Euskararen erabilera azaltzeko eredu psikosoziala

Iñaki Garcia
Aipamenak
ezagutzaren, jarreraren, eta erabileraren arteko lotura eskasaren azalpena identitate etnolinguistikoaren bidetik etor daiteke.

Gure ustez, euskararen erabilera bi aldagai motek baldintzatzen dute: testuingurua definitzen duten aldagaiak eta norbanako mailan subjektuaren portaera gidatzen dutenak.


Beraz, lan honen helburua zera izango da: euskararen erabilera azaltzeko proposatutako ereduaren eta errealitatean gertatzen denaren doikuntza aztertzea. Honela eredu teorikoa testatuko dugu, beste modu batez esanda, teoria eta datuak kontrastatuko ditugu gure eredu teorikoaren baieztatzeko edo errefusatzeko. Hau da proposatzen dugun eredua:


Datu bilketa egiteko bi zatitan banaturiko galdesorta erabili zen. Galdesortaren lehenengo zatian datu soziolinguistikoak (testuingurukoak) eskatzen ziren; bigarren zatian, berriz, norbanako mailan ondorengo aldagaien inguruko informazioa eskatzen zen: euskararen erabilera eta ezagutza, euskararekiko jarrerak, identitatea, eta ikerketa honetan erabili ez diren beste aldagai psikosozial batzuk.


Ezkutuko aldagaien arteko erlazio kausalak aztertuz, zera ikusten da: euskararen erabilera bi aldagaiek baldintzatzen dutela; alde batetik, testuinguruari dagokiona (jaioterria eta bizi-herriaren euskaldun proportzioa); eta bestetik, norbanakoari dagokiona, bertan subjektuen euskararen ezagutza maila eta euskal identitatea daudelarik. Bi ezkutuko aldagai hauetatik, bigarrenak (norbanakoarekin lotzen denak) pisu handiagoa du euskararen erabilera azaltzeko.


Horrela, erabileran eragina duten aldagaiak identifikatuta eta euskararen erabilera errazteko egin daitezkeen hizkuntz plangintzei begira, lehen aipatu diren aldagaiak indartu eta zaindu beharko lirateke. Alde batetik, euskararen ezagutza maila ziurtatu behar da, hezkuntza arloan azkeneko urteetan egin den lanari jarraipena eman behar zaio euskararen ezagutza ziurtatzen duen hezkuntza eredua (D eredua, alegia) potentziatuz.


Azkeneko urte hauetan euskararen berreskurapen prozesuan (hegoaldean, gehienbat) aurrerapen nabarmenak eman direla denok onartuko genukeen gauza da. Dena den, aurrerapenak euskararen ezagutzaren esparruan handiak izan badira ere, ezin dugu gauza bera esan erabileraren kasuan, esparru honetan aurrerapausuen abiadura motelagoa izan baita. Zer dela eta horrelako desoreka ezagutzaren eta erabileraren artean? Txepetxen teoria erabiliz (Sánchez Carrión, 1987), hizkuntzen ikasketa prozesua ulertzeko ezagutzari eta erabilerari hirugarren faktore bat erantsi behar zaie: motibazioa, alegia. Beraz, motibazioa izan daiteke ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen desorekaren erantzule. Motibazioa eta jarrera elkarrekiko oso lotuta dauden aldagaiak dira (Gadner, 1985). Normalean hizkuntzen eskurapen prozesuetan motibazio bezala etiketatzen dena, hizkuntzen erabilera azaltzeko orduan, jarrera moduan etiketatzen da, hainbat egileen arabera banaezinak edo gauza bera ere izan daitezkeelarik (Clement eta Noels, 1996). Beraz, ezagutzatik erabilerara pasatzeko huts egiten duen faktorea motibazioa edota jarrera izan daiteke. Dena den, euskararen egoera aztertzen duten ikerketei so eginez gero (Siadeco, 1978, 1979, 1991; Eusko Jaurlaritza, 1989, 1995, 1999, 2002; Aztiker, 2002), nabaria da euskal hiztunen kopuruaren gorakada eta euskararekiko aldeko jarrera. Hau horrela ikusita, ematen du baldintza ezin hobeak direla euskararen erabilera ziurtatzeko, dena den, (denok dakigun bezala errealitatean gertatzen dena oso bestelakoa da) aipatutako ikerketetan ere euskararen erabileraren datuak hain baikorrak ez direla esaten zaigu.

