Kuadrillategi egitasmoa
Esan bezala talde guztiek arautzen dute nolakoa behar duen izan bere baitan kideen arteko hartu-emana. Gauzak horrela, talde guztiek arautzen dute nolakoa behar duen izan bere baitan kideen arteko hizkuntzazko jokaera, baita zein hizkuntza erabiliko den. Beste era batera esanda, taldeak arautzen du, modu aitortuan nahiz aitortu gabean, taldearen baitan kideek elkarrekin euskaraz ala erdaraz egingo duten.
Kuadrillategiren kasura etorrita, taldeek esplizitatu beharrekoa honakoa da: prest daudela gurean parte hartzeko gutxienezko baldintzak betez, hots, lagunarteko bost lagunekin batera emango dutela izena eta gurean diharduten denbora osoan elkarrekin euskara hutsez egingo dutela. Nola edo hala, gure aisialdi eskaintzan parte hartzeko eskaera egiten duen unetik beretik, koadrilak esplizitatu egiten du baldintza jakin batzuetan jokatzeko prestutasuna, hau da, euskaraz jokatzeko prestutasuna.
Kuadrillategi egitasmoa gure esku-hartzearen hastapen teoriko eta metodologikoetan sakontzeko aukera ematen digun ikerketa bada ere, gazteentzat, euskaraz egiten den aisialdi eskaintza bat besterik ez da. Aisialdian gauzatu da gure esku-hartzea eta horrek gure marko metodologikoa baldintzatu du ezinbestean. Gure marko metodologikoaren isla dugu segidako diseinua:
Ikasturte barruan astero bizpahiru orduz lagunarteko lagunekin euskara hutsez diharduen gazteak alda dezake lagunekin euskaraz egiteari buruz zuen hautematea. Guztiz arrotza eta nekeza gertatzen zitzaion jokaera ez zaio ikasturtearen buruan hain arrotza eta nekeza egiten, eta, jokaera errepikatzearen poderioz, ohitura bihur daiteke. Horrelaxe lortzen du koadrila batek hizkuntzazko ohitura euskararen aldera iraultzea, Kuadrillategitik kanpo.
Diseinu hau 2001. urtean abiatu zen hainbat udalerritan bi ikasturtez. Segidan azalduko ditugun emaitzak biurteko horri dagozkio, eta irakurleak ikusi ahal izango duenez, emaitzak baikorrak dira. Gure unibertsoa 105 gaztek osatu dute. Azterketa honen alderdi metodologikoak Kuadrillategi 2001-2003: koadriletan euskararen erabilera suspertzeko egitasmoaren emaitzak izeneko liburuan azaltzen dira luze eta zabal.
Laburbilduz, beraz, argi dago esku-hartzea euskararen erabilera suspertzeko guztiz eraginkorra dela; berdin dio taldearen ezaugarria, esku-hartzean murgilduz gero euskararen erabilerak gora egiten du taldean. Hala ere, hizkuntzazko ohituraren aldaketa prozesua erabat gauzatzeko, taldeak ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu bi urteren buruan euskararen aldeko joera erakutsiko badu. Ezaugarri horiek eman ezean, nekez lortuko du taldeak bi urteren buruan euskararen aldeko joera erakustea
Lagunartean edo koadriletan euskararen erabilera sustatzeko helburuz, hainbat udalerritan bi ikasturtez luzatu den esku-hartzea eta ikerketa dugu Kuadrillategi Egitasmoa. 2001-2002 ikasturtean, esaterako, zortzi udalerrik abiatu zuten Kuadrillategi: Lasarte-Oriak, Andoainek, Urnietak, Beasainek, Debak, Bergarak, eta Aretxabaletak. Urtebete geroago beste hiru herrik abiatuko zuten: Atarrabiak, Uhartek, eta Burlatak. Esku-hartzearen sustatzaileak hiru izan dira: tokian tokiko Euskara Zerbitzua eta Euskara Elkartea batetik; eta bestetik, Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza elkartea. Azken hau orain hiruzpalau urte sortu bazen ere, bertan dihardutenek, hala nola, Pello Jauregi doktoreak, urte asko daramatzate esku-hartzea eusten duen marko teorikoa eta metodologikoaren inguruan ikertzen. Kuadrillategi egitasmoaren ibilbidea luzea da benetan, hamabi urte igaro dira lehen aldiz Pello Jauregik koadrila bat hartu eta haren euskalduntzeari heldu zionetik. Irakurleak orain esku artean ibiliko dituen emaitzak eta datuak, berriz, 2001eko irailetik 2003ko ekainera bitartean iraun eta arestian zerrendatu ditugun udalerrietan burutu zen ikerketa aldiari dagozkio.
