Euskararen egoera Baionako Unibertsitatean (Xarles Bidegaini elkarrizketa)

Xarles Bidegain
Aipamenak
Gure Euskal Adarra Baionan ttipia da, eta Baionako kanpus hori berez ez da autonomoa; ez du unibertsitate bakarra osatzen; Paueko adar bat baizik ez da. Euskararen adar horrek, ttipia izanik ere, abantaila bat badu, osoa baita, erran nahi baita, lehen, bigarren, hirugarren urteko ikasleak lizentziatura arte biltzen dituela, bai eta ere ondoko urteko ikasleak tesiraino.

Aukera hori egiten du edo euskaldun direnek beren euskararen hobetzeko edo euskara ikasi nahi dutenek. Baina ez dago lizentziatura osorik euskaraz egiterik Pauen edo Bordelen. Euskaraz egitekotan Baionan egin behar da; ez da besterik. Parisen ere  badira euskalariak, eta onak, baina euskara ez dute erakasten. Tolosan, tamalez, euskaraz deus ez da aurkezten Jacques Allières joan zenetik.

Unibertsitatean bestalde normalizazio soziolinguistikoa ia ez da ikertzen berez, eta oso guti aipatzen da (hemendik aintzina sartuko da programa berrietan). Normalizazionaren ikuspundutik eta soziolinguistikaren aldetik hasi den lan gehiena ez da zuzenki eta organikoki Baionako Unibertsitatetik egiten; egiten da kultur erakundetatik adibidez edo militantismotik ere.

Tesi baten egiteko ere, ikerketa laboratorio baten bermea behar du tesi egileak. Gure kasuan IKER deitzen den taldeak Baionan badauka egoitza berria, eta aitzinamendu gaitza izan da euskarazko ikerketen oraiaren eta geroaren segurtzeko Iparraldean.

. Beñat Oihartzabalek kargu hori hartzearekin, lortu du hemengo gizartean eta hemengo hautetsienganik beste ikusmolde bat euskarazko ikerketari buruz.

Hegoaldeko unibertsitateekin bada harremanik, ikerketa egitasmorik,...?

Hor ere, anitzetan harreman pertsonalak badira, beste unibersitateetako jendeak elkar ikusten baitugu, bereziki Euskaltzaindian, Eusko Ikaskuntzan, etab. Gero, nekez ari gara gauzak konkretizatzen, oso ezberdinak direlako mailak eta erabakiguneak. Organikoki, beraz, ez dugu harreman handirik, kontratu baten arabera firmaturik bederen

 

Azaldu iezaguzu Baionako Unibertsitatea zein unibertsitateren baitan dagoen.

Bai, bada hor aipatzen duzun izendapenean berean gauza bat zuzendu behar dena. Jartzen delarik Baionako Unibertsitatea, de facto da Paueko Unibertsitatea da aipatzen dena. Pau eta Aturri aldeko herrietako Unibertsitatea. Unibertsitate horrek baditu kanpus batzuk, eta bat Baionan dauka. Baionako disziplinarteko Fakultatea deitzen da, eta hor Zuzenbidea nagusia da bederen ikasleen kopuruaren aldetik Zientzi Ekonomikoekin batera; gero, Letra Modernoak badaude adar xume batean eta azkenean gure Euskal Adarra. Gure Euskal Adarra Baionan ttipia da, eta Baionako kanpus hori berez ez da autonomoa; ez du unibertsitate bakarra osatzen; Paueko adar bat baizik ez da. Euskararen adar horrek, ttipia izanik ere, abantaila bat badu, osoa baita, erran nahi baita, lehen, bigarren, hirugarren urteko ikasleak lizentziatura arte biltzen dituela, bai eta ere ondoko urteko ikasleak tesiraino. Euskal adarrean ikerketa-lan guziak euskaraz egiten ahal dira. Lehen, tesia Bordeleko Unibertsitatean bakarrik egiten zen, eta orain bietan egiten da: Pauen edo Bordelen, baina beti gure euskal departamenduan. Bestela erranez, unibertsitateko maila guziak badauzka Euskal Adarrak. Honen izen ofiziala da Baionako Unibersitatearteko Euskal Ikastokia. Erran gabe doa hemen aipatzen dudan antolaketa aldatuko dela, heldu den urtean indarrean jartzeko den LMD deitu erreformarekin.