JARRERAREN ETA PORTAERAREN ARTEKO LOTURAK

Euskararen ezagutza eta euskararekiko aldeko jarrera ez badira nahikoak erabilera bermatzeko, bestelako aldagaiak hartu beharko ditugu kontuan euskararen erabilera azaltzeko. Euskararen presentzia, dentsitatea edo trinkotasuna (EJ-95, 1995; Siadeco, 1991), euskara-gaitasun maila erlatiboa, hizkuntzarekiko leialtasuna, usteak eta identitatea izan dira euskararen erabilerarekin gehien lotu diren aldagaiak. Honela, erabilera hiru aldagaien menpe egongo litzateke: elebidunen proportzioa, mintzakide taldearen tamaina, eta hizkuntzarekiko leialtasuna (Isasi eta Iriarte, 1998).

Beste azalpen bat, ezagutzaren eta erabileraren arteko desoreka ulertzeko, jarreraren eta (jokabidea) erabileraren arteko trinkotasun ezaren bidetik aurki daiteke. Zaharra dugu jarreraren eta portaeraren arteko trinkotasun ezaren arazoa (Ajzen, 1989), honen aurrean ekintza arrazonatua (Fishbein eta Ajzen, 1975) eredutik jarreraren eta portaeraren artean bitartekari lana egiten duten beste aldagai batzuk proposatzen dira: presio soziala edo arau subjektiboa eta hautemandako kontrola.

EUSKARAREN ERABILERA AZALTZEKO EREDU PSIKOSOZIALA

Hizkuntzaren arloan aplikatutako gizarte psikologian, identitatea oso garrantzitsua izan daiteke hizkuntza portaera azaltzeko (Giles, 1977; Bourhis, 1979; Giles & Johnson, 1981, 1987; Sachdev & Bourhis, 1990; Clément & Noels, 1996; Liebkind 1999; Azurmendi, 1999). Horregatik, ezagutzaren, jarreraren, eta erabileraren arteko lotura eskasaren azalpena identitate etnolinguistikoaren bidetik etor daiteke.

Gure ustez, euskararen erabilera bi aldagai motek baldintzatzen dute: testuingurua definitzen duten aldagaiak eta norbanako mailan subjektuaren portaera gidatzen dutenak.

1. Irudia: euskararen erabilera azaltzeko eredu psikosoziala.

Testuinguruari dagozkion aldagaien artean, erabakigarriena euskaldunen presentzia izango litzateke. Norbanako mailan eragina izango dutenak: ezagutza, jarrera eta bi aldagai hauen artean zubia egingo lukeen identitatea.

Behin eredua finkatu ondoren, eredua testatzeko teknikaz mintzatu behar dugu. Euskararen erabileraren azterketa arazo konplexua dugu, asko direlako horretan eragina duten aldagaiak; horregatik, horren analisia egiteko aldagai-anitzeko teknika bat erabili behar da, batez ere erlazio kausalak aztertu nahi baditugu.

Aldagai-anitzeko tekniken artean badira eredu kausalak aztertzen direnak. Eredu kausala horrela defini daiteke: eskemen bidez adierazi daitezkeen ekuazio estruktural multzoa. Horrela, ikerlariak frogatu nahi duen hipotesi sistema adierazten du. Azkeneko urte hauetan, eredu teorikoaren eta datu enpirikoen arteko doikuntza aztertzeko hainbat teknika garatu dira, gaur egun gehien erabiltzen dena Karl Joreskog-ek (1977) sortutako LISREL (lineal structural relations) eredua eta izen bereko doikuntza teknika izanik.

LISREL teknika ekuazio estruktural multzo baten koefizienteak estimatzen dituen eredua da. Ekuazioetan bi aldagai mota aurki daitezke: zuzenean behatutakoak eta ezkutukoak. Asko sinplifikatzen, ereduak suposatzen du egitura kausala dagoela aldagai ezkutukoen artea,n eta hauen eragileak behatutako aldagaiak direla.

