Herrietako Kale Erabileraren Neurketak
Kokapena
Gero eta garrantzitsuagoa zaigu, euskararen egoera eta bilakaera modu objektiboan baloratzerako orduan, horretarako aukera ematen diguten datuak izatea. Datu horien artean bada bat herriko euskararen errealitatea adierazteko funtsezkoa dena: kalean erabiltzen den euskararen neurria, hain zuzen ere.
Euskal Herriko Kale Erabileraren
Neurketa 1989. urtean egin zen lehen aldiz eta geroztik beste lautan
errepikatu da: 1993an, 1997an, 2001ean eta 2006an. Orotara 250.000 hiztunetik
gora behatzen dira kalean hizketan. 1998an EKB desagertu ondoren, SEIk
hartu zuen bere gain EHko Kale Neurketa egitearen ardura. SEI
elkartearen lekua Soziolinguistika Klusterrak bete
zuen 2004. urtean. Aurreko neurketen metodologia eta esperientzia oinarri hartuta
Soziolinguistika Klusterrak 2006an Euskal
Herriko Kale Erabileraren V. Neurketa egin
zuen.
Oinarri metodologi hori baliatuz, Soziolinguistika Klusterrak herri mailako neurketa bereziak eskaintzen ditu zerbitzu modura. Hauetan, udalerrietako kale erabilera adin taldekako eta zonaldekako alderaketak emateko moduan jasotzen dira erabilera datuak.
Euskararen aldeko sustapen lan bat aurrera eraman ahal izateko baliabideak mugatuak izan ohi direnez, beharrezkoa zaigu premiarik larrienak zein diren ezagutzea, lehentasunak finkatzea, eta ondoren horiengan eragiteko ekimenak martxan jartzea. Neurketak, besteak beste, adin talde bakoitzak kalean euskara zenbat erabiltzen duen esaten digu, eta horrek asko errazten digu ondoren lehentasunak non dauden identifikatzeko. Gainera, Kale Erabileraren neurketak maiztasun batekin eginez gero (urtero, bi urtez behin...), urtetik urtera gertatzen den bilakaera ezagutu ahal izango dugu, eta modu horretan herrian izaten diren hizkuntza aldaketak gertutik jarraitu ahal izango ditugu.
2008ko udaberrian Aretxabaletako eta Elorrioko Kale Erabileraren neurketak burutu ziren. Udazkenean, berriz, Lekeitio, Aramaio, Oiartzun eta Lezoko kaleetako euskararen erabilera neurtu da.



