Euskararen erabileran nondik eragin? Zenbait gogoeta.

Pablo Suberbiola
Aipamenak

Hasteko eta behin, erabileraz ari garenean, eta bereziki hizkuntza politika, plangintza eta interbentzio gaietan, lagungarria da bi erabilera mota bereiztea, pertsonen artekoa bata eta erakunde bidezkoa bestea. Pertsonen artekoa arautu gabekoa izango litzateke, erabilera "askea" nolabait. Bigarrena, berriz, gizarte bateko erakundeen (batez ere publikoen) artean edota erakundeen eta herritarren artean gertatzen den erabilera litzateke.

Aipaturiko hiru planoek eragiten dute, aldi berean, euskararen erabileran, eta beraz, plano bakoitzean sortzen diren zailtasunak edo ematen diren atzera pausoak izango dira euskararen erabilerarako traba. Era berean, plano bakoitzean egiten diren hobekuntzek erraztu egingo dute euskara erabiltzea, bere aldeko neurri izango dira. Eredu argia eta egokia da, gure ustez, ditugun gabeziak eta abian jartzen ditugun egitasmoak kokatzeko.

53pablo4

Datuak lurraldeka aztertzen baditugu desberdintasun nabarmenak daude, eta baita adin-taldeka aztertzen baditugu ere. Esaterako, haurren eta gazteen artean erabilerak goranzko joera garbia du Bizkaian eta Gipuzkoan azken urteotan.

Baina, datu orokorretan, erabileraren bilakaera % 10,8tik % 13,5era aldatu da Euskal Herrian azken hamabi urteotan, eta hazkundea gutxitu egin da azken lau urteotan.

Ikus ditzagun orain datu aitortuak, inkesta bidez jasoak.

53pablo5
53pablo6

Kasu honetan, aitortutako datuak nahiko bat datoz behatutakoekin, erabilerari dagokionez: hamar urtetan bi puntu igo da nagusiki euskaraz aritzen direnen ehunekoa Euskal Herrian. Zazpi puntu igo dena, berriz (bikoiztu), euskaraz "batzuetan" egiten dutenena da.

Esan bezala, bilakaera hauek orokorrak dira, Euskal Herri osokoak. Gazteenen artean, Gipuzkoan eta Bizkaian erabilera kopuruak altuagoak dira eta bilakaera nabarmenagoa. Iparraldean, berriz, bilakaerak joera negatibo argia du, eta Nafarroan eta Araban aldaketa handirik ez da nabari.

  • EZAGUTZAN AURRERA, ERABILERAN...?
  • Era batera edo bestera euskararen aldeko lanetan dihardugunon artean, azken urteotan gero eta hedatuago dago "erabileraren inguruko kezka". Horra, adibidez, M. Zalbideren hitzetan:

    "Oraintxe iritsi gara muinera, hainbat amets pizten eta hainbat buruko min eragiten ditugun lekura. Hau eta hori eta bestea esango dugu, baina gure eskoletako (edo eskolatik pasatako) gazteek euskaraz egite horretan ez dugu aurrerapen handirik ikusten. Euskal eskolatik pasa diren edo hortxe ari diren gazteek ez dute, urrundik ere, orain mende-laurden espero genezakeen aurrerapenik egin, euskaraz jarduteari dagokionez."

    Adibidea hezkuntzakoa da, baina "esportatzeko" modukoa, ezta? Gaur gauden tokitik hasita, Jardunaldi honen abiapuntua hori da neurri handi batean, eta antzerako kezkak ditu hainbat jendek administrazioaren euskalduntzearen inguruan, enpresen erabilera planetan, haur eta gazteen aisialdian... Beste era batera esanda: euskararen erabilera bultzatzea edo eragitea bere plangintzetan aurreikusi duen euskalgintzako zein sektorek ez du gaur egun kezka hau?

    Eta kezka "esportatzen" hasita, ez bakarrik euskalgintzako beste arlo batera soilik. Beste hizkuntz komunitate askok eta askok dute kezka bera. Katalanek, esaterako: orain gutxi Behatokiak antolatutako Sinposiora etorritako C. Forcadell-en hitzetan:

    "Kataluniako hizkuntz eredua hasi genuenean ez zegoen ikerketarik, uste genuen ezagutzak erabilera ekarriko zuela pixkanaka-pixkanaka. Katalunian herritarren % 98k dakite katalana, baina askok ez dute erabiltzen, ezagutzak ez du modu naturalean erabilera ekarri. Orain erabilera landu behar dugu, ezagutza bermatua baitugu."

    Bereizketa erraz bat egitearren, esan daiteke "euskalduntze planen" kasuan (langileak elebidundu, dokumentazioa edo errotulazioa euskaratu, motibazioa landu...), erabilerara ezin iritsiaren kezka hau "urrun" geratzen dela oraindik.

  • BI GABEZIA ETA LAN ILDO NAGUSI:
  • Gaia oso orokorra dela eta tartean mila aldagaik eragiten duela jakinda ere, euskararen normalizazioa prozesu orokor bat bezala hartuta, ondorengo bi kontuok dira gure iritziz datozen urteetan bereziki ikertu eta landu beharrekoak erabileran aurreratu ahal izateko:

      • BAT: Zein bide ditugu eta zeintzuk sor ditzakegu "nahiko ongi" hitz egin eta ulertzera iritsi diren hiztunak "oso ongi" hitz egitera hel daitezen?

      • BI: Euskarazko ezagutza nahikoa baina gaztelerazko ohitura dagoen egoeretan nola eman edo nola erraztu hizkuntz aldaketa?

    Zergatik?

      • BAT:

    Haur eta gazteekin azken hamarkadetan egin den lan ikaragarritik ondoriozta daiteke, besteak beste:

        1. Etxetik euskara jaso duten haurren kasuan euskarazko irakaskuntzak (batik bat D ereduak) modu egokian osatzen duela etxeko oinarria, erabilerarako erraztasuna eta konfidantza duten hiztunak sortuz. Hauen arteko % oso altu batek "erabilerarako" baldintza egokiak ditu. Euskara tresna "erabilgarria" zaie, eta beraz, gehien-gehienek "maite" dute, "naturalki" ateratzen zaie, funtzionatzen die. Hala, bere eskolako edo aisialdiko lagunen harreman sarean horretarako aukera dutenen kasuan (bere "tipologiako" hiztunak nagusi badira bere harremanetan), haur eta gazte hauen joera nagusia gaur egun euskaraz egitea dela esan daiteke (% altu batean, behintzat).
        2. Etxetik euskara jaso ez duten haur eta gazteen kasuan (gehiengoa EAEn, eta zer esanik ez Iparraldean eta Nafarroan), D ereduko irakaskuntza jasota (B ereduan askoz gutxiago), ikasle gehien-gehienak iristen dira euskara "nahiko ongi" ulertzera eta hitz egitera. Hau bere horretan lorpen handia da. Orain, nola iristen dira? Adierazkortasun (oso) mugatuarekin, nahi baino naturaltasun gutxiagorekin, hizkera "bizi"rik gabe...; eta aldiz, gaztelania "oso ongi" hitz egiten dute.

    Demagun orain, "b" hiztun hauetako bat edo bi daudela "a" tipologiako sei-zortzi lagunekin batera lagun-talde berean, jolasgaraian, edo eskolako futbol-taldean: elkarrekin orduak igaro eta bizipenak partekatu ahala, "nahiko ongi" hitz egiten duten haur edo gazte horiek aukera izango dute euskara "oso ongi" ulertzera eta hitz egitera iristeko: nondik jasoa (eredua) izango dute, non praktikatua, erraztasuna eta adierazkortasuna hartzen joango dira eta denborarekin "oso ongi" hitz egingo dute ("tresna" gero eta erabilgarriago egingo zaie, "joko" gehiago emango die, gehiago eta zehatzago adieraziko dute...). Kasurik gehienetan, prozesu honetan "euskararekiko" beraien sentipenak eta "errepresentazioak" ere aldatzen joango dira, eta gehienek euskara gehiago "maite"ko dute, ziurrenik.

