Andoaingo, Arrasateko, Bergarako, Hernaniko eta Lasarte-Oriako udalerriak.
EGILEAK: Ibon Usarralde eta Iñaki Martinez de LunaARGITARATZAILEA: Soziolinguistika KlusterraBABESLEAK: Andoaingo, Arrasateko, Bergarako, Hernaniko eta Lasarte-Oriako Udalak
Soziolinguistika Klusterrak argitaratzen duen lehen liburua da, Andoaingo Arrasateko, Bergarako, Hernaniko, eta Lasarte-Oriako Udalen laguntzarekin, eta soziolinguistikaren esparruarekin eta euskararen normalkuntzarekin estuki lotua dagoena.
Ibon Usarralde eta Iñaki Martinez de Luna izan dira liburu honen egileak. Soziologian lizentziatua lehena, eta soziologian doktorea bigarrena, beste hainbat merituren artean.
Ikerketa honen abiapuntuan hausnarketa, kezka, edo ezinegon batzuk aurkitu daitezke. Hausnarketa guztien oinarrian bat: erabilera dela euskararen normalizazioaren adierazle adierazgarriena eta erabileran zeresana duten faktoreak identifikatu, bakoitzaren garrantzia zehaztu, eta neurtu beharra dagoela eskuartze ekimen eraginkorrak bideratu nahi badira.
Euskaraz hitz egiteko gaitasunaren eta erabileraren artean zulo handia dago; gero eta jauzi handiagoa, hain zuzen: oro har, euskarazko gaitasuna lortzen duten gizabanakoen kopurua azkarrago hazten da, euskaraz hitz egiten duten gizabanakoen kopuruarena baino; joera nagusi hori, alabaina, ez da kasu guztietan betetzen.
Hori horrela izanik, kezka eta helburu nagusia hau izan da: zergatik dakienak ez du erabiltzen? Ikerketa hau galdera horri erantzuteko ahaleginean koka dezakegu. Egileak faktore edo elementu batzuetara mugatu dira, eta ezin, beraz, aipaturiko galdera horri erantzun erabateko bat eman. Aitzitik, partzialki bada ere, ahalik eta erantzun osoena ematen saiatu dira.
Lau helburu izan ditu ikerketak:
Bizindar etnolinguistikoa izeneko eredu teorikoaren baitan hizkuntza portaeran eragiten duten faktore guztiak bilduz gero, emaitza neurri bereko euskararen erabilera litzateke: gizarte baldintzak zelakoak, bizindarra nolakoa, erabilera halakoa.
Zergati, helburu eta lan-hipotesi horiei ahalik eta modu osoenean erantzun nahian, ikerketa oinarritu eta koherente bihurtuko zuen eredu teoriko bat aurkitzea beharrezkoa zen. Eredu teorikoak ikerketaren ezaugarrietara egokitu behar zuen; besteak beste, euskal hizkuntza komunitatearen barne nahiz kanpo osagai guztiak barneratu eta horiek ulergarri bihurtzeko modukoa izan behar zuen. Horrela, Ikerketa “bizindar etnolinguistikoa” kontzeptuaren atzean dagoen eredu teorikoan oinarritzea egokia izan zitekeela erabaki zuten ikertzaileek, eta, beraz, kontzeptu honen atzean dagoen eredu teorikoa da ikerketaren euskarri.
Atal oso bat eskaini zaio liburuaren eredu teorikoaren gaiari, eta bertan, kontzeptua bera modu argigarri batez azaltzeaz gain, bizindar etnolinguistikoaren jatorrizko formulazioa gauzatu zutenetik hasi eta denborarekin batera irabazi dituen ñabarduren berri ematen zaigu
Ikerketaren emaitza orokorrak honako grafikoan bildu ditugu:

Itxuraz, neurtu ditugun bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren artean badago nolabaiteko loturaren bat. Bi aldagaiek grafikoan marrazten duten ibilbidea antzekoa da: herri batean bizindar etnolinguistikoak gora eginez gero, euskararen erabilerak ere gora egiten du. Herri guztietan hori gertatzeak gure ikerketaren oinarrian egon den hipotesia neurri batean baieztatzeko nahikoa arrazoi ematen digula deritzogu: “euskal hizkuntz komunitatearen bizindar etnolinguistikoa nolakoa, euskararen erabilera halakoa”.
Salbuespenak salbuespen, beraz, ikerketaren azalpen logika honako bi esaldi hauetan laburtu daiteke:
Etorkizunean tresna honen garapenean eman beharreko urratsak azaltzen saiatu dira egileak, eta hiru norabide eduki beharko lituzkete, beraien iritziz:
Ikerketa honetan jaso diren emaitza guztiak dituzu datu-base honetan. Batetik, datu guztiekin osatutako taula ageri da bertan, eta bestetik, emaitzekin osaturiko grafikoak, herriz herri banatuta lehenengo eta emaitza orokorrak bilduz ondoren.