 

Hori azpimarratzen dut zeren eta bere xumean, Euskal Adarrak baitu pundu bat, beste gaietan Ipar Euskal Herrian atzemaiten ez dena: ikasketak burutik buru hemen egitea. Zuzenbidean edo letretan adibidez, tesiaren egitera beste norabait joan behar da. Eta pundu honek gure adarra hemen kokatua izatean guziz eragiten du.

 

Deitzen dugun Euskal Ikerketen Departamenduak  bi administrazio baditu arduradun: Paueko Unibertsitatea, eta Bordeleko Unibertsitatea (zehazki Michel de Montaigne Unibertsitateak) eta  horrela da gure departamendua sortuz geroztik. Guretako abantaila da gure departamendua bi uniberstitateren artean izatea, zeren irakasleak edo Bordelekoak edo Pauekoak izaiten ahal baitira.

 

Historikoki, Paueko Unibertsitatea berrikitan sortu da eta ez dauka Bordeleko Unibertsitate zaharraren  itzala eta halako konplexu bat, ttipiagoa, gazteago izaitearena hauteman daiteke Pauen Paueko Unibertsitatea Bordeleko Unibertsitatetik sortu baita. Baina Euskal Departamendu honetan, bi entitateak maila berean dira. Bizkitartean, alderdi administratiboa Pauekoak eramaten du, eta beraz, ikasleak ari direlarik matrikulatzen Paueko Unibertsitatearen kondu, nahiz irakasleak Bordelekoak ere izaiten ahal diren.

 

Lau postu badira euskarari buruz Unibertsitatean. Bordelen bada Aurelia Arkotxa eta Jon Casenave, eta Pauekoan Ur Apalategi eta ni. Bestalde, badago CNRS-ko (Frantziako Ikerketa Zientifikoen Zentroa) eta hartan lanean ari den Beñat Oihartzabal gurekin ari da kurtsoen ematen. Bordeleko Unibertsitateak badauka beste postu bat ‘irakurle’ deitzen dena eta azken urteetan Hegoaldeko tesi-egile batek betetzen duen postua da. Azkenean, eta beharren arabera badaude ere lizeoetako erakasle zonbait gure adarrean kurtsoak emaiten dituztenak.

 

Baionako Unibertsitatetik at, euskarazko ikasketarik eskaintzen al du beste unibertsitateren batek frantziar estatuan?

Beraz, guk ematen ditugun diplomak Paueko Unibertsitatearen zigiluarekin doaz, baina osoki Baionan egiten dira. Ematen ditugun tituluak DEUG eta lizentzia dira lehen zikloan, gero tesina eta DEA (Ikerketa Sakoneko Diploma) eta azkenik  doktoredutza. Halakorik ez da beste nehun ere emaiten gure adarraz kanpo frantses estaduan. Aldiz Pauen edo Bordelen euskara hartzen ahal da hautazko gai gisa, beste karrera bat hautatzen delarik. Eman dezagun, Pauen Artearen Historia karrera egiten duen ikasle batek izan dezakeela honenbeste oren euskaraz, baina beste hautazko gaia da eta ez oinarrizko gaia. Eta Bordelen berdin.

 

Lizentziatura guztietan al dago euskara hautazko modura hartzeko aukera?

Pauen uste dut Letretan baietz. Gertatzen da erreforma bat dagoela laster indarrean jarriko dena eta ez dakigu zer gertatuko den hautazko gaiekin. Azken urteotan hautazko aukera hori oso pisu gutxikoa da eta pundu guti ematen du. Aukera hori egiten du edo euskaldun direnek beren euskararen hobetzeko edo euskara ikasi nahi dutenek. Baina ez dago lizentziatura osorik euskaraz egiterik Pauen edo Bordelen. Euskaraz egitekotan Baionan egin behar da; ez da besterik. Parisen ere  badira euskalariak, eta onak, baina euskara ez dute erakasten. Tolosan, tamalez, euskaraz deus ez da aurkezten Jacques Allières joan zenetik.

