Ondorio nagusiak
Ikerketaren emaitza orokorrak honako grafikoan bildu ditugu:

Itxuraz,
neurtu ditugun bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren
artean badago nolabaiteko loturaren bat. Bi aldagaiek grafikoan
marrazten duten ibilbidea antzekoa da: herri batean bizindar
etnolinguistikoak gora eginez gero, euskararen erabilerak ere gora
egiten du. Herri guztietan hori gertatzeak gure ikerketaren oinarrian
egon den hipotesia neurri batean baieztatzeko nahikoa arrazoi ematen
digula deritzogu: “euskal hizkuntz komunitatearen bizindar
etnolinguistikoa nolakoa, euskararen erabilera halakoa”.
Salbuespenak salbuespen, beraz, ikerketaren azalpen logika honako bi esaldi hauetan laburtu daiteke:
- Bizindar etnolinguistiko gero eta handiagoa, orduan eta euskararen erabilera altuagoa. Bizindarra nolakoa, erabilera halakoa.
- Bizindar
etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren arteko erlazioa ez da
herri guztietan intentsitate berekoa. Bizindar etnolinguistikoa baxua
denean, euskararen erabilerarekiko duen distantzia handiagoa da; aldiz,
bizindar etnolinguistikoa altua denean, euskararen erabilerarekiko
distantzia estuagoa da. Beste modu batera esanda, bizindar
etnolinguistikoa baxua denean, euskararen erabilerarekiko lotura
zehazten duen ratioa handiagoa da. Eta bizindar etnolinguistiko gero
eta altuagoa izan, euskararen erabilerarekiko loturaren intentsitatea
adierazten duten ratioa gero eta txikiagoa da. Edo, bestela esanda,
bizindarra neurri batean sendotzen denean, erabilera are nabarmenago
igotzen da.