Lanbide Heziketa Nafarroan eta Elizondoko Lanbide Eskolan

Joxe Urroz
Aipamenak
Nafarroako Gobernuaren babesean dauden ikastetxeetan euskaraz eskaintzen diren euskarazko zikloak urriak dira. Berako Toki-Ona Institutuan eta Iruñeako Donapea Institutuan bina ziklo daude. Lekarotz-Elizondoko Institutuan sei ziklo ditugu, bi hastapeneko heziketa ziklo (soldadura eta administraritza), hiru erdi ziklo (administrazioa, jarduera fisikoak, eta fabrikazio mekanikoa) eta goi ziklo bat (administrazioa eta finantzak).

Bestalde, aipatu beharrekoa da, hemen gehienetan gertatzen den moduan, materialak, liburuak, programak, txostenak, eta abar erdaraz erosi eta poliki-poliki euskaratzen saiatzen garela. Horretarako nahi eta nahiez laguntza berezia behar izaten dugu: espezialitateko irakasleak gaiak ongi egokitu eta programatu ondoren itzultzaile batek euskaratzen ditu.

 

LANBIDE HEZIKETAREN EGOERA NAFARROAN

 

Lanbide Heziketaren egoera Nafarroan ona dela esan dezakegu. Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko aukerei buruz hitz egiten badugu, aldiz, egoera ez da horren baikorra.

 

Duela 50 urte, Nafarroako Diputazioak zenbait Lanbide Eskola eraiki zituen (Tuteran, Leitzan, Tafallan, Elizondon, Lizarran, Beran, Peraltan, Irunberrin,...). Hauei Estatu Espainiarreko Gobernuak eraikitakoak gehitu zitzaizkien (Beriain, Altsasu, Txantrea,...). Ezin ahantzi dugu, ordurako, ikastetxe pribatu moduan, Iruñean “Salesianoak” aspalditik zeudela.

 

Hasieran “Ofizialia eta Maestria” irakasten zen. Gero, 1970eko hezkuntza aldaketaren ondoren, FP-I eta FP-II izeneko tituluak lortzen ziren. Gaur egun, azken erreformaren ondoren, Lanbide Hezkuntza zikloetan banatzen dugu: Hastapeneko-Zikloa, Erdi-Zikloa, eta Goi-Zikloa.

 

Momentu honetan euskaraz ikasteko aukerei buruz hitz egiten badugu, leku gutxitan lantzen dela erran dezakegu.

 

Nafarroako Gobernuaren babesean dauden ikastetxeetan euskaraz eskaintzen diren euskarazko zikloak urriak dira. Berako Toki-Ona Institutuan eta Iruñeako Donapea Institutuan bina ziklo daude. Lekarotz-Elizondoko Institutuan sei ziklo ditugu, bi hastapeneko heziketa ziklo (soldadura eta administraritza), hiru erdi ziklo (administrazioa, jarduera fisikoak, eta fabrikazio mekanikoa) eta goi ziklo bat (administrazioa eta finantzak).

 

Beste zenbait zentrotan ere, irakasleen borondatez, ikasgai batzuk euskaraz ikas daitezke. Zoritxarrez, ikasle euskaldun pilo batek bere hizkuntza uzten du eta erdarara pasatzen da, zikloak euskaraz eskaintzen ez direlako.

 

 

 

ELIZONDOKO “LANBIDE ESKOLAREN” EGOERA

 

Gure ikastetxearen esperientzia oso sinplea da. 1966an hasi zen, orain dela hogeita hamazortzi urte; orduan ikasleen % 90 euskalduna bazen ere, eskola erdara hutsean ematen zen, eta euskalduntze prozesua arras pausatua izan da ordutik hona.

 

Lehenengo urratsa, 1975ean, ikasleen arteko harremanak euskaraz egitea izan zen, ikasleekin hizkuntza normala erabiliz, hain zuzen.

 

Bigarren urratsa 1980an egin genuen. Ikasleek euskara landu zezaten saiatu ginen; hauek Hizkuntza Eskolako azterketarako prestatzen genituen eta irakasle berriak euskaldunak izatea lortzen saiatu ginen.

 

Hirugarren urratsa, 1984an, liburuak erdaraz bazeuden ere, txostenak eta azalpenak elebidunak egitea izan zen. Irakasle bakoitza bere arloetaz arduratu zen (marrazketa, teknologia, segurtasuna eta higienea, etab.).

 

Laugarren urratsa, 1987an, ikastolatik eta euskal adarretik zetozen ikasleei euskarazko lanbide heziketa eskaintzea izan zen. Horretarako A eta D eredutik zetozen ikasleak talde txikietan elkartzen genituen, hauen irakasleak nahi eta nahiez elebidunak izanik.

