Irakasle-antolakuntza propioa Euskal Unibertsitatean

J.R.Etxebarria, N.Xamardo, eta J.M.Zalakain
Aipamenak
Zehatzago esanik, Euskal Unibertsitatea Euskal Herriari —hots, euskal herritarrei— eskainitako euskarazko zerbitzutzat hartzen dugu, eta horren arabera ulertzen dugu beraren egituratzea, bereziki aipatuko dugun irakasle-antolakuntzarena ere. Horrek ez du esan nahi munduko beste herritarrei zerbitzurik eskaini behar ez zaienik, Euskal Unibertsitatearen helburu nagusia euskal gizartea dela baizik

irakaskuntza-sistema propioa izatea guztiz garrantzizkoa baita herri modura duen nortasuna eta osotasuna aurrera eramateko; eta estatutuek ez dute praktikan horretarako biderik ziurtatzen. Beraz, hausnarketaren lehenengo ondorio modura, gaurdanik Euskal Herria bere osotasunean hartzearen eta hori irakaskuntza-sisteman islatu beharraren premia azpimarratuko genuke geure ikuspuntutik.

Gauzak horrela, gaur egun Euskal Herriko herrialde desberdinetan dagoen irakaskuntza-sistema publikoa erabat funtzionarizatuta dago, maila guztietan, unibertsitatean barne. Guk ondoen ezagutzen dugun Hego Euskal Herriko egoerari dagokionez, irakasle finko guztiak espainiar estatuaren funtzionario dira eta horrek inplikazio politiko-ideologiko argiak ditu.

Funtsezko arrazoi horiek —eta beste batzuek— eraman gintuzten UPV-EHUko irakasle batzuk funtzionaritzari uko egitera eta funtzionaritzarekiko intsumiso izatera, eta inposizio hori ez onartzearren bota gintuzten unibertsitatetik, ez inongo arazo laboralik izan genuelako edo gure lana behar bezala bete ez genuelako.

gehienontzat argi dago euskarazkoa izan beharko duela (beste hizkuntzak baztertu gabe, baina euskarari erabateko lehentasuna emanez); baina ez dago denentzat argi gaur egun bezala administrazioaren unibertsitate publikoa edo ikastolen antzeko herri-ekimenaz bultzaturiko baina kudeaketa autonomoaz funtzionatuko duen unibertsitatea izan behar duen.

Iztueta legea

Ez du pauso kualitatibo sendorik ematen guk definituriko Euskal Unibertsitaterako bidean, ezta benetako irakasle-sistema propioa sortzeko ere. Eskaintzen dira funtzionaritza gainditzen hasteko zenbait bide, baina gure ustez bide horiek askoz gehiago landu beharko dira, lehenik funtzionarioekiko parekotasuna lortzeko eta gero Euskal Herriko irakasle-sistema propioa garatzeko.

Abian dauden herri-mugimenduen indarrak batzea, guztien arteko ekimen bateratua lortzeko bidean. Diotenez, UEU, EUSUNI, EHBE, EIRE eta beste guztiak ari dira helburu berari begira. Ezin ote daiteke benetako eztabaida bat abiarazi, Euskal Unibertsitatearen proiektua elkarrekin gauzatzen hasteko?

Lan hau “Unibertsitatea eta Euskara” izenburu orokorra duen dossierraren atal bat dela kontuan izanik, gure ustez, gaia bere osotasuneko ikuspegitik aztertzeko, nahitaez abiatu behar dugu Euskal Unibertsitatearen kontzeptutik, “euskal” osagarriak “euskaraz ari dena” esan nahi duela onartuz; alegia, eguneroko bizitzan bere barnean mota guztietako harremanetan nagusiki eta ardatz harturik euskaraz funtzionatuko duen unibertsitatearen ikuspuntutik. Zer esanik ez, horrek ez du inolako mugarik jartzen bertako kideek beste hizkuntzetan izan behar dituzten ezagutzari eta erabilerari dagokienez, oso gogoan hartzen baititugu gaur egungo munduan hizkuntza propioaz gain beste zenbait hizkuntza erraztasunez baliatzeak dakartzan onurak. Baina ondo baino hobeto dakigu abiapuntutik bertatik, munduko unibertsitate orok duela bere hizkuntza propioa (sarri egitate hori ezkutatu nahi izaten den arren), bertako atal guztietan lehentasuna duena (nahiz beste hizkuntzez baliatzeko aukera beti irekita dagoen); horregatik, Euskal Unibertsitateari dagokionez lehentasunezko hizkuntza hori euskara dela postulatzen dugu.