MARKO TEORIKOA
Koadriletako kideen arteko hartu-emanak hobetzen direlakoan, taldeak makina bat arau adostu eta ezartzen ditu. Honakoak aitortuak zein aitortu gabeak izan daitezke. Lehenengoak jakinaren gainean betetzen dira, eta bigarrenak, aldiz, oharkabean. Taldean jarraitzearren kide guztiek bete behar dituzte arauak. Kideren batek arauren bat betetzen ez duenean taldea desorekatu egiten da. Taldea, noski, ahalik eta denborarik laburrenean saiatuko da oreka berreskuratzen: a) indarrean zegoen araua aldarrikatuz, edo b) araua apurtu duen jokaera berriaren alde jokatuz; hau ere egokia delakoan kideen arteko harremanak kudeatzeko.
Prozesu hau, dena den, ez da gertatzen talde-batzarra deituta edota bozka emanez, jokaera berriaren aurrean modu jakin batez jokatuz baizik, hau da, jokaera berria burutu duen laguna baztertuz, joz, zigortuz, haren kontura parra eginez, harekin haserretuz, hitza ukatuz, eta beste. Jokaera berriaren aurrean, dena den, ez dute kide guztiek zertan berdin jokaturik, izango dira jokaera arbuiatzen dutenak, baina izango dira jokaera berria goraipatzen dituztenak ere. Lehia handia izan daiteke kideen artean arauak zehazteko garaian. Lehia horretan, taldea bera desegin daiteke. Talde guztiak aritzen dira arauak aldatzen edo berresten etengabe.
Esan bezala talde guztiek arautzen dute nolakoa behar duen izan bere baitan kideen arteko hartu-emana. Gauzak horrela, talde guztiek arautzen dute nolakoa behar duen izan bere baitan kideen arteko hizkuntzazko jokaera, baita zein hizkuntza erabiliko den. Beste era batera esanda, taldeak arautzen du, modu aitortuan nahiz aitortu gabean, taldearen baitan kideek elkarrekin euskaraz ala erdaraz egingo duten.
Zergatik egiten du orduan talde batek erdaraz?
Taldeak horrela arautu duelako, hots, talde barruko hizkuntzazko jokaera eusten duen arautegiak hala agintzen duelako. Jakinaren gainean arau dezake taldeak erdaraz hitz egitea (arau aitortua); maiz, ordea, ez da arrazoirik izaten (aitortu gabeko araua), besterik gabe, ekinaren poderioz erdaraz hitz egitea ohitura bihurtzen da, eta zaila gertatzen zaio taldeari ohitura bihurtu den hizkuntzazko jokaerari aurre egitea.
Nola has daiteke taldea euskaraz bizitzen?
Euskaraz egitea galarazten duen arautegia gaindituz, hau da, ohituraren aurka doan jokaerari helduz: gure kasuan, euskaraz hitz eginez. Erdaraz hitz egiteko ohitura duen talde batean euskaraz egiterakoan, hizkuntza araua apurtzen da. Lehen esan dugun bezala, gertaera honen aurrean taldeak bi joera har ditzake: aurreko araua aldarrika dezake, edo, araua apurtu duen jokaera berriaren alde joka dezake, honakoa ere egokia delakoan. Talde osoak ez du aho batez zertan jokaera berriaren alde edo aurka jarririk, gerta daiteke taldeko kideen artean lehia handia piztea.
Kuadrillategiren kasura etorrita, taldeek esplizitatu beharrekoa honakoa da: prest daudela gurean parte hartzeko gutxienezko baldintzak betez, hots, lagunarteko bost lagunekin batera emango dutela izena eta gurean diharduten denbora osoan elkarrekin euskara hutsez egingo dutela. Nola edo hala, gure aisialdi eskaintzan parte hartzeko eskaera egiten duen unetik beretik, koadrilak esplizitatu egiten du baldintza jakin batzuetan jokatzeko prestutasuna, hau da, euskaraz jokatzeko prestutasuna.
