
"Gure nazio-hizkuntza berriro Euskal Herriaren mintzabide eta oinarri bihurtuko bada, beraz, bi gauza lortu behar ditugu; eta lorpen horretan laguntzekotan sortu da eskuetan duzun aldizkari hau. Bata, hizkuntzaren alorreko fenomenoak ahalik eta ongienik ezagutzea. Lehendabizi jakin egin behar da, egia ezagutu behar da albait zehazkienik; beste herrietako saioak, arrakastak eta porrotak aztertu behar dira. Bestea, berriz, hizkuntza pizkundean herria bera interesatu gabe, soluziorik ez dagoela sinetsi eta sinestarazi behar dugu. Herriak ez badu nahi, herriak ez badu nazio-.hizkuntzaren arazoa bere gain hartzen, jai dago."
Iturria: BAT aldizkaria. 1. Zenbakia. 1990eko otsaila J.L. Alvarez Enparantza "Txillardegi" Aldizkariaren zuzendaria
Aldizkariaren helburu nagusia euskararen berreskurapen eta normalizazio lanetan diharduten eragileak soziolinguistikan eta glotopolitikan janztea da. Horretarako Euskal Herriko nahiz atzerriko (bereziki Europako) ekarpen esanguratsuak biltzen ditu.
BAT aldizkaria soziolinguistikan nahiz glotopolitikan espezializatutako aldizkaria da eta 1989an sortu zen Donostian. Bere sorreraz geroztik, urtero batez beste lau zenbaki eman ditu argitara, soziolinguistikaren eremuan Euskal Herrian zein atzerrian landutako eredu teorikoak, esperientziak eta erreferentziak eskainiz.
Soziolinguistika alor aski disziplinartekoa denez aldizkariak ahalegin berezia egiten du aniztasun horri bide ematen, bai gaiei dagokionez, bai egileei dagokionez. Honela, aldizkariaren orrietan jurilinguistikan katedradun denaren gogoeta sakonak edo normalizazio ekimen bat burutu duen eragile baten azalpen xehea topatuko dituzu.
Aldizkariaren helburua euskararen berreskurapen bidean eragile direnei oinarri teoriko espezializatua eskaintzea izan da, horregatik, besteak beste, honako edukiak lantzen eta argitaratzen ditu:
- Euskararen normalkuntzan giltzarri diren gaien inguruko dossier Bereziak
- Euskal Herriko nahiz mundu mailako adituen ekarpenak
- Normalkuntza esperientziei buruzko lanak
- Mundu osoko erreferentzia glotopolitikoak
- Soziolinguistikan aditu direnei elkarrizketak
- ...
Aldizkariak arreta berezia jarri nahi du, beraz, Euskal Herriko mugetatik kanpo, Europan bereziki, gertatzen denari eta burutzen ari diren esperientziei. Honela, aldizkariaren zenbaki askotan Euskal Herriari buruzko lanez gain atzerrikoak ere topatuko dituzu, dossierreko gaiaren inguruan atzerriko herri baten errealitateari.
EDUKIA
Aldizkariak unibertsitate mailako lanak argitaratzen ditu, maila zientifiko jasoa dutenak eta oinarrizko kalitate nahiz zorroztasun maila betetzen dutenak.
Aldizkari espezialdua den arren, bere baitan irakurle mota askori zuzendutako edukiak topatuko dituzu. Euskaltzale eta euskalarien artean jakingarriak diren lan dibulgatiboak biltzen ditu oro har.
Labur esanda, aldizkariak topaleku izan nahi du; euskararekin konprometituta lanean diharduten iritzi, jarrera eta eremu desberdinetako eragileen topaleku.
EGITURA
Aldizkariaren zenbakiek, oinarrizko atal hauek dituzte:
1.- Summary (bildutako lan bakoitzaren azalpen laburra ingelesez eta euskaraz);
2.- Hitzaurre gisa (aldizkariaren zuzendariak zenbaki horrek bildutako edukiei buruzko iruzkina);
3.- Dossierra (Gai bati buruzko artikulu bilduma);
4.- Gurean (euskarari buruzko lanak biltzen dituena).