 

Alderdi hori argi utzi ondoren, eginkizun dagoen eta utopikotzat jotzen den euskarazko unibertsitatearen proiektua gauzatzeko bidean, diogun ezen, gaia koherentziaz tratatzeko, balizko Euskal Unibertsitatearen egiturazko elementu guztiak aldi berean hartu behar ditugula kontuan, osotasun banaezin modura, nahiz eta, analisirako, gaiak arloka aztertuko ditugun. Bistan denez, era guztietako elementu materialak eta pertsonalak hartu behar ditugu kontuan; baina elementu horien guztien gainean, unibertsitatearen beraren helburu nagusia dago, eta horri dagokionez, bereziki, unibertsitate hori zein gizarteren zerbitzutan egongo den zehaztu behar da lehenik eta behin. Hots, hasieratik bertatik, gizarte-unitate bat definitu behar da, ez baita gauza bera unitatetzat Espainia, Frantzia, Europa edo Euskal Herria hartzea. Beraz, zalantzarik gera ez dadin, euskarazkoa izanik Euskal Herriko gizartea helburu hartuko duen unibertsitatea izango da guretzat Euskal Unibertsitatea.

 

Horrez gain, sarri unibertsitateen unibertsaltasuna aipatzen den arren, konturaturik gaude unibertsaltasun hori goitik behera aipatzen dela ia beti, jadanik bere neurriko unibertsitatea duen estatuak oraindik unibertsitate propiorik ez duen estatu gabeko nazio edo herriari aitzakia modura aurkezteko eta kontrajartzeko, eta unibertsitate propio horretarako bidea ixteko; eta hori guztia, unibertsaltasuna nor bera izatetik hasten dela eta unibertsal izateko modu bakarra nor izanda lortzen dela ahantzita, hau da, euskaldunok munduari egin ahal diogun ekarpen nagusia euskal nortasuna garatzetik etorriko dela ahantzita. Horrexegatik adierazi nahi dugu, hasieratik bertatik, planteamendu politikoa dagoela gure proposamenean; unitate modura Euskal Herria hartzeko hautua, alegia. Zehatzago esanik, Euskal Unibertsitatea Euskal Herriari —hots, euskal herritarrei— eskainitako euskarazko zerbitzutzat hartzen dugu, eta horren arabera ulertzen dugu beraren egituratzea, bereziki aipatuko dugun irakasle-antolakuntzarena ere. Horrek ez du esan nahi munduko beste herritarrei zerbitzurik eskaini behar ez zaienik, Euskal Unibertsitatearen helburu nagusia euskal gizartea dela baizik, euskal populua. Dena den, aurreko arrazonamenduaren bidetik ez dakigu egokiena ez ote den beste izen bat ematea, eta Euskal Unibertsitatea deitu ordez Euskal Unibertsitate Nazionala deitzea, aipaturiko hiru osagaiak biltzeko. Baina momentuz lehenengo biekin geratuko gara, eta orain arte ohikoa izan den moduan Euskal Unibertsitateaz arituko gara. Beraz, sarrera gisa abiapuntuko ideia horiek adierazi ondoren, goazen orain geure gai espezifikoa jorratzera.

