Ikusi Kale Neurketaren emaitza taula eta iruditan
Zenbat erabiltzen da euskara kalean? Galdera horixe da Soziolinguistika Klusterrak gaur goizean UPV-EHUko Ibaeta Kanpusean aurkeztu duen ikerketa motibatu duena. Galdera horri erantzun nahiak eraman gituen kale-erabilera neurtzen hastera, eta halaber ekarri gaitu, neurraldiz neurraldi, honako honetara. Gogoeta komun batek emango ahal digu, iragana aintzat hartuta, oraina ondo ezagutzeko eta etorkizunean eragiteko gaitasuna.
Euskararen Erabileraren V. Kale Neurketa. Ondorio nagusiak.
- Euskara gero eta gehiago erabiltzen da Euskal Herrian. 2006an Euskal Herriko elkarrizketen % 14,2 euskaraz izan dira.
- Gehiago erabiltzen da, baina, oraindik ere minoritarioa da euskal gizartearen zonalde gehienetan. Ahaleginak egiten eta neurriak hartzen jarraitu behar dugu, beraz, Euskal Herrian euskara gaztelaniaren edo frantsesaren parera iritsi dadin.
- Gainera, erabileraren hazkundea nahi eta espero baino motelagoa da, izan ere, hamazazpi urtetan 3,4 puntu igo da.
- Oraindik ere, elebidun eta elebakarren proportzioak kontuan hartuta, espero dena baino gehiago hitz egiten da, baina, euskararen erabilera indarra galtzen ari da. Hau da, erabilera ez da ezagutzaren erritmo berean hazi, eta gainera, ezagutzaren hazkundearen erritmoa erabilerarena baino bizkorragoa da; beraz, bien arteko aldea, geroz eta handiagoa da.
- Herrialdeen arabera ezberdintasun handiak daude:
o Gipuzkoak euskararen erabileraren etengabeko hobekuntzarekin jarraitu du, eta erabilera % 33ra heldu da.
o Araba, Bizkaia eta Nafarroan ere euskararen kale erabilerak goranzko joera adierazten du aztergai izan dugun 17 urteko tartean; nahiz eta, hiru herrialde horietan, erabileraren igoera trabatuagoa egon eta Gipuzkoakoa baino apalagoa izan.
o Iparraldean euskararen erabileraren galerak ez du etenik.
- Adinaren araberako datuei erreparatuz gero, hizkuntza normalizazio-prozesu batean egon daitekeen hurrenkerarik onena lortu da; beraz, zenbat eta gazteago izan orduan eta euskararen erabilera altuagoa dugu. (Hurrenkera: haur, gazte, heldu eta adineko). Aurreko neurketatik haurren artean handitu da gehien erabilera (% 20,8), helduek ere puntu batean hobetu dute (% 12,3), eta zaharrek etengabeko jaitsieran jarraitzen dute (% 10,6). Gazteen artean, berriz, ez da hobekuntza nabarmenik gertatu, aurreko neurketetako proportzio antzekoa jaso dugu (% 13,8).
- Haurren presentziak nabarmen eragiten du euskararen erabileran, hau da, elkarrizketetan haurrak tarteko direnean euskara gehiago erabiltzen da haurrik ez dagoenean baino. Dena dela, hiriburuetan, eragina hori ahulagoa izan da 2006ean, 2001ean baino.
- Sexuaren araberako emaitzei dagokionez, Hego Euskal Herriko hiriburuetan (gainontzeko eremuetarako ez dugu lagin nahikorik) emakumezkoek gizonezkoek baino erabilera-maila hobeak azaldu dituzte.
- Oro har, zonalde linguistiko guztietan erabilerak gora egin du, batez ere zonalde euskaldunenean, hau da, ezagutza % 75-100 bitarteko zonaldean.
- 10.000 eta 25.000 biztanle arteko herrietan egiten da euskara gehien (% 26,9) eta ondoren herri txikietan (5.000 biztanletik gorakoetan).
- Euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera % 2,3koa da.
- Laburbilduz, argazki estatikoari erreparatuta, euskararen egoera eskasa da, oraindik. Aldiz, dinamikoki begiratuta joera itxaropentsua ikusten da, egoera duin batera iristeko asko falta zaigun arren.
BAT aldizkariko alean, hainbat adituk emaitza guzti hauek aztertu dituzte. Era berean, ikerketa honen emaitza nagusiak gure webgunean, Euskararen Datu Basean –EDB 1.0-, daude ikusgai: www.soziolinguistika.org/edb/ Gaur egun, EDB eguneratzen ari gara, 2008ko urtarrila bukaeran erabilera datuak ez ezik, hezkuntzari buruzko datu eguneratuak ere ikusi ahal izango dira.
Hemen dituzue BAT aldizkariko 64. alean agertzen diren artikuluen laburpenak:
Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketak 17 urteko ibilbide luzea du dagoeneko. 1989an lehenengo aldiz egin zenetik, lau edo bost urteren tartearekin errepikatu da. Esku artean dugun hau V. edizioa da, eta artikulu honetan azalduko ditugu ikerketaren ezaugarri nagusiak eta berrikuntzak.
V. Kale Neurketan 62 udalerrietan egin dira behaketak, eta guztira 185.316 lagun behatu dira. Behatutako pertsonek erabilitako hizkuntzarekin batera, pertsona horien zenbait ezaugarri ere jaso da. Orotara, lau aldagai izan dira: adina, sexua, taldearen osaera eta haurren presentzia.