Prestutasuna, ordea, ez da gauza nahikoa jokaera berria ohiturazkoa bihurtzeko. Ohikoa ez den hizkuntzan jardutea jokaera berria da. Jokaera berria behin eta berriro gauzatuz baino ez da jokaera automatiko eta ohiturazko egingo. Berezko taldeek, hortaz, elkarrekintzan maiz samar jardun behar dute hizkuntzazko jokaera berria esperimentazio fasetik automatismo fasera igarotzeko.
Zein baldintza bete behar dira talde batean euskararen aldeko jokaera eman dadin?
Badira hainbat baldintza objektibo (soziolinguistiko) bete beharrekoak:
*Taldekide elebakarren presentzia eta taldekide euskaldunen kopurua eta hizkuntza gaitasunaren maila: Taldeko lagun guztiek euskaraz jakin behar dute. Oinarrizko gaitasuna, bederen, erakutsi behar dute. Nekez hitz egingo dute elkarrekin euskaraz, euskaraz txintik ez dakitenek. Erdal elebakarren presentziak, esaterako, erabat zapuz ditzake hizkuntzazko jokaera euskararen aldera mugitzeko ahalegin guztiak. Taldekide euskaldunen kopurua eta hizkuntza gaitasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta errazago bideratuko da hizkuntzazko ohituraren aldaketa.
*Euskaldunak eta erdaldunak taldearen egituran betetzen duten funtzioa, betetzen duten tokia: Taldeko lidergoa euskaldunen esku egonda, erdaldunen esku egonda baino errazago egingo du aurrera prozesuak.
*Taldea mugitzen deneko giroa: Prozesuak errazago egingo du aurrera testuinguru euskaldun batean erdaldun batean baino.
Baldintza objektiboaz gain, badira beste hainbat baldintza subjektibo (psikolinguistiko) ere bete behar direnak. Hona hemen jokaera berria eman dadin hiztunarengan gertatu behar diren hautemateak:
*Jokaera berria desiragarritzat jo behar du hiztunak. Euskararen kontrakoek edo axolagabeek ezer gutxi egingo dute lagunartean euskaraz egin dadin. Izan daitezke, gainera, euskaraz ulertzearekin konformatzen direnak, edota euskararen aldeko jaialdi erraldoietan euskaraz egitearekin konformatzen direnak. Hauek ere ezer gutxi egingo dute lagunartean euskaraz egin dadin.
*Jokaera berria egingarria eta erabilgarria jo behar du hiztunak, hau da, euskaraz ere kideen arteko hartu-emanak modu egokian kudea daitezkeela hauteman behar du. Euskaraz galdetu, agindu, adierazi, maitatu, zirikatu, zein gorrotatu ezin dela uste duenak nekez egingo du euskaraz taldean.
*Jokaera berriak neurriko ahalegina eskatzen diola hauteman behar du hiztunak. Euskaraz egiterakoan neke-penetan eta izerdi patxetan ematen duen lagunak nekez izango du euskaraz egiteko gogorik.
Kalean, gutxitan gertatzen dira baldintza horiek guztiak aldi berean. Erdarari dagokionez, ordea, kalean maiz gertatzen dira baldintza horiek guztiak. Kalea dugu, zalantzarik gabe, erdaraz ikasi eta bizitzeko eskolarik onena. Euskaraz ikasi eta bizitzeko, ostera, gune babestuak behar izaten dira, arestian zerrendatu ditugun baldintzak bermatuko dituztenak. Kuadrillategi dugu euskaraz bizitzen hasteko koadrilei eskaini zaien gune babestu bat.
Gauzak horrela, hona hemen gure oinarri teorikoak laburbilduta:
*Hizkuntzazko jokaera, jokaera kolektiboa da, taldeak adostu eta arautzen duena.
*Hizkuntza ohituraren trataerak ikuspegi kolektiboa eskatzen du, horregatik dugu taldea gure esku-hartzearen unitate.