 

 

1. EUSKAL HERRIAK BERE IRAKASKUNTZA-SISTEMA PROPIOA BEHAR DU

 

Gaur egungo errealitatearen konstataziotik abiatuko gara: Euskal Herriak ez du irakaskuntza-sistema propiorik. Itxuraz, hiru administrazioren eskuetan dago gure herriko irakaskuntza: Euskal Erkidego Autonomoa, Nafar Erkidegoa, eta Frantziar Errepublika. Egiatan, ordea, lehenengo bien kasuan itxurazkoa baino ez da administrazioen eta horiek antola dezaketen irakaskuntza-sistemaren propiotasuna, zeren, izatez, Espainiako irakaskuntza-sistemaren menpe baitaude biak azken erabakiak hartzeko orduan. Menpekotasun hori ez da hain nabarmena unibertsitateaz beheko mailetan, baina nabarmen ageri da unibertsitateari dagokionez, berrikitan indarrean ezarri duten LOU legearekin ikusi den bezala. Hego Euskal Herriko bi Autonomia Estatutuek eskuduntza osoak omen dituzte hezkuntzari eta irakaskuntzari dagokionez. Praktikan eskuduntza horiek gauzaeztanak dira, ordea, eta benetan hartu ahal diren erabakiak gainetik ezarritako lege estatal organiko orokorraren barnean kokatu behar dira, azken hilotan Eusko Legebiltzarrean prestatzen ari diren unibertsitate-legearekin ikus daitekeen bezala.

 

Zernahi gisaz, dela bi administrazio ditugula dela hiru direla, agerikoa da administrazio horietan Euskal Herria ez dela unitate modura hartzen, eta, ondorioz, Euskal Herriari ezinezkoa gertatzen zaiola bere irakaskuntza-sistema propioa antolatzea. Hortxe dago estatutuen bidez arazoa gainditu nahi izatearen funtsezko kontraesana, zeren etorkizunari begira irakaskuntza-sistema propioa izatea guztiz garrantzizkoa baita herri modura duen nortasuna eta osotasuna aurrera eramateko; eta estatutuek ez dute praktikan horretarako biderik ziurtatzen. Beraz, hausnarketaren lehenengo ondorio modura, gaurdanik Euskal Herria bere osotasunean hartzearen eta hori irakaskuntza-sisteman islatu beharraren premia azpimarratuko genuke geure ikuspuntutik.

 

Gaur egungo baldintzetan ez da erraza Euskal Herria bere osotasunean eta unitate modura hartuko duen irakaskuntza-sistema gauzatzea, are gutxiago arestian aipaturiko administrazioetatik gaitsespena eta trabak baino jasotzen ez ditugunean. Ordea, Euskal Herriak eskubidea du herri modura sistema hori eraikitzeko, eta trabak traba, gaur egungo egoera gainditzeko pausoak ematen hasi behar dugu gaurdanik, geroko geroaren itxaropenean gelditu gabe. Eta eskubidez zor zaiguna lortzeko bidean, gutxienik ere, irakaskuntza-sistema horren definiziotik has gintezke, propiotasunaren ezaugarriak definituz. Hona, bada, gure iritziz irakaskuntza-sistema horrek izan beharko lituzkeen zenbait ezaugarri:

 

  • Kanpoko injerentziarik edo esku-sartzerik gabeko sistema izan behar luke, Euskal Herriaz kanpoko administrazioek ezarritako antolaketa-mugarik gabea. Honek ez du esan nahi, gure sistemak nazioarteko homologaziorako baldintzak bete behar ez dituenik, baina beti ere Euskal Herriko gizarteak antolatua eta kudeatua, kanpoko esku-sartzerik gabe.
  • Euskal Herriko hezkuntza- eta irakaskuntza-premiei aurre egiteko baliabidez betea, izan ere ez baitugu bakarrik eskubidearen aitormena eskatzen, eskubidearen gauzatzea bera ere baizik.
  • Euskal nazioaren izaeran, hizkuntzan, historian eta kulturan oinarritua, herritar guztiei irekia, herritar guztien eskubide-berdintasunean finkatua, herritarren bazterketarik gabea eta inolako diskriminazio ideologiko eta ekonomikorik gabea.
  • Herritar askeak eta arduratsuak sortzera bideratua, giza balio unibertsalak eta Euskal Herriaren balioak lantzeko helburuaz.
  • Irakaskuntza-sistema osoa, haurtzaindegitik unibertsitaterainokoa, hezkuntzaren eta irakaskuntzaren arlo guztietara hedatuko dena, beste herri burujabeetan gertatzen den neurri berean; ez gehiago, ez gutxiago.

