Irratiak ertzak limatu dizkio euskara batuari

Odile Krutzeta
Aipamenak

Euskadi Irratiko kazetariok 20 urte pasa daramazkigu jendaurrean hitz egiten eta jakin badakigu hizkuntza zaindua zor diogula entzuleari. Horrek berarekin dakar Euskara Batuaren arauak zuzen betetzea, euskara jatorraren iturrietatik edatea, eta egoera komunikatibo desberdinei egokitzea. Baina teorian garbi dagoena eguneroko lanean uste baino ilunagoa da.


Hogei urteko perspektiba hartuta, esango nuke Euskadi Irratiak bi funtzio bete dituela Euskara Batuarekiko. Batetik, hizkuntza estandar berri hori hedatzen lagundu dugu eta, aldi berean, ertzak limatu dizkiogu; gozotu egin dugu. Zubiak eraiki ditugu euskararen batasunak eskatzen dituen forma jasoen artean eta sukaldeko mintzairaren artean.


Dena den, zalantza barik, euskalkien arloan izango dugu hurrengo urteotako erronketako bat. Euskalkien altxor oparotik euskara batuko eguneroko jardunera zer ekarri behar dugun identifikatzea eta lantzea izango da hurrengo urteotako lana. Premia horrekiko sentiberatasuna eta interesa nonahi arnas daiteke, giroan dago.


Luze joango litzateke Euskadi Irratiak ahozko hizkuntzaren ikuspegitik jorratu dituen –edo jorratu beharko lituzkeen– beste hainbat esparrutan murgiltzea. Hor dago, esaterako, ahoskera batua, ziur aski euskalkiekin batera ahozko hedabideetan hurrengo urteotako langai nagusietako bat izango dena. Hor dago, baita ere, badihoazkigun belaunaldiekin luzaro gabe egin beharreko beste lan bat.


EUSKARAREN AJEAK

Urtebetetze egunean Ibon Sarasola euskaltzainaren liburu bat oparitu zidan ahizpak. Garai hartan argitaratu berria zen Sarasolaren ‘Euskara Batuaren Ajeak’. Artean zazpi urte joan dira baina hitzaurreko pasarte bat gaur goizean irakurri banu bezain fresko daukat buruan. Izan ere, irratiko kazetariok eguneroko jardunean bizi dugun egoera surrealistaren erretratu paregabea eskaintzen du Ibon Sarasolak bertan:

Nik semeekin hitz eginez erabiltzen ditudan hozkailua eta aterkia ez ditut inoiz aitarekin erabili; dut ezta semearekin ere, eta ezta ere oraingoz beroki, baina saiatzen naiz biok erabiltzen jendaurrean, jendaurre anonimoan; metrailadore eta oliba jendaurrean ere ez nituzke esango, baina ez nuke besterik idatziko.

Eromena, ezta? Ba, Ibon Sarasolak planteatzen dituen gogoeta horiek eguneroko kezka ditugu gure lanean.

Euskadi Irratiko kazetariok 20 urte pasa daramazkigu jendaurrean hitz egiten eta jakin badakigu hizkuntza zaindua zor diogula entzuleari. Horrek berarekin dakar Euskara Batuaren arauak zuzen betetzea, euskara jatorraren iturrietatik edatea, eta egoera komunikatibo desberdinei egokitzea. Baina teorian garbi dagoena eguneroko lanean uste baino ilunagoa da. Azken batean gure jendaurre anonimoa oso jende multzo zabalak eta anitzak osatzen baitu. Batetik, Sarasolaren aitaren adineko jendea. Alfabetatugabeak baina hiztun bikainak. Bestetik, euskal eskolak alfabetatutako belaunaldi gaztea. Eta tartean, zuritik beltzerako gris gama osoan daukagun gizon eta emakumeen multzoa. Egoera komunikatibo berezi horretan, lexikoak buruhauste ugari ematen dizkigu.