    Ongi. Baina, gaur egun "b" tipologiako zenbat haur eta gaztek du aipaturiko aukera hori? (euskaltzale baten ikuspegitik "zorte" hori?!) Gutxiengoak, seguruenik. 1999an Etorkizuna Aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara ikerketa lan zabala egin zen. Bertako ondorioetan, hiztun komunitatean gailentzen diren euskararen indarguneen, ahulezien, aukeren, eta mehatxuen laburpenean, ondorengo ideia hauek nabarmentzen dira ahulezien atalean:

      • "Gaztetxo euskaldun askok familia eta kale ingurune erdaldunak dituzte nagusiki, zonalde euskaldun petokoek salbu."
      • "Gaztetxo euskaldunen heren batek ez du inongo harreman-sare euskaldunik eguneroko harremanetan"
      • "Eguneroko harreman-sare euskaldunak soilik dituzten gazteak oso gutxi dira".

    Ez hori bakarrik, joera hau nagusi den taldeetan dabiltzan "a" tipologiako hiztunek gaztelaniarako joera garatuko dute, euskaraz erraztasun gehiago garatu gabe, eta batzuetan beren euskara "kaskartuz".

    Egungo haur eta gazte euskaldun asko eta askoren kasua da hau. Eta, horren harira, erabileran hobetzeko BAT puntuan egindako galderari erantzungo dioten bide eta estrategia praktikoak behar dira, tokian tokiko baliabideekin eta aukerekin. Galdera, oro har: "zein bide ditugu eta zeintzuk sor ditzakegu "nahiko ongi" hitz egitera eta ulertzera iritsi diren hiztunak "oso ongi" hitz egitera hel daitezen?"

      • BI:

    Bigarren kontu hau hizkuntz ohitura aldaketaren ingurukoa da. Badira hainbat euskaldun, mila arrazoirengatik, euren artean gaztelaniaz aritzeko "ohitura" dutenak: arrazoi pertsonalak (gaitasuna, erraztasun erlatiboa, jarrera...), harremana sortu zeneko testuingurua, kideen artean nagusi den ohitura...

    Euskaldun talde batek beren arteko harreman hizkuntza gisa gaztelania badu, eta ohitura hori finkatua badago, ohitura hau ez du, besterik gabe, denboraren joanak bakarrik aldatuko; gaitasunaz gain (aipagai dugun kasuan hori badago), aldaketaren bat beharko da, probokazio bat, elementu "deskolokatzaile" bat. Ordurarteko "araua" aldaraziko duen edo aldatzen lagunduko duen zerbait.

    Demagun sail batean lan egiten duten bost langile ditugula. Horietariko hiru euskaldun zaharrak, eta beste bi nahiko jarrera onekoak baina euskara gutxi dakitenak. Gaitasun gutxi duen horietako bat saileko burua delako, edo beste edozein arrazoirengatik, saileko harremana eta lan hizkuntza gaztelania izan da eta da; ohitura aspaldi finkatua dago. Euskalduntze plan bat jarri dugu martxan lantegi horretan eta sailean urratsak ematen hasi dira. Euskara eskolak jasota, azken bi lagunek gaitasunean aurrera egiten dute: euskara "nahiko ongi" hitz egiteraino iritsi dira denborarekin. Egoera honetara iritsita, teknikariaren edo planifikatzailearen ikuspegitik landu beharrekoa da nola "erraztu", nola "probokatu" dezakegun kode aldaketa, langile horiek "nahi duten" baina, berez utzita, "eragin gabe", jolasen bat edo aitzakiaren bat asmatu gabe, kasurik gehienetan gertatuko EZ den aldaketa hori, ohitura aldaketa hori.

    Gaur egun espresuki landu behar litzatekeen gaia da, gure ustez, erabileran aurrera egingo badugu. Haur eta gazteen aisialdiaren esparruan, esaterako, Kuadrillategi egitasmoak ikerketa eta jarduera praktiko aldetik esperientzia oso interesgarria garatu du azken urteotan zenbait herritan, eta lan horri esker, orain badituzte bai datuak eta bai esperientzia esateko zein kasutan eman izan den aldaketa hori eta zeintzuetan ez. Fenomenoari buruzko lanketa teorikoa ere egin dute.

    Horretara zetorren, bada, puntuaren izenburua: "Euskarazko ezagutza nahikoa baina gaztelerazko ohitura dagoen egoeretan nola eman edo nola erraztu hizkuntz aldaketa?"

    1. ZENBAIT DATU ETA GOGOETA:

    Gorago aipaturiko bi gabezia orokor hauei, tokian tokiko egitasmoen bidez eman dakizkieke erantzunak, eta bide horretan beharrezkoa izango da, orain artekoez gain, estrategia berriak sortzea, arazoak edo zailtasunak ere berriak izango diren neurrian.

    Horren harira, eta gorago aipatutako ideien osagarri, ondorengo lerroetan erabileran eragiteko interesgarriak izan daitezkeen zenbait datu eta gogoeta bildu ditugu:

  • "Nahiko ongi"tik "oso ongi"rako aldea
  • 2002. urtean P. Jauregik "Euskara eta gazteak Lasarte-Orian (II)" ikerketa burutu zuen, hamar urte lehenago J.M. Iraolak eginiko lehenengoari jarraipena emanaz, eta horrela egiteak aukera eman du 10 urteko bilakaera aztertzeko.

    Aurtengo ikerketaren emaitzetatik, hona hemen zenbait datu, gorago aipaturiko gabezia horien inguruan. Euskaraz "nahiko ongi" mintzatzetik "oso ongi" mintzatzera dagoen aldea ikus daiteke ondorengo taulan:

    Lagun euskaldunekin euskaraz egiten du beti edo gehienetan

    Euskara du hizkuntza kuttun bakarra edo kuttunena

    Euskaraz oso ongi mintzatzen direnak

    69.1

    70.9

    Euskaraz nahiko ongi mintzatzen direnak

    21.5

    25.5

    P. Jauregi: Euskara eta gazteak Lasarte-Orian (II)

    Gaitasun "oso ona" lortzeko oinarririk sendoena euskara etxean jasotzea izaten da. Azpiko taulan ere garbi ikusten da oinarri horren pisua, eta baita eskolak gaitasun hau osatzeko duen garrantzia ere. Azkenik, gorago aipaturiko "a" eta "b" tipologiei dagokionez, ikusten da nola euskara eskola bidez soilik jaso duten gazteen artean ere, heren bat edo iristen den gaitasun "oso ona" izatera. Erabilerari begira, "oso ongi" ezagutzeak duen garrantzia ere bistakoa da.

    Gizarteratze eremuaren, gaitasunaren, eta erabileraren arteko kateamendua

    Gizarteratze eremu batean hazitakoak

    Euskarazko gaitasun oso ona

    Euskara erabili ohi du

    Ama eta eskola

    100

    97.0

    76.4

    Ama soilik

    100

    50.0

    25.0

    Eskola soilik

    100

    30.0

    20.0

    Ez bata ez bestea taxuz

    100

    7.1

    2.4

    Etxean euskara modu informal batean jaso ez duten gazteek euskara erabili ahal izateko hura osatzeko duten beharraz horrela dio Jauregik "Gertatzen ari denari eta gerta daitekeenari buruzko hausnarketa" atalean:

    "Gure irudikoz euskarazko erabilerak ez du aurrerapen nabarmenik ezagutuko, baldin eta gizarte multzo handiek eskolaz gain ez badute euskarazko esperientzia luze eta sakonik talde informalen batean, talde hori familia izan edo sare horizontaleko talderen bat izan. Berezko talde informal horietan garatzen baitira benetan hizkuntzazko erraztasuna, atxikimendua eta ohitura.