 

Sistema hori eraikitzeko dago, baina horiez gain gehi daitezkeen bestelako ezaugarri batzuk ere kontuan izanik, hutsetik abiatzen ez garela esan dezakegu, mendearen bigarren erdialdean ikastola-mugimendutik abiaturiko mugimenduak sistema horren hazia erein eta sistemaren lehenengo gauzatze praktikoa plazaratu baitu. Zoritxarrez, ikastola-mugimenduan zatiketa gertatu zen, gaizki ulertutako publikotasunak eraginda. Izan ere, gaur egungo baldintzetan, irakaskuntza “publikoa” dela esateak “administrazioarena” dela esan nahi du; aldiz, gure ustez, benetako publikotasuna gizarte-ekimenean oinarritzen da eta irakaskuntzako eragile guztien partaidetzaz mamitzen da.

 

Dena den, orain arteko prozesuan bada muga bat: Euskal Herri osoko irakaskuntza-sistemaren lehen pausoa izan daitekeen ikastola-mugimendua etenda dago unibertsitateen ateetan. Izan ere, zenbait unibertsitateren euskal adarretan eginiko ahalegina arbuiatu gabe, ez da gauzatu oraindik Euskal Unibertsitatea, eta horren premia gero eta nabarmenagoa da, sistema propiorik ezean zein bere kabura eta bere interesen arabera mugitzen diren unibertsitateen tartean. Egunotan Eusko Legebiltzarrean aztergai den unibertsitate-legea bera ere, jartzen zaizkion adjektiboak jartzen zaizkiola, ez da inola ere Euskal Herriko unibertsitate-sistema propioa arautuko duena, Espainiako LOU legearen barruko moldaketa partziala baizik, lurraldez, ahalmenez, eta helburuz; hortaz, ez dio erantzuten behar bezala Euskal Herriaren premiari.  

 

 

2. IRAKASLE-ANTOLAKUNTZA PROPIORIK GABE EZ DAGO IRAKASKUNTZA-SISTEMA PROPIORIK

 

Ukaezina da irakasleriak irakaskuntzaren barnean duen garrantzia, beraren zutabeetako bat baita. Gehiago oraindik, irakasleak dira neurririk handienean sistemari egonkortasuna ematen diotenak, urte gutxi batzuetan unibertsitatetik “pasatzen” diren ikasleek ez bezala urte luzetan irauten baitute bertan lanean, kasu batzuetan lan-bizitza osoan.

 

Irakaskuntza-sistema publikoari dagokionez, Frantziar Iraultzaren ostean gure inguruko estatuetan irakaskuntza-sistema modernoak eraikitzen hastean, laster konturatu ziren estatuak irakasleen antolakuntzaren garrantziaz, eta bi ardatz nagusitan finkatu zuten irakasle-sistemaren antolakuntza. Batetik, irakasle-eskola “normalak” ezarri zituzten, alegia, bertan “normak” ikasteko eta gero eskolen funtzionamendua estatuak emaniko arauak betez “normalizatzeko”, eta bestetik, irakasleak estatuaren egitura barneko “funtzionario” bihurtuz, alegia, estatuak agindutako “funtzioa” betetzeko pertsonen multzo bat izateko moduan antolatuz. Funtsean horixe da Espainian eta Frantzian gure egunotara arte dagoen sistemaren muina.

 

