Iritzia: Kike Amonarriz
Inertziak astindu eta egoera berriari planteamendu, bitarteko eta oinarri berriekin ekiteko tenorea heldu da: lege aldetik, inplikazio politiko-sozialaren aldetik (enfrentamendu eskemetatik, elkarlan eta integrazio eskemetara igarotzea, eta abertzale sentitzen ez direnak ere hurbiltzea eta inplikatzea), eta diskurtso aldetik, hizkuntzaren balio komunikatiboei eta erabilerari lehentasuna eman.
ERABILERA INDARTZEKO GAUR EGUNGO BIDEAK NORAINO IRISTEN DIRA?
Botila erdi betea-erdi hutsa; balantze gazi-gozoak, argi-ilunak... Azken urte eta hamarkadetako euskararen erabileraren bilakaera baloratzerakoan maiz agertu izan dira era honetako kontzeptuak. Zantzu eta datu guztien arabera aurrera egin dugu, baina lortutako emaitzek ez dituzte bete genituen itxaropenak. Alegia, aurrera egin dugu, baina ez dugu aurreratu, uste, nahi edo behar genuen adina.
Gaur egungo hizkuntza politiken markoa eta hizkuntzaren inguruko ideologia eta praktika sozial desberdinen paradigma, duela 30 bat urte eraiki ziren, garai hartako errealitate sozio-politikoan.
Ordutik hona, ordea, belaunaldi berri bat gizarteratu da, eta gero eta nabarmenagoak dira orain arteko planteamenduen hutsuneak eta gabeziak: euskaraz ez dakiten haur eta gazteak, jakin arren egiten ez dutenak, ulertu arren euskararekin zerikusirik nahi ez dutenak, nola halako euskaraz ari direnak, euskaraz egingo luketenak eta hainbat esparrutan egin ezin dutenak (lantokian, administrazioan...).
Politikan gertatzen denaren antzera, jorratu diren bideen inguruko oso balorazio desberdinak egin daitezke, baina hizkuntza normalizazioaren aldeko jarreran gaudenon artean, gero eta zabalduago dago, fase bat amaitu dugun sentsazioa.
Inertziak astindu eta egoera berriari planteamendu, bitarteko eta oinarri berriekin ekiteko tenorea heldu da: lege aldetik, inplikazio politiko-sozialaren aldetik (enfrentamendu eskemetatik, elkarlan eta integrazio eskemetara igarotzea, eta abertzale sentitzen ez direnak ere hurbiltzea eta inplikatzea), eta diskurtso aldetik, hizkuntzaren balio komunikatiboei eta erabilerari lehentasuna eman. Bestalde, hizkuntzaren inguruko atxikimendu soziala handitzeko estrategiak landu behar ditugu eta neurriak hartu eragile politiko-sozialen erantzukizunari dagokionez.
Gaur egungo bideekin jarraitzeak eta praktikan, duela 30 bat urte zabaldutako paradigma sozio-politiko berberekin jarraitzeak, "inpasse" batean mantentzera kondenatuko luke euskararen erabileraren bilakaera.
GERORA BEGIRAKO GOGOETA: NON ERAGIN BEHARRA, PREMIARIK LARRIENAK, ...
Paradigma aldaketa da premiarik larriena. Paradigma aldaketa horren aspektu nagusienen artean honako hauek aipa ditzakegu:
- Euskararen legezko egoeraren aldaketa mailakatua Euskal Herri osoan, euskararen lege-babesa bermatuz. Ofizialtasunaren eta erabileraren aldeko neurrien sakonketa.
- Hurrengo belaunaldiaren euskararen ezagupena eta gaitasun komunikatiboa bermatzea. Horretarako, bi ardatz nagusi jorratzea:
- Euskararen irakaskuntzaren helburua eta ikasbideak, gramatikaltasunetik komunikaziora eta egokitasunera moldatzea batetik,
- Erabilera esparruak irabaztea, bestetik.
Oinarrizko bi baldintza horiek segurtatu ondoren, erabilera esparruen artean hauek lehenetsiko nituzke: hezkuntza, hedabideak, haur eta gazteen motibazioa eta ingurune hurbila (familia, eskola orduz kanpoko jarduerak...). Horiekin batera, lan mundua eta teknologia eta hedabide berriak, eta euskarazko eduki eta zerbitzuen sorkuntza, hedapena eta gizarteratzea.
Erabilera bultzatzez gerotan, ezinbestekoa da erabilera esparruak sortu eta irabaztea. Lehenik ere esana dugu "Euskararen kalitatea" txostenean: hizkuntzaren kalitatean eta adierazkortasunean aurrera egiteko ezinbesteko baldintza erabilera bera da.