    .../...

    Etxean halako hizkuntzazko oparirik eta elikagairik jaso ez dutenek, alegia Lasarte-Oriako gazte gehienek, zikiratua dute euskalduntze prozesua. Eskola bai izango dute euskal gune, baina ez ordea berezko sareak, ez familia, ez lagunartekoa. Horrela nekez iritsiko dira euskaldun gisa jokatzera. Hauek euskara jaso dute baina ezaugarri formalez beterik, euskararen ezaugarri informal eta biziak falta zaizkie beren prozesua osatu eta burutzeko. Elikagai hau nola eman, hortxe da eskuhartzearen gako nagusi bat."

    2002. urteko abenduan "Erabileran eragin" izeneko jardunaldiak antolatu zituen SEI Elkarteak. Gaiaren inguruko ehun bat aditu eta "aritu" bildu ziren bertan. Mahainguruetako batean, hezkuntza bidez azken urteetan lorturiko euskalduntzea hizpide zela, "bidegurutze" hau antzematen zen:

    Denboran proiekzio bat eginaz, muga hauek gainditzeko biderik sortu ezean, (oinarrizko) ezagutza hedatu arren, gerta daiteke erabileran aurrerapen oso txikiak egitea nahiz eta datuetan euskaldun kopurua gero eta handiagoa izan.

      • Hizkuntz ohitura aldatzeko zailtasunak eta aukerak:

    Eguneroko bizitzan edozein jarduera berriri ekiten diogunean, "pentsatu" egin behar izaten dugu gauzak nola egin, eta ikasten ari garen bitartean, hainbat ekintza kontzienteki egiten ditugu. Behin "baliagarria" zaigun edo "arazorik sortzen ez digun" jokaera bat ikastean eta finkatzean, ordea, jarduera hori inkontzienteki egitera pasatzen gara, automatizatzera, eta modu horretan, egunero pentsatu eta erabaki beharra aurrezten dugu. Esate baterako, autoa gidatzen ikasten ari garenean, mugimendu bakoitza "pentsatzen" dugu eta arreta eskatzen digu (bi-hiru mugimendu batera egitea izugarri kostatzen zaigu!!). Gidatu ahala, ordea, ekintzak "automatizatzen" goaz, inkontzientera pasatzen, eta horrela, gero eta "errazagoa" egiten zaigu gidatzea (denborarekin gai gara bi-hiru mugimenduok batera egiteko, eta aldi berean albokoarekin hitz egiteko!).

    Pertsona bat ezagutzen dugunean ere, harreman horretako gainerako kontuekin batera, zein hizkuntzatan hitz egingo dugun ere hautatzen dugu. Hizkuntza hautu hori oso denbora gutxian finkatzen da, eta behin finkatuta, automatikoki egiten dugu hautaketa aldiro, inkontzienteki. Hortaz, hortik aurrera, hiztunetako batek, edo kanpo faktoreren batek "adostuta" dagoen hautaketa kuestionatzen ez badu edo hautaketa horrek arazorik sortzen ez badu, inkontzienteki egiten jarraituko dugu eta, beraz, hizkuntz hautua ez da zalantzan jarriko, ez da kontziente egingo eta ez da aldatuko. Hizkuntza, gainera, pertsonen arteko "lehengaia" izaki, talde mailan adosten eta "arautzen" ditugun jokaeren artean sartzen da, eta beraz, talde batean jokaera bat aldatu nahi badugu, adostasun edo arau hori aldarazi beharko dugu, horretan eragiten duten indar guztiak kontuan hartuta (eta aldaketaren kontrako indarrak gaindituz).

    Kuadrillategi egitasmoan, hizkuntz ohituren aldaketarako aukeren eta zailtasunen inguruan lan teoriko zein praktikoa egin dute. D. Egizabalek, honela laburtzen ditu jokaera aldaketa batek eskatzen dituen baldintzak. Talde horretako kideak,

    1-Jokaera berria egiteko gogoa izan behar du.

    2-Jokaera berria erabilgarritzat jo behar du.

    3-Neurriko ahalegina eskatu behar dio.

    Jar gaitezen euskaraz jakin baina bere lagunekin gaztelaniaz aritzeko ohitura duen 15 urteko edozein gazteren larruan. Eta demagun euskararekiko jarrera, bizipen, sentipen txarrik ez duela, gustuko duela euskara, baina... Berarentzat erreferentzia den belaunaldi helduagoan integratzea helburu izanik, zenbaterainoko gogoa sentituko du euskaraz bizitzeko? Non edo norekin sortuko dizkio "arazoak" finkatua duten jokaerak (lagunekin gazteleraz bizitzeak)? Irakaslearekin? Norekin gehiago? Bistan da gazte honi "hitz egin euskaraz" askotan esan diogula urteetan zehar (alferrik), baina zenbateraino saiatu gara jokaera berrirako motiboak ematen? Ohitura berria (euskara), orain duena baino "erabilgarriago" izango zaiola pentsatzeko zenbat kasu/egoera ezagutzen ditu?

    Ligatu nahi duen neska edo mutil harekin gaztelaniaz eginda okerrago komunikatuko balitz, edota euskaraz emaitza hobeak lortuko balitu..., bere gustuko kirola euskaraz bakarrik emango balitz?... Zenbat euskarazko "arrakasta eredu" ezagutzen ditu gazte honek bere gizartean, euskaraz bizitzea desiragarri egingo diotenak? Bere gustuko zenbat gauza lortzeko da euskara gaztelania baino bide motzagoa?

      • "Naturalki" ateratzen ez zaionari nola lagundu:

    Euskaraz "dakien" (baina erabiltzeko ohiturarik, harreman sarerik... ez duen) bati, erabiltzeak gorago aipaturiko "neurriko ahalegina" eska diezaion, euskara erabiltzeko ohitura badutenek asko lagun dezakete. Beren jarrerari eta jokaerari esker ahalegin hau askoz txikiago izan daiteke.

    Hau bereziki garrantzitsua da euskara ikasten ari diren edo gaitasun hori lortua duten (baina hitz egiten ez duten) hiztunekin aritzen direnen kasuan: irakaskuntzako edo euskaltegiko irakasle, euskara teknikari, trebatzaile, normalizatzaile... baina noski, euskara erabiltzeko ohitura eta erraztasuna duen edozein euskaldun da (izan daiteke) maila honetan "trebatzaile", eta askotan ohartzen ez garen arren, gure esku dago prozesu hori erraztea.

    Zentzu horretan, erreferentzia interesgarri bat da, adibidez, begiraleei zuzenduta Lasarte-Oriako Ttakun Elkarteak 2003an argitaraturiko "Asko egin dezakete begiraleek" txostena. Haur eta gazteekin ari direnei zuzendutakoa da, baina bertako hainbat proposamen (egokituta) beste hainbat arlotan ere oso eraginkorrak izan daitezkeelakoan gaude. Nolabait laburbiltzearren:

    - Ereduak eskaini (etengabe): oinarrizko gaitasuna duenari, "nekez" egiten duen hori "nola" egin azalduko dioten adibideak, inputak, eskaini behar zaizkio, ahalik eta gehien, eta ahalik eta esanahi kargarik handienarekin.

    inguruan entzundako forma bat komeni zaion, edo "efektiboa" izan daitekeela iruditzen zaion egoera batean.

    Horrez gain (edo horrekin batera hobe), hizkuntz komunitate mailan ere hizkera informala, euskalkiak, hitanoa, esamolde adierazgarriak... egoera errealetan "nola" erabili erakusten duten ereduak zabaltzea gero eta beharrezkoagoa da. Pentsa era honetako gaztelerazko zenbat eredu, zein maiztasunekin eta zein adierazkortasun eta efizientzi kargarekin jasotzen ditugun egunero telebistan, irratian, zineman, musikan... Erabilerari begira funtsezko gabezia bat da hau.

