Etorkinak eta euskara: hausnarketarako oharrak
Etorkinen presentzia nabarmendu egin omen da gure gizartean. Behin eta berriro azaltzen zaigu gaia komunikabideetan, euskalgintzaren bileretan, administrazioaren lan-ildoetan. Hain zuzen ere, Nafarroako udalerri bateko euskara-teknikariak gaia jorratzea proposatu zion UEUko Soziolinguistika sailari, eta horren ondorioa izan zen Etorkinak eta euskara: hizkuntza integrazio sozialerako bide�» izenburuarekin antolatutako ikastaroa[1].
Proposamena jasota, hainbat galdera egin genizkion gure buruari: errealitate berri honen aurrean, zein neurri hartu ditugu orain artean? Zer nolako integrazioa ari gara bultzatzen? Eta euskaldunok, ba al dugu zereginik integrazio lan honetan? Nola uztartu kultur aniztasuna eta euskararen normalizazioa? Eta erantzunen bila jo genuen zenbait aditurengana.
Ikastaroak arrakasta izan zuen, eta bertan esandakoak interesgarritzat jo ditugunez, artikulu moldera ekarri nahi izan ditugu. Beraz, ondoren irakurriko duzuna bertan jasotako oharren bilduma da.
Artikuluak lau atal izango ditu: aurrenekoan, etorkinen errealitatea datuetara ekarriko dugu gaiaren dimentsioak ikusteko; bigarrenean, hizlariak eta haien ekarpenen ildo nagusiak aurkeztuko dizkizugu; hirugarrenean, aurkezpen horietatik ateratako ideia-gako batzuk nabarmenduko ditugu, gaiari heltzerakoan kontuan izan beharrekoak; eta amaitzeko, aurrera begira egindako proposamen interesgarrienak bilduko ditugu.
Metodologiari dagokionez, bigarren ataleko bakarkako aurkezpenean izan ezik, ez dugu nabarmenduko nork zer esan zuen; alegia, talde lanaren ikusmoldea emango diogu eta ideiak horrelako zehaztasunik gabe aipatuko ditugu. Alde batetik, irakurketa arinagoa egingo zaizulakoan; eta bestetik, aipatuko ditugunak haienak badira ere, nolabait iragazi eta gure egin ditugulako, neurri batean. Aurkeztuko ditugun guztiekin, agian, ez gatoz guztiok bat, baina ideia esanguratsuak diren neurrian, aipatu beharrezkotzat jo ditugu, gai honi buruz, gauden unean egonik, ikusmirarik zabalena izan behar dugulakoan baikaude.
Beraz, ongi esandakoak jatorrizko hizlariei eskertu, eta gaizki esandakoak, dudarik gabe, laburpen hau idatzi dugunon zorren zerrendari gehitu.
Sarrera amaitzeko, eta zerrenda horrekin ari garela, beste bat: Iparraldeko errealitatearen hutsunea. Antolatzaileok, saiatu baginen ere, ez genuen bertako ekarpenik lortu, eta gonbidatutako adituek ere ez zuten hango berririk ekarri.
ERREALITATEARI HURBILDUZ: HAINBAT DATU
Inmigrazioaren inguruan eskura ditugun datuak ez dira inoiz zehatzak izaten, baina errealitatearen irudia emateko balio dute.
Hemen azalduko ditugun datuak iturri askotatik jasotakoak dira, eta hurbilpen gisa hartu behar dira.
Gaur egun, Euskal Herriko populazioaren %1-2 hartzen dugu etorkintzat.
Espainiar Estatuko datuak:
1996 --- 538.984 1997 --- 609.813 1998 --- 719.647 1999 --- 801.329 2000 --- 895.720 2002 --- 1.243.919Euskal Autonomi Erkidegoan
1996 --- 13.135 1997 --- 15.647 1998 --- 16.995 1999 --- 18.622 2000 --- 18.822 2002 --- 21.299Nafarroan: (Barne Ministerioaren datua)
2001 --- 13.227Legez kanpokoak EAEn
2002 --- 3000-4000EAEn 2001 urtean banatu diren erresidentzi baimenak:
Gipuzkoa: 1.705
Bizkaia: 5.820
Araba: 2.943
Guztira EAE 10.530
Nongoak dira ?
