Ikerketaren baliagarritasuna
Etorkizunean tresna honen garapenean eman beharreko urratsak
azaltzen saiatu dira egileak, eta hiru norabide eduki beharko
lituzkete, beraien iritziz:
- Euskal hizkuntza komunitatea
osatzen duten osagaietan sakondu behar dugu, komunitate horretan
eragiten duten faktoreak hobeto identifikatuz. Hau da erantzun
beharreko galdera: zeintzuk diren nagusiki euskal komunitatearen
bizindar etnolinguistikoa -edo osasuna- ahalbideratzen eta bermatzen
duten faktoreak, bai euskal hizkuntza komunitatearen barrukoak eta
baita euskal hizkuntza komunitatea kokatzen deneko gizartekoak ere.
- Bestetik,
euskal hizkuntza komunitatearen bizindar etnolinguistikoaren faktoreak
identifikatzeaz gain, faktore horien pisu erlatiboa zehazten eta
fintzen jarraitu beharra dago.
- Azkenik, eta amaitzeko,
horrelako ahalegin baten beharra azpimarratu nahi izan dute euskararen
normalizazioaren mesedetan. Izan ere, euskal hizkuntza komunitatearen
bizindar etnolinguistikoaren osagaiak hobeto identifikatuz eta horien
pisu erlatiboa zer nolakoa behar duen zehatzago zedarrituz, euskararen
erabileran, eta beraz, euskararen normalizazioan aurrerapauso
eraginkorrak eta arrakastatsuak emateko aukerak sortuko baitira.