    - Esaldiak (gure galderan) "erdi eginda" eman: ereduak etengabe eskaintzeaz gain, galdetzeko moduan asko erraztu daiteke "juxtu" dakien batek euskaraz erantzutea, besteak beste, erantzunerako aukera bat edo zati bat gure galderan bertan emanda (bestela, edo isilik geratuko da edo gaztelaniazko forma erabiliko du, eta ez du hobetuko).

    Hau errazagoa da haurrekin erabiltzen, kasu batzuetan kutsu "artifiziala" izan dezakeelako helduen arteko elkarrizketan, besteak erantzun behar duena guk botatzeak, baina ideia nagusia da galdetzen dioguna berak dakien euskararekin erantzuteko moduan galdetzea, eta ahal den neurrian (zati bat eginda emanda, hitz klabea emanda...) erraztea.

    Ez da berdina lagun bati, "zer moduz Mikelekin?" (demagun bere bikote berria dela) galdetzea edo "Mikelekin zer, gustura, ezta?, txoratuta zabiltza, eh!?" galdetzea. Ez da berdina semea gaixorik eduki duen euskaldun-berri bati "zer moduz Arkaitz?" galdetzea, edo "Zer moduz Arkaitz, oraindik kili-kolo dabil edo ja guztiz osatuta?" Bigarren kasuetan erantzunerako "materiala" eskaintzen ari gara, erantzun adierazgarri bat euskaraz eman dezan errazten ari gara, eta hori laguntza handia da "material" hori "oso eskura" ez duen hiztunarentzat.

      • Gai hauek ikertu, emaitzak zabaldu, esperientzia onen berri eman:

    Gorago aipaturiko prozesu eta egoera hauetan eraginkorrak izango diren jarrerak definitzeko eta zabaltzeko, neurri egokiak hartzeko, dinamika positiboak eragiteko, ezinbestekoa da aurrerantzean prozesu hauek guztiak gehiago ikertzea, ezagutzea, eta arrakastatsuak edo eredugarriak diren esperientziak zabaltzea hizkuntz normalizazio lanetan ari direnen artean, eta zenbait kasutan, baita herritarren artean ere (azkena aipatutako euskaldunen "konplizitatearen" kontuan, adibidez).

    Datozen urteetan euskararen erabileran aurrera egingo bada bereziki zaindu beharrekoa izango da gorago aipaturiko prozesu eta gabezi guztiotarako baliagarriak izango diren erantzun praktikoak diseinatzea, ikertzea, eta eredu izan daitezkeenak zabaltzea.

      • Gonbitea:

    Lan honetan erabileran aurrera egiteko ditugun zailtasun (ulergarri)ak azaltzeaz gain, aurrerapausoak zein lan ildotatik etor daitezkeen proposatzera ere "ausartu" gara. Zehazki, bi gabezia eta lan ildo proposatu ditugu eta ondoren bakoitzari buruzko azalpena, gogoeta, eta adibideak eman.

    Gure gonbitea ondorengoa da: euskararen normalizazioan zu ari zaren esparruan, zein esperientzia ezagutu dituzu era batera edo bestera gabezia hauei erantzuteko balio dutenak? Zein da esperientzia hauen alderik interesgarriena zure ustez? Zabaldu al daiteke (egokituta) beste esparru batera?

    BAT aldizkariaren ateak zabalik dituzue gaiaren inguruan zuen iritziak edo proposamenak helarazteko. Gure gonbitea hor duzue.

    OHARRA: Artikulu hau Bilbon, 2004ko azaroaren 16an, Topagunearen IV. Jardunaldirako prestaturiko hitzaldiaren oinarria da.

    1. SARRERA:
    2. Euskararen erabileraren garrantzia bere normalizazio prozesuan. Hala dio hitzaldi honetarako proposaturiko izenburuak. Ez dakit izenburu borobila ote den, baina zirkularra badela behintzat esango nuke, funtsean gauza bera baita: hizkuntza baten erabilera mailak adierazten digu zein neurritan dagoen "normalizatua" hizkuntza hori, edota, askotan esan denez: zer da hizkuntza baten normalizazioa lortzea? bere erabileraren hedapen funtzional, demografiko, eta geografikoa lortzea.

      Garrantzia, beraz, erabatekoa da. Euskara izan edo munduko beste edozein hizkuntza izan. Hizkuntza hori zenbat, zertarako, zenbatek edo gizarteko zein zereginetan erabiltzen den jakiteak emango digu bere egoerari, bere "normalizazio mailari", buruzko informaziorik adierazgarriena, sintetikoena. Beste guztiaren emaitza da, nolabait. I. Usarraldek eta I. Martinez de Lunak orain gutxi kaleraturiko Bizindar Etnolinguistikoari buruzko ikerketan dioten moduan: "erabilera da euskararen normalizazioaren adierazle adierazgarriena".

      Horraino, hizkuntza baten erabilerarena kontzeptu sinplea da, argia. Dena den, hizkuntza hori gizarte horretako zati batek bakarrik hitz egiten duenean, hizkuntza horrek hiztun elebakarrik ez duenean eta egun dituen hiztunetako askok lehen hizkuntza gisa etxean jaso ez dutenean, erabilerari buruzko galderak konplikatuago izaten hasten dira, eta galderen erantzuna ez da batere sinplea izaten. Zenbat erabiltzen da hizkuntza hori? Zenbatek? Zein gizarte egoeratan erabiltzen da? Eta, oraindik zailxeago: nola sustatu daiteke erabilera? Nola eragin gizatalde jakin bat(zu)ek egoera jakin batean euskara "erabil" deza(te)n? Nola bermatu ...?

      Askotan, gainera, galdera hauentzat erantzun zuzenak nahi ditugu, sinpleak, hitz gutxikoak. Tamalez, ordea, pertsonen arteko elkarrekintzaz ari gara, eta hori konplexua da definizioz. Ez hizkuntza kontuetan bakarrik, gainerakoetan ere bai. Konplexutasun hau onartuta, saiatuko gara euskararen erabileraren inguruko zenbait datu eta azalpen ematen, erabilera hori errazteko, bultzatzeko, edo bideratzeko lagungarriak izan daitezkeen neurriei eta jokaerei ere erreparatuz.

    3. BI ERABILERA MOTA ETA HIRU PLANO:
    4. a) Bi erabilera mota: pertsonen artekoa eta erakunde bidezkoa

      Hasteko eta behin, erabileraz ari garenean, eta bereziki hizkuntza politika, plangintza eta interbentzio gaietan, lagungarria da bi erabilera mota bereiztea, pertsonen artekoa bata eta erakunde bidezkoa bestea. Pertsonen artekoa arautu gabekoa izango litzateke, erabilera "askea" nolabait. Bigarrena, berriz, gizarte bateko erakundeen (batez ere publikoen) artean edota erakundeen eta herritarren artean gertatzen den erabilera litzateke. Adibide bat jartzeko, erakunde bidezko erabilera edo harremana da nola hitz egiten dion irakasle batek ikasleari gela barruan (arautua eta erabakia dago), eta pertsonen artekoa, berriz, bi ikasleren artekoa patioan.

