Azken zenbakia

2009 (3) BAT 72. Zein hizkuntza hitz egiten du komunikazio gizarteak?

ESKERRIK ASKO, LAGUN! JOSE LUIS ALVAREZ ENPARANTZA “TXILLARDEGIRI” MAITASUNEZ. Iñaki Lasa

Txillardegiren ekarpen nagusienetakoa azpimarratu nahi du Iñaki Lasak artikulu honetan, hain zuzen, azken aldian euskalgintzan kezka-iturri garrantzizkoa izan den gaiari itzulia eman nahirik. Lasaren iritziz, lirudike Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskaldunen arduragabekeriari egozten diola euskararen egoera ezkorra. Lasak ikuspegi horri erantzunez Txillardegiren eredu matematikoari erreparatzen dio, euskararen normalizazioari eginiko ekarpen nagusi modura gogora ekarriz.

Artikuluaren ideia nagusia garatzeko datu-bilketa ofizialek dituzten hainbat arazo metodologikoren inguruan zertzelada batzuk ematen ditu: mapa soziolinguistikoak osatzeko erabilitako metodoa edo zentsutan oinarritutako estimazioek eskaintzen dituzten proiekzio desberdinek erabat zailtzen dute euskaldunen kopurua zehaztea. Beraz, dagokion ondorioak ateratzea ere nekez egin ahal izango da, datu-dantza horren baitan. Ondorengo lerroetan administrazio publikoak hizkuntzaren kalitateaz eta erabiltzeko aukeraz hartutako hainbat bide auzian jartzen ditu, Txillardegik emaniko ereduaren bitartez datuek interpretazio ezberdina eskaintzen baitute. . ______________________________________________________________________

ASABA ZAHARREN BARATZETIK MUNDU ARRANORA. EUSKARAREN KOMUNIKAZIO-ESPARRUA ARO GLOBALEAN. Aitor Zuberogoitia

Unibertsoa gobernatzen omen duten indar zentripetoak (mundu mailako fusio eta kontzentrazio-prozesu indartsuak bultzatzen dituzten indarrak) eta indar zentrifugoak (hizkuntza gutxituek desoreka gainditzen saiatzeko abian jartzen dituzten ekimenak). Eta testuinguru horretan kokatzen du Aitor Zuberogoitiak euskararen komunikazio-esparrua aro globalean.

Euskararen etorkizuna hedabideen ekosistemaren baitan aztertzen du egileak; agerian uzten du telebista irratia eta prentsari dagokionez erdaraz argitaratzen direnak nagusi direla baina aipamen berezia egiten du: Berria eta Euskarazko Komunikazio Taldeko Hitzak hartu duen indarra.

Ingurumari globalean komunitatearen garrantziaz argudioak ematen ditu Zuberogoitiak: “Komunitate batean sendo errotzen bazara, bertako jendearekin lan egiten baduzu, bertako enpresa iragarleekin, komunitate horretarako erreferentzia-sistema eta kultur-ondasun partekatua baldin badira zure produktuaren oinarri eta ipar, aldeko haizea askoz gertuago izango duzu.” Eta alor hori landu beharra azpimarratzen du, ikerketaren premia eta unibertsitate eta euskarazko hedabideen arteko aliantzaren beharra. ______________________________________________________________________

TALDE NORTASUNAK ETA KOMUNIKABIDEAK. Josu Amezaga Albizu

Josu Amezaga irakasleak nortasuna eta kulturaren arteko bereizketaz, eta nortasunak globalizazio garaian eraikitzeko bereizgarriez dihardu artikulu honetan. Komunikabideek talde nortasunean duten rola ulertuz, hizkuntza berarena ulertzen laguntzen duela baieztatzen du egileak. Komunikabideek eta hizkuntzek duten ikur funtzioa eta kideak harremanetan jartzeko ahalmena azaltzen ditu. Gainera, eremu publikoaren euskarri gisa aztertzen ditu komunikabideak, talde nortasuna eraikitzeko funtzioarekin eta kultur eragile garrantzizkoenetako modura. Kontuan hartzekoa da, halaber, globalizazio garaian estatuak talde nortasun emaile gisa ahuldu egin direla, nahiz eta “bere mendeko herritarren aurrean, alde horretatik oso sendo jarraitzen duten”.