Beraz, lan honen helburua zera izango da: euskararen erabilera azaltzeko proposatutako ereduaren eta errealitatean gertatzen denaren doikuntza aztertzea. Honela eredu teorikoa testatuko dugu, beste modu batez esanda, teoria eta datuak kontrastatuko ditugu gure eredu teorikoaren baieztatzeko edo errefusatzeko. Hau da proposatzen dugun eredua:

2. Irudia: euskararen erabilera azaltzeko eredu psikosoziala (ezkutuko aldagaia eta behatutakoa).

METODOA:

LAGINA

Erabilitako lagina 703 ikasle unibertsitarik osatzen dute, Hego Euskal Herriko unibertsitate ezberdinetakoek. Lagina aukeratzeko zorizko laginketa geruzatua erabili zen, honako irizpideak erabiliz geruza bakoitzaren kategorien arteko orekari eusteko:

    • Ikasketa mota: unibertsitate bakoitzean, tilulazioak bi kategoriatan bereizi genituen, zientzi teknikoak eta gizarte zientziak.
    • Maila: fakultate eta eskola bakoitzean, aurreneko eta azkeneko mailako ikasleak aukeratu genituen.
    • Ikas-hizkuntza: fakultate eta eskola bakoitzean, bai gaztelaniaz ikasten duten ikasleak eta baita euskaraz ikasten dutenak ere aukeratu genituen. Aipatu behar da zenbait ikastetxetan euskaraz ikasteko aukerarik ez dagoela, beraz, irizpide hau ezin izan genuen erabili fakultate-eskola unibertsitario guztietan.

Ikasleen adinaren batez bestekoa 20,3 urtekoa izan zen, desbideratze estandarra 2,3koa izanik. Ikasleen euskararen ezagutzari dagokionez, euskara jakitea derrigorrezkoa ez zenez gure ikerketan parte hartzeko, aldakortasun handia izan genuen.

PROZEDURA

Datu bilketa egiteko bi zatitan banaturiko galdesorta erabili zen. Galdesortaren lehenengo zatian datu soziolinguistikoak (testuingurukoak) eskatzen ziren; bigarren zatian, berriz, norbanako mailan ondorengo aldagaien inguruko informazioa eskatzen zen: euskararen erabilera eta ezagutza, euskararekiko jarrerak, identitatea, eta ikerketa honetan erabili ez diren beste aldagai psikosozial batzuk.

Datu bilketa ikastetxeetan (eskola unibertsitarietan edo fakultateetan) egin zen. Subjektuek klase orduetan bete zuten galdesorta. Gure ikerketan parte hartzea boluntarioa zen. Galdesorta erantzuteko erabilitako hizkuntzari dagokionez, euskaraz ikasten zutenei galdesortaren euskarazko bertsioa eman zitzaien eta gazteleraz ikasten zutenei galdesortaren gaztelaniazko bertsioa.

EMAITZAK

Gure eredua testatzeko aurrez aipatutako LISREL programa erabili zen. Eredua bi fasetan testatu zen. Lehenengoan, lagineko subjektu guztiak hartu ziren kontuan (gogoratu behar da euskararen ezagutza mailan aldakortasun handia izan genuela). Bigarren fasean, laginetik euskaraz egiteko gai ziren subjektuak hautatu ziren; modu horretan euskararen ezagutzak izan zezakeen eragina erlatibizatu nahi zen beste aldagai batzuen azalpen ahalmena areagotzeko.

Eredua testatzeko lehenengo fasearen emaitzak 3. irudian adierazten dira. Lortutako ereduan hiru ezkutuko aldagai daude:

  • Testuinguruari dagokion ezkutuko aldagaia: aldagai honetan behatutako aldagaiak, subjektuen jaioterria eta bizi-herriaren euskaldun proportzioa dira. Aldagai hauek definituko lukete nolakoa den subjektuen testuingurua.
  • Bigarren ezkutuko aldagaia norbanakoari dagokiona litzateke: aldagai honen adierazleen edo behatutako aldagaien artean, subjektuen euskal identitatea eta subjektuen euskararen ezagutza maila izan dira esanguratsu agertu direnak. Eredu teorikoan, aldagai hauez gain, euskararekiko jarrera ere proposatzen genuen euskararen erabilera aurresateko. Halere ere, LISREL programak analisitik kanpo utzi du, aipatutako aldagaiak nahikoak direlako ezkutuko aldagaia azaltzeko.
  • Hirugarren ezkutuko aldagaia, eta menpeko aldagai bezala funtzionatzen duena, portaerari dagokiona da; hau da, erabilera: bai sare sozialean egiten dena eta baita egoera soziolinguistiko ezberdinetan egiten dena ere.

