Hizkuntza normalkuntza Goierri Lanbide Eskolan borondatetik plangintzara

Jexux Aizpurua
Aipamenak
Hezkuntza Sailaren Ulibarri programan murgilduta ari gara, Goierri bailarako hainbat ikastetxerekin batera, Berritzeguneko teknikarien ardurapean.

 

Zein onura ekarri digu, ordea, programa horren barnean jarduteak?

 

HIZKUNTZA NORMALKUNTZA Plana (helburu orokorrak, helburu zehatzak, arduradunak, epeak, baliabideak,  dokumentazioa, memoria…) izatea.

Bailarako herritarren hizkuntza-ezagutza eta jatorrizko ikastetxeetako hizkuntza-ereduak kontuan harturik ezartzen dira hizkuntza-ereduak; gaur egun, D eredua besterik ez da eskaintzen Batxilergoan zein Heziketa zikloetan, nahiz eta azkenotan, Hizkuntza Proiektuko eleaniztasunari jarraiki, zenbait modulu gaztelaniaz eta ingelesez eman, gizarterako eta lan-mundurako ikasle eleanitzak heziz.

 

 

SARRERA

Lerro labur hauen bidez, gure eskolako Lanbide Heziketan euskarak izan duen ibilbidea azaldu eta bidean izandako ahulune eta emaitzak argitaratzen saiatuko gara.

 

 

HISTORIA

 

Euskara gure eskolan ikasgai gisa 60ko hamarkadaren amaieran ematen hasi zenetik, garai hartan eskolarteko lankidetzan burututako euskarazko lehendabiziko TEKNOLOGIA liburuaren emaitza antzinako bihurtu zaigu. Harrezkero, hainbat pauso eman dira ikastetxeko HIZKUNTZA NORMALKUNTZAN.

 

Egia esan, Normalkuntza Planari 1987-88an ekin genion, ordura arteko “borondatetasuna eta militantismoa” erabat baztertu gabe, HIZKUNTZA NORMALKUNTZA neurgailu batzuen bidez antolatuz.

 

Pixkanaka D eredua (eleanitza), bere gisa hedatu da, unean uneko irakasle alfabetatuez baliatuz.

 

 

ULIBARRI PROGRAMA

 

Hezkuntza Sailaren Ulibarri programan murgilduta ari gara, Goierri bailarako hainbat ikastetxerekin batera, Berritzeguneko teknikarien ardurapean.

 

Zein onura ekarri digu, ordea, programa horren barnean jarduteak?

 

Ø      HIZKUNTZA NORMALKUNTZA Plana (helburu orokorrak, helburu zehatzak, arduradunak, epeak, baliabideak,  dokumentazioa, memoria…) izatea.

Ø      Euskara soilik hasieran baina, ondoren beste hizkuntza batzuen egoera ere aztertzea, eleaniztasunerantzako bidean.

Ø      Euskalgintzaren bultzagarri izatea.

Ø      Ekarmen, ekimen, ekintza eta ataza guztien kontrola.

Ø      Egiten dena zehatz-mehatz jasotzea.

Ø      Liberazioa (asteko hiru ordu eskola-ordu ).

Ø      Beste eskolekiko harremanak.

Ø      Erreziklaia eta ikastaroak.

 

 

ZUZENDARITZA

 

Zuzendaritzaren inplikazioa nahitaezkoa da ikastetxeko edozein ekimenetan eta, are gehiago, hizkuntzaren edo hizkuntzen normalkuntzan. Ezin daiteke gai hau euskarako irakasleen “betiko” eginkizuntzat jo. Gurean Zuzendaritza, hasiera-hasieratik, ekimen honen bultzatzaile eta Batzordeko partaide izan da. Ondorioz, ikastetxeko gainerako sailetara eta mintegietara iritsi ahal izateko bidea izan dugu, Hizkuntza Normalkuntza Plana heda zedin.

 

Ø      Eskolako dokumentu nagusien artean HIZKUNTZA PROIEKTUA burutzea ere erraztu egin digu zuzendaritzak.

Ø      Irakasleen erreziklaia bideratzeko, ez da inongo eragozpenik izan; eguneroko etengabeko materialgintzaz gain, azken urteotan hainbat irakaslek IRALEn nahiz  urtean zehar eta udako  ikastaro/barnetegietan parte hartu du. 

Ø      Eta, azkenik, web orrialdea, barne-sarea, software-ak, marketingean, eta ZILARREZKO Q-a lortzeko ibilbidean ere Euskararen Normalkuntza aintzakotzat hartzeko balio izan du. Kanpo-harremanei dagokienez,  gure ekimenaren berri eta gurekiko harremanak euskaraz edo euskaraz ere burutu daitezkeen prozedura badugu, GUK ZERBITZUA EUSKARAZ logotipoaren bitartez.

 

 

IKASLEAK

 

Bailarako herritarren hizkuntza-ezagutza eta jatorrizko ikastetxeetako hizkuntza-ereduak kontuan harturik ezartzen dira hizkuntza-ereduak; gaur egun, D eredua besterik ez da eskaintzen Batxilergoan zein Heziketa zikloetan, nahiz eta azkenotan, Hizkuntza Proiektuko eleaniztasunari jarraiki, zenbait modulu gaztelaniaz eta ingelesez eman, gizarterako eta lan-mundurako ikasle eleanitzak heziz.

 

Eskolako beste sail batzuetan bezalaxe, ikasleak Normalkuntza Batzordeko partaide dira, beraien ikuspegia azaltzeko eta ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.

 

 

ADMINISTRAZIOA

 

Arlo hauxe dugu, beharbada, ahulena; hala ere, urrats anitz eman da eta beraien aldetik ere jarrera baikorra dago, pixkanaka eskolako administrazioa ere normaliza dadin (arlo honetan euskaraz funtzionatzen duten beste ikastetxeen esperientziak jasotzeko prest gaude).  

 

 

NORMALKUNTZAN PARTAIDE GAREN FOROAK

 

Ø      Goierri bailarako Berritzegunea.

Ø      IKASLAN-HETEL arteko lankidetza materialgintzan.

Ø      Ordiziako Udaleko Euskara Aholku Batzordea.

Ø      KONTSEILUA: GUK ZERBITZUA EUSKARAZ ziurtagiria.

 

 

 

AMAITZEKO BI PUNTU AIPA NAHI GENITUZKE

 

Bata, langile berrien kontratazioei dagokiena. Oinarrizko baldintza da euskaraz ahoz nahiz idatziz ere lan egiteko gai den eta egingo duen irakasle, tekniko, bulegari, kudeatzaile, garbitzaile, monitore, kontserje, informatiko edo bestelako edozein langile kontratatzea, urtetan egindako lana alferrikakoa izan ez dadin.

 

Eta bestea, ikastetxeko komunitatearen jarrerari buruzkoa; irakaskuntzako hainbat esku-liburu eta curriculumetan azaldu arren, gogoratu beharrekoa:

 

Ø      EUSKARA lan-hizkuntza langile guztientzat.

Ø      Eta irakasleak, GIZA-EREDU izateaz gain, HIZKUNTZA-EREDU izan behar dugula.

 

 

ESKOLA NORMALKUNTZAREN BULTZAGARRI

 

Eginkizun anitz daramazkio gizarteak eskolari; guztiak aurrera ateratzen izaten dira komeriak, baina eskolak ez daitezela euskararen “santutegi” edo ghetto bilakatu, baldin eta, gizartean ere -lan-mundua tarteko-  euskara normalizatu nahi bada, behintzat. “Euskara, jalgi hadi eskolatik kalera...”