Kontua da, estatuaren krisirik ez dagoen bitartean eskema horrek funtzionatu egin dezakeela, guztiak estatu beraren partaide sentitzen baitira eta horrek ez baitu gehiegizko kontraesanik sortzen. Gauzak horrela, gaur egun Euskal Herriko herrialde desberdinetan dagoen irakaskuntza-sistema publikoa erabat funtzionarizatuta dago, maila guztietan, unibertsitatean barne. Guk ondoen ezagutzen dugun Hego Euskal Herriko egoerari dagokionez, irakasle finko guztiak espainiar estatuaren funtzionario dira eta horrek inplikazio politiko-ideologiko argiak ditu. Hona hemen batzuk. Lehenik eta behin, irakasleak ez daude lan-kontratu baten berdintasunean; aitzitik, zehazki hitz eginez, estatuak “izendatzen” ditu “funtzio” bat betetzeko; alegia, menpekotasun-erlazio bat dute estatuarekiko, beti ere unean uneko gobernuaren menpeko, bere aginduen zerbitzari. Bigarrenik, aurrekoarekin lotuta, estatuarekiko menpekotasun hori eszenifikatzeko, izendapenaren “posesioa” bereganatzeko unean, alegia, izendapena “ofizial” egiteko unean, “zin egin” behar da Espainiako Konstituzioa onartzen dela eta defendituko dela. Hirugarrenik, baina ez azkenik, horrekin batera funtzionarien arautegia onartu behar da, zeinaren egitura disziplina militarrekoa den, hierarkiaren onarpen eta guzti. Funtzionarioek -azaldutako izaeragatik- pasibotasuna, sumisioa, eta espiritu kontserbatzaile, erreprimitzaile, eta akademizista sustatzen dituzte; alegia, funtzionaritza oztopo bat da espiritu kritiko, berritzaile eta sortzailea garatzeko, gaur egun funtzionario batzuek agerian adierazten dutenez.

 

Aipaturiko hiru ezaugarri horiek funtsezkoak dira estatuaren krisi-egoeran funtzionarioek estatuaren alde joka dezaketen papera ulertzeko. Eta ez dezagun ahantz ezen une honetan, Euskal Herriaren bere autodeterminazio-eskubidearen aldarrikapena gatazkaren erdigunean dagoen une historikoan, estatuaren sinesgarritasuna dagoela kolokan eta espainiar estatua bera dagoela zalantzan.    

 

Gainera, dossier modura Unibertsitatea eta Euskara gaia aztertzen ari garela, funtzionaritzari dagokionez bada beste gai garrantzitsu bat oztoparria gertatzen ari dena: euskara. Izan ere, eguneroko errealitatean ageri zaigun egitate batekin egiten dugu topo behin eta berriro, funtzionarioen euskalduntzearekin, hain zuzen. Salbuespenak salbu, beregandiko ekimena izan ezean, funtzionarioak ez du inolako premiarik bere burua euskalduntzeko, eta ez du zertan euskalduntze-plangintzetan sartu. Gai hori beti geratzen da bere borondataren esku. Edozertara, Espainiako unibertsitatearen egituratze estatala kontuan izanik, praktikak behin eta berriro erakutsi digu contradictio in terminis baten aurrean gaudela euskalduntzeari dagokionez, konstituzioaren aldeko zinak berak babesten baitu euskara ikasi nahi ez duen funtzionarioa, ikasi beharreko hizkuntza bakarra gaztelania baita. Hortik ez dago aterabiderik Euskal Herriko irakaskuntza-sistema propioarentzat, eta are gutxiago Euskal Unibertsitatearentzat.  

 

Funtsezko arrazoi horiek —eta beste batzuek— eraman gintuzten UPV-EHUko irakasle batzuk funtzionaritzari uko egitera eta funtzionaritzarekiko intsumiso izatera, eta inposizio hori ez onartzearren bota gintuzten unibertsitatetik, ez inongo arazo laboralik izan genuelako edo gure lana behar bezala bete ez genuelako. Eta arrazoi horiengatik berengatik aldarrikatu dugu lehen unetik irakasle-antolakuntza propioaren beharra. Izan ere, Espainiaren eta Euskal Herriaren izaerak kontrajarrita dauden une honetan, nola onar dezakegu gure izaera ukatzen digun estatuaren zerbitzari (hots, funtzionario) izatea? Aspalditik gabiltza honen inguruko hausnarketa eta eztabaida serio baten beharra aldarrikatzen, baina ez dirudi interes handiegirik dagoenik zezenari adarretatik oratzeko. Bitartean, kalean segitzen dugu.