      Bereizketa hau lagungarria da planifikazio lanetan. Esate baterako, enpresa batean erabilera plan bat garatzeko orduan helburu orokor bat izan daiteke "erabilera bultzatzea", baina helburu horri begira "langileen arteko erabilera askea bultzatzeko" har daitezkeen neurriak eta enpresaren komunikazio "ofizialetan" erabilera areagotzeko har daitezkeenak desberdinak dira, eta estrategia ezberdinetan oinarrituko dira.

      b) Hiru plano: norbanakoa, bere harreman-sarea eta gizartea

      Gehienok entzuna edo irakurria izango duzue bere garaian Txepetxek deskribatu zituen hiru planoen eredua, hau da: hiztuna, hizkuntz komunitatea, eta hizkuntza. Gizartearen eta norbanakoaren harremanen ikuspegitik, IƱaki Martinez de Lunak antzeko eredu bat garatu du, erabileran eragiten duten aldagaiak hiru planotan bereiziz: norbanakoaren ezaugarriak, harreman sareak, eta gizartearen egitura. Hona hemen:

      Aipaturiko hiru planoek eragiten dute, aldi berean, euskararen erabileran, eta beraz, plano bakoitzean sortzen diren zailtasunak edo ematen diren atzera pausoak izango dira euskararen erabilerarako traba. Era berean, plano bakoitzean egiten diren hobekuntzek erraztu egingo dute euskara erabiltzea, bere aldeko neurri izango dira. Eredu argia eta egokia da, gure ustez, ditugun gabeziak eta abian jartzen ditugun egitasmoak kokatzeko. Irudian, gainera, plano horietako bakoitzean euskararen erabilera eman dadin behar diren aldeko baldintza nagusiak ere adierazten dira, egileen hitzetan "hizkuntza biziaren euskarri" direnak.

    5. DATU OROKORRAK ETA AZKEN URTEOTAKO BILAKAERA:
    6. Zer diote datuek? Nola ari dira gauzak aldatzen azken urteotan? Norantz goaz erabilerari dagokionez? Zehaztasunetan sartu baino, joera nagusia adierazi nahi nuke hemen datu bidez. Ikus ditzagun lehenik behaketa zuzenaren bidez jasotako datuak:

      53pablo2-2
      53pablo3-3

      53pablo4

      Datuak lurraldeka aztertzen baditugu desberdintasun nabarmenak daude, eta baita adin-taldeka aztertzen baditugu ere. Esaterako, haurren eta gazteen artean erabilerak goranzko joera garbia du Bizkaian eta Gipuzkoan azken urteotan.

      Baina, datu orokorretan, erabileraren bilakaera % 10,8tik % 13,5era aldatu da Euskal Herrian azken hamabi urteotan, eta hazkundea gutxitu egin da azken lau urteotan.

      Ikus ditzagun orain datu aitortuak, inkesta bidez jasoak.

      53pablo5
      53pablo6

      Kasu honetan, aitortutako datuak nahiko bat datoz behatutakoekin, erabilerari dagokionez: hamar urtetan bi puntu igo da nagusiki euskaraz aritzen direnen ehunekoa Euskal Herrian. Zazpi puntu igo dena, berriz (bikoiztu), euskaraz "batzuetan" egiten dutenena da.

      Bestalde, azken hamarkadetako lanen ondorioz, euskaldun kopurua hazi egin da, baina hazteaz bat, "nolakotasuna" ere aldatzen ari da. Elebidunen kopuruak gora egin du (batez ere EAEn), baina euskaldun hauen gaitasun erlatiboa gutxitzen ari da euskarari dagokionez (sei puntu hamar urtetan); hau da, gero eta euskaldun gehiago gara, baina euskaldun horietatik gero eta gehiago dira gaztelaniaz euskaraz baina hobeto moldatzen direnak. Puntu hau funtsezkoa da erabilerari begira.

      Esan bezala, bilakaera hauek orokorrak dira, Euskal Herri osokoak. Gazteenen artean, Gipuzkoan eta Bizkaian erabilera kopuruak altuagoak dira eta bilakaera nabarmenagoa. Iparraldean, berriz, bilakaerak joera negatibo argia du, eta Nafarroan eta Araban aldaketa handirik ez da nabari.

    7. EZAGUTZAN AURRERA, ERABILERAN...?
    8. Era batera edo bestera euskararen aldeko lanetan dihardugunon artean, azken urteotan gero eta hedatuago dago "erabileraren inguruko kezka". Horra, adibidez, M. Zalbideren hitzetan:

      "Oraintxe iritsi gara muinera, hainbat amets pizten eta hainbat buruko min eragiten ditugun lekura. Hau eta hori eta bestea esango dugu, baina gure eskoletako (edo eskolatik pasatako) gazteek euskaraz egite horretan ez dugu aurrerapen handirik ikusten. Euskal eskolatik pasa diren edo hortxe ari diren gazteek ez dute, urrundik ere, orain mende-laurden espero genezakeen aurrerapenik egin, euskaraz jarduteari dagokionez."

      Adibidea hezkuntzakoa da, baina "esportatzeko" modukoa, ezta? Gaur gauden tokitik hasita, Jardunaldi honen abiapuntua hori da neurri handi batean, eta antzerako kezkak ditu hainbat jendek administrazioaren euskalduntzearen inguruan, enpresen erabilera planetan, haur eta gazteen aisialdian... Beste era batera esanda: euskararen erabilera bultzatzea edo eragitea bere plangintzetan aurreikusi duen euskalgintzako zein sektorek ez du gaur egun kezka hau?

      Eta kezka "esportatzen" hasita, ez bakarrik euskalgintzako beste arlo batera soilik. Beste hizkuntz komunitate askok eta askok dute kezka bera. Katalanek, esaterako: orain gutxi Behatokiak antolatutako Sinposiora etorritako C. Forcadell-en hitzetan:

      "Kataluniako hizkuntz eredua hasi genuenean ez zegoen ikerketarik, uste genuen ezagutzak erabilera ekarriko zuela pixkanaka-pixkanaka. Katalunian herritarren % 98k dakite katalana, baina askok ez dute erabiltzen, ezagutzak ez du modu naturalean erabilera ekarri. Orain erabilera landu behar dugu, ezagutza bermatua baitugu."

      Bereizketa erraz bat egitearren, esan daiteke "euskalduntze planen" kasuan (langileak elebidundu, dokumentazioa edo errotulazioa euskaratu, motibazioa landu...), erabilerara ezin iritsiaren kezka hau "urrun" geratzen dela oraindik. Baina "erabilera planak" diren kasuetan (enpresetakoak izan, administraziokoak, hezkuntzakoak gazteekin, edota hizkuntza politika orokorrekoak, herritarrekin), kezka hori oso zabaldua dago.

      Datozen urteetan erabileraren gaian sakonduz gero (zein aldagaik eragiten duten, zein baldintzetan lortzen diren hobekuntzak...) asko aurrera daiteke kezka horrekiko, baina egia da, seguruenik, "euskararen erabileran nola eragin?" gaiari buruz oso gutxi dakigula, oraindik, gaur egun.

    9. BI GABEZIA ETA LAN ILDO NAGUSI:

    Gaia oso orokorra dela eta tartean mila aldagaik eragiten duela jakinda ere, euskararen normalizazioa prozesu orokor bat bezala hartuta, ondorengo bi kontuok dira gure iritziz datozen urteetan bereziki ikertu eta landu beharrekoak erabileran aurreratu ahal izateko:

      • BAT: Zein bide ditugu eta zeintzuk sor ditzakegu "nahiko ongi" hitz egin eta ulertzera iritsi diren hiztunak "oso ongi" hitz egitera hel daitezen?

      • BI: Euskarazko ezagutza nahikoa baina gaztelerazko ohitura dagoen egoeretan nola eman edo nola erraztu hizkuntz aldaketa?

    Zergatik?

