HITZAURRE GISA 41. ZKIA

Erabilera gure kezka askoren sorburu eta ahalegin gehiene helburu izan da. Erabili beharra eta erabilera eragozten duten eragileak indargabetu nahian hamaika gogoeta, eztabaida, proiektu eta esperientzia egin izan dugu.

Gazteek zergatik ez duten erabiltzen, edo helduen artean erdarara horren erraz zergatik jotzen den. Arduragabekeriaz ari ote garen ala egoera soziolinguistikoak erabat zapuzten duen gure nahia eta aukera... Aldizkariaren zenbaki honetan gai honi heldu nahi izan diogu. Izan ere, laster ezagutuko ditugu 2001ean egindako erabileraren neurketaren emaitzak eta zentsuaren emaitzek utzitakoak, eta balantzea egiteko unea izango da hori. Balantzeak gazi nahiz gozoak entzungo ditugu, eta kasu guztietan ondorioa bera izango da: aurrera egin behar.

Katalunia hizkuntzaren berreskurapen eta normalizazio kontuetan aintzindari ditugu eta gure egoera eta haiena hainbat alderditan aldera ezina bada ere, beste zenbait gaietan badugu zer ikasia. Azaroan erabileran berariaz eragiten hasteko asmoz Grup de Sociolingüísticak antolatutako jardunaldiak antolatu zituen. Hantxe izan ginen gu eta zuzenean ezagutu genituen haien kezkak eta asmoak. Aldizkariaren dosierrak han aurkeztutako zenbait txosten bildu ditu, batzuk bere horretan eskaini dizkizuegu, beste batzuk, berriz, laburturik.

Ikasgaien artean metodologiari buruzko auziak, erabilera erraztu eta areagotuko duen diskurtsoa laguntzeko argudioak, erabilera arauak aldatzeko teknikak... eskaini ditugu. Ziur gaude, dena den, denetan topatuko duzuela gure egoera hobeto ulertzen lagunduko dizuen argibiderik. Izan ere, zein informazio dugu Euskal Herrian euskararen erabilerak duen errealitateari buruz? Aski al da dugunarekin? Egiten duguna al da egokiena erabileran benetako gorakada gertatzeko? Daramagun bideak euskal hiztunen komunitatearen iraupena eta ziurtasuna bermatzen al ditu? Edo ausartagoak izanda, orain jartzen ari garen oinarriek ekarriko al dute inoiz euskara izatea euskal herritarron arteko komunikaziorako hizkuntza?

Horrekin batera, Euskal Soziolinguistika Institutua sortzeko bidean emandako azken urratsaren kronika ere egin dugu. Azaroaren 24an Zamudion bildutakook egindako gogoeta aldizkari honen irakurle guztion eskutan jarri nahi izan dugu. Euskararen berreskurapen eta normalizazioak soziolinguistika aplikatuaren laguntza behar duela ukatzerik ez dagoenez, garrantzitsua deritzogu gogoeta arloan dihardugun guztion artean hedatzeari. Bultzatzaileek kluster egituraren baitan ikusi dute aukera, eta ez da azaleko erabakia, izan ere, kluster egiturak arloko erakundeen arteko elkarlana sustatzeaz gain, bakoitzaren autonomia gordetzeko aukera paregabea eskaintzen du.

Xabier Iriondok, halaber, hizkuntza zuzenbidearen oinarriak zein diren eta egun indarreango legediek dituzten ezaugarri eta hutsueneak irudikatzeko saiakera mardula eskaintzen digu. Zinez, lan egokia da eskubideen gaian oinarrizko argibideak eskuratu nahi dituenarentzat. Izan ere, egun euskaldun batzuri onartzen zaiena zergatik ukatzen zaie beste batzuei? Eta zorrotzagoak izanik, zer dela eta euskaldun batek ez ditu alemaniar batek bere herrian dituen eskubideak? Xabier Iriondok ohikoa duen zorroztasunaz agerian jartzen dizkigu nazioarteko legediaren hutsune eta kontraesanak.

Soziolinguistika alorreko formazioan urratsak emateko ere sortu zen SEI eta aurten ezagutu dugun HIZNET ikastaro telematikoari atxikita ikastaro presentzialak antolatu ditu UEUrekin batera. Irakurleok aldizkarian horren berri zehatza topatuko baldin baduzue ere, utz iezadazue azpimarratzen ikastaro honetan bildutakoak goi mailakoak izateaz gain, egun euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuan duten garrantzia. Batzuk lan arlo berriak direlako eta besteak arrakastatsuak. Aukera paregabea, beraz, gai horiek zuzenean ezagutu nahi dituenarentzat.

Aldizkariaren azken lanak erosle katalanak erosketak egiterakoan hizkuntza irizpideak zer-nola eragiten dion azaltzen du. Askotan entzuten dugu euskaraz ere etiketatzeak bertako bezariaren zati bat urruntzen duela. Badirudi, ordea, hizkuntzarena izatekotan faktore lagungarria dela Kataluniako kasuan. Zer dela eta, orduan, pentsatu gurean ez dela hala gertatzen? Hizkuntza eta erosketaren artean dagoen loturak egungo egoeran duen mekanika ezagutzeak merkataritza alorrean gurean burutzen ari diren hainbat egitasmo laguntzeko balio izango duelakoan nago.

Dena den, hitzaurre honi azken ukituak ematen aritu naizen bitartean entzun dut irratian Jon Abril, aldizkari honetako bateratzaile izan zenarentzat sei urteko gartzela zigorra eskatu duela fiskalak. Horren ondoren, eta inoren eztarria estutzen duen sokaren modura, Mertxe Aizpurua eta Martxelo Otamendiren aurka Garzon epaileak jarritako salaketaren berri eman dute. Hasarrea eta elkartasuna, biak nahastu zaizkit lankideon egoera ezagututa. Har bezate hemendik nire besarkadarik adiskitsuena eta animorik beroenak.

BAT aldizkaria: 
41. 2001eko abendua. Erabilera, labirintotik sukaldera
Egilea(k): 
Imanl Esnaola
Urtea: 
2001