ARGITALPEN BATZORDEA
Argitalpen batzordea 1989an sortu zenetik euskalgintza eta unibertsitate munduan aski ezagunak diren lagunek osatu izan dute
Gaur egun honako hauek biltzen ditu:
BATZORDEKIDEAK:
Maria Jose Azurmendi (UPV-EHUko katedraduna)
Nekane Jausoro (UPV-EHUko irakaslea)
Inma Muñoa (Ikastolen Elkarteko kidea)
Jone Miren Hernandez (antropologoa)
Iñaki Martinez de Luna (UPV-EHUko irakaslea)
Estibaliz Amorrortu (Deustuko Unibertsitatea)
KOORDINATZAILEA: Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterreko kidea)
Hauen aurretik argitalpen batzordeko kide izan ditugu: Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” (Zuzendaria 1989eta 2001 bitartean), Jon Abril, Paulo Agirrebaltzategi, Brixi Arrue, Imanol Esnaola, Xabier Falcon, Joxe Jabier Iñigo, Xabier Isasi, Juan Inazio Marko Juanikorena, Joxe Manuel Odriozola, Joseba Zinkunegi, Pablo Suberbiola eta Lionel Joly.
BAT soziolinguistika aldizkarian parte hartzera gonbidatu nahi zaitugu, irakurle. Bi modu dituzu horretarako:
IRAKURLEENTZAT GALDETEGIA
| 1. BAT aldizkariak jorratzen dituen gaiak interesekoak iruditzen al zaizkizu?: | |
| 2. Gaiak lantzerakoan erabiltzen den modua informatzailea iruditzen al zaizu? | |
| 3. Gaiak lantzeko parte hartzen duten egileak, oro har, egokiak eta soziolinguistikaren arloan zer esana dutenak direla uste duzu? | |
| 4. Aldizkariaren egitura, artikuluen luzera, ... gustukoak dituzu? | |
| 5. Esan iezaguzu zein diren, zure ustez, BAT aldizkariak hobetu beharko lituzkeen alderdiak (gai aldetik, egileen aldetik, formatu aldetik, etab.) | |
| Nork bidalia: | |
| Helbide elektronikoa | |
2007KO DOSSIERRETAKO GAIAK:
BAT 66: Teknologi berriak eta euskara (LABURPENAK)
Andoni Sagarna
Artikulu honetan, azken hamarkadan Informazio- eta Komunikazio-Teknologietan izan diren aldaketek euskararen bizitzari ekarri dizkioten baldintza berriak eta euskal komunitatea baldintza horiei nola saiatu den erantzuten aztertzen da. Arlo horretako produktuak eta tresnak euskaraz erabiltzen, sortzen eta moldatzen ahalegintzen den jende saiatuaren lana eta herri-erakundeek ematen dituzten dirulaguntzak aurrerantz bultzatzen duten arren, teknologiaren aldaketak eragiten duen atzeranzko bultzadari eusteko, zailtasun handiak ikusten dira. Etorkizunari begira, berriz, euskarazko hizkuntza-teknologiak garatzea ezinbestekoa izango da, baina arlo horretako enpresa handiek euskal merkatua ez dute aintzakotzat hartuko, interes ekonomikorik ez diotelako ikusiko. Egoera horren aurrean, mundu-mailako merkaturako lan egingo duen hizkuntza-teknologiako euskal industria bultzatzea izan liteke irtenbidea, kanpoan errentagarritasuna lortuz, etxeko premiei erantzun ahal izateko.
Araceli Diaz de Lezana
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) definitu eta gero, eukarazko IKTen nondik norakoak aurkezten ditu artikulu honek: batetik, Eusko Jaurlaritzak gauzatutako ekimenak, labur-labur, eta, bestetik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarritako IKTen Inbentarioa. Azkenik, etorkizun hurbilerako hizkuntzen teknologien merkatuaren aurreikuspena eta euskararen inguruko gogoetatxoa erakusten ditu.
Iñaki Alegria, Xabier Artola, Arantza Diaz de Ilarraza eta Kepa Sarasola
Gero eta informazio gehiago dugu eskura modu digitalean: bideo, irudia, ahotsa eta testua. Tresna eta aplikazio informatiko berriak sortu dira informazio andana hori prozesatu ahal izateko. Baina non dago kokatuta euskara mundu horretan? Lagun dezakete tresna horiek euskararen normalizazioan? Artikulu honetan EHUko IXA taldeko kideak galdera horiei erantzuten saiatzen dira, euskarazko hizkuntza automatikoki lantzeko tresnak zerrendatuz eta azken 20 urtetako esperientzia laburbilduz.