Euskal Autonomi Erkidegoan
Europa Batua 7.328 (%34,4)
Euro. Besteak 1.119 (%5,25)
Afrika 3.885 (%18,24)
Latino Amerika 6.976 (%32,75)
Ipar Amerika 490 (%2,3)
Asia 1.438 (%6,75)
Besteak 63 (%0,3)
Nafarroan
Europa Batua 2.811 (%21,2)
Euro. Besteak 976 (%7,4)
Afrika 3.425 (%25,89)
Latino Amerika 5.509 (%41,64)
Asia 336 (%2,54)
Besteak 170 (%1,3)
Etorkinen adina, sexua eta jatorria (EAE)
Etorritako askoren adinari buruzko daturik ez dago, eta dauden kasuetan hau diote:
- Etorritakoen % 96,8 lan egiteko adinean dago.
- 18 eta 45 urte bitartekoa da etorritakoen % 84,51.
- % 55-60 artean gizonezkoak dira eta gainerako % 40-45 emakumeak.
- 1998tik 2002ra, bilakaera nabarmena eman da jatorriari dagokionean. 1998an etorri zirenen % 32,6 zetozen Hego edo Ertamerikatik; 2002koen artean, aldiz, % 68,4 dira.
Etorkinen banaketa Hego Euskal Herriko herrialde eta zonaldeetan
EAEko etorkin guztien % 48,7 Bizkaian bizi da, % 26,1 Gipuzkoan eta % 25,1 Araban. Bizilagunen banaketarekin alderatuz, Araba da etorkinen proportziorik handiena duena. Bizkaian Bilbo eta ezkerraldea, Araban Gasteiz, eta Gipuzkoan Donostia eta Oarsoaldea dira etorkinen bilgune nagusiak.
Nafarroan, berriz, gehienak Iruñerrian kokatuta daude, 5.000 latinoamerikar baino gehiago, eta 700etik gora magrebiar.
Etorkinak eta eskola
EAEn, azken bi urteetan, % 40 igo da haur etorkinen kopurua eskoletan.
Egun, 5.400 ikasle etorkin daude EAEn, horietatik % 80 Derrigorrezko Hezkuntzan. Eskoletan dauden ikasleen % 1,7 da jatorriz etorkina.
Etorkin hauen banaketa ez da orekatua, aitzitik, kontzentrazio nabarmena dago zentro, sare eta eredu zehatzetan. Egun, etorkin guzti horiek EAEko 70 zentrotan ikasten dute, alegia, zentro guztien % 9an soilik daude ikasle etorkinak. Ikastetxe hauek baliabide eskasenak dituztenak izan ohi dira gainera, gune marjinalenetakoak.
Horrez gainera, etorkinen % 70 dago A ereduan matrikulatuta.
Publiko/pribatu banaketari dagokionean, sare publikoan % 75 biltzen da, eta gainerakoa pribatuan.
Etorkinen egonkortasuna Nafarroan
Etorkinen % 80k Nafarroan gelditu nahi du, eta % 65ek, jada, hemen gelditzea erabaki du.
% 78k familia ekarri du edo ekartzear dago.
Gurasoen kezka nagusia da haurrek eskolaratzean euren kultura eta identitatea galtzea.
HIZLARIAK ETA HITZALDIAK, LABUR
Ikastaroak hiru egun iraun zituen, eta parte hartutako sei hizlariren lana dakarkizuegu hona. Gure asmoa ahalik eta ekarpen zabalena eta askotarikoena lortzea zenez, administrazioa, unibertsitatea, gizarte-ekimena, eta nolabaiteko eskarmentua zuen jendea gonbidatu genuen; baita etorkinak ere mahai-inguru batera, haien begietan nola ikusten gaituzten jakiteko.