3. Irudia: euskararen erabilera azaltzeko eredu psikosoziala (lagin osoa).

Ezkutuko aldagaien arteko erlazio kausalak aztertuz, zera ikusten da: euskararen erabilera bi aldagaiek baldintzatzen dutela; alde batetik, testuinguruari dagokiona (jaioterria eta bizi-herriaren euskaldun proportzioa); eta bestetik, norbanakoari dagokiona, bertan subjektuen euskararen ezagutza maila eta euskal identitatea daudelarik. Bi ezkutuko aldagai hauetatik, bigarrenak (norbanakoarekin lotzen denak) pisu handiagoa du euskararen erabilera azaltzeko.

Eredu hau frogatzeko lagin osoa (euskaraz dakitenak eta ez dakitenak) erabili da eta, 3. irudian ikusten den bezala, aldagai garrantzitsuena subjektuen euskararen ezagutza maila agertu da. Eredu hau, ikerketa honetan frogatu egin da eta esanguratsua gertatu da (c 2 = 7.27, 7 a.g., p=0.40; GFI = 0.99; AGFI = 0.96), beraz eredua fidagarria dela esan daiteke.

Aldagaien arteko harremanetan gehiago sakontzeko, hurrengo ereduan (4. irudia) euskaraz egiteko gai diren subjektuekin soilik frogatuko da.

Bigarren eredu honetan beste ereduarekiko aldaketa batzuk daude. Alde batetik, norbanakoari dagokion ezkutuko aldagaian behatutako bi aldagaiak aurkitzen dira, euskararekiko jarrera eta subjektuen euskal identitatea, bien artean euskal identitatea garrantzitsuena izanik. Gogoratu behar da, lagin osoarekin egindako ereduan norbanakoari dagokion ezkutuko aldagaia ere behatutako bi aldagaiek osatzen zutela: euskararen ezagutza maila eta euskal identitatea, bien artean euskararen ezagutza garrantzitsuena bezala azaltzen zelarik. Bestalde, eredu honetan testuinguruari dagokion aldagaiak pisu handiagoa du euskararen erabilera azaltzeko norbanakoari dagokion aldagaiak baino, aurreko ereduan kontrakoa agertzen bazen ere.

4. Irudia: euskararen erabilera azaltzeko eredu psikosoziala (euskaraz hitz egiteko gai diren subjektuekin testatutakoa).

Eredu hau esanguratsua gertatu da (c 2 = 13.59, 7 a.g., p=0.10; GFI = 0.98; AGFI = 0.93).

ONDORIOAK

Euskararen erabilera azaltzeko proposatu den eredua kontuan harturik, euskararen erabilera bi aldagaik baldintzatua dago: batetik, subjektuaren testuinguruaren euskaldunen presentzia eta, bestetik, subjektuek duten euskal identitatea eta euskararen ezagutza maila. Eredua euskaraz hitz egiteko gai diren subjektuekin soilik testatzen denean, ezagutzaren aldagaia desagertu egiten da eredutik, subjektuen euskararekiko jarrerari tokia emanez.

Gure emaitzek beste ikerketa batzuetan azaldutakoa baieztatzen dute, euskararen erabilera azaltzeko, testuinguruaren, norbanakoaren jarreraren, eta euskararen ezagutza mailaren garrantzia nabarmentzen direlako. Gure ereduak aldagai hauei euskal identitatearena gehitzen die.

Horrela, erabileran eragina duten aldagaiak identifikatuta eta euskararen erabilera errazteko egin daitezkeen hizkuntz plangintzei begira, lehen aipatu diren aldagaiak indartu eta zaindu beharko lirateke. Alde batetik, euskararen ezagutza maila ziurtatu behar da, hezkuntza arloan azkeneko urteetan egin den lanari jarraipena eman behar zaio euskararen ezagutza ziurtatzen duen hezkuntza eredua (D eredua, alegia) potentziatuz. Bide horretatik jarraituz gero, subjektuen testuinguruan euskaldun proportzio egokia (gutxienez oraingoa baina altuagoa) egongo dela ziurtatzen da. Euskal identitatea eta euskararen aldeko jarrerak sortzeko, hezkuntza sistema izan daiteke prozedurarik eraginkorrena, ez bakarra, ordea. Euskal curriculuma garatzen den heinean errazagoa izango da euskararekiko jarrera aldekoak eta euskal identitatea indartzea; ezin dugu ahaztu kulturak eta eskolak identitatearen eraikuntzan duen eragina. Dena den, erantzukizun guztia ezin da eskolaren bizkar gainean utzi, bestelako erakundeek (instituzionalek zein ez-instituzionalek) ere bere lana egin beharko dute. Horrela, instituzioei (administrazioa, diputazioak, udaletxeak…) konpromezua eta koherentzia eskatu beharko dizkiegu, ahaztu gabe hiztunok eman behar ditugula urratsak hizkuntza baten erabilera normalizatua lortzeko, kanpoko erasoen aurrean kikildu gabe.