      • BAT:

    Haur eta gazteekin azken hamarkadetan egin den lan ikaragarritik ondoriozta daiteke, besteak beste:

        1. Etxetik euskara jaso duten haurren kasuan euskarazko irakaskuntzak (batik bat D ereduak) modu egokian osatzen duela etxeko oinarria, erabilerarako erraztasuna eta konfidantza duten hiztunak sortuz. Hauen arteko % oso altu batek "erabilerarako" baldintza egokiak ditu. Euskara tresna "erabilgarria" zaie, eta beraz, gehien-gehienek "maite" dute, "naturalki" ateratzen zaie, funtzionatzen die. Hala, bere eskolako edo aisialdiko lagunen harreman sarean horretarako aukera dutenen kasuan (bere "tipologiako" hiztunak nagusi badira bere harremanetan), haur eta gazte hauen joera nagusia gaur egun euskaraz egitea dela esan daiteke (% altu batean, behintzat).
        2. Etxetik euskara jaso ez duten haur eta gazteen kasuan (gehiengoa EAEn, eta zer esanik ez Iparraldean eta Nafarroan), D ereduko irakaskuntza jasota (B ereduan askoz gutxiago), ikasle gehien-gehienak iristen dira euskara "nahiko ongi" ulertzera eta hitz egitera. Hau bere horretan lorpen handia da. Orain, nola iristen dira? Adierazkortasun (oso) mugatuarekin, nahi baino naturaltasun gutxiagorekin, hizkera "bizi"rik gabe...; eta aldiz, gaztelania "oso ongi" hitz egiten dute.

    Demagun orain, "b" hiztun hauetako bat edo bi daudela "a" tipologiako sei-zortzi lagunekin batera lagun-talde berean, jolasgaraian, edo eskolako futbol-taldean: elkarrekin orduak igaro eta bizipenak partekatu ahala, "nahiko ongi" hitz egiten duten haur edo gazte horiek aukera izango dute euskara "oso ongi" ulertzera eta hitz egitera iristeko: nondik jasoa (eredua) izango dute, non praktikatua, erraztasuna eta adierazkortasuna hartzen joango dira eta denborarekin "oso ongi" hitz egingo dute ("tresna" gero eta erabilgarriago egingo zaie, "joko" gehiago emango die, gehiago eta zehatzago adieraziko dute...). Kasurik gehienetan, prozesu honetan "euskararekiko" beraien sentipenak eta "errepresentazioak" ere aldatzen joango dira, eta gehienek euskara gehiago "maite"ko dute, ziurrenik.

    Ongi. Baina, gaur egun "b" tipologiako zenbat haur eta gaztek du aipaturiko aukera hori? (euskaltzale baten ikuspegitik "zorte" hori?!) Gutxiengoak, seguruenik. 1999an Etorkizuna Aurreikusten 99: Euskal Herriko gaztetxoak eta euskara ikerketa lan zabala egin zen. Bertako ondorioetan, hiztun komunitatean gailentzen diren euskararen indarguneen, ahulezien, aukeren, eta mehatxuen laburpenean, ondorengo ideia hauek nabarmentzen dira ahulezien atalean:

      • "Gaztetxo euskaldun askok familia eta kale ingurune erdaldunak dituzte nagusiki, zonalde euskaldun petokoek salbu."
      • "Gaztetxo euskaldunen heren batek ez du inongo harreman-sare euskaldunik eguneroko harremanetan"
      • "Eguneroko harreman-sare euskaldunak soilik dituzten gazteak oso gutxi dira".

    Horrela, zonalderik euskaldunenetan bizi ez diren tipologia honetako haur eta gazteek (EAEko eta EHko gehiengoak), inguruan gehienbat beren tipologiako kideak dituzte, eta inguruan bietatik duten kasuetan, gainera, joera gehiago izango dute askotan beren tipologiakoekin biltzekoa. Talde batean "b" tipologia honetakoak nagusi direnean, gaur egun joera da gehien-gehienetan harreman hizkuntza gaztelera izatea, eta kasu horretan ez dago "elikadurarik", eta beraz "nahiko ongi"tik "oso ongi"rako hobekuntzarik ere ez. Ez hori bakarrik, joera hau nagusi den taldeetan dabiltzan "a" tipologiako hiztunek gaztelaniarako joera garatuko dute, euskaraz erraztasun gehiago garatu gabe, eta batzuetan beren euskara "kaskartuz".

    Egungo haur eta gazte euskaldun asko eta askoren kasua da hau. Eta, horren harira, erabileran hobetzeko BAT puntuan egindako galderari erantzungo dioten bide eta estrategia praktikoak behar dira, tokian tokiko baliabideekin eta aukerekin. Galdera, oro har: "zein bide ditugu eta zeintzuk sor ditzakegu "nahiko ongi" hitz egitera eta ulertzera iritsi diren hiztunak "oso ongi" hitz egitera hel daitezen?"

      • BI:

    Bigarren kontu hau hizkuntz ohitura aldaketaren ingurukoa da. Badira hainbat euskaldun, mila arrazoirengatik, euren artean gaztelaniaz aritzeko "ohitura" dutenak: arrazoi pertsonalak (gaitasuna, erraztasun erlatiboa, jarrera...), harremana sortu zeneko testuingurua, kideen artean nagusi den ohitura...

    Euskaldun talde batek beren arteko harreman hizkuntza gisa gaztelania badu, eta ohitura hori finkatua badago, ohitura hau ez du, besterik gabe, denboraren joanak bakarrik aldatuko; gaitasunaz gain (aipagai dugun kasuan hori badago), aldaketaren bat beharko da, probokazio bat, elementu "deskolokatzaile" bat. Ordurarteko "araua" aldaraziko duen edo aldatzen lagunduko duen zerbait.

    Demagun sail batean lan egiten duten bost langile ditugula. Horietariko hiru euskaldun zaharrak, eta beste bi nahiko jarrera onekoak baina euskara gutxi dakitenak. Gaitasun gutxi duen horietako bat saileko burua delako, edo beste edozein arrazoirengatik, saileko harremana eta lan hizkuntza gaztelania izan da eta da; ohitura aspaldi finkatua dago. Euskalduntze plan bat jarri dugu martxan lantegi horretan eta sailean urratsak ematen hasi dira. Euskara eskolak jasota, azken bi lagunek gaitasunean aurrera egiten dute: euskara "nahiko ongi" hitz egiteraino iritsi dira denborarekin. Egoera honetara iritsita, teknikariaren edo planifikatzailearen ikuspegitik landu beharrekoa da nola "erraztu", nola "probokatu" dezakegun kode aldaketa, langile horiek "nahi duten" baina, berez utzita, "eragin gabe", jolasen bat edo aitzakiaren bat asmatu gabe, kasurik gehienetan gertatuko EZ den aldaketa hori, ohitura aldaketa hori.

    Gaur egun espresuki landu behar litzatekeen gaia da, gure ustez, erabileran aurrera egingo badugu. Haur eta gazteen aisialdiaren esparruan, esaterako, Kuadrillategi egitasmoak ikerketa eta jarduera praktiko aldetik esperientzia oso interesgarria garatu du azken urteotan zenbait herritan, eta lan horri esker, orain badituzte bai datuak eta bai esperientzia esateko zein kasutan eman izan den aldaketa hori eta zeintzuetan ez. Fenomenoari buruzko lanketa teorikoa ere egin dute.

    Gure ustez, norabide horretan ikertzen eta esperimentatzen jarraitzeak emaitza onak ekarriko lituzke erabileran aurrera egiteko eta, horrekin batera, oso "osasungarria" litzateke hamaika teknikarik, irakaslek, eta bestelako eragilek gai honi buruz duen kezka txikitzeko (fenomenoa hobeto ezagutu eta ulertu ahala). Kuadrillategiren kasuan haur eta gazteen aisialdi arloan landu den moduan, beste hainbat esparrutara zabaldu daiteke ikerketa eta lanketa ildo hau, kasuan kasura baldintzak egokituz.

    Horretara zetorren, bada, puntuaren izenburua: "Euskarazko ezagutza nahikoa baina gaztelerazko ohitura dagoen egoeretan nola eman edo nola erraztu hizkuntz aldaketa?"

    1. ZENBAIT DATU ETA GOGOETA:

    Gorago aipaturiko bi gabezia orokor hauei, tokian tokiko egitasmoen bidez eman dakizkieke erantzunak, eta bide horretan beharrezkoa izango da, orain artekoez gain, estrategia berriak sortzea, arazoak edo zailtasunak ere berriak izango diren neurrian.