 

Bidenabar erran dezadan hizkuntzaz mintzatzen naizela bainan kulturaren aldetik beste zientzi alorretan ez dago deus berezirik Euskal Herriaz. Konparazione, Historia karrera hautatzen duen ikasleak deus ez du ezer ikasiko Euskal Herriaz lehenbiziko hiru urteetan bederen. Geografian, antropologian, soziologian ez dago kurtsorik Euskal Herria kontuan hartzen duenik, ez euskaraz ez erdaraz. Karrera erdaraz egiten da, eta erdal munduari buruz. Eskasia horrek diagnostiko zehatzago behar luke, bereziki IUFM (Magisterioko Eskola) deitu egituretan.

 

Euskarazko Ikasketen Departamendua noiz sortu zen Baionako Unibertsitatean? Sortu zenetik, zein urrats eman ditu euskararen normalizazioaren ikuspegitik?

Hori sortu zen, guti edo aski, 1985-86an. Hor aipatu behar ditugu gure lehen bultzatzaileak. Frantziar estatuan sortu den euskarari buruzko lehendabiziko katedra Bordelen izan zen. René Lafon jakintsua izan zen lehena katedra hori lortu zuena. Gero, Bordelen sartu zen Jean Haritschelhar, berak hartu zuelarik Lafonen segida katedra hortan. Gero Jean-Baptiste Orpustan izan zen eta gaur Aurelia Arkotxa. Eta Jean Haritschelhar postuan zen garaian, euskaltzaleez eginiko talde batek harekin bultzatu zuen gero gure Departamendua izan beharko zena. Bultzatzaileen artean baziren besteak beste J. Ajuriagerra, P. Xarriton, Pinatel,  Verdun eta beste hemengo intelektual andana bat, helburu izan zutelarik unibertsitate zentro bat Baionan sortzea. Pau eta Bordeleko Unibertsitateen artean konbenio bat egitea lortu zuten, eta gure saila hortik sortu zen zuzen-zuzena. Erabakitzailea izan zen garai hartako erakasleen lana, Haritschelharrena bereziki, ideki zuten bidea ez baitzen poxulurik gabekoa izan, bereziki hautetsi  eta kargudun politiko zonbaitek ez baitzezakeen begi onez ikus ereiten ari zen hazia. Gero Euskal Adarreko buruzagi izan ziren Jean Baptiste Orpustan eta Txomin Peillen, ... eta ondoren gure oraiko taldea.

 

Egia erraiteko, euskararen normalizazioaren ikuspegitik ez da unibertsitatean deus sakondu indar bereziri batez. Horrekin erran nahi dut unibertsitatean izan diren ikerlari gehienek, bestalde, beren lan garrantzitsuena, euskarari buruzkoa den ber, Euskaltzaindiaren inguruan egiten dutela, partez.  Ondorioz, normalizazioaren alde Euskaltzaindiak errana aplikatu dute unibertsitatean, guti edo aski. Unibertsitatean bestalde normalizazio soziolinguistikoa ia ez da ikertzen berez, eta oso guti aipatzen da (hemendik aintzina sartuko da programa berrietan). Normalizazionaren ikuspundutik eta soziolinguistikaren aldetik hasi den lan gehiena ez da zuzenki eta organikoki Baionako Unibertsitatetik egiten; egiten da kultur erakundetatik adibidez edo militantismotik ere.

 

 

Zenbat irakasle euskaldun dituzue zuen Ikasketetan?

