Euskara Lanbide Heziketan
Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bitartean, gure haur eta gazteak euskaldundu behar eta euskaldundu nahi ditugu. Horretarako baditugu eredu desberdinak, A, B eta D eredu ezagunak eta eredu bakoitzaz egin dezakegu geure hausnarketa. Zer gertatzen da, ordea, ikasketa maila horiek amaitu ostean? Zer gertatzen da Batxilergoan eta Heziketa Zikloetan, nahiz Lanbide Hastapeneko Ikastaroetan? Soilik A edo D ereduak ditugu eta inguruaren eta egoeraren arabera, aukera oso kaskarra da, are gehiago, aurrez egindako lana pikutara bidal dezakeelako. Eta honen aurrean, ikastetxe bateko eragile desberdinen arteko premiek, beharrek, eta interes desberdinek gatazkak sor ditzakete eta sortzen dira. Ikastetxe bakoitzak bere erantzunak ematen dizkio, ahal duen ondoen eta ahalik eta erantzunik onena, ziurrenera, baina guztien nahiak asetzen ez dituena.
Nola bateratu ikaslearen hizkuntza eskubidea, langilearen laneko eskubidearekin? Nola bateratu ikasle kopuru doiak hizkuntzagatik, bakar bat ere galtzeko aukerarik ezarekin? Nola bateratu profesionaltasuna, hots, teknologia ezagutzak, ezagutza horietatik at uzten duten hizkuntzarekin? Nola bateratu informazioa banatzeko tresnatzat ikastean eta irakastean hizkuntza bat erabili behar eta erabiltzen dutenen joera, orain datorren beste hizkuntza baten erabilerarekin? Ez da lan erraza eta Zuzendaritzak gaia kudeatzen hartu behar duen lana ere ez.
HIZKUNTZA NORMALKUNTZA DELA ETA
La Salle-Berrozpenaspaldi eutsi zitzaion gai honi. Kontuan hartuta ikastetxea kokatzen deneko herriaren egoera zein den euskararen ezagutzari eta erabilerari dagokionez (Andoainen euskara ezagutzen omen du % 48k eta erabili % 23k edo), eta kontuan hartuta gure ikastetxera seme-alabak bidaltzen dituzten familien profila zein den (gure ikastetxeko familietatik % 56k gaztelera hutsez egiten dute etxean, % 21ek euskaraz eta %23k bietara), bide luzea egin dugu: B eta D ereduak ezartzea orduko HHn eta OHOn; baita ondorengo REMeko ikasmailetan ere; euskarako mintegi berezitua izan zen ondoren, ikastetxearen izaera definitzen zuen zutabeetako bat; udako “euskaltegi” edo kanpaldiak geroago, Gaztelun egiten zena hasieran eta orain Kanpezun egiten jarraitzen duguna; denbora horretan guztian, irakasleak formatu eta euskarako titulazioa lortu behar izan dute. Eta derrigorrezko hezkuntzan ikasleak euskalduntzen ez genuela lortzen-eta, 1997/1998 ikasturtean, gogoeta sakon baten ondoren HHtik hasita D eredu soila eskaintzea erabaki genuen.
Bitartean Derrigorrezko Hezkuntzaren ondorengo ikasmailetan ezer gutxi egin ahal izan dugu: garai bateko Lanbide Heziketan euskara ikasgai gisa baino ez genuen eman; berrikuntzekin hori ere ez zaigu geratu. Zailtasunak genituen irakasleak euskara ikastera joan zitezen baldintza onik lortzen, nahiz eta kopuru handia izan euskalduna: batetik, ikastetxearentzat esfortzu ekonomiko polita zelako maila hauetan irakasleak liberatzea, eta, bestetik, ikastetxearen izen ona eta lan egiteko modu egokia ezin direlako nolanahi galdu, maila gatazkatsuetan eta zailetan irakasle “berriak” jarriz, bertan dauden eta ondo moldatzen direnak euskara ikastera joan daitezen.
Honi guztiari erantsi behar zaio ez dela argitaletxerik arduratu Lanbide Heziketako materiala euskaraz prestatzen, eta jada euskaraz teknikoki trebatua ez dagoen irakasleari bere materiala berak prestatu beharraren gainkarga erantsi behar zaiola, bera deseroso edo oso deseroso sentitzen den hizkuntzan.
Ahaleginak ahalegin, kanpoko giroak asko baldintzatzen du ikastetxeko giroa eta ikastetxera datozenen jarrerak ere bai. Beraz, gizarteko gorabehera politikoek eta, maila horretan, euskara eta euskararen inguruan esan-egiten direnek badute eragina gure ikasgeletan.Batean, halako guraso kexu dela haurra/gaztea euskaraz egin dezan gogor hartzen delako; bestean, maila batetik aurrera ikasleek beraiek ere hizkuntzaren aurkako jarrera har dezaketena; gaztearen jatorria edozein delarik ere, maila batzuetatik aurrera euskaraz ez egiteko joera eta horren aurrean hartu beharreko jokabideen inguruko eztabaidak; irakasle guztion sentiberatasun eta inplikazio maila ez dela bera; irakasle batzuei euskaraz irakasteko lortu beharreko tituluak sorrarazitako presioa; beste batzuetan, titulua lortuagatik ikastaldearen aurrean sentitzen duten lotsa, ezina, etab.
Eta euskara ikastetxeko edozein esparrutan erabiltzen den eta erabili ahal den hizkuntza izan dadin lortu nahi dugu.
ZAILTASUNAK
Lehen-lehenik eta ia beti lehen arrazoi / aitzakiatzat jartzen dena, ekonomikoa da. Lehen esan bezala, ez ditugu beti aukera onak izan irakasleak euskalduntzeko. Eta zenbakiak oso doi dabiltzan organizazio batean, arrazoi garrantzitsu bilaka daiteke.
Lanbide Heziketan ordezkapenak ez dira hain erraz antolatzen, lan egiteko eredu serio bati jarraituz gero; ez espezialitate guztietan, behintzat. Eta zailtasun horri aldi berean bestelako egoerak erantsiz gero (jubilazioak, esaterako), mintegi edo ziklo zehatz bateko kideak berez berritu beharra dakarrena, nola bideratu beste kide batzuen euskalduntzea?
Nola animatu 45 urtetik gorako irakasle bat euskara ikastera, jada denboraldi bat euskara ikasteari eman diona eta aurrerakuntza txikia ikusi duena? Eta izan daiteke hori berori ikastetxeko Lanbide Heziketa aurrera ateratzeko, tailerrak prestatzen eta abar lan eskerga egin duen irakaslea, eta zer egin behar da berarekin?
Gurea bezalako ikastetxe txiki batean (Lanbide Heziketari dagokionez, txikia), nola lortu ikasle euskaldun eta ez hain euskaldunen beharrak asetzea? Nola lortu guztiak gustura egotea hizkuntza beharrei dagokienez? Izan ere, Administrazioak markatzen dituzten ereduek ez baitituzte gure arazoak konpontzen eta, ziurrenera, gure ikasleenak ere ez: nola lortu gure ikasleek bi hizkuntzak menperatzea behar bezala, A eta D eredu soilez? Nola eragin lan munduan euskara ere sar dadin A ereduaz? Nola eskertzen eta sustatzen dugu Derrigorrezko Heziketa guztia euskaldundu nahian B edota D ereduan aritu den euskaldun berriaren esfortzua?
Nola animatu gure ikasleak euskaraz ere ikas dezaten, baldin eta gero lan-munduan ez badu eraginik izango ezaguera horrek (zerbitzu alorrean izan ezik)?
Nola animatu irakasle euskaldunak euskal produktuak kontsumi ditzaten eta euskara idatzia eta ikasira hurbil daitezen? Izan ere, askok eta askok beraien ikasketa prozesua gaztelera hutsean egin zuten eta geroztik maila formal hori gazteleraz osatzen dute, beste aukerarik ezagutu ez dutelako.
Nola animatu irakasle euskalduna euskaraz ikasgaia eman dezan, eskura inolako materialik eman ezin zaionean eta ikasgaia euskaraz emateak gazteleraz emateak baino lan handiagoa suposatzen duenean? Zer eskain diezaiokegu horren truke?
Nola eragin gaur egun, gero eta betebehar gehiago dituen Lanbide Heziketako irakasleen artean euskaraz irakasten anima daitezen, edozein betebehar berrik euskaraz eskolak emateak baino errekonozimendu handiagoa baldin badu?
GURE ESPERIENTZIA
Ikastetxe txikia gara Lanbide Heziketako mailari dagokionez eta aurrez esanda bezala, ez A ereduak, ez D ereduak ez digu arazoa konpontzen laguntzen. Gure ustez, normalkuntza ikasle guztiak bi hizkuntzak edozein egoeratan erabiltzeko gai izatea da eta inguruaren arabera hori ez da eredu horiekin bideratzen. Beraz, eta ikasgela bakarra dugunez ziklo bakoitzean, ofizialki errekonozitua ez dagoen B ereduaz konpontzen dugu arazoa. Eta zikloetan modulu bat, gutxienez, euskaraz ematen dugu. Aurten bertan ziklo bakoitzeko irakasleek hurrengo lau urteetarako plangintza egin behar du, urtez urte modulu bakar batean gera ez dadin gure lana eta, une honetan eskura dugun materiala aztertuta, nondik nora joango garen definitu behar dugu.