Amaitzeko, ikurren garrantzian sakontzen du egileak talde batek bere nortasuna adierazi nahi duenean horretarako propio sortutako ikurrak erabiltzen dituela azpimarratuz, edota bere ezaugarriren bat hartuz, kultura bera bihur daitekeelarik taldearen nortasunaren adierazle. ____________________________________________________________________

HIZKUNTZA IDENTITATEAK IDENTITATE BERRIEN BAITAN – MAHAI-INGURUA. Igor Calzada, Josu Amezaga, Jon Sarasua, Pablo Suberbiola

Mahai-inguru honetara komunikabide berrietako hiru aditu bildu dira Globalizazio garaian hizkuntzek sortzen duten identitateari buruz hausnarketa egiteko. Pablo Suberbiola, Soziolinguistika Klusterreko teknikariak koordinatuta aritu ziren mahai-inguruan. Euskaldunen hizkuntza-identitatea nola aldatzen ari den abiapuntu hartuta, teknologia berrien garaian hizkuntzak nortasun-emaile modura zer rol duen aztertu zuten hizlariek. Hari horretarik tiraka euskaldunon oinarri ideologikoengan modernitatearen eragina eta bere gabeziak mahai gainean jarri ziren, gaur egun gertatzen ari diren aldaketa sakonak ulertzeko asmoarekin: hizkuntzaren inguruko nortasun dinamikoak, eredu hibridoak, sarean egotearen garrantzia eta euskal soziolinguistika errigurosoa garatu beharraz sakondu zuten, euskal nortasuna moden gainetik iragaten laguntzeko asmoarekin. ______________________________________________________________________

EUSKARAREN JARRAIPENA ETA AZPIEGITURA HANDIAK EUSKAL HERRIAN. Roberto Manjon

Roberto Manjón egileak globalizazioak euskal kulturan eta bereziki euskararengan duen eragina aztertu du artikulu honetan, lurraldearen antolakuntzak eta azpiegitura handiek dakartzaten eraginak aztertuz bereziki. Kontuan hartu ditu politika estrukturalak eta globalizazioak sortzen dituen mendekotasuna eta lotura bereziak. Egilearen iritziz egungo lurralde antolamendu eta azpiegitura handiek dislokazioa eragiten dute Euskal Herrian: dislokazio demografikoa, sozioekonomkoa, kulturala eta eremu fisikoari dagokiona.

Ikuspegi horretatik abiatuta, eta kontuan izanda globalizazioaren kultur forma eta edukiak sartzen ari direla gero eta gehiago, euskal hiztun-herriak akaso ez duela izango indar horri eusteko behar besteko autoerregulazio-ahalmen planteatzen du. Azterketa sakonaren ondoren estrategia zehatza proposatzen du. Estrategia horretan biltzen dira, besteak beste, hiztun-herria trinkotzearen beharra kontzentrazio demografikoa bultzatuz, toki- eta eskualde-mugikortasunari lehentasuna ematea, eskualdeko ekonomia sustatzea eta tokian tokiko harreman-sareak garatzea. Azkenik, Prometeoren sindromea desmitifikatu beharra azpimarratzen du, teknologia berriekiko gehiegizko lilura, alegia.

Amaitzeko, ideologia eta politikaz azken gogoeta egin du egileak artikulu honetan, arazo soziopolitikoa, ideologikoa eta soziokulturala kontuan hartuta. ______________________________________________________________________

EUSKARAREN IRAKASKUNTZA ETA BLOGOSFERA. Iraia Saenz de Biteri

Iraia Saenz de Biteri euskara irakaslea da Gabriel Aresti euskaltegian. Bere irakas esperientzia azken urteetan blog-aren erabilerarekin lotu du, eta esperientzia horren alderdi onuragarriak azaldu ditu artikulu honetan. Artikuluari hasiera emanez weblog-en bilakaera erakusten du, azken urteetako ugaritasuna agerian jarriz:: udalen blog komunitateak, hedabide jakin baten ingurukoak, irakaskuntzaren ingurukoak, komertzialak… Formatuari begira ere, desberdintasunak dira: audioblog-ak, bideoblog-ak, argazkiblog-ak eta moblog-ak daude; weblog pertsonalak, blog-komunitateak…

Ondoren, euskaltegiaren jarduerara egokitzeko irakaslearen arrazoiak zerrendatzen ditu, hurbiltasuna, ikusgaitasuna, feedback-a:, eraginkortasuna eta besteren artean. Gainera, blog-en beste helburu batzuk ere zerrendatzen ditu: ikasleek ikas-prozesuaz hausnarketa egiteko aukera izatea, irakasleekin harremanak errazteaz eta motibazioa indartzea.

Azken gogoeta bat ere egin du egileak: paperik gabeko eskoletatik informazio eta komunikaziorako teknologietako eskoletara egindako jauzia itzela izanik blog-ak ikas-prozesuaren maila guztietan erabiltzea komenigarria dela ondorioztatzen du. Horiei esker, ikaslea aktiboago baita bere ikas-prozesuan, eta euskararekiko jarrera eta ardura erabat aldatzen delako ______________________________________________________________________