BAT aldizkariaren 62. zenbakian, 2006ko Kale Erabileraren Neurketari buruzko hipotesi batzuk aurkeztu nituen Lionel Joly adiskidearen eskariz. Ondoko lerrootan, berriz, hipotesi horiek, 2006ko Neurketan lortutako emaitzekin eta aurrekoen inguruan idatzitakoekin erkatuko ditut.
2006ko neurketak ohiko zapore gazi-gozoa utzi digu. Alderdirik positiboenen artean, erabileraren hobekuntza orokorra, hazkunde-erritmoa bizitzea, Gipuzkoa eta Arabako erabileraren hobekuntza eta haurren arteko erabileraren hobekuntza aipatuko ditugu. Baina aspektu positibo horiekin batera, badaude kezka bizia eragiten duten beste batzuk. Aipagarrienak, Iparraldeko galera etengabea, Nafarroako erabateko geldialdia, eta, hobekuntzarako joera aldatu eta gero, aurrerapenik eza Bizkaian eta gazteen artean.
Artikulu honen helburua da 1989tik 2006ra euskararen kale erabilerak Bizkaian izan duen bilakaera aztertzea. Datu orokorrak agertzeaz gain, adin talde desberdinetako bizkaitarren artean dauden desberdintasunak aztertzen dira, baita udalerriaren biztanle kopuruaren araberako desberdintasunak eta udalerriaren euskararen ezagutza mailaren araberakoak ere. Artikuluaren bigarren atalean, euskararen kale erabilerak Bilbon izan duen bilakaerari buruzko hausnarketa egiten da, adinaren eta generoaren araberako desberdintasunak aztertuz. Artikulua bukatzeko, haurren presentziak bilbotarren euskararen erabileran duen eragina eta belaunaldien arteko harremanetan izaten den euskararen erabilera aztertzen dira.
Euskal Herriko euskararen kale erabileraren neurketa honetan Arabari buruz bilduriko informazioak hainbat puntu azpimarragarri eskaintzen digu. 1989-2006 denbora tarteko datuen joera edo noranzkoa hartu behar du kontuan, ez neurraldiz neurraldiko datu xeheak eta gorabehera zehatzak. Horrela eginda, 2006ko datuak aurreko neurketetakoak baino itxaropentsuagoak dira eta gure hizkuntzaren berreskurapenak kezkarako motibo ugari oraindik ematen digun arren, egindako ahaleginen emaitzak hasi dira antzematen.
Artikulu honetan Jose Felix Diaz de Tuestak Gipuzkoako euskararen kale erabileraren datuak aztertzen ditu 2006ko emaitzen argitan. 2006ko emaitzak aztertu ez ezik, autoreak 1989tik jaso diren emaitzak aurkezten ditu bere artikuluaren lehenengo partean. Bigarren zatian, euskararen kale erabileran eragiten duten faktoreak aztertzen ditu egileak, horretarako Gipuzkoako kale neurketaren emaitzak baliatzen ditu faktore eraginkorrenak zeintzuk diren zehazteko.
Nafarroa garaian 2006ko kale neurketak euskararen erabileraren aurrerabiderik eza berretsi du: % 6,6. 1989ko kale neurketatik euskararen erabilera tasa orokorra ia ez da mugitu. Halere, aurrerabiderik ez horretan guk egonkortasuna baino iraupena ikusi dugu, hots: Nafarroako euskal hizkuntza komunitateak bere erabilera tasari eutsi egin diola. Azken 5 urteotan Nafarroako populazioa % 8,3 berretuta ere eta hizkuntza politika instituzionalak ez alde jokatu duela, Nafarroako igoerarik handiena gazteen artean gertatu da. Dena den, ezin dugu espero kinka horretan egoteak luzera, ala luze gabe ere, bere eragina izanen ez duenik, izan baititugu elementuak kezkatzeko, adibidez, Iruñerrian gazteen erabilera handitu beharrean nabarmen apaldu dela.
Euskararen kaleko erabileraren datuak tematiak dira. Lau urtetan behin euskaldunen izateko borondatearen lekuko ditugu: Artikulu honen helburua euskararen erabileraren V. neurketaren Ipar Euskal Herriko datuen irakurketa bat ematea da. Datuak adin taldeen, udalerrien biztanle kopuruaren eta bakarrizketen arabera aztertuak dira. Kale erabilera etengabe behera jaisten da, 1993ko % 6,5tik 2006ko % 4,6ra jaitsiz. Halere, erabileraren etengabeko jaitsiera hori helduen eta adinekoen taldeetan agertzen da. Alderantziz, haurren eta gazteen taldeetan beherakada gutxi gorabehera gelditua da orain, nahiz eta azken neurketaren arabera haurren taldean erabilera berriz jaisten den pixka bat. Kale erabileraren beherakadaren oztopatzearen eragina hizkuntzaren eskola-irakaskuntzarena litzateke edo ere belaunaldi horren zati bat ausartago litzateke, eskolan ikasi duen euskara eskolatik kanpo erabiliz, euskara nortasun eta ezberdintasun ikurtzat hartuz. Euskararen kale erabileraren ehunekoak eta elebidunen ehunekoak bide paralelo bati jarraitzen zaiotela ohartzen da.
Bat aldizkariaren lehenengo zatian Euskararen Kale Neurketaren emaitzak aurkezten badira, bigarren atalean Soziolinguistika Klusterrak hitza eman nahi izan die Euskal Herriko eragile garrantzitsuenei euskararen gaiari dagokionez. Horrela 2006ko emaitzei buruzko hainbat adituen eta elkarteen iritziak jasotzen dira. Tartean Eguzki Urteaga, EHE, Topagunea, Rosa Ramos edota Xabier Isasiren iritziak aurkituko ditu irakurleak BAT aldizkariaren 64. zenbakiaren atal honetan.