Honek materialaren arazoa dakarkigu: euskaraz ematea ez da soilik irakaslearen azalpenak ia beti euskaraz izatea, baizik eta azalpenak euskaraz direla eta ikasmateriala ere bai. Honenbestez, euskaraz ikasmaterial gehien duten moduluak hasi gara euskaraz ematen; eta horiek zehar-lerroak izan ohi dira. Ikasmaterialaren maila, egokitasuna, gaurkotasuna … kontuan hartzen baditugu, hutsaren hurrengoa izango da gaztelerarekiko dagoen materialarekin baina. Oraindik ere argitaletxeek ez bide dute ikusten aurrerabiderik honelako testu liburuekin! Zer egin zehar-lerro ez diren beste moduluetako materialak bilatzeko!
Dena dela, azken urte hauetan eta, bereziki modulurik hedatuenetan, material pila sortzen ari da euskaraz: IRALEko R-400 ikastaroak direla; Hetel-en eta Ikaslan-en elkarlanaren ondorioz ere Lanbide Ekimena deritzon egitasmoa ere hor dugu, irakasleek jada bazituzten edota prestatu dituzten materialak txukundu, euskaratu eta argitaratu edota zabaltzen lan handia egiten ari dena; hainbat eskualdetan, Buruntzaldean esaterako, udalen laguntza ere jasotzen ari gara ikasmaterialak euskaratzeko. Egoera hobetzen ari da esparru honi dagokionez, eta irakasleek gero eta arrazoi / aitzakia gutxiago dituzte, ikasgaia edo modulua euskaraz eman behar dutela saihesteko.
Irakasleak prest ote daude euskaraz irakasteko? Lehen aipatu bezala, zenbait irakasleri une txarrean etorri zaio euskara ikasteko premia: nahi eta ezina oso deserosoa da; are gehiago bere lan bizitzaren erdia Lanbide Heziketaren (ez da ahaztu behar, egun goraipamen asko jasotzen badu ere, duela oso urte gutxi arte, bigarren mailako ikasketatzat hartzen zirela eta ez zutela errekonozimendu handirik gizartean) eta bere ikastetxearen alde eman eta orain bere lanpostua kolokan ikusten duen norbaitentzat.
Zer esan euskaldunak izan bai baina beraien ikasketa prozesu guztia gazteleraz egin dutenez? Formazio eta prestakuntza premia ez da txikia, baina aukerak ere ez dira ugari: IRALEko R-400 horiek izan litezke hurbilenekoak, hizkuntza teknikoa eta bakoitzak bere esparruari dagokiona lan dezakeelako. Eta zer dugu hortik aurrera? Egun IRALEn eskaintzen diren H ikastaroen artean honelako neurriko ikastaroak, baina espezialitate bakoitzeko 10 irakasle biltzea ez da erraza. Lanbide Heziketako Sare Integraleko kide izateko baldintzak ere gogorrak dira eta irakasleek beste egin behar batzuk izaten dituzte, euskara ikasteak baino errekonozimendu handiagoa dutenak. Gainera, hasieran esanda bezala, hainbat ziklotan ordezkapena bilatzea ez da batere lan samurra. Hortik aurrera, eta irakasle batek behar dituen berrikuntza eta eguneratze ikastaroak aztertuz gero, gaztelerak jarraitzen du hizkuntza nagusi izaten.
Eta ikasleak prest ote daude euskaraz ikasteko? Izan ere, B eta D ereduetatik datozen ikasleak elkartzen ditugunean, gure ingurunean, behintzat, euskararen ezagutza eta erabilera maila desberdina duten ikasleek egiten dute topo gelan. Nola kudeatu behar ditu irakasleak horien beharrak eta beraien ikasketa prozesuan sortuko diren zailtasunak? Nola erakutsi bi hizkuntzak menperatu behar dituztela baldin eta lanean ere eskatuko ez bazaizkio? Eta ziurrenera, bera mugitzen den giroan, gizarte mailan ere eskatuko ez bazaio! Nola kudeatu uharte batean zaudeneko egoera?
Honi guztiari erantsi, egun, demografi jaitsiera dela eta, ikasle guztiak nahi ditugula eta ezin dugula bakar bat ere galdu ikastetxeak aurrera egin dezan eta irakasleen lanpostuek ere iraun dezaten. Nola animatu B ereduko ikasleak euskaraz ikas ditzaten hainbat modulu?
Bada, Zuzendaritza Taldearen lana Euskarako Normalkuntza Batzordearen lana sustatzea eta animatzea da: batzordekideak zaintzea; irakasleak animatzea eta euskaraz edota euskararen inguruko hobekuntzaren bat egiten dutenean saritzea. Eta hori guztia eredugarri izanez eta gaia bide onetik eramanez eta, guztiaren gainetik, giro onean eta konfrontazioak saihestuz. Ez da, ez, erronka makala! Baina gogotsu eusten diogu, eta denbora luzez iraun dezala gogoak!



