Euskararen aldeko lana Zestoan

Nora Palmitano
Aipamenak
2000. urtean Euskara Zerbitzua eratu ondoren, Euskara Aholku Batzordea sortu zuen udalak. Horretara, lehenago aipatutako euskalgintzako eragileak gonbidatu zituen eta herritarrei ere dei zabala egin zien. Euskalgintzak, ohi zuen moduan, erronka berritzat hartu zuen proposamena: herrian euskara bultzatzeko plana definitu eta horren jarraipena egitea. Horretarako hilero elkartzea adostu genuen denon artean.

HPSren EBPN eta Kontseiluaren Plan Estrategikoa aztertzea erabaki genuen. Ordurako hasita zegoen bien arteko ika-mika.

Biak alderatuta, beste askok atera zuten ondoriora iritsi ginen gu ere: alde teorikoak aztertuta ez zegoen bien arteko kontraesanik, ezta elkarren oztopo bihur zitzakeen ezer ere. Eta biek bazituzten beren alde onak:

Horiek kontuan hartuta, elkarren osagarritzