Erabilera gogoeta foroa: Erabili
Kokapena
Aurtengoan Euskal Herriko Kale Erabileraren V. Neurketa egingo da. Neurketa honen bidez eskuratzen ditugun datuak oso garrantzitsuak dira. Izan ere, kalean, eremu informalean alegia, Euskal Herriko eremu geografiko desberdinetan, adin taldearen, sexuaren,…eta beste hainbat aldagaien arabera, euskararen erabilera zenbatekoa den esaten baitigu. Soziolinguistikaren ikuspegitik jakina denez, datu hau, oso baliagarria zaigu hizkuntza normalkuntza prozesuaren egoeraren berri izateko.
Argi dugu ordea datuak bere horretan ez dutela argazki bat besterik erakusten. Gure helburua berriz, datu hauek, gogoetarako, hipotesiak osatzeko, aurrera begira irizpideak edota lan norabide eta esparruak identifikatzen laguntzeko erabiltzea da. Bide honetatik, hizkuntza normalkuntzari buruzko datuak izate hutsetik, datuak, hizkuntza normalkuntza prozesuan erabiltzerako urratsa emanaz.
Hau guztia ordea ez du aurten egitea aurreikusten. Lehendik aipatutako asmoa bi urrats nagusitan banatuko dugu. Horrela, batetik, aurtengoan Euskal Herriko Euskararen Kale Erabileraren V. Neurketan espero ditzakegun emaitzen inguruko gogoeta egingo dugu eta datorren urterako utziko dugu jasotako emaitzen inguruko azterketa eta gogoeta lana.
Lehen gogoeta honen beharra aspaldikoa dugu. Izan ere, 2001ko neurketaren datuak aztertzeko egin genuen lan jardunaldian agertu zen bezala, aurrez hipotesirik izan ezean zaila izan ohi da ondoren lortutako emaitzak baloratzea eta beraz, hipotesiak eta hauek eraikitzeko erabilitako irizpide, arrazoi, aldagai,…desberdinek esan beharko ligukete ondorengo emaitza zer nola begiratu behar dugun.