BELARRIA ETA SENA, LANERAKO TRESNA NAGUSI

Joan den astean iragarki batzuk itzultzen ari nintzela zalantza sortu zitzaidan hitz pare batekin. Euskalterm-eko datu basera jo eta zenbait soluziobide eskaini zizkidan aukeran. Berehala lankide bati deitu nion telefonoz:

  • "Zer datorkizu burura hitz hauekin? ‘Ate gidariduna’
  • .......
  • "Ate lerragarria"
  • .......
  • "Ate irristagarria"
  • A! Zer da orduan, ‘ ate korredera’ bat?

Garbi dago zein berbaren aldeko aukera egin nuen, ezta?

Ez da metodorik zientifikoena, baina lankideen artean asko galdetzen diogu elkarri. Izan ere, erabakiak hartzeko orduan belarriak eta senak zeresan handia dute. Irratia oso hedabide berezia da. Ahula telebistaren ondoan. Irratian ez dago irudiaren laguntzarik. Ahula baita ere, prentsaren ondoan. Testu idatzia birritan irakur dezakezu atal ilunak hobeto ulertzeko, baina irratiak ez du mobiolarik. Beraz, irratian gauzak lehenengora ulertzeko eran esan behar dira, kolpetik ulertzeko moduan. Bestela komunikazioak huts egingo du.

AKADEMIAKO EUSKARA ETA SUKALDEKOA UZTARTUZ

Euskadi Irratia jaio aurretik euskarazko irratiak bazuen zorionez bide bat urratua eta esatari bikain haien jardunak marko oso egokia utzi zigun lanari ekiteko. Hala ere, Euskadi Irratia sortu zenean, duela hogeita bi urte, euskarazko hizkuntza informatiboa landu gabe zegoen. Eta nola kontatu futbol partiduak? Zein terminologia erabiliz? Eta nola samurtu Euskara Batuko zenbait proposamen, jakin-jakinik bere horretan utziz gero oso arrotz gertatuko zirela entzuleen belarrientzat?

Hogei urteko perspektiba hartuta, esango nuke Euskadi Irratiak bi funtzio bete dituela Euskara Batuarekiko. Batetik, hizkuntza estandar berri hori hedatzen lagundu dugu eta, aldi berean, ertzak limatu dizkiogu; gozotu egin dugu. Zubiak eraiki ditugu euskararen batasunak eskatzen dituen forma jasoen artean eta sukaldeko mintzairaren artean. Akademiako euskara eta etxekoa uztartzen saiatu gara.

Ordutik hona ibilbide luzea eta emankorra egin da. Adierazlerik onena kazetaritza fakultatetik datozkigun bekadunengan dago. Urtetik urtera hoberako aldaketa sumatzen da prosa informatiboan. Ez dago esaterik, ordea, denean ondo asmatu dugunik. Ezta gutxiagorik ere.

Oso kritika fin eta dotorea egin berri dio Xabier Mendiguren idazleak albistegietako lexikoari. "Badaude hedabideetan hitz batzuk etengabe ateratzen direnak: ekidin, ekimen ... euskaldun natural batek sekula esaten ez dituenak". Ez dakit zer pentsatuko duen Mendiguren idazleak zendu eta aburuz bezalako hitzen gainean, baina lehengoan entzule batek aipatu zigunez "azken boladan Euskadi Irratian ez da inor hiltzen; denak zendu egiten dira". Harrez gero belarria erne jarri dut eta arrazoi du.

KAZETARIEN IKUSPEGIA ETA HIZKUNTZALARIENA

Dena den, kazetariok ez gara hizkuntzalariak, eta noiz edo noiz gatazka pizten zaigu bi kolektiboetako ikuspuntuen artean. Bai batzuek eta bai besteok kezkaz bizi ditugu gaztelerak euskarari eragiten dion erosio lanaren ondorioak. Baina hartu beharreko neurrietan ez dugu erabateko adostasunik.