Itziar Aldabe, Bertol Arrieta, Arantza Diaz de Ilarraza, Montse Maritxalar, Ianire Niebla, Maite Oronoz eta Larraitz Uria
Ordenagailu bidezko hizkuntzen irakaste-sistematan, normalean ariketa itxiak aurkezten zaizkie ikasleei. Esaterako, lau aukeren artean zuzena aukeratzea. Mota honetako ariketetan ordenagailuak aldez aurretik gordeta dauka emaitza zuzena. Ariketa irekia denean, aldiz, ikasleak nahi duena idazteko aukera dauka. Kasu honetan ikaslearen emaitza ez dago aurreikusterik, prozesua automatizatzeko zailtasuna nabarmen handituz. Izan ere, hizkuntza baten irakaste-prozesuan lagungarri gerta daitezkeen tresna askoren baliagarritasuna handitu egingo litzateke, hizkuntzaren tratamendu automatikoan oinarrituko balira. Artikulu honen helburu nagusienetakoa IXA ikerketa-taldeak bide honetan eman dituen pausoak azaltzea da, hizkuntzaren tratamendu automatikoa hizkuntzaren irakaskuntzan nola erabil daitekeen deskribatuz. Ildo honetan, hiru arlo jorratzen ditugu nagusiki: ikasleek erabiltzen duten hizkuntzaren azterketa, irakaste-prozesuan lagungarri gerta daitezkeen tresna informatikoen bideragarritasuna eta baliabide didaktikoen sorkuntza.
Nerea Areta, Antton Gurrutxaga, Igor Leturia
Maiz esan ohi da hizkuntza batek hizkuntza-teknologien garapenean duen maila lotuta dagoela hizkuntza horren 'osasunarekin', horren adierazle izateraino. Ez da aztia izan behar bi alderdi horien arteko lotura badagoela sumatzeko. Mundu zabalean posizio 'indartsuan' dauden hizkuntzak dira hizkuntza-teknologietan, eta, horien artean, corpusgintzan, baliabide gehien dituztenak. Artikulu honen helburua da egileek euskarazko eta beste hizkuntza batzuetako corpus-baliabideetan eta corpusgintzan egin duten datu-bilketa aurkeztea, eta datu horien azterketan oinarrituta gogoeta egitea, non gauden eta norantz jo behar genukeen hausnartzeko.
Elena García Berasategi
Teknologia berriek berebiziko garrantzia hartu dute azken urteetan gure bizitzan. Hizkuntzaren alorrean ere teknologia berriek ekarpen nabarmenak eskaintzen dizkigute, hala nola, hizkuntza-ezagutzaileak, zuzentzaile ortografikoak,Interneteko bilatzaile aurreratuak, entitateak automatikoki erauzteko tresnak,terminologia erauzketa automatiko eleanitza egiteko aplikazioak, itzultzaile automatikoak eta orokorrean euskaraz idazten laguntzeko tresnak. Hauetako batzuk egunero erabiltzen ditu euskaraz lan egiten duen edozein pertsonak eta askotan, lana pixka bat arinago egiten laguntzen diote.
Iñaki Alegria, Arantza Diaz de Ilarraza, Gorka Labaka, Mikel Lersundi, Kepa Sarasola
Itzulpen automatikoa da Ixa taldeak aztertzen duen gaia artikulu honetan. Modu orokorrean, itzulpen automatikoak ematen dituen aukerak eta suposatzen dituen zailtasunak eta erronkak aurkezten dira. Oinarrizko kontzeptuak aurkeztu eta gero gaia modu teoriko praktikoan jorratuta dago, aurrerapen eta baliabide teknologikoak zerrendatuz eta adibide praktikoak emanez.