Ikastaroan izandako ordena berean aurkeztuko dizkizuegu:
GAIARI HELTZERAKOAN KONTUAN IZATEKO IDEIA-GAKOAK
Etorkinen eta migrazioaren inguruan, hainbat ideia oker eta aurreiritzi ditugu. Horietako batzuei erreparatuko diogu atal honetan.
Esaterako, migrazioa gauza berritzat dute askok, eta ez dira jabetzen historiaren bilakaerari lotuta daudela gizakion batetik besterako mugimenduak. Hain zuzen ere, Europa migrazio iturri handia izan da duela gutxi arte, eta euskaldunok ere badugu diaspora, Hegoamerikan bereziki.
Gaur egun, inbasio terminoa erabiltzen da askotan, eta telebistan egunero ematen dizkiguten pateren irudiek asko laguntzen dute horretan, baina Euskal Herrian kopuru txikia da, oraindik behintzat. Hain zuzen ere, migrazio gehienak hirugarren munduko�» herrialdeetan gertatzen dira (batetik bestera), eta zatirik txikiena da Europara datorrena. Kontuan izan: behartsuek ezin dute urrunera migratu, beraz hona datozenak, nolabait, boteretsuenak dira. Izan ere, inkestek adierazten dutenez, bertara iristen diren etorkinen batez besteko hezkuntza maila bertan jaiotakoena baino altuagoa da, eta datuetan ikusi dugun bezala, gehiengoa ez da jatorriz afrikarra, askoren ustearen kontra.
Esan bezala, garai batean Europatik alde egiten zuen jendeak. Geroago, gerra ostean, ekonomia suspertzeko beharra zela medio, estatuek inmigrazioa bultzatu zuten. Lan-indarra behar zen eta lana zen integraziorako edo asimilaziorako bide.
Gaur egun, berriz, egoera ekonomikoa ezberdina da. Lan merkatua oso prekarizatua dago, hein handian sistemari berari komeni zaiolako eskulan zati bat ilegala izatea (merkea eta loturarik gabekoa, batetik bestera eramango dena), eta ez dio integratzen uzten. Testuinguru horretan, etorkina bere taldekoekin elkartzen da ezaugarriak berrindartzeko, eta hori dute zerbait�» izateko bide bakar. Talde ezaugarriak, berezitasunak, indartu egiten dira horren ondorioz.
Hortaz, aipatu bezala, fluxu eredua aldatu egin da, eta lege mugatzaileak ditugu indarrean. Gustatu edo ez, estatuetan banatutako mundu batean bizi gara, eta horietako bakoitzak barne eta kanpo mugak ezartzen ditu. Kanpo mugak diogunean, nor sartzen den eta nor ez diogu; eta barne mugez ari garenean, sartzen direnen eskubideaz ari gara. Ildo horretatik jarraituz, estatu gehienetan gaur egun printzipio bat aplikatzen da: etorkinen aldeko politikek ezin dute bertakoen erosotasuna zalantzan jarri. Inkesta bidez galdetuko balitz, seguruenik jendearen gehiengoak onartu egingo luke hori.
Gainera, gizartearen zati handi batentzat, etorkina apopiloa�» da, eta gu, berriz, gure etxean bizi gara, eta hura hemen izango da, guk uzten diogun neurrian. Ikuspegi horri lotuta dago erabat estatuek zabaltzen duten integrazio eredua: asimilazioa. Alegia, bestea�» integratuko da gure�» gizartean, gure berdin bihurtzen denean, asimilatzen dugunean.
Integrazioa modu horretan ulertzeak arazo asko dakar, eta gainera okerra da: ezin dugu pentsatu haiek apopilo direnik; izan ere, gu ez gara etxearen jabe.
Horretaz gain, argitu beharko genuke noiz amaitzen den integrazio prozesua, eta nola neurtzen den integrazio maila. Bigarren belaunaldiko bat ere etorkina da?