*Taldeak esperimentatzeko gogoa adierazi behar du, hots, esplizitatu behar du prest dagoela baldintza jakin batzuetan gurean parte hartzeko; eta ondorioz, euskaraz jarduteko prest dagoela.
*Euskarari eusteko gutxieneko baldintzak betetzen dituen gune babestu batean taldea murgilaraztean datza gure esku-hartzea.
*Denbora epe jakin batean euskaraz jokatzearen poderioz, euskaraz aritzeari buruz dituzten hautemateak alda daitezke. Jokaera arrotza izateari utzi eta ohitura bihur daiteke lagunekin euskaraz egitea.
*Gune babestuan errotutako hizkuntzazko jokaera kalean eman dadin, baldintzak bermatuko dituen harreman sareari eutsi beharko dio taldeak gune babestutik kanpo.
MARKO METODOLOGIKOA
Kuadrillategi egitasmoa gure esku-hartzearen hastapen teoriko eta metodologikoetan sakontzeko aukera ematen digun ikerketa bada ere, gazteentzat, euskaraz egiten den aisialdi eskaintza bat besterik ez da. Aisialdian gauzatu da gure esku-hartzea eta horrek gure marko metodologikoa baldintzatu du ezinbestean. Gure marko metodologikoaren isla dugu segidako diseinua:
- Ikerketak aisialdiko eskaintza soilaren itxura hartuko du gazteei aurkezterakoan.
- 14 urteko gaztetxoei eskainiko zaie egitasmoa; hots, DBHko 3. mailakoei.
- Bi urtez iraungo du egitasmoak; beraz, 16 urte izango dituzte bukatzean.
4) Hiru baldintza bete behar dituzte, ezinbestean, egitasmoan parte hartzeko:
a. Ikasketak B edo D ereduan egitea
b. Taldekako izen-ematea: gutxienez 5 lagunek eman behar dute izena.
- Egitasmoko jardueretan euskaraz mintzatzea.
5) Egitasmoak bi jarduera-mota eskainiko ditu:
a. Kulturako tailerrak: 4 orduz astean, herrian bertan.
- Oporraldietako jarduera ludikoak: herrien artean.
6) Tailer bakoitzak hiru lagunarte elkartuko ditu, eta dinamizatzaile batek hartuko du haren ardura.
7) Hilabetean behin aldatuko dira tailerreko partaideak, hiru lagunarte ezberdin elkartuz aldi bakoitzean.
8) Lagunarte bakoitzak lau bilera egingo ditu ikasturteko, dinamizatzaile batekin, bere satisfazio-mailari neurria hartzeko.
Esan bezala, gure esku-hartzea aisialdian gauzatu da, eta horrek, halabeharrez, gure esku-hartzea baldintzatu du. Izan ere, aisialdia definizioz ezin baita derrigorrezkoa izan borondatezkoa baizik, hortaz, taldeak gure aisialdi eskaintzan parte hartzea erabakitzen duenean baino ezin izango da esku-hartzea aurrera eraman. Zer dela-eta, ordea, erabakitzen du talde batek gurera hurreratzea? Ikus dezagun jarraian zer eskaintzen duen Kuadrillategik.
*Gune fisiko bat biltzeko.
*Jende berria ezagutzeko aukera.
*Gauza berriak egiteko aukera. Gure helburua, dena den, ez da inor ezertan trebatzea izan, baizik eta denbora librean egin daitezkeen gauzak erakustea. Handik urte gutxira, erabaki ahal izango dute egin dituzten gauzen artean zein duten gustukoen, eta horri ganoraz heldu ahal izango diote federatuz edo elkarteren batera joz.
Kuadrillategik behar horiek asetzen badizkie hurreratu diren lagunei, taldeek behar adina egingo dute Kuadrillategin irauteko, horregatik garrantzi handiko kontua da lagunen asetze maila. Etengabe erreparatzen zaio lagunen asetze mailari. Gure esku-hartzearen oinarria da. Kuadrillategik behar horiek asetzea lortzen ez badu, aspertuta taldeak egitasmoa utziko du esku hartzea, horrela, ezinezkoa eginez. Egitasmoak behar horiek asetzen dituen heinean, aitzitik, esku-hartzeak aurrera egin ahal izango du, eta taldeek inoiz hizkuntzazko jokaera euskararen aldera irauli ahal izango dute.
