Psicosociolinguistica (Mari Jose Azurmendi). Liburua
Mari Jose Azurmendik argitaratu duen lan hau hau gaian murgildu nahi duen ororentzat eskuliburu aberatsa da. Ez da erraza “psikosoziolinguistika» zer den azaltzea teoriaren alor honetatik kanpo bizi garenontzat. Egilearen aburuz psikosoziolinguistika hizkuntza alderdi psikosozialetik jorratzen duten tradizio disziplinario desberdinen arteko hezurmamitzea da. Terminoaren adieran sakontzeko modurik onena, ordea, liburuaren edukian murgiltzea da.
Bost atal nagusitan banaturik dator. Lehen biek gaia kokatzen dute, azken hiruek, berriz, hiru joera nagusien berri ematen digute.
Lehen atalean psikosoziolinguistikaren oinarria jorratzen da, eta hurbilpen epistemologiko, historiko eta teorikoa-metodologikoa egiten zaio. Hizkuntzaren gaiari oratzeko moduak asko izan direnez, askotarikoak dira hemen biltzen diren erreferentziak. Eta hortxe dago, beharbada, lan honen ezaugarririk aipagarrienetako bat. Bai lehen atal honetan, bai gainerakoetan, gaiari buruzko ikuspegi zabala eskaintzen du bere bideetan barna abiatu nahi duenaren lagungarri eta argigarri.
Bigarren atalak aztergaia zein den zedarritzen du. Horretarako, aldiz, gaia jorratu izan duten argitalpen eta lan garrantzitsu zenbaiten ekarpenak biltzen ditu. Zinez dira garrantzitsuak Mari Josek aipatzen dituen iturriak. Izan ere, ez baita arloan aintzindari den baten edo bestearen ekarpenera mugatzen. International Journal of Language and Social Psychology aldizkaria (1982-) eta International Conference on Language and Social Psychology (ICLASP) (1979-) mintegia dira, hain zuzen, iturri nagusietakoak. Abiapuntu mardula izan arren, ahalegin berezia egin du lan eremu eta tradizio desberdinak sailkaturik azaltzen, berak dioen bezala arloko “mapa» egiten.
Azken hiru ataletan arlo honetako hiru joera nagusiak zein ibilbide egin duten eta zertan dauden azaltzen du. Hiru atal hauetan dago, zalantzarik gabe, irakurlearentzat erakargarriena.
Joera psikologikoa duen ildoa da egun indarrean dagoena. Giza komunikazioan dago bere arretagune nagusia. Pertsonen arteko komunikazioa abiapuntutzat hartuta, prozesu psikosozialak azaltzeko eraiki diren ikuspegiak azaltzen dizkigu, esaterako botere harremana eta hizkuntzaren arteko loturak duen eragina. Zehaztasunetara joaz gizon eta emakumeen arteko harremana, eremu juridikoko interakzio komunikatiboa, lagun artekoa... azaltzen ditu.
Laugarren atala da ziurrenik hizkuntzaren normalkuntzarekin loturik daudenentzat atalik interesgarriena. Arlo honetan psicosoziolinguistikaren joera soziologikoa du aztergai da eta bertan jorratzen dituenak, berriz: bizi-kemen etnolinguistikoa, kulturazioa, identitate soziala, identitate etnolinguistikoa, abertzaletasuna... Kontzeptu horiek guztiak dira kontuan hartu beharrekoak. Zoritxarrez, ordea, gure artean gutxi jorratu izan dira. Horregatik, eskertzekoa da, hain zuzen, Mari Jose eta bere lankideek arlo honetan egindako ekarpena (Ikus kulturazioa eta MIESC eredua). Atal honetan topatuko du irakurleak euskararen egoerari buruzko aipamen gehien, gaia gure kasuari egokitzeko zinez lagungarri gertatzen direnak.
Bosgarren atala joera linguistikoaren bidetik doa. Joera honek ez dio hizkuntzari erreparatzen hizketari baizik. Hizkuntzaren erabilerari. Berbaldiak, elkarrizketak, diskurtsoa, hizkuntza markatzaileak... Alegia, hizketan ari garenean hizkuntza zer nola erabiltzen dugun adierazi nahi duguna adierazteko. Sintaxia edo morfologiaren zuzentasunaz landa, hiztunen erabilera testuinguru sozial eta psikologikoaren arteko lotura da aztertu nahi dena.
Hiru joera hauek nazioartean zein bide luzea egin duten ikusteak gu hasmetan besterik ez gaudela adierazten digu. Mari Jose bezalako ikerlari saiatu zenbaiten lanak salbu gutxi baitira bide honen luze zabalean kokatzeko moduko lanak. Eta horrek agerian uzten ditu bi gai: 1.- Zenbatekoa den oraindik ere euskararen normalkuntzak goi mailako ikerketa eta formazioan duen hutsunea; 2.- Euskal Herrian dauden unibertsitateak (UPV-EHUk bereziki) zeinen urrun dauden behar horri erantzutetik.
Hizkuntza hautua egitean botere harremanak edo identitateak zer nolako eragina duten, edo perpaus bat ekoiztean ukipenean dauden bi hizkuntzak hiztunak zeren arabera nahasten dituen xehetasunez ezagutzera iritsi behar dugu. Hizkuntza normalkuntzarako politikaren oinarrietako bat ezagutzatik erabilerarako pausuan laguntzaile nahiz eragozle diren indarrak zein diren identifikatzea da. Bestea, berriz, egoera horretan eragiteko modua da. Horretarako, ostera, informazio ahalik eta zehatzena behar da, eta hor dago, inon egotekotan, unibertsitatearen betebeharretako bat: gizarteari bere proiektuak gauzatzeko goi mailako ekarpena egitea. Gaur egun alde handia dago euskararen beharrak eta unibertsitatean ekarpenaren artean.
Irakurle euskaldunaren ikuspetik, liburu honetan euskararen errealitateari buruzko erreferentzia falta somatzen dela esango nuke. Laugarren atalean, joera soziologikoari buruzkoan, aipamen ugari egiten bada ere gainerakoetan ez da halakorik gertatzen. Hots, interesgarria litzateke aipatzea diszplina hauek Euskal Herrian zein egoeretan dauden (zein ikerketa egin diren; zein emaitza; zein joeretan oinarrituz...) eta zein liratekeen etorkizunari begira gurean bereziki landu beharreko ildoak)
Hutsuneak hutsune, ordea, eskuliburu honek abiapuntu aberatsa eskaintzen dio bide horretan abiatu nahi duenari. Indar berriak hartzeko balio izango al du!