 

Nolanahi den, inoiz Euskal Herriak bere irakaskuntza-sistema propiorik izango badu, irakasle funtzionarioaren figura hori zalantzan jarri beharko da, edo gutxienik ere mugatu egin beharko da, are gehiago funtzionario espainiar edo frantziarrarena. Dena den, bizitzaren ezustekoak zer diren, munduaren globalizazioak eta Europar Batasunerako prozesuak mugak jarri dizkiote erabateko funtzionarizazioari, eta beste lurraldeetako irakasleentzako bideak zabalik utzi beharrak edo, espainiar unibertsitateetan ateak zabaldu zaizkio funtzionario ez den irakasleari, kontratu laboralaren bidezko irakasleak onartuz, harrigarria bada ere, espainiar balioen defendatzaile amorratuena den PP alderdiak eginiko legearen eskutik. Bistan denez, bide ez-funtzionariala ez da Euskal Herriarentzako irakaskuntza-sistema propioa eraikitzeko ireki, baina gutxienez frogatu du funtzionaritza-sistema ez dela aukera bakarra, eta bestelako ereduek ere beren lekua eduki behar dutela. Kontua da zirrikitu hori ganoraz aprobetxatuko dugun ala ez.

 

Beraz, gurera itzuliz, eta esandakoaren laburpen modura, ezinezkotzat jotzen dugu Euskal Herriko irakaskuntza-sistema propioa eredu funtzionarialaren arabera eraikitzea, are gutxiago unibertsitate publiko espainiarraren gaur egungo marko legalaren barnean. Irakasle-antolakuntza funtzionarial horren barnean ez dago zereginik. Beste nolabaiteko eraketa bat behar da irakasle-sistema propioa sortzeko.

 

 

3. EUSKAL UNIBERTSITATEAREN ALDEKO AHALEGINAK ETA EKIMENAK

 

Egingai dago jadanik irudikatzen dugun Euskal Unibertsitatea. Gaur egun baditugu hainbat unibertsitate Euskal Herrian; ez dira, noski, euskal unibertsitate, eta ez dirudi izan daitezkeenik ere. Hasteko, bada abiapuntuko arazo bat, hots, Euskal Unibertsitatea (EU eran ere idatziko dugu hemendik aurrera) zeri esaten zaion finkatzean eta horretan ados egotean. Izan ere, puntu horretan adostasunik ez egotean, sarri hitz berak adiera desberdinez erabiltzen baititugu eta nahastu egin baitaitezke berez desberdinak diren ekimenak. Preseski, kontuan hartu beharra dago, guztion ahotan dabilen Euskal Unibertsitatea gutxienez lau modutara ulertzen dela:

 

a)  Euskaraz mintzatuko den unibertsitatea, edo bestela esanda, beste edozein unibertsitatek bere lurraldeko hizkuntzan dituen baliabideak izango dituen euskarazko unibertsitatea.

b)  Euskaraz mintzatzeaz gain, gizarte-ekimenetik sortua izango dena, eta horrela nolabait oraingo eredu estua gaindituko duena, hots, administrazioarena izango ez den baina zerbitzu eta bokazio publikoa izango duen unibertsitatea, nolabaiteko ikastolen ereduaren garapena izango dena.

c)  Euskal Herrian dauden unibertsitate guztiak bilduko dituen unibertsitate-sarea, nolabait esateko Unibertsitate Nazionala edo Unibertsitate-sistema Nazionala izango dena. Sare horretan, gutxienez unibertsitate batek euskarazkoa izan beharko luke eta beste guztiek konpromiso argia izan beharko lukete euskararekin, era progresiboan euskararen erabilera normalizatzeko.

d)  EIRE elkarteak gaurko egoeran proposaturikoa, zeinean euskal unibertsitarioak non dauden han baitago euskal unibertsitatea, nahiz egitura materialik ez egon.