    Horren harira, eta gorago aipatutako ideien osagarri, ondorengo lerroetan erabileran eragiteko interesgarriak izan daitezkeen zenbait datu eta gogoeta bildu ditugu:

      • "Nahiko ongi"tik "oso ongi"rako aldea

    2002. urtean P. Jauregik "Euskara eta gazteak Lasarte-Orian (II)" ikerketa burutu zuen, hamar urte lehenago J.M. Iraolak eginiko lehenengoari jarraipena emanaz, eta horrela egiteak aukera eman du 10 urteko bilakaera aztertzeko.

    Aurtengo ikerketaren emaitzetatik, hona hemen zenbait datu, gorago aipaturiko gabezia horien inguruan. Euskaraz "nahiko ongi" mintzatzetik "oso ongi" mintzatzera dagoen aldea ikus daiteke ondorengo taulan:

    Lagun euskaldunekin euskaraz egiten du beti edo gehienetan

    Euskara du hizkuntza kuttun bakarra edo kuttunena

    Euskaraz oso ongi mintzatzen direnak

    69.1

    70.9

    Euskaraz nahiko ongi mintzatzen direnak

    21.5

    25.5

    P. Jauregi: Euskara eta gazteak Lasarte-Orian (II)

    Gaitasun "oso ona" lortzeko oinarririk sendoena euskara etxean jasotzea izaten da. Azpiko taulan ere garbi ikusten da oinarri horren pisua, eta baita eskolak gaitasun hau osatzeko duen garrantzia ere. Azkenik, gorago aipaturiko "a" eta "b" tipologiei dagokionez, ikusten da nola euskara eskola bidez soilik jaso duten gazteen artean ere, heren bat edo iristen den gaitasun "oso ona" izatera. Erabilerari begira, "oso ongi" ezagutzeak duen garrantzia ere bistakoa da.

    Gizarteratze eremuaren, gaitasunaren, eta erabileraren arteko kateamendua

    Gizarteratze eremu batean hazitakoak

    Euskarazko gaitasun oso ona

    Euskara erabili ohi du

    Ama eta eskola

    100

    97.0

    76.4

    Ama soilik

    100

    50.0

    25.0

    Eskola soilik

    100

    30.0

    20.0

    Ez bata ez bestea taxuz

    100

    7.1

    2.4

    P. Jauregi: Euskara eta gazteak Lasarte-Orian (II)

    Etxean euskara modu informal batean jaso ez duten gazteek euskara erabili ahal izateko hura osatzeko duten beharraz horrela dio Jauregik "Gertatzen ari denari eta gerta daitekeenari buruzko hausnarketa" atalean:

    "Gure irudikoz euskarazko erabilerak ez du aurrerapen nabarmenik ezagutuko, baldin eta gizarte multzo handiek eskolaz gain ez badute euskarazko esperientzia luze eta sakonik talde informalen batean, talde hori familia izan edo sare horizontaleko talderen bat izan. Berezko talde informal horietan garatzen baitira benetan hizkuntzazko erraztasuna, atxikimendua eta ohitura.

    .../...

    Etxean halako hizkuntzazko oparirik eta elikagairik jaso ez dutenek, alegia Lasarte-Oriako gazte gehienek, zikiratua dute euskalduntze prozesua. Eskola bai izango dute euskal gune, baina ez ordea berezko sareak, ez familia, ez lagunartekoa. Horrela nekez iritsiko dira euskaldun gisa jokatzera. Hauek euskara jaso dute baina ezaugarri formalez beterik, euskararen ezaugarri informal eta biziak falta zaizkie beren prozesua osatu eta burutzeko. Elikagai hau nola eman, hortxe da eskuhartzearen gako nagusi bat."

    2002. urteko abenduan "Erabileran eragin" izeneko jardunaldiak antolatu zituen SEI Elkarteak. Gaiaren inguruko ehun bat aditu eta "aritu" bildu ziren bertan. Mahainguruetako batean, hezkuntza bidez azken urteetan lorturiko euskalduntzea hizpide zela, "bidegurutze" hau antzematen zen: nahiz eta oinarrizko euskara ulertzeko eta hitz egiteko adinako gaitasuna euskarazko hezkuntzaren bidez denborarekin haur eta gazte guztiek jaso, erraztasunez ("oso ongi") hitz egitera etxetik euskaldunak direnak soilik iristen badira (gehi besteen % bat), eta erraztasun handia lortzen ez dutenek non hitz egin edo nondik "elikatu" urte batzuetan ez badute (eta beraz urte batzuetan gutxi edo deus ere ez hitz eginda), aurrerago, seme-alabak izatera iristen direnean, ezagutu bai baina inoiz erraztasunez erabili ez duten hizkuntza izango dute euskara, eta kasurik gehienetan gaztelania transmitituko diete seme-alabei. Denboran proiekzio bat eginaz, muga hauek gainditzeko biderik sortu ezean, (oinarrizko) ezagutza hedatu arren, gerta daiteke erabileran aurrerapen oso txikiak egitea nahiz eta datuetan euskaldun kopurua gero eta handiagoa izan.

      • Hizkuntz ohitura aldatzeko zailtasunak eta aukerak:

    Eguneroko bizitzan edozein jarduera berriri ekiten diogunean, "pentsatu" egin behar izaten dugu gauzak nola egin, eta ikasten ari garen bitartean, hainbat ekintza kontzienteki egiten ditugu. Behin "baliagarria" zaigun edo "arazorik sortzen ez digun" jokaera bat ikastean eta finkatzean, ordea, jarduera hori inkontzienteki egitera pasatzen gara, automatizatzera, eta modu horretan, egunero pentsatu eta erabaki beharra aurrezten dugu. Esate baterako, autoa gidatzen ikasten ari garenean, mugimendu bakoitza "pentsatzen" dugu eta arreta eskatzen digu (bi-hiru mugimendu batera egitea izugarri kostatzen zaigu!!). Gidatu ahala, ordea, ekintzak "automatizatzen" goaz, inkontzientera pasatzen, eta horrela, gero eta "errazagoa" egiten zaigu gidatzea (denborarekin gai gara bi-hiru mugimenduok batera egiteko, eta aldi berean albokoarekin hitz egiteko!).

    Pertsona bat ezagutzen dugunean ere, harreman horretako gainerako kontuekin batera, zein hizkuntzatan hitz egingo dugun ere hautatzen dugu. Hizkuntza hautu hori oso denbora gutxian finkatzen da, eta behin finkatuta, automatikoki egiten dugu hautaketa aldiro, inkontzienteki. Hortaz, hortik aurrera, hiztunetako batek, edo kanpo faktoreren batek "adostuta" dagoen hautaketa kuestionatzen ez badu edo hautaketa horrek arazorik sortzen ez badu, inkontzienteki egiten jarraituko dugu eta, beraz, hizkuntz hautua ez da zalantzan jarriko, ez da kontziente egingo eta ez da aldatuko. Hizkuntza, gainera, pertsonen arteko "lehengaia" izaki, talde mailan adosten eta "arautzen" ditugun jokaeren artean sartzen da, eta beraz, talde batean jokaera bat aldatu nahi badugu, adostasun edo arau hori aldarazi beharko dugu, horretan eragiten duten indar guztiak kontuan hartuta (eta aldaketaren kontrako indarrak gaindituz).

    Kuadrillategi egitasmoan, hizkuntz ohituren aldaketarako aukeren eta zailtasunen inguruan lan teoriko zein praktikoa egin dute. D. Egizabalek, honela laburtzen ditu jokaera aldaketa batek eskatzen dituen baldintzak. Talde horretako kideak,

    1-Jokaera berria egiteko gogoa izan behar du.

    2-Jokaera berria erabilgarritzat jo behar du.

    3-Neurriko ahalegina eskatu behar dio.

