Herrietan egiten ditugun Kale Erabileraren Neurketen oinarri metodologikoa Euskal Herri mailan egiten den neurketan garaturikoa da, baina kasu honetan herriko berezitasunetara egokituta. Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa Orokorra 1989. urtean egin zen lehen aldiz eta geroztik lau urtez behin errepikatu da: 1993an eta 1997an. 1998an EKB desagertu ondoren, SEIk hartu zuen bere gain Neurketa Orokorra egitearen ardura eta 2001eko azaroan bertan egin genuen IV. Neurketa. Modu horretan, beraz, SEIk orain arteko neurketen oinarri metodologikoa eta esperientzia jaso du, eta orain, Soziolinguistika Klusterrak oinarri kontrastatu hau erabiliz egiten ditu herrietako neurketak ere.
Ikerketa honen helburua ikastetxeetan eta eskolaz kanpoko jardueretan haur eta gazteen erabilera neurtzea da. Horretarako Euskal Herri mailako Kale Neurketaren metodologiaz baliatzen gara. Horrez gain, aztergai dugun eremuaren -ikastetxeen- ezaugarrietara egokitzen dugu ikerketa-metodologia. Dagoeneko, Soziolinguistika Klusterrak (eta aurretik SEI Elkarteak) badu eskarmentua horrelako neurketetan, izan ere, 2001az geroztik ari baita ikastetxeetan erabileraren neurketak burutzeko metodologia garatzen.
Euskaini herri batean euskararen eskaintza zenbatekoa den neurtzen duen adierazlea da. Eskaintza publikoa neurtzen du, alegia, gizartearen sektore ezberdinetan (administrazioan, ekonomian, hedabideetan, eta. abara.) topatzen dugun hizkuntza eskaintza zenbatekoa den, eta indize zehatzetan adierazten digu. Euskaraz egiten den eskaintzaren argazki moduko bat eskaintzen digu, zehatza eta konparagarria, eta informazio iturri baliagarria da hizkuntza planifikazioan eta bere jarraipenean, bereziki udalerri mailan. Aukera ematen du udalerri bakoitzean dagoen eskaintza alderatzeko, orokorrean zein sektoreka eta bilakaerak aztertzeko.