Beraz, aipatutako ideia okerrak alde batera utzi, eta prozesu gisa ulertu behar dugu integrazioa; eta bide horretan, bertakoen eskubide eta betebehar berdinak izan behar dituzte, ezin baitugu espero, eskubide esparruan ezberdintasunak izanda, sozialki neurri berean integratuko direnik.
Bide oker horren adibidea dugu Frantzia. Asimilazio politika bat eraman da bertan: kulturalki asimilatu, baina aitortza sozialik jaso gabe. Horrek bigarren eta hirugarren belaunaldietan identitate erreaktiboak�» sortu ditu (ez dira beste inongo, baina sozialki ez dute frantziar gisa onarpena jasotzen), eta guztiaren aurkako identitate bat garatzen da. Nongoa zara? Auzokoa, eta kito; hizkera bereziak sortzen dira, etab. Guzti horretatik ikasi behar dugu.
Hortaz, integrazio sozialak eta kulturalak orekatuta joan behar dute, eta horretarako hiritartasuna aitortu behar diegu, nazionalitate ezberdina izan arren.
Hori horrela izateko, euskaldunok zeresan handia dugu. Egun indarrean dagoen legediak [Autonomia...] ez digu eskumen handirik ematen erresidentzia baimenetan eta horrelakoetan, baina herriko ateak irekitzea gure esku dago, hurbileko harreman sareak sortzea, etab. Kontuan izan dezagun orain artean etorkinen alde lanean ari diren elkarteak ez direla euskal esparrutik sortu, eta ondorioz, neurri batean bakarrik jaso dute euskara badenik. Kontuan izan: gure ikuspegitik, guk arazoak ditugu, baina beraiek ere bai, eta biziraupen aldetik arazo larriak gainera, desoreka baten biktima baitira; beraz, zaila da gaiak lehentasunik izatea beraientzat.
Gainera, etorkinen begietan, euskaldunok hemengo gehiengoaren parte gara, beraz, guk transmititzen ez badizkiegu gure identitateari buruzko kezkak eta arazoak, ezingo dituzte ikusi. Horretarako, haiek gureari begirunea izatea nahi badugu, nabarmen utzi behar dugu guk ere haien hizkuntzak eta kulturak estimatzen ditugula, eta haien arteko aniztasuna ere aitortzen dugula. Hain zuzen ere, haietako askok ere zapalketa egoerak bizi dituzte jatorrizko lurraldeetan (Amazigh herria Magreben, Wolof hizkuntza Senegalen...), eta horrek gurea ulerterrazagoa egin diezaieke.
Beraz, eskuak zabaldu behar dizkiegu; desoreka egoera honetan, indartsuaren aldean gaude gu, eta ondorioz, aurreneko pausoa guk eman behar dugu, eta indar handia jarri horretan. Baina, dena den, argi izan behar dugu, guk beraiek estatuaren aliatu gisa ikusten baditugu, etsai gisa, eta gure arazoen erantzule egiten baditugu, ezingo dela elkarlanik sortu.
AURRERA BEGIRAKO PROPOSAMENAK
Aurretik esan bezala, aurrera egiteko erronka bezala hartu behar dugu egoera hau, ez arazo gisa; izan ere, globalizazioaren ondorioetako bat da, saihestezina, eta bertan dagoena guk nahi edo ez. Ikusmolde horretatik erreparatuta, hainbat bide jorratzeko aukera dugula ikusiko dugu.
Eginbeharreko horiek ezin dira irakaskuntzaren eremura mugatu, eta ezta etorkinenera bakarrik ere. Alegia, etorkinek berez etorkin izateagatik ez dute interbentzio bereziturik behar, baina bai, ordea, integrazio zailtasunak dituztenek, etorkin izan edo ez; eta, gainera, integrazioa ez da eskolak bakarrik konpon dezakeen afera, gizarte osoak konpondu beharrekoa baizik. Beraz, plan integrala behar dugu, gizartean ditugun integrazio arazoetan eragiten duten faktoreei erreparatuko diona.
