirik. Antolakuntzan jardun ginen eragileok Institutuaren sortze lanari ekitea erabaki dugu aski adostasun eta babes badagoelakoan. Honela datozen hilabeteotan lan hori elkarrekin burutzeko hitza emango diogu elkarri eta sortze lanari ekingo.

Ez da erraza gero. Sinposiumak agerian jarri zuen hutsunerik handienetako bat egituraketa juridikoarena izan zen, Fundazioa, Kultur Elkartea, Institutu Autonomoa, Clusterra... Zein egituraketa eman behar diogu? Alegia, zein oinarriren gainean eraiki behar ditugu etxearen zutabeak? Galdera horri erantzun nahi diogu lehenik eta ondoren hasiko gara zutabeak jartzen.

Dena den, bide honetan ematen dugu urrats bakoitza lorpen handitzat ikusten dugu eta ziur gaude orain arteko grinaz eta babesaz jarrituz gero, ez dela urrun Institutuak bere ateak zabalduko dituen eguna. Hori, ordea, biharko kontua da, ekin diezaiogun gaurkoari.

Ez nuke amaitu nahi hitzaurre hau Miquel Strubellek galde-erantzunen tartean Jaione Apalategiren gogoeta bati erantzunez esandakoa hona ekarri gabe. Honela zioen: “hemen gaudenon % 95ak ez dugu ikerketa hutsa egin nahi, ez dugu errealitatea ezagutu nahi, errealitatea eraldatu egin nahi dugu”. Horixe da ekimen honetan bultzatzaile garenon xedea, euskararen berreskurapen eta normalizazioan eragile izango den Euskal Herri mailako Institutua sortzea. Zoritxarrez, honelako egitura baten eginbeharra berez aski mardula baldin bada, euskararen kontrako etengabeko erasoaren azken ostikadek are premiazkoagoa egiten dute.