    Jar gaitezen euskaraz jakin baina bere lagunekin gaztelaniaz aritzeko ohitura duen 15 urteko edozein gazteren larruan. Eta demagun euskararekiko jarrera, bizipen, sentipen txarrik ez duela, gustuko duela euskara, baina... Berarentzat erreferentzia den belaunaldi helduagoan integratzea helburu izanik, zenbaterainoko gogoa sentituko du euskaraz bizitzeko? Non edo norekin sortuko dizkio "arazoak" finkatua duten jokaerak (lagunekin gazteleraz bizitzeak)? Irakaslearekin? Norekin gehiago? Bistan da gazte honi "hitz egin euskaraz" askotan esan diogula urteetan zehar (alferrik), baina zenbateraino saiatu gara jokaera berrirako motiboak ematen? Ohitura berria (euskara), orain duena baino "erabilgarriago" izango zaiola pentsatzeko zenbat kasu/egoera ezagutzen ditu?

    Ligatu nahi duen neska edo mutil harekin gaztelaniaz eginda okerrago komunikatuko balitz, edota euskaraz emaitza hobeak lortuko balitu..., bere gustuko kirola euskaraz bakarrik emango balitz?... Zenbat euskarazko "arrakasta eredu" ezagutzen ditu gazte honek bere gizartean, euskaraz bizitzea desiragarri egingo diotenak? Bere gustuko zenbat gauza lortzeko da euskara gaztelania baino bide motzagoa?

    Beste arlo batzuetara joanda, zenbat "sari" eman ditugu hizkuntza normalizaziotik, beren sailean euskara erabiltzera pasa den lan talde bati? Zenbat eredu zabaldu ditugu enpresetako erabilera planetan euskaraz lan egitea "erabilgarri" dela eta "neurriko ahaleginarekin" lor daitekeela pentsaraziko diotenak hala nahi lukeen bati? Era honetako ereduak, estimuluak, motiboak gizarte mailan zabaldu ezean ohitura aldaketa hauek oso kasu bakanetan baino ez dira gertatuko.

      • "Naturalki" ateratzen ez zaionari nola lagundu:

    Euskaraz "dakien" (baina erabiltzeko ohiturarik, harreman sarerik... ez duen) bati, erabiltzeak gorago aipaturiko "neurriko ahalegina" eska diezaion, euskara erabiltzeko ohitura badutenek asko lagun dezakete. Beren jarrerari eta jokaerari esker ahalegin hau askoz txikiago izan daiteke.

    Hau bereziki garrantzitsua da euskara ikasten ari diren edo gaitasun hori lortua duten (baina hitz egiten ez duten) hiztunekin aritzen direnen kasuan: irakaskuntzako edo euskaltegiko irakasle, euskara teknikari, trebatzaile, normalizatzaile... baina noski, euskara erabiltzeko ohitura eta erraztasuna duen edozein euskaldun da (izan daiteke) maila honetan "trebatzaile", eta askotan ohartzen ez garen arren, gure esku dago prozesu hori erraztea.

    Zentzu horretan, erreferentzia interesgarri bat da, adibidez, begiraleei zuzenduta Lasarte-Oriako Ttakun Elkarteak 2003an argitaraturiko "Asko egin dezakete begiraleek" txostena. Haur eta gazteekin ari direnei zuzendutakoa da, baina bertako hainbat proposamen (egokituta) beste hainbat arlotan ere oso eraginkorrak izan daitezkeelakoan gaude. Nolabait laburbiltzearren:

    - Ereduak eskaini (etengabe): oinarrizko gaitasuna duenari, "nekez" egiten duen hori "nola" egin azalduko dioten adibideak, inputak, eskaini behar zaizkio, ahalik eta gehien, eta ahalik eta esanahi kargarik handienarekin.

    Hizkera informala izan, hitanoa izan, laneko hizkuntza teknikoa izan..., inguruan dituen euskaldunengandik zenbat eta adibide praktiko gehiago jaso, zenbat eta maizago, eta zenbat eta adierazkortasun karga gehiagorekin, orduan eta errazagoa egingo zaio bidea. Egoera komunikatibo konkretuetan balioko dioten formak, esamoldeak, hitzak... jasotzen joango da, bere biltegian pilatzen, eta egoera iritsitakoan, lehenengoan ez, bigarrenean ere ez, baina hogeigarren aldiz entzundakoan "zapla" botako du inguruan entzundako forma bat komeni zaion, edo "efektiboa" izan daitekeela iruditzen zaion egoera batean.

    Horrez gain (edo horrekin batera hobe), hizkuntz komunitate mailan ere hizkera informala, euskalkiak, hitanoa, esamolde adierazgarriak... egoera errealetan "nola" erabili erakusten duten ereduak zabaltzea gero eta beharrezkoagoa da. Pentsa era honetako gaztelerazko zenbat eredu, zein maiztasunekin eta zein adierazkortasun eta efizientzi kargarekin jasotzen ditugun egunero telebistan, irratian, zineman, musikan... Erabilerari begira funtsezko gabezia bat da hau.

    - Esaldiak (gure galderan) "erdi eginda" eman: ereduak etengabe eskaintzeaz gain, galdetzeko moduan asko erraztu daiteke "juxtu" dakien batek euskaraz erantzutea, besteak beste, erantzunerako aukera bat edo zati bat gure galderan bertan emanda (bestela, edo isilik geratuko da edo gaztelaniazko forma erabiliko du, eta ez du hobetuko).

    Hau errazagoa da haurrekin erabiltzen, kasu batzuetan kutsu "artifiziala" izan dezakeelako helduen arteko elkarrizketan, besteak erantzun behar duena guk botatzeak, baina ideia nagusia da galdetzen dioguna berak dakien euskararekin erantzuteko moduan galdetzea, eta ahal den neurrian (zati bat eginda emanda, hitz klabea emanda...) erraztea.

    Ez da berdina lagun bati, "zer moduz Mikelekin?" (demagun bere bikote berria dela) galdetzea edo "Mikelekin zer, gustura, ezta?, txoratuta zabiltza, eh!?" galdetzea. Ez da berdina semea gaixorik eduki duen euskaldun-berri bati "zer moduz Arkaitz?" galdetzea, edo "Zer moduz Arkaitz, oraindik kili-kolo dabil edo ja guztiz osatuta?" Bigarren kasuetan erantzunerako "materiala" eskaintzen ari gara, erantzun adierazgarri bat euskaraz eman dezan errazten ari gara, eta hori laguntza handia da "material" hori "oso eskura" ez duen hiztunarentzat.

      • Gai hauek ikertu, emaitzak zabaldu, esperientzia onen berri eman:

    Gorago aipaturiko prozesu eta egoera hauetan eraginkorrak izango diren jarrerak definitzeko eta zabaltzeko, neurri egokiak hartzeko, dinamika positiboak eragiteko, ezinbestekoa da aurrerantzean prozesu hauek guztiak gehiago ikertzea, ezagutzea, eta arrakastatsuak edo eredugarriak diren esperientziak zabaltzea hizkuntz normalizazio lanetan ari direnen artean, eta zenbait kasutan, baita herritarren artean ere (azkena aipatutako euskaldunen "konplizitatearen" kontuan, adibidez).

    Normalizazioaren arloan lan handia egin da azken urteotan, baina normalizazio, euskalduntze, eta erabilera plangintzetan jarri diren baliabide horietatik guztietatik apenas jarri den ezer I+Grako. Ahalegin asko eta asko egin dira, onartutako plangintzek eta bertan erabiltzen diren metodologiek, estrategiek, eta abarrek nolako eragina duten, edo eraginkorrago nola izan daitezkeenari buruz oso gutxi jakinda, edo arrastorik jakin gabe. Eta modu horretan ahalegin asko egiten da alferrik, motibazioa galtzen da... eta plangintzak askoz garestiago ateratzen dira!