Igor Odriozola, Inma Hernaez, Eva Navas
Azken urteotan, aurrerapauso handiak ari dira ematen hizketa-teknologien alorrean. Halako teknologiak garatzeko, ordea, ahots-baliabideak sortu beharra dago, eta horixe da, hain zuzen, hiztun gutxiko komunitateen arazorik handienetariko bat, baliabideak sortzea prozesu luzea eta garestia baita. Artikulu honetan, euskararako dauden ahots-baliabideen berri emateaz gainera, gure komunitatean hizketa-teknologiekin diharduten talderik nabarmenenak zerrendatu ditugu. Gainera, hizketa-teknologien bi atal garrantzitsuenen azalpen bat eman, eta hemengo administrazioek eman dituzten urratsak aztertu ditugu. Azterketa hori guztia kontuan izanda, gure ondorioen berri eman dugu.
Maite Goñi
Azkenaldian, web 2.0 edo Internet berriaz nonahi entzun dezakegu. Asko hitz egin da, halaber, irakaskuntzak internetera hurbiltzeko eta berau ulertzeko modu berri honi atera dakizkiokeen onurez. Jakintza Ikastolako IKT taldean, duela urte batzuk hasi ginen ohartzen onura hauez eta hausnarketa sakon baten ondorengo emaitza dira gaur egun abian ditugun hainbat proiektu.
Horietako bat euskaljakintza egitasmoa dugu. Euskaljakintzaren ardatz nagusia blog bat da, baina blog hori mendiaren tontorra baino ez da. Mendiaren magalean, euskara irakasteko metodologia berri bat dago, zeinarekin ikasleen euskararekiko jarrera aldatu eta euskara ikasteko nahiz lau haizeetara zabaltzeko grina piztu nahi den teknologia berriek eskaintzen dizkiguten baliabide eta lan egiteko modu berriez baliatuz.
Maite Gomez Lete
Teknologi berriek aukera berri batzuk ematen dituzte hizkuntzen irakaskuntzarako ere. Artikulu honetan Ikastolen elkarteko Maite Gomez IKASYS proiektua aurkezten digu. Proiektu honen helburua hezkuntzan nabari diren hutsuneak betetzea da, hau da, ariketak egiten trebe izaten lagunduko dio ikasleari eta, bidenabar, baita buruz ikasten ere, eta hori guztia autonomoki barneratzeko aukera eskaintzen dio proiektuak, betiere ikasle bakoitzaren gaitasuna eta beharrak kontuan izanez eta horiei ahal den egokiena erantzunez.
Fernando Morillo
Teknologia berriak ematen dizkiguten, eta bereziki idazleei ematen dizkieten, aukerak aztertzen ditu bere artikuluan, bereziki azken urte horietan zehar baliagarriak izan daitezkeen tresnak aurkezten ditu, eta aurkeztu ez ezik, nola erabili eta berak dituen trukuak ere azaltzen ditu. Horrela PDAk, hiztegiak eta entziklopediak, datu-baseak, testuak entzuteko programak e.a. ematen dituzten aukerak azpimarratzen ditu F. Morillok.
Mikel L Forcada
Artikulu honetan Mikel L. Forcadak, Alacanteko Unibertsitateko ikertzailea, katalanerako itzulpen automatikoa aztertzen du. Artikuluaren lehengo zatian itzulpen automatikoa zer den azaltzen digu eta bigarrenean katalanerako itzulpen automatikoari buruzko gogoeta batzuk aurkezten ditu eta katalanaren eskaintza ere aztertzen du. Bere artikuluaren azkenengo zatian Mikel L Forcadak katalanaren aldaeren kasuari buruzko gogoeta bat egiten du ere.
Hausnartu deitutako sariak antolatu ditu Soziolinguistika Klusterrak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) laguntzarekin. Sari horien helburua euskal soziolinguistika teoriko edota metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. 5 sari emango ditu Soziolinguistika Klusterrak 2008an.
BAT Soziolinguistika aldizkariak urtero lau zenbaki argitaratzen ditu. Oro har soziolinguistikan eta zehazki euskararen soziolinguistikan jantziago egon nahi baduzu, jaso ezazu aldizkaria etxean.
Urte osoko harpidetzaren prezioa 35 € da.
Harpidetza egiteko, bete ezazu azpian duzun fitxa.
Aldizkariaren zenbaki jakinen bat edo batzuk lortu nahi izanez gero, merkeago eskuratzeko aukera duzu. Horretarako jar zaitez gurekin harremanetan web-etik edo posta elektroniko bidez.
Informazio gehiago edo zenbaki zaharrak eskatu