 

1989an, Lanbide Eskolan Ertainetako Irakaskuntzaren Erreforma deritzona bi modutan eskaini genuen; ikasketa guztiak euskaraz eta erdaraz izan ziren. Irakasleek, gazteak eta gogotsuak, ikasleak ongi prestatu zituzten. Proiektuen garapenean oinarritzen zen metodologiak harrera ona izan zuen.

 

Guzti honen ondorioa ikasgelen antolaketan ikus dezakegu. 1989tik aurrera ikasleak A+D ereduan matrikulatzen jarraitzen dugu, % 98 euskalduna bada ere. Nahi duenari gaiak erdaraz azaltzen zaizkio.

 

Gaur egun goi zikloko eta erdi zikloko ikasle guztiak euskaldunak ditugu, baten bat jatorriz portugesa bada ere. Hastapen zikloan, Portugaleko eta Ukraniako ikasleak ere baditugu. Hauei erdaraz zuzentzen gatzaizkie.

 

Irakasleei dagokionez guztiak euskaldunak gara, baina bik ez dute euskara ongi menperatzen. Hauen klase praktikoetan bertze irakasle bat gehiago egoten da. Irakasgai hauek, beraz, elebidunak dira.

 

 

Gaur egun ditugun beharrak:

 

Eskolako materialaz nahiko ongi gaudela erranen dut; Tailerrak (makina erremintak Z.K. eta Soldadura), laborategiak (Metrologia, entsaioetarakoa, eta automatismokoa). Ordenadore-salak ongi antolatuak eta programa egokia bertan dutela.

 

Duela hiru urte “Enpresa Simulatu” bat ezarri genuen Administraritza Ziklokoek modu praktiko batean gara zezaten. Egiazko enpresa batek dituen gertaera guztiak kontrolatu behar zituzten: sarrerak, telefonoa, kontabilitatea, biltegiak, salerosketak, beste enpresa simulatuekin harremanak (Madrileko, Sevillako eta kanpoko enpresa gehiagorekin harremanak izan zituzten), ... Oso balorapen positiboa egin dugu hiru urte hauetan gertatutakoa dela-eta. Ikasleek asko ikasten dute eta gogotsu lan egiten dute.

 

Bestalde, aipatu beharrekoa da, hemen gehienetan gertatzen den moduan, materialak, liburuak, programak, txostenak, eta abar erdaraz erosi eta poliki-poliki euskaratzen saiatzen garela. Horretarako nahi eta nahiez laguntza berezia behar izaten dugu: espezialitateko irakasleak gaiak ongi egokitu eta programatu ondoren itzultzaile batek euskaratzen ditu.

 

 

Nabari ditugun hutsuneak:

 

Lehenago ere aipatu dugun bezala, administrazioko paperak gaztelaniaz heltzen zaizkigu. Hauek euskaldundu behar izaten ditugu, dokumentuak elebietan idatzi eta errespetu guztiz, erantzunak modu berean (elebietan) izan ditzagun exigitzen ditugu.

 

Zikloetako “moduluak” euskaratzen lan handia izaten dugu, hiztegi bateratua erabiltzea komenigarri zaigulako. Lan Unitateen itzulpenak zuzentzen eta berridazten ditugu, eta gero irakasle bakoitzak Unitate Didaktiko pertsonalak prestatzen ditu.

 

 

Lanbide Eskolako Plangintza:

 

Ikastetxe baten antolamendua egiterakoan, Lanbide Heziketaren kalitatea hizkuntza normalkuntzaren ikuspegitik, bi zutabetan oinarritzen gara:

 

Lehenengoa, irakasle elebidunak ikastetxean edukitzea da. Horrela, hizkuntzaren aldetik eskaintza zabala eta oparoagoa izan daiteke.

 

Bigarrena, material egokia euskaraz jasotzea da. Alor honetan, lan asko dago oraindik egiteke.

 

Hau guztiaren ondorioz, erran dezakegu, Lanbide Heziketa Nafarroan, Euskararen ikuspuntutik egoera txarrean dagoela.

 

Testuinguru hau ongi ulertzeko, beharrezkoa zait Nafarroako “Vascuence-aren Legea” laburki azaltzea. Honen arabera, Nafarroa hiru zatitan banatzen da: Iparraldean, D eredua bermatua dago. Erdialdean, berriz, hizkuntza eskubideak eskaeraren arabera mugatuak daude (beti trabak aurkitzen ditugularik). Azkenik, Hegoaldean, irakaskuntza pribatuan (Ikastolak) ez bada, Nafarroako Gobernutik ez da Euskal Adarrik eskaintzen.

 

Horrela, eta Lanbide Heziketan eredurik ez dagoela ikusita, ulertzekoa da euskarak bizi duen egoera txarra Nafarroan.