Gazteleraren eragina mugatzeko asmotan hizkuntzalariek komenigarri jotzen dute frantsesetik jasotako hitzak hobestea hiztegi baturako. Kazetarion iritziz, ordea, ia ezinezkoa da komunikazio egokia lortzea parachutista eta lontenienta bezalako hitzak erabilita. Zergatik? Gure egoera komunikatiboan entzulegoaren zatirik zabalena Hego Euskal Herrian daukagulako. Gure entzule gehienei, beraz, arrotz gertatzen zaizkie frantsesetik jasotako berbak. Komunikazioaren ikuspuntutik eraginkorragoa litzateke ulermen ahalegina entzuleen % 20ari eskatzea eta ez % 80ari.

Puntu honek, bestalde, atea zabaltzen digu garrantzizko gai bati heltzeko: euskalkien gaiari heltzeko, alegia. Tratamendu zabala mereziko lukeen gai bat da, baina artikulu motz honetan apunte batzuk baino ez dizkiot eskainiko.

EUSKALKIAK, HURRENGO URTEETAKO ERRONKA

Hasteko, euskalkiek argitara dakarte gizakiok hizkuntzarekiko daukagun lotura afektiboa. Lotura horren ispilu dira hedabideak. Ikus dezagun, esaterako, zer gertatzen den Bizkaiko irrati-entzuleekin. Bizkaieraren doinua duten entzuleen telefono deiak nekez entzuten ditugu Euskadi Irratiko eta Euskadi Gazteko antenetan. Baina hara hor, esatariaren ama-hizkuntza bizkaiera denean segituan azaltzen zaizkigula antenan Bizkaiko entzuleen ahotsak. Esataria euskara batuan aritu arren, etxeko bizkaieratik datorkion doinuak eta erabiltzen dituen esamoldeek erakarmen afektibo handia dute. Ondorioz, antenan Bizkaiko entzuleen ahotsak azaltzen hasten zaizkigu. Behatu dugunez, presentzia horrek ez du hainbesteko loturarik saioak esku artean darabilen hizketa gaiarekin. Esatariaren euskalkiarekin du lotura.

Egoera honek bigarren irakurketa bat ere badu, bestalde. CIES etxeak egindako entzuleen neurketen datuei erreparatzen badiegu, Bizkaiko entzuleen kopurua biziki ugaltzen da esatariaren ama-hizkuntza bizkaiera denean. Zoritxarrez, Gipuzkoako entzule-kopuruaren kaltetan gertatzen da hori; horrelakoetan, gipuzkoarren kopuruak behera egiten baitu. Datua ez da behingoa bakarrik. Behin eta berriro errepikatu zaigu CIES etxeak egindako entzuleen neurketetan.

Irratiko egoera ideala, beraz, euskalkien arteko oreka gordeko lukeen kazetari taldea litzateke. Baina inori ez diot sekreturik kontatuko, esanaz, euskaldunok gure jaioterriarekiko maitasun handia dugula. Non lan egin aukeratzeko orduan, jaioterritik hurbilen daukagun lekua aukeratzen dugu. Euskadi Irratia eta Euskadi Gaztea Donostian kokatuta daudenez gipuzkoarra da bertako azterketa-oposizioetara aurkezten den kazetari taldearen zatirik handiena. Erruz, gainera. Beste horrenbeste gertatzen da ordezkapenak egiteko izen ematen duten kazetariekin. Baina kuriosoena dugu belaunaldi berriek ildo beretik jarraitzen dutela. Bekadun izateko izen-ematen duten kazetaritzako ikasleen proportzio nagusia ere gipuzkoarren aldekoa da, alde handiarekin.