Gure lizentzia hori sortu zelarik, gobernamendutik etorri zen maketa bat (nola egin behar zen, etab.). Orduan, gure kasuan ez zen posible izan den-dena euskarari buruz izaitea ez eta beraz den-dena euskaraz egitea. Emeki-emeki, halere, euskararen eta euskarari buruzko kurtsoen pizua handitu da. Egoera edo baldintza honek badu ondoriorik, kurtsoen parte bat ez dagokiolakotz bakarrik euskal hizkuntzari, euskal literaturari. Gai horiek erabakiorrak izanik ere, ikasleek badute besterik ikasi beharrezkoa: historia, geografia, antropologia, soziologia, linguistika orokorra, frantses hizkuntza, frantses literatura, latinera, okzitanera, ingelesera, gaztelaniera, kirola. Horien guzien emateko erakasleak ez dira baitezpada euskaldunak. Historia eta geografia, nahitaez Euskal Herriko historioaz eta geografiaz ari dira. Beste gaietan ez, alabainan. Manex Goienetxek historiako kurtsoa euskaraz ematen du naski, bainan beste irakasleek ez baitezpada. Gehienek ez. Eta zure galderari erantzuteko euskaraz ari diren erakasleak, literaturan edo linguistikan, orotara hamar bat daude: haietarik bost zerbitzu bat osoki ematen ari direnak eta beste bostak oren zonbait noiz behinka ematen ari direnak. Arazo batzuk izan ditugu hor: ikasleek nahi lukete dena edo gehiena euskaraz izan dadin. Batzuetan posible da, baina besteetan, irakaslea nor den eta arazoak izaten ahal dira. Guk segurtatu duguna izan da euskarari buruzko gaien tokia handitzea, eta besteetan erakasle euskaldun homologagarriak hatzemaitea; eta hori ez dugu beti lortzen diziplina guzietan.  Bainan euskarari berari buruzko kurtsoak euskaraz baizik ez dira ematen, nolaz ez. 

 

 

Zein da ikasleen aldetik dagoen euskarazko eskaera?

Gure departamenduan sartzen den ikaslea, batxilleratoa iraganik, euskalduna da, eta hori hesi bat da sartzerakoan; kopuruan ere badu eragina. Euskaldun ez den ikasleak, Euskal Herriaz interesatuena izanik ere, sartzerik ez du gure adarrean. Azken urte hauetan adar osoan, guti edo aski, 100 ikasle dira (aurten, lehen urtean, 20-25). Kopuru hori erkatu behar da Iparraldeko egoera soziodemografikoarekin. Ikasle euskaldun andana polita badago Euskal Herritik kanpora doana, beste karrera baten egitera: eta horren kontra ez goazke guziz normala baita gure gazteriak euskal adarraz besteko karrera egin nahi izatea. Gauzak horrela izanik, demografiak eta euskarak alderdi honetan gora egiten ez duteno,  gure helburua da 100 ikasle horien kopurua atxikitzea.

 

Zerbait ahantzi dut. Gure lizentziarekin posible da gero irakasle izatera joatea, 14 urte arteko ikasleekin aritzeko (kolegioetan); hemengo lizentziarekin gure adarretik ateratzen den erakaslea Pauera joan  da            iteke Magisteritzako eskolara (IUFM du izena). Bide hori aski hertsia da eta zinez behar luke zabaldua izan hemendik aintzina. Badago azkenik beste bide bat, oso postu guti ematen duena, eta CAPES deitzen da (‘Concours d‘Aptitude au Professorat de l’Enseignement Secondaire’ hots, lizeoetako eraskasle izateko gaitasuna ematen duen norgehiagoka). Badira hamar urte euskarazko CAPES-a sortu zela eta urte oroz bi, hiru, lauzpabost postu eskaintzen ditu. Prestakuntza Baionako Fakultatean jarraikitzen dute Capesdungeiek nahiz Bordeleko IUFMen eskutik eramana den administrazioaren aldetik.

 

Beraz, gure titulazioak horiek dira: DEUGa, lizentzia eta doktoradutza, eta gero, bidea irakasle izateko CAPES formazioa edo IUFMko prestakuntza magisteritzarako. Azken biak IUFMek daramatza; baina beraiek euskarazko irakaslerik ez dutenez, de facto, guk dugu denen kurtsoa ematen.

 

IKER ikerketa zentroak zein lotura du unibertsitatearekin? Zein da bere jarduera esparrua?