 

Ikus daitekeenez, guztiek dituzte ezaugarri komunak, baina eztabaidaren premia dago definizio bateratua edo bakarra lortzeko bidean. Gure ustez, EU eraikitzeko asmoz eztabaidan ari direnen artean, a eta b ereduen ideia ari da nagusitzen. Izan ere, gehienontzat argi dago euskarazkoa izan beharko duela (beste hizkuntzak baztertu gabe, baina euskarari erabateko lehentasuna emanez); baina ez dago denentzat argi gaur egun bezala administrazioaren unibertsitate publikoa edo ikastolen antzeko herri-ekimenaz bultzaturiko baina kudeaketa autonomoaz funtzionatuko duen unibertsitatea izan behar duen. Ez da eztabaidatu funtzionariorik gabea izango den edo zein muga izango dituzten, eta ez da zehaztu inola ere irakasle-sistema propioa izango denik ere. Edozertara, ideien batasuna lortu ez arren ere, gauden egoeran horrelakoren baten aldeko ekimenak interesatzen zaizkigu, hitzez edo asmoz horrela aurkeztu direnak bederen.

 

Gaur egun, badaude hiru ekimen etorkizuneko Euskal Unibertsitatearekin zerikusirik izan dezaketenak, eta EU hori definitzen saiatzen direnak, hirurak ere herri-mugimendutik datozenak:

 

•    Batetik Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) urteetan daraman bidea eta aldarrikapena daukagu. Hasierako agirietan eta gerora eginiko bi kongresuetan, bere helburua Euskal Unibertsitatea sortzen laguntzea dela adierazi du UEUk. Bere txikian, ahaleginak egin ditu azken hogeita hamar urteotan balizko Euskal Unibertsitatea eszenifikatzeko, eta bere lanean zinez betetzen ditu EUren baldintzak. Saiatu ere saiatu da EUrako ekimen zabalagoa gauzatzen, eta duela bizpahiru urte proiektu konkretu batean ere parte hartu zuen ikastolekin eta beste talde batzuekin batera, nahiz eta momentuz gauzatu ez zen (oker ez bagaude, Barandiaran Unibertsitatea izena proposatu zen orduan). Bestalde, UEUk berak parte hartzen dihardu, halaber, gerora sortu diren beste herri-ekimenetan. Nolanahi ere, militantziaren abiapuntutik profesionalizaziorako erdibidean dagoela, UEUk ez ditu oraindik bideratu EUk izan beharko lituzkeen azpiegiturako minimoak, eta irakasleei dagokienez borondatezko ekimen denborala izanik, ez du planteatu irakasle-sistema propioaren arazoa.

 

•    “EUSUNI-Euskal Herriak Bere Unibertsitatea” izenburupean bil dezakegun bigarren herri-ekimenak prestaturiko lege-testuan “irakasle propioa” deritzon figura eskatzen zen, nahiz eta ez zen definitzen zer zen eta ez zen planteamendu berezirik egiten irakasle funtzionarioei dagokienez. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak Iztueta legea egin aurretik aurkezturiko UNIEKIMENA izeneko proiektuak ez zuen zehaztu puntu hori.

 

•    Azkenik, berriki plazaraturiko “EHBE-Euskal Herriak Bere Eskola” mugimenduak espresuki adierazten du EU herri-ekimenetik sortuko dela eta irakasleria propioa izango duela, baina ez du ezer zehazten funtzionaritzari buruz.

 

 

Horiez gain, gaur egungo egoeran garrantzi eta eragin zuzena izango duen Eusko Jaurlaritzaren eskutik datorren ekimena dago, aparteko iruzkina merezi duena, guk definituriko Euskal Unibertsitatearen planteamenduarekin lotura zuzenik eduki ez arren. Izan ere, azken bi urteotan hainbat gorabehera izan ondoren, azkenean, Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrera eraman du unibertsitate-legearen proiektua, Iztueta legea deritzona, eta idazki hau prestatzen ari garen unean aztergai dago, onartua izateko bidean.