Dena den, zalantza barik, euskalkien arloan izango dugu hurrengo urteotako erronketako bat. Euskalkien altxor oparotik euskara batuko eguneroko jardunera zer ekarri behar dugun identifikatzea eta lantzea izango da hurrengo urteotako lana. Premia horrekiko sentiberatasuna eta interesa nonahi arnas daiteke, giroan dago. Herri aldizkarien munduan, tokian tokiko hizkeraren errebindikazio nabarmena azaltzen zaigu aspalditxotik. Euskaltzaindiak berak adierazpen bat onartu zuen aurtengo martxoan non euskara baturako eta euskalkietarako esparru eta joko-arau zehatzagoak ezartzea zuen helburu.

IRIZPIDE SENDOEN GAIN BAKARRIK LORTUKO DU KAZETARIAK BEREGAINTASUNA

Beti bezala, lanari ekiteko zailtasun nagusia irizpide egokiak garbi edukitzean datzala deritzot. Alderdi horretatik, funtsezkoa da EITBko hedabideontzat Lurdes Oñederra EITBko Hizkuntza Arduradunaren gidaritza lana. Oñederra hizkuntzalariak ondo dioen bezala "Irizpide sendoen gainean bakarrik lortuko dugu estilo eredugarria eta kazetariak bere kasa funtzionatu ahal izatea, zuzentzaile bat alboan beti izan gabe"

"Epe luzeagorako azken helburu, kazetariaren beregaintasuna genuke" dio EITBko Hizkuntza Arduradunak. Izan ere, lehenago esan dudan bezala, kazetariontzat lan-tresna da euskara baina, hizkuntzalari ez garenez, laguntzaileak behar ditugu normalizaziorako bidean. Ez dut aipatu barik laga nahi, beraz, EITBko Euskara Zerbitzutik jasotzen dugun laguntza inportantea. Laguntza hori bi ekinbidetan laburbildu daiteke, batipat. Batetik, akatsak zuzentzera etorri dena; bestetik, hitz bilduma espezializatuak eskaintzera bideratua. Zuzenketari dagokionez, Euskara Zerbitzuko hizkuntzalariek landutako esku orriak izan ditugu baliabide gisa irratian. Beraietan biltzen dira kazetarion akatsik arruntenak eta haiei dagozkien zuzenketak. Hiztegi espezializatuari dagokionez, berriz, irratiko kazetariok biziki estimatzen dugun laguntza da hori. Gertaera nagusi baten aurrean (Irakeko Gerra dela, Olinpiar Jokoak, Zinemaldia ...) Euskara Zerbitzuak gaiari lotutako hiztegi espezializatuak prestatu eta banatzen ditu lanerako material gisa. Euskarri horri esker, buruhauste ugari kentzen dizkigu eta, gainera, EITB osorako lexiko homogeneoa bideratzen digu.

ETORKIZUNARI BEGIRA

Luze joango litzateke Euskadi Irratiak ahozko hizkuntzaren ikuspegitik jorratu dituen –edo jorratu beharko lituzkeen– beste hainbat esparrutan murgiltzea. Hor dago, esaterako, ahoskera batua, ziur aski euskalkiekin batera ahozko hedabideetan hurrengo urteotako langai nagusietako bat izango dena. Hor dago, baita ere, badihoazkigun belaunaldiekin luzaro gabe egin beharreko beste lan bat. Honakoa: gure aitajaunek eta amandreek hain dotore eta trebe erabiltzen dituzten ahozko baliabideen bilketa eta azterketa sistematizatua. Adineko jendearen kontakizunak daukan gatza eta piperra behar ditugu gure prosa komunikatiboari plastiko usaina kentzeko. Horrez gain, publizitatean erabiltzen ari garen hizkerak ere azterketa merezi du. Eta horrela, abar luze bat osatzeko adina lan izango genituzke.

Anglosaxoien munduan, BBC English izenarekin bataiatu dute ingeles jasoaren eta zainduaren eredua. Nahiago nuke Euskadi Irratiak, Euskadi Gazteak eta, oro har, EITBko hedabideok erreferentzialtasun hori lortuko bagenu euskal hiztunen artean, kalitatezko euskararen eredu gisa.