Estudios jurídicos sobre la ley de política lingüística (Zenbait egile). Liburua

honakoa, hizkuntza gaian Generalitateak argitaratu duen azterketa teoriko bikainenetakoa dela esatea zuzena litzateke eta aipatu diren zenbait gauzetan eredugarri izatera ere iristen dela esan dezakegu

Estudios jurídicos sobre la ley de polítika lingüística (Zenbait egile (1999), Bartzelona,Generalitat de Catalunya).

1998ko urtearen hasieran 1/1998 legea, urtarrilaren 4koa, sartu zen indarrean Katalunian. Lege honek 7/1983koa ordezkatu zuen.

Atzean utzitako legea “hizkuntza normalkuntzakoa (“de normalización lingüística) deitzen zen eta berria, berriz, “hizkuntza politikakoa (“de política lingüística). Nabardura horrek azaletik bertatik agertzen du mamian dagoena.

1/1998 delako legeak aintzat hartzeko zenbait proposamen dauka eta esku artean dugun lan honek horiek noraino eta nola heda nahiz gauza daitezkeen aurkezten digu, beti gainetik dagoen langa konstituzional derrigortuaren pean, noski.

Institut d´Estudis Autonómics-ek, aipatu legearen balizko potentzialitateaz ohartuta, mami horren alderdi garrantzitsuenen azterketa eskatu zien jurista adituei. Lan horren ondorena da lerro hauetara ekarri duguna, non beharrezkoa ere baden hausnarketa ideologikotik at, edukin zeharo juridikoak gailentzen diren.

Hamazazpi egile desberdinek burututako lanek osatzen dute gaztelaniaz idatzitako “Estudios jurídicos sobre la Ley de Política Lingüística liburua. Bertan hizkuntzaren gaian Generalitatearen eskuduntza legegileaz eta Konstituzioaren nahiz estatutuaren markoaz diharduten lanak daude. Berezko hizkuntza eta hizkuntza ofizialaren kontzeptuak zehaztearen aldeko saiakerak ere badira, baita funtzio publikora sartzeko katalaneraren ezagutzaren akreditazioari buruzko ikerketak ere. Zinema eta hizkuntza kuotak, hizkuntza katalanaren kanporako hedapena... dira beste zeinbait ikergai. Hala ere, mardulen eta sakonen aztertuta dagoena gizartearen atalkako hizkuntza araudiaren azterketa tematikoa da, hezkuntzan (unibertsitatekoa nahiz ez), komunikabideetan, justizia administrazioan, sozioekonomia munduan eta erregistro zein notaritza lanetan, hain zuzen ere.

Gaurko egunean, honakoa, hizkuntza gaian Generalitateak argitaratu duen azterketa teoriko bikainenetakoa dela esatea zuzena litzateke eta aipatu diren zenbait gauzetan eredugarri izatera ere iristen dela esan dezakegu.

Gurean, katalandarrek argitaratuta duten liburuaren antzekorik lortzeko nahia besterik ez dugu. Lehenik eta behin, liburuari bide emango liokeen hizkuntza politika legearen parekorik ez dago eta. Hala ere, eta esandakoa azpimarratuz, lan honek eskain ditzakeen ekarpenen artean, legeak berak aukera hori eskaintzen duelako, noski, hizkuntza gaiaren gizartearen atalez-ataleko azterketa azpimarratu beharko litzateke.

Luis Barinagarrementeria

Abokatua Euskaldunen Sindikatuko kide

BAT aldizkaria: 
32. 1999ko abendua. Neurketa soziolinguistikoak Euskal Herrian
Kokapen geografikoa: 
Katalunia
Egilea(k): 
Luix Barinagarrementeria
Urtea: 
1999