Parte hartzea derrigorrezkoa ez den heinean, gure aisialdi eskaintzaren truke hainbat eskakizun egin ahal izan diogu taldeari. Eskakizunak onartuz gero eta betez gero, taldeak aurrera egin ahal izan du gurean, onartu edo bete ezean, ostera, egitasmotik kanpo geratu da. Zeintzuk dira parte hartzeko baldintzak:
*parte hartuko duten lagunek gutxienezko euskara gaitasuna izatea.
*taldeko bost lagunek ematea gutxienez izena.
*gurean daudenean euskara hutsez egitea. Ez zaie euskaraz ondo hitz egiteko eskatu, zailtasunak zailtasun, euskara hutsez egitea baizik.
Kuadrillategin diharduten denboran, lagunek euskara hutsez mintzatu behar dira elkarrekin. Horixe da gure esku-hartzearen funtsa. Baldintza hori bete ezean, ez dago erdararen aldeko hizkuntzazko ohitura aldatzerik. Nola lortzen dugu, ordea, gurean diharduten denboran, lagunak euskara hutsez mintza daitezen? Hain zuzen, euskaraz hitz eginarazten dien testuinguruan murgilduz. Izena emateko garaian, lagunei argi asko azaltzen zaie ezen, Kuadrillategik eskaintzen dien aisialdiaren truke, elkarrekin euskara hutsez egin beharko dutela egitasmoko orduetan. Hortaz, aipatutako testuingurua Kuadrillategi egitasmoa bera dugu. Trukea onartuz gero, aurrera egiten dute; onartu ezean edota bete ezean, egitasmotik kanpo geratuko dira. Aisialdiko eskaintzan parte hartu nahi duenak, noski, euskaraz egingo du. Horregatik diogu testuinguruak hala agintzen dielako egiten dutela gazteek euskaraz elkarrekin. Ez dago, inondik ere, lagunen esku euskaraz egitea edo ez. Kuadrillategin hasten den gazte orok badaki, aisialdiko eskaintzaren truke, euskara hutsez egin beharko duela eta, hitzartutakoa bete ezean, egitasmotik kanpo geratuko dela.
Ikasturte barruan, taldeekin hainbat saio berezi egiten dira. Negoziazio-saioak deritzen horietan, gazteek esaten digute ea eskaintza gustukoa duten. Guk, bestalde, baldintzaren bat bete ezean, egitasmoan jarraitu ahal izateko baldintza bete behar dutela gogorarazten diegu. Hiru asteko epea ematen zaie, eta, epe horretan ez badute jokaera aldatzen, egitasmoa utzi egin beharko dutela jakinarazten zaie.
Ikasturte barruan astero bizpahiru orduz lagunarteko lagunekin euskara hutsez diharduen gazteak alda dezake lagunekin euskaraz egiteari buruz zuen hautematea. Guztiz arrotza eta nekeza gertatzen zitzaion jokaera ez zaio ikasturtearen buruan hain arrotza eta nekeza egiten, eta, jokaera errepikatzearen poderioz, ohitura bihur daiteke. Horrelaxe lortzen du koadrila batek hizkuntzazko ohitura euskararen aldera iraultzea, Kuadrillategitik kanpo.
KUADRILLATEGI EGITASMOAREN EMAITZAK: 2001-2003
Azken hamabi urte hauen buruan gure esku-hartzearen marko teorikoa eta metodologikoa finduz joan gara egun indarrean dagoen diseinua eratu arte. Ikusgai genuen, hala ere, diseinu berriak beteko ote zituen iguripenak
Diseinu hau 2001. urtean abiatu zen hainbat udalerritan bi ikasturtez. Segidan azalduko ditugun emaitzak biurteko horri dagozkio, eta irakurleak ikusi ahal izango duenez, emaitzak baikorrak dira. Gure unibertsoa 105 gaztek osatu dute. Azterketa honen alderdi metodologikoak Kuadrillategi 2001-2003: koadriletan euskararen erabilera suspertzeko egitasmoaren emaitzak izeneko liburuan azaltzen dira luze eta zabal.
Ikus ditzagun, bada, jarraian, emaitzarik aipagarrienak.
Lagunen erabilerari buruzko emaitzak
Kuadrillategi aurretik 55 gaztek euskaraz hitz egiten zuten, hau da, euskararen aldeko joera erakusten zuten. Hortaz, 50 gaztek baino ezin zuten euskararen erabilera hobetu. Ondorengo taulan ikus daitekeenez, bi ikasturteren buruan, nabarmen egin du gora joera nabarmenik erakusten ez zuten gazteen kopuruak. Gora egin du euskararen aldeko joera erakusten zuten gazteen kopuruak ere, baina modu apalagoan. Kuadrillategi aurretik erdararen aldeko joera erakusten zuten gazteei dagokienez, berriz, erabat murriztu da kopurua. (ikus 1.taula)
|
1. taula |
HASIERAN |
BUKAERAN |
|
Euskararen aldeko joera |
55 gazte:%52,3 |
62 gazte:%59,0 |
|
Joera nabarmenik ez |
27 gazte:%25,7 |
40 gazte:%38,1 |
|
Erdararen aldeko joera |
23 gazte:%21,9 |
3 gazte:%2,8 |
|
GUZTIRA |
105 gazte:%100 |
105 gazte:%100 |
Ikus dezagun, hala ere, emaitzen bilakaera nola eman den.
|
2. taula |
gazteen erabilera bukaeran |
||||
|
Euskararen aldeko joera |
Joera nabarmenik ez |
Erdararen aldeko joera |
Guztira |
||
|
gazteen erabilera hasieran |
Euskararen aldeko joera |
51 |
4 |
55 |
|
|
Joera nabarmenik ez |
10 |
16 |
1 |
27 |
|
|
Erdararen aldeko joera |
1 |
20 |
2 |
23 |
|
|
Guztira |
62 |
40 |
3 |
105 |
|
Kuadrillategi aurretik, 55 gaztek erakusten zuten euskararen aldeko joera. Horietatik 51 gaztek bukaeran ere euskararen aldeko joera erakusten jarraitu du. Izandako galera, beraz, ez da esanguratsua izan, 4 lagun besterik ez. Aitzitik, erabilera hobe zezaketen 50 gazte horien artean 23 gaztek lortu dute erabilera hobetzea, hau da, erabilera hobe zezaketen gazteen % 62k. Horietatik 11 gaztek, gainera, euskararen aldeko joera erakustea lortu dute, erabilera hobe zezaketen gazteen % 22k. Gainerako 20 gazteek modu nabarmenean hobetu dute erabilera maila, baina ez dute lortu helburua erabat gauzatzea. Galerak, oraingoan ere, ikus daitekeenez ez dira esanguratsuak izan. Aurretik aipatu dugun laukoteari beste hiru lagun baino ez zaizkio gaineratu behar. Horiek horrela, esan dezakegu gazteen erabilera sustatzeko Kuadrillategi egitasmoa eraginkorra izan dela.
Lagunen gaitasunari buruzko emaitzak
Gaitasunari dagokionez, emaitzak apalagoak izan badira ere, datuek argi erakusten dute egitasmoan parte hartu duten gazteen ehuneko esanguratsu batek hobetu duela bere gaitasuna. Hori horrela, esan dezakegu gaitasunaren hobetzeari begira ere egitasmoa eraginkorra gertatu dela. (Ikus 3.taula)
|
3. taula |
HASIERAN |
BUKAERAN |
|
OSO ONGI |
51 gazte: % 48,5 |
54 gazte: % 51,4 |
|
NAHIKO ONGI |
31 gazte: % 29,5 |
44 gazte: % 41,9 |
|
ZERBAIT |
23 gazte: % 21,9 |
7 gazte: % 6,6 |
|
GUZTIRA |
105 gazte: % 100 |
105 gazte: % 100 |
Kuadrillategi aurretik, 51 gaztek hitz egiten zuten euskaraz oso ongi; hortaz, 54 gaztek baino ezin zuten gaitasuna hobetu. Gaitasuna hobe zezaketen gazteen % 37k hobetu dute beren gaitasuna Kuadrillategi amaitzean. Hortaz, gaitasunari dagokionez, esan dezakegu izan dela hazkunde adierazgarririk. Edonola ere, multzoak banaka aztertuz gero, ez dirudi multzo guztietan hazkunde esanguratsurik izan denik. Hasieran euskaraz "oso ongi" hitz egiten zuten gazteen multzoan, adibidez, hazkundea txikia izan da; "nahiko ongi" hitz egiten zuten gazteen multzoan, aldiz, hazkundea esanguratsua izan da (ikus 5. taula).
|
4. taula |
gazteen gaitasuna bukaeran |
||||
|
OSO ONGI |
NAHIKO ONGI |
ZERBAIT |
Guztira |
||
|
gazteen gaitasuna hasieran |
OSO ONGI |
51 |
51 |
||
|
NAHIKO ONGI |
3 |
27 |
1 |
31 |
|
|
ZERBAIT |
17 |
6 |
23 |
||
|
Guztira |
54 |
44 |
7 |
105 |
|
Erabilerarekin gertatu bezala, oraingoan era galerak ez dira, inolaz ere, esanguratsuak gertatu. Euskaraz oso ongi hitz egiten zuten gazteen multzoan ez da galerarik izan, eta euskaraz nahiko ongi hitz egiten zuten gazteen multzoan, berriz, lagun bakar batek baino ez du atzera egin.
Laburbilduz, beraz, argi dago esku-hartzea euskararen erabilera suspertzeko guztiz eraginkorra dela; berdin dio taldearen ezaugarria, esku-hartzean murgilduz gero euskararen erabilerak gora egiten du taldean. Hala ere, hizkuntzazko ohituraren aldaketa prozesua erabat gauzatzeko, taldeak ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu bi urteren buruan euskararen aldeko joera erakutsiko badu. Ezaugarri horiek eman ezean, nekez lortuko du taldeak bi urteren buruan euskararen aldeko joera erakustea, hau da hizkuntzazko ohituraren prozesua erabat gauzatzea. Asko jota, prozesua abiatu ahal izango du erdararen aldeko joera baztertuz, eta ez da lorpen makala, hori baita lehen urratsa inoiz euskararen aldekoa erakusteko.
BIBILIOGRAFIA KOMENTATUA
*JAUREGI ETXANIZ, Pello (1998): Berezko taldeak euskalduntzeko ikas estrategiak. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua.
Liburu honetan luze eta zabal azaltzen da gure esku-hartzea eusten duen marko teorikoa. Lehenengo ikerketa zikloan eman zen ikerketaren nondik norakoak ere biltzen dira. Liburu mardula da, doktorego tesi bati dagokion moduan. Sarrera eta oinarri teorikoak biltzen dituen bigarren atalaren irakurketa gomendatzen dut. Lehenengo bi puntuak batik bat, ikuspegi indibidualista versus ikuspuntu kolektiboa, eta berezko taldeak eta hizkuntza sozializazioa izenekoak. Euskalgintzan buru belarri denbora luzean jardun duen gizona dugu Jauregi. Oso ondo ezagutzen du euskalgintza, eta egun indarrean dagoen hainbat joerari kritika zorrotza egiten dio aipatu ataletan.
*JAUREGI, Pello; EGIZABAL, Diego; HUEGUN, Axier; eta beste (2000): Kuadrillategi. Gazte-ak eta euskara. Gazteen euskarararen erabilera sustatzeko gida liburuan, 130-141. Lasarte-Oria. Hik Hasi.
Tesi-lana baino didaktikoagoa, modu argigarri eta labur batez gure esku-hartzea eusten duen marko teorikoa azaltzen da. Bigarren ikerketa zikloan eman zen ikerketaren nondik norakoak ere biltzen dira labur-labur, baita orduko marko metodologikoa ere.
*EGIZABAL OLLOKIEGI, Diego (2004): Kuadrillategi 2001-2003. Koadriletan euskararen erabilera suspertzeko egitasmoaren emaitzak. Caja Laboral-Euskadiko Kutxa.
Hirugarren ikerketa zikloan eman zen ikerketaren nondik norakoak biltzen dira xehetasun osoz. Irakurterraza, esku-hartzearen marko metodologikoa azaltzeaz gain, esku-hartzearen emaitzak ere xehetasun osoz biltzen ditu liburuak. Gure esku-hartzearen eraginkortasunaz jakin nahi duen orok liburu honetara jo beharko du derrigorrez.