BIBLIOGRAFIA

Ajzen, J. (1989). "Attitude Structure and Behavior", in S. R. Pratkanis, S. J. Breckler eta A. G. Greenwald (ed.) Attitude Structure an Funcion, Hillsdale, L. Erlabaum.

AZTIKER (2002). Euskal Herria, datuen talaiatik. Astigarraga, Udalbiltza.

Azurmendi, J. M. (1999). Psicosociolingüística. Bilbo, UPV/EHU.

Bourhis, R.Y. (1979). "Language in ethnic interaction: A social psychological approach". In: H. Giles (ed.) Language and ethnic relations, Oxford: Pergamon.

Clement, R. eta Noels, K. A. (1996). "Lenguaje y comunicación intergrupal". In: R.Y. Bourhis & J.-Ph. Leyens (ed.), Estereotipos, discriminación y relaciones entre grupos. Madrid: McGraw Hill.

Eusko Jaurlaritza (1989). 1986. urteko Erroladaren araberako Euskal Autonomi Elkarteko azterketa demolinguistikoa. Gasteiz, Eusko Jaurlaritza.

Eusko Jaurlaritza (1995). Euskararen jarraipena (EJ-96). Gasteiz, Eusko Jaurlaritza.

Eusko Jaurlaritza (1999). Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Gasteiz, Eusko Jaurlaritza.

Eusko Jaurlaritza (1999). II. Soziolinguistikazko Mapa. Gasteiz, Eusko Jaurlaritza.

Eusko Jaurlaritza (2002). Euskeraren jarraipena III: 2001eko soziolinguistikako inkestaren emaitzak. Gasteiz, Eusko Jaurlaritza.

Fishbein, M eta Ajzen, I. (1975). Belief, attitude, intention and behavior: An introducction to theory and research. Reading, Addison Wesley.

Gadner, R.C. (1985). Social psychology and second language learning. London, E. Arnold.

Giles, H. (1977). Language, ethnicity and intergroup relations. London, Academic Press.

Giles, H. & Johnson, P. (1981). The role of language in ethnic group relations, in J.C. Turner & H. Giles (ed.) Intergroup behaviour. Oxford, Blackwell.

Gonzalez, M.P., 1989

Isasi, X. eta Iriarte, A. (1998). Euskararen kale erabilera. Txillardegiren eredu matematikoa. BAT Aldizkaria, 28, 51-80.

Joreskög, K. (1977). Structural Equations model in the Social Sciences: Specification, Estimation and Testing. In P. R. Krishnaiah (ed.) Application of Statistics. North-Holland Publishing.

Liebkind, K. (1999). Social Psychology. In: J.A. Fishman (ed.), Handbook of language and Ethnic Identity. New York, Oxford University Press.

Sachdev, I. eta Bourhis, R. Y. (1990). Language and social identification. D. Abrams & M. A. Hogg (ed.) Social identity theory: Constructive and critical advances. London, Harvester Wheatsheaf.

Sánchez Carrión, J. M. (1987). Un futuro para nuestro pasado. Claves para la recuperación del Euskara y teoría social de las Lenguas. Donosita, Elkar.

SIADECO (1978). Euskararen liburu zuria. Bilbo: Euskaltzaindia.

SIADECO (1979). Hizkuntz borroka Euskal Herrian. Bilbo: Euskaltzaindia.

SIADECO (1979). Euskararako Hizkuntz Plangintza. Bilbo: Euskaltzaindia.

SIADECO (1991). Euskararekiko Eritzi eta Jarrerak. In: M.-J. Azurmendi et al., Helduen berreuskalduntzeaz. Donostia: HABErako txostena.