 

Irakaskuntza-sareaz hitz egiten duen lege horrek irakasleen atala ere ukitzen du, baina egiten duen planteamendua oso murritza da, ez baitu benetan irakasle-sistema propioa garatzen. Hain zuzen, Espainiako LOU legearen barruan kokatzen denez, nagusitasun osoa aitortzen dio lege horri. Preseski, kontratatu laboralaren figura onartzen den arren (LOU berak ere bai), eta neurri batean irakasle kontratatuen karrera arautzen duen arren, funtzionarioekiko menpekotasuna mantentzen du, eta Euskal Herriak ez du benetan bide propioa eraikitzeko eredurik. Ez da artikulu labur hau testua kritikatzeko tokia —beste norbaiti egokitu zaio lan hori—, baina pauso motelak ematen ditu benetako irakasle-sistema propioa sortzeko bidean, nahiz eta gaur egun dauden irakasle ez-funtzionarioei kontratatu modura segitzeko bidea eskaintzen zaien. Ez du pauso kualitatibo sendorik ematen guk definituriko Euskal Unibertsitaterako bidean, ezta benetako irakasle-sistema propioa sortzeko ere. Eskaintzen dira funtzionaritza gainditzen hasteko zenbait bide, baina gure ustez bide horiek askoz gehiago landu beharko dira, lehenik funtzionarioekiko parekotasuna lortzeko eta gero Euskal Herriko irakasle-sistema propioa garatzeko. Nolanahi den, gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan aukeratuko irakasleak dira, horretan estatuari monopolioa kenduz, eta pentsatzekoa da kontratu laboralaren bidea hartzen duten irakasleen ahaleginean oinarrituta osatu beharko dela irakasle propioaren figura, noizbait beste mugimendu sendo bat abian jarriz.

 

Kontua da, irakasle-sistema propioa funtsezko osagaia dela etorkizunari begira, eta hurrengo urteetan ere Euskal Unibertsitatea gauzatzeko bidean egin beharko diren ekimenetan eta proiektuetan gai horrek ardatz nagusietako bat izan beharko duela, orain arte ez bezala. Horixe da gure aldarrikapena.

 

 

4. PROPOSAMENA

 

Artikulu honen sinatzaileak unibertsitatetik kaleratuak izan gara irakaskuntza-sistema propio hori aldarrikatzeagatik, eta, zehatzago esanez, irakasle finko izateko nahitaez espainiar funtzionario bihur gintezen ezarritako inposizioari lehenik kontzientzia-objekzioa aurkezteagatik eta ondoren geure buruak intsumiso aldarrikatzeagatik. Gurea estatuak Euskal Herriari oztopo modura jarritako labirintotik irteteko saioa izan da, funtzionaritza saihestuz estatuaren atzaparretatik aldentzekoa. Irakaskuntza-sistema propioa eta osoa izateko dugun eskubidea aldarrikatu dugulako, eta bertan gu zuzen ukitzen gaituen irakasle-sistema propioa gure herriaren eskubidea dela aldarrikatu eta praktikara eramaten ausartu garelako. Azken hamabi urteotan aldarrikapen hori mantendu dugu, unibertsitatearen atarian, kalean, eta gero eta argiago dakusagu zein funtsezkoa den irakasle-sistema propioa irakaskuntza-sistema osoaren barnean. Pozik gaude aldarrikapen hori gizarteratu delako eta herri-mugimenduen eskarietan gero eta zehatzago agertzen delako, nahiz eta oraindik erabat definiturik ez dagoen. Hala ere, oraindik zenbait urrats eman behar dira bidean aurrera egiteko, harik eta benetako Euskal Unibertsitatea lortzen dugun arte. Hona hemen puntuka azaldurik guk proposatzen ditugunak.

 

•    Abian dauden herri-mugimenduen indarrak batzea, guztien arteko ekimen bateratua lortzeko bidean. Diotenez, UEU, EUSUNI, EHBE, EIRE eta beste guztiak ari dira helburu berari begira. Ezin ote daiteke benetako eztabaida bat abiarazi, Euskal Unibertsitatearen proiektua elkarrekin gauzatzen hasteko?

 

•    Gure ikuspuntutik, proiektu horretan berebiziko garrantzia izan behar du irakasle-sistema propioak. Funtsezkoa da irakasleen antolakuntza, aukeraketa, eta kudeaketa Euskal Herriaren eskuetan egotea, eta aldarrikapen politiko hori nahitaezkoa da irakaskuntzaren arloan gure herriaren nortasuna eta izaera gorde, mantendu, eta landu nahi bada.

 

•    Noizbait heldu beharko zaio funtzionaritzari buruzko eztabaidari. Gu horren zain gaude.