Bide horretan aurrera egiteko, arrazakeriaren aurkako jarrera argia garatu behar dugu, eta elkarbizitza sustatu; ondorioz, asimilaziotik errekonozimendura pasatu behar dugu. Beraz, etorkinen beharrak gure egin behar ditugu, eta berdintasunerako eskubideak onartu; baina, aldi berean, ezberdintasunerako bideak ere jarrita.
Horretarako ezinbestekoa da elkarlana, bai etorkinen iritziak kontuan hartzeko, baita administrazioetan eta lankidetzarako proiektuak garatzen dituzten erakundeen artean koordinatzeko ere. Hortaz, elkarlanerako guneak sortu behar dira, eta bertan izango dugu aukera gure errealitatea azaltzeko ere.
Hurbiltasun hori lortzeari begira, administrazioaren zerbitzu horiek udalerrietan garatu behar dira bereziki, edo mankomunitatean, herriak txikiak direnean. Era horretan, arinago sumatuko dira etorkinen premiak, eta interbentzioarekin asmatzeko aukera handiagoa izango da.
Baina, dena dela ere, badira oinarrizkotzat jo behar ditugun puntu batzuk. Esan dugun bezala, integrazioa bi alderen lana eskatzen duen prozesu gisa ulertu behar dugu, eta guk ere aldatu beharko dugu bide horretan. Are gehiago, egungo egoeran botere asimetria egonik, zubiak eraikitzea guri dagokigu neurri handi batean, gu baikara goian gaudenak.
Beraz, gure gizarteak ezin ditu etorkinak lan-esku merke gisa ikusi; pertsona gisa ikusi behar ditu, eta dagokien moduan jokatu, besteak beste: erresidentzia baimen iraunkorra eman, eskolaratzeko eskubidea, etxebizitza duinerako eskubidea, lan-munduan sartzeko eskubidea, eta, integrazio prozesuan aurrera egin ahala, eskubide politikoak aitortu, hau da, bizitza politikoan parte hartzeko aukera eman.
Oinarrizko baldintza horiek onartu ahala, euskara erabiltzeko motibazioa ere landu daiteke, ezinbesteko baldintzak asetzen direlako. Baina horretarako sentsibilitate nabarmena izan behar dute etorkinekin lan egiten dutenek ere, alegia, zehar-lerroa izan behar du euskarak.
Orain arte aipatutakoez gain, izan ziren hainbat proposamen zehatzago, bereziki, irakaskuntzaren bidez bigarren belaunaldiaren euskalduntzea ziurtatzeari begirakoak, eta baita helduak euskalduntzeko proiektuak ere.
Irakaskuntzari dagokionez, honako proposamen zehatzak egin zituzten:
Haur etorkinen kontzentrazioa eragotzi. Bizilekua duten udalerriko eskoletan matrikulatzea bultzatu. Horretarako, matrikulazio batzordeak osatu zonaldeka. Harrera-plana osatu ikastetxe bakoitzean. Kultura arteko hezkuntza ikastetxe guztietara zabaldu, eta ez soilik etorkinak daudenetara. Hezkuntza horrek berdintasunak azpimarratu behar ditu desberdintasunen gainetik. Horretarako, gaia ikastetxeko proiektuan txertatu. Haur etorkinek euskaraz zein erdaraz eskuratzen duten mailaren jarraipen zorrotza egin eta laguntza baliabideak eskaini. D ereduaren aldeko kanpainak egin etorkinen elkarteetan, eta plazaz plaza joan haurrek jolasten duten inguruetara gurasoen bila. Eskola eredu bakarra, baina malgua, eraiki D ereduaren gainean, egoera zehatzei erantzuteko malgutasuna izango duena, eta horretan eskolaratu haur guztiak. Hizkuntzaren irakaskuntza eduki esanguratsuen transmisioari lotu.[1] Saioak 2002ko uztailaren 16tik 18ra eman ziren, UEUk uda horretan Iruñean antolatutako ikastaroetan.



