Iritzia: EHE
Honen aurrean, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeari ekin behar zaio lehentasunez, hortik etorriko baita, besteak beste, euskararen erabileraren gorakada. Administrazioek zein gainontzeko eragileek normalkuntza plan egokiak jarri beharko lituzkete abian horretarako, herriz gaindiko eragileetatik hasi eta herri mailakoetaraino.
Hau guztia lortzeko bidea nabarmen erraztuko litzateke euskararen lurralde osoan lege babes bakarra edukiko balu euskarak, euskaldunon hizkuntza eskubideak aitortuko dituena eta normalkuntza prozesua babestuko eta azkartuko lukeena. Euskararen benetako ofizialtasunaren alde indarrak egituratu beharko dira, beraz, oinarri sendoa edukitzeak aitzinean aipaturikoak lortze bidea samurrago izatea ahalbideratuko duelako.
Euskal jendartearen euskararen erabilera kezkagarriaren aurrean euskalgintzan eta baita beste hainbat eremutan diharduten talde ezberdinek ahaleginak egin dituzte urte hauetan zehar egoera hori irauli nahian. Eginahal honetan egongo ziren segur aski aurrerapauso egokiagoak emateko aukerak, euskaldun orok euskaraz egingo bagenu egoera oso ezberdina izango litzatekeela ere egia baita, baina ezin ahantz daiteke gaur egun euskararen egoeraren erantzuleak ez garela herritar euskaldunak, nahiz eta sarri gure burua zigortu. Egoera honen jatorria mendeetatik datorren hizkuntza ordezkapena eta horretarako erabiltzen diren tresnak dira, alegia egun ezarrita dauden euskararen lege zatiketa eta horren araberako hizkuntza politikak. Zeintzuk dira euskara erabiltzeko gaur euskal jendartean dauden aukerak eta esparruak? Nola ordezkatu da hizkuntzaren ezagutza eta erabilpena historian zehar? Oro har, aipatu tresna horiek lagundu baino, kalte egin diote euskararen erabilpenari, erabilerarako esparruak murriztu baitituzte.
Sarri, Arabatik, Bizkaitik, eta Gipuzkoatik kanpo ikusten da arazoa; horrela, euskal politikariek harro aho bete dihardute Lapurdin, Nafarroa Beherean, eta Zuberoan zein Nafarroa Garaian euskararen kontra bertako erakundeek darabilzkien politikak salatzeko orduan. Besteen gaitzak ateratzea ondo dago baina aurretik nork bere egin beharrei erreparatzeak ere asko balio izaten du horrelakoetan, hiru lurralde horietako egoera ere benetan kezkagarria baita. Azken 25 urteetan, euskara babesean egon dela esaten diguten arren, euskararen erabilerak oso gutxi egin du aurrera eta zonalde batzuetan, gainera, (Araban edo beste eremu erdaldunetan eta hiri gune batzuetan, adibidez) erabilerak beherantz egin du edo bere horretan geratu da. Administrazioari begira ere hamaika plan bideratu dira urte hauetan, baina aurrerapausoak irrigarriak izan direla nabarmen-nabarmena da. 25 urte eta gero tokitan daude euskaldunon hizkuntza eskubideak eta euskara erabili ahal izateko aukerak. Gaur egungo bideekin beste urte dezente iraun egingo du euskarak beharbada, baina zer nahi dugu euskararentzat, bizi ala iraun?
Honen aurrean, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeari ekin behar zaio lehentasunez, hortik etorriko baita, besteak beste, euskararen erabileraren gorakada. Administrazioek zein gainontzeko eragileek normalkuntza plan egokiak jarri beharko lituzkete abian horretarako, herriz gaindiko eragileetatik hasi eta herri mailakoetaraino. Normalkuntza bide horretan administrazioa eredu bihurtu behar da herritarren aurrean, azken urteetako norabidea aldatuko duen hizkuntza politika eraginkorra aplikatu beharko delarik horretarako. Euskaldun ororen hizkuntza eskubideak betetzea helburu izango duen politika, Euskal Herrian euskaraz bizitzea posible egiteari begira lan egingo duen hizkuntza politika. Horretarako, aldiz, euskarak bere lurralde osoan lege babes egokia beharrezkoa du.
Nahi duenak ahal duenak baino gehiago egiten duela sarri entzun izan da, baina, hizkuntzaren kasuan, nahi izatetik ahal izatera bidea luzea da. Hori ikusirik, datozen belaunaldiak euskaldundu beharra ere ezinbestekoa izango da aurrera begira, esaera zaharrak dioen bezala "gero egingo baldin bada, umetatik hezi behar". Eskolaz kanpoko jardunak duen garrantzia kontuan harturik ere, euskaldunduko duen eskola lehentasun biziko betebeharra da egun, urtez urte milaka gazte eskolatzen baitira euskalduntzen ez dituzten ereduetan eta dinamika hori irauli beharra dago lehenbailehen. Hiztunak behar ditu euskarak, erabilerak igoera nabarmena izan dezan. Eta zer esan helduen euskalduntzeaz eta alfabetatzeaz. Sarri entzun ohi dugu eskaeraren araberako eskaintza egin behar dela. Gaur Euskal Herrian % 75 inguruk (erdal hiztunak) ikasi beharko luke euskara. Beraz, bada nor euskaldundu, eta beharrezkoak dira helduak euskalduntzeko kanpaina erraldoiak, euskara ikasteko beharra luze-zabalean hedatzea, eta herritarrei behar dituzten baliabideak eskaintzea euskara ikas dezaten. Alegia, euskara herritar ororen eskubidea izanik, doan ikasteko modua bermatu beharra dago eta administrazioek paper garrantzitsua jokatzen dute horretan.
Hau guztia lortzeko bidea nabarmen erraztuko litzateke euskararen lurralde osoan lege babes bakarra edukiko balu euskarak, euskaldunon hizkuntza eskubideak aitortuko dituena eta normalkuntza prozesua babestuko eta azkartuko lukeena. Euskararen benetako ofizialtasunaren alde indarrak egituratu beharko dira, beraz, oinarri sendoa edukitzeak aitzinean aipaturikoak lortze bidea samurrago izatea ahalbideratuko duelako. Eta urrats sozial eta politiko horiek eman ahala, euskararen erabilerak ere jauzi garrantzitsua ezagutuko du. Herritarrok badugu zer egina eta esana, euskaraz, noski.



