Soziolinguistika teorikoa egitasmoa: Hausnartu
Kokapena
HAUSNARTU deitutako sariak antolatu ditu Soziolinguistika Klusterrak.
Sari horien helburua euskal soziolinguistika teoriko edota metodologikoaren
garapena eta berrikuntza da.
Bost sari emango ditu Soziolinguistika Klusterrak 2008. urtean.
Euskal Soziolinguistika garapen handia ari da izaten maila aplikatuan; hizkuntzaren
statusetik egin den lanketa eta garapen teorikoa, aldiz, ez da horren parekoa
izan. Izan ere, batetik, eremu unibertsitarioko eragile eta ikerlari gehien-gehienek
ez dute euskal soziolinguistika jomugatzat hartzen (hizkuntzalariek burutzen
duten corpusaren gaineko jardun ugariak salbu); bestetik, politika instituzionala
eta euskalgintza herritarra interbentzio planetan eta egitasmotan dabiltza erabat
murgilduta, jardun teorikotik dezente urrunduta.
Horren ispilu garbia da Bat Soziolinguistika aldizkarian kaleratzen diren
artikulu gehienen edukia, hauetan, nagusiki euskararen gizarte egoera hainbat
ikuspuntutik deskribatzera mugatzen baitira. Alegia, artikulu horietan lanketa
teorikoa eta enpirikoa aldi berean jorratzen dituen artikulu gutxi dago eta
gertaeren deskribapenetik harantzagoko ahaleginak urriak dira.
Hala ere, zientziaren hainbat eremuk euskal soziolinguistikari egin diezaiokeen
ekarpena eta, zehatzago, gizarte zientziena handia da, duda izpirik gabe. Are
gehiago, alor zientifiko horretan dauden euskal profesionalak ugariak eta kualifikatuak
direla kontuan hartuz gero.
Gauza da euskal soziolinguistikak aurrerapauso sendo eta emankorrak emango
baditu, eremu hori jakituria zientifikoaren eskutik jorratu eta horretan sakontzea
ezinbestekoa dela. Hortaz, gizarte zientzietako profesionalak euskal soziolinguistikaren
eremuan euren ezagutza eta eskarmentu zientifikoak erabil ditzatela bilatu eta
bultzatu behar dela uste dugu. Asmo horrekin jaio da proiektu hau, hain zuzen.
Deialdi honetan euskal soziolinguistikaren arloan garapen teorikoak lantzen
dituzten lan hoberenak sarituko dira. Asmo horrekin, kontuan hartuko dira euskararen
gaineko berariazko garapen teorikoak nahiz kanpoan landutako gerapenetatik abiatuta
gure hizkuntzaren egoera aztertzeko eta ulertzeko egokitzapenak.
Asmoa hauxe da: dagoeneko euskal soziolinguistikarekin harreman zuzena izan
duten ikerlarien lana bultzatzea eta oraindik harremanik izan ez duten ikerlariak
euskal soziolinguistikaren eremura biltzea. Modu horretan hizkuntzaren eta soziolinguistikaren
inguruko ikerketen oinarri teorikoak zabaldu eta aberastuko dira. Gonbidapena
egiten diegu, beraz, giza eta gizarte jakintza alorretako ikertzaile guztiei
deialdian parte hartzeko.
Jatorrizko lanen oinarri teorikoa edo ikuspuntua ez du zertan soziolinguistikaren
arloari lotua izan behar; aldiz, zuzenbide, soziologia, ekonomia, psikologia,
historia, geografia, gizarte psikologia, antropologia edo beste adar zientifikoetatik
abiatutako planteamendu teorikoak euskal soziolinguistikaren eremura egokituak
izan daitezke, kasu askotan. Bestela esanda, soziolinguistikatik bertatik egindako
garapen berriak ez ezik, beste adar zientifiko horien ekarpenak ere bultzatzea
da sari hauen xedea.
Epaimahaia osatuko duten kideak honako hauek izango dira:
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari bat
- BAT Soziolinguistika Aldizkariko ordezkari bat
- Soziolinguistika Klusterreko kide bat.
Euskal soziolinguistikan aditua den beste pertsona batek ordezka dezake aurreko
mahaikideren bat, egoki ikusiz gero.
Sariak. Lehenengo saria 600 €takoa izango da; bigarrena,
300 €takoa; hirugarrena, 200 €takoa, eta laugarren zein bosgarren
tokietan sailkatutako lanek 100 € jasoko dituzte.
Lan hoberenak BAT aldizkariaren berariaz prestaturiko ale berezian
argitaratuko dira.
Lanak bidaltzeko epea 2008ko urriaren 1a. izango da.
Sarien inguruko erabakia 2008ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko
egunean argitara emango da