Frantses sisteman bada CNRS deitu batasuna, (Centre National de la Recherche Scientifique) Ikerketa zientifikorako zentroa. Azken urte hauetan gauzak hobeki joan dira ikerketa mailan: laratzean piko! Luzaz, Bordeleko Unibersitateari bakarrik egon da lotua, ahal gutirekin. Orai hiru batasun badaude elgarretaraturik CNRSek Baionan daukan IKER deitu zentroan: alde batetik CNRS bera eta bestaldetik Bordeleko Unibertsitatea eta Paueko Unibertsitatea. Talde zientifikoa edo ikerketa-laboratorio bat izatea guziz garrantzitsua da unibersitatean edozein proiekturen aurrera ermateko. Tesi baten egiteko ere, ikerketa laboratorio baten bermea behar du tesi egileak. Gure kasuan IKER deitzen den taldeak Baionan badauka egoitza berria, eta aitzinamendu gaitza izan da euskarazko ikerketen oraiaren eta geroaren segurtzeko Iparraldean. Jean Haritschelhar lehenik, gero Jean-Baptiste Orpustan izan ziren CNRSko taldearen buruzagiak, baldintza zailetan. Beñat Oihartzabalek kargu hori hartzearekin, lortu du hemengo gizartean eta hemengo hautetsienganik beste ikusmolde bat euskarazko ikerketari buruz. Taldeak hiru kide oso ditu, B.Oihartzabal bera, Mixel Aurnague, eta Rikardo Etxepare, eta bere baitan kide gisa hartzen ditu unibersitateko euskarazko hemengo erakasle gehienak. Emeki emeki bere itzala biltzen ari da, ematen dituen lanen kalitatearengatik. Agerkari bat bere gain hartu du, Lapurdum izenekoa (Lapurdum izanki Baiona hiriko izen zaharra) eta Jean-Baptiste Orpustanek sortarazi zuenetik zortzi zenbaki atera ditugu. Gainera, proiektu berriak sortarazi ditu beste batasunekin, hala nola Euskaltzaindiarekin toponimiaz.

 

Zure ustez zein dira euskarazko irakaskuntzak dituen indarguneak eta ahuluneak iparraldean? Unibertsitateak daraman hizkuntza politikaz zer esango zenuke?

Indarguneetan, bat lehenik aipa gindiro, zeinetan merezimendurik batere ez baitugu: hemen gaude eta bakarrak gara. Hori da gure indarrik handiena. Frantziako Unibersitatean ez da beste Euskal Adarrik eta diodana Fernandoren egia balinbada ere, gure alde da beste zentrorik nehun ere ez egotea  euskarazko erakaskuntzaz arduratzen denik.

 

Eta horren arabera, ahulezian ere ber gauza ikusten da: guti gara, ez dugu instituzio propiorik, beraz gure taldeak ez du autonomiarik (unibertsitate baten adar ttipi bat besterik ez du osatzen). Beste kezka bat da gure ikasleentzat ofizio on baten mentura segurtatzea, ikerketa bera barne.

 

Zein dira, zure iritziz, etorkizunera begira dituzuen erronkak?

Iraun. Iraun eta kalitatea zaindu.

 

Hegoaldeko unibertsitateekin bada harremanik, ikerketa egitasmorik,...?

Hor ere, anitzetan harreman pertsonalak badira, beste unibersitateetako jendeak elkar ikusten baitugu, bereziki Euskaltzaindian, Eusko Ikaskuntzan, etab. Gero, nekez ari gara gauzak konkretizatzen, oso ezberdinak direlako mailak eta erabakiguneak. Organikoki, beraz, ez dugu harreman handirik, kontratu baten arabera firmaturik bederen, gutarik gehienok elgarrekin sarturik baikara bestaldeko ikerlariekin unibertsitatetik kanpo.

 

IKERen bitartez, kolaborazio zientifiko batzuk lortzen dira bestaldeko ikerlariekin: kolokioak, kongresuak, proiektu zientifikoak elgarrekin antolatzen dira. Baina ikaslegoari buruz eskasia badago. Lortu duguna izan da duela bi urte hemen iparraldean Erasmus programa indarrean jartzea. Guretako, ikusita gure kopurua zer den, aurten bezala hiru ikasle hegoaldera igortzea ongi da. Gure beldur handiena zen oso urrun izanen zirela hegoaldeko mailarengatik, baina, oro har, ez direla hain gaizki defenditzen ohartzen gara, eta zinez on dute hemendik kanpoko errealitatea haztatzea.