Iritzia: Estepan Plazaola

Estepan Plazaola
Aipamenak

Baina, garatu dugun hizkuntza politika bera ere kontraesankorra eta jarraipenik gabea izan dela esango nuke bai ikuspegi geografikotik eta bai ikuspegi funtzionaletik.

Seguruena ezinezkoa izango zen arlo guztiei batera heltzea ere, baina aitortu beharra dugu arlo batzuei ez diegula zuten garrantzirik ere eman. Bestalde, ez dugu izan nazio mailan hizkuntza politikari buruzko kontsentsu zabal bat


Esparru berriak zabaldu. Euskarak gazte eta heldu hizkuntza ere izan behar du. Ditugun potentzialitateak probestu behar ditugu: euskaraz ikasi duen gazteari bere bizitzan euskaraz garatzeko aukera eskaini behar zaio. Apurka-apurka, zerbitzuen mundua, lan-mundua... irabazi behar dira.


ERABILERA INDARTZEKO GAUR EGUNGO BIDEAK NORAINO IRISTEN DIRA?

Hizkuntza normalkuntzako orain arteko bideak eta emaitzak kalifikatzeko adjektiboak bilatzen hasita era honetakoak bururatzen zaizkit niri: gorabeheratsuak, kontraesankorrak, gazi-gozoak...

Gure herriko datuei, Bergarakoei, erreparatuta, adibidez, ohar gaitezke azken urteetan bilakaera oso positiboa izan dela hainbat arlotan, bai gaitasunean eta bai erabileran ere. Hona hemen adibide batzuk, mostrarako:

- 1981ean 10-14 urteko umeen % 54,6 zen euskalduna eta adin-tarte horixe zen hain zuzen euskaldun portzentaia apalena ematen zuena. Hogei urte geroago, 2001ean, adin-tarte horretako umeen % 96 zen euskalduna.

- 25 urtez azpikoen % 90 euskalduna izatera iritsi gara eta erdi edo goi mailako ikasketak dituzten 45 urtez azpiko bergararretan % 82 da euskalduna, biztanleria osoa hartuta baino % 12 gehiago.

-1983an 15-24 urteko gazteen euskararen kaleko erabilera % 10ekoa zen eta hogei urte geroago, % 55 inguruan dabil.

-Gizarteko hainbat esparrutan (arlo soziokulturalean, udalean...) euskararen erabilera nagusi izatera iritsi gara.

Baina dena ez da positiboa gurean ere:

- 14 urtez azpiko umeen kaleko erabileran ez da igoerarik izan azkeneko hamabost urteetan.

- Zenbait esparrutan, bereziki lan munduan, egoerak ez du apenas aldaketarik izan azken hamabost urteetan eta euskararen erabilera hutsaren hurrengoa da. 45 urtez azpiko erdi eta goi-mailako karreradunak erdaraz txertatu dira, beraz, lan munduan. Horietako hainbati eta ikasketak euskaraz egin dituzten beste askori euskara maila atzendu egin zaie nabarmen, gainera. Kasu askotan, beren etxeko eta jardun arrunteko hizkuntza gaztelania bihurtzeraino atzendu ere.

Egoera gorabeheratsua, beraz. Eta, seguruena, datu horietako batzuk nekez izan litezke beste modu batekoak.14 urtez azpiko umeen gurasoak oso belaunaldi erdalduna osatzen dute eta horrek nabarmen eragiten du beren gaitasun erlatiboan eta, ondorioz, erabileran.

Baina, garatu dugun hizkuntza politika bera ere kontraesankorra eta jarraipenik gabea izan dela esango nuke bai ikuspegi geografikotik eta bai ikuspegi funtzionaletik.

Seguruena ezinezkoa izango zen arlo guztiei batera heltzea ere, baina aitortu beharra dugu arlo batzuei ez diegula zuten garrantzirik ere eman. Bestalde, ez dugu izan nazio mailan hizkuntza politikari buruzko kontsentsu zabal bat, eta hala gertatu izan zaigu eta gertatzen ari zaigu herri batean bertako erakunde publikoak euskara normalizatzeko ahalegin nabarmenean jardutea eta handik hamabost kilometrotara, beste herri batean, ezaugarri soziolinguistiko antzekoak eta alderdi politiko bereko agintariak izanda, hizkuntza normalkuntzarako gutxieneko baliabiderik egituratuta ere ez izatea. Eta zenbait esparrutan eragiteko, herri-mailako ahalegina oso ahul geratzen da.

Halako bideek eman dezaketen gehienezko emaitza gazi-gozoa, zuri-beltza, gorabeheratsua... da.

GERORA BEGIRAKO GOGOETA: NON ERAGIN, PREMIARIK LARRIENAK.

Gerora begira zer? Honako puntuak azpimarratuko nituzke.

Etxeko hizkuntza segurtatu. 1996an 30-35 urte bitarteko bergararren % 60,8 zen euskalduna; 2011n, % 90 inguru izan litezke, etorkin uholde ikaragarririk ez bada. Hala, beraz, etorkizun hurbilean sortuko diren familietako euskaldunen dentsitatea (etxeko erabileran, eta, ondorioz, etorkizuneko belaunaldien gaitasun erlatiboan eragin handiena duen faktorea) nabarmen haziko da. Hizkuntza politikaren erronka nagusi-nagusia familia berri horien etxeko hizkuntza euskara izatea dugu.

Etorkinen uholde ikaragarririk ez bada esan dut, eta oso kontuan hartzeko fenomenoa izango da.

Esparru berriak zabaldu. Euskarak gazte eta heldu hizkuntza ere izan behar du. Ditugun potentzialitateak probestu behar ditugu: euskaraz ikasi duen gazteari bere bizitzan euskaraz garatzeko aukera eskaini behar zaio. Apurka-apurka, zerbitzuen mundua, lan-mundua... irabazi behar dira.

Kontsentsu, akordio, eta koordinazio eraginkorrak. Aurrekoak lortzeko, ezinbestekoak ditugu herriz gaindiko kontsentsu, akordio, eta konpromiso zabalak, alderdi politikoak, sindikatuak, gizarte-eragileak... batuko dituztenak: koherentzian irabazteko, elkarlanak sustatzeko, koordinazio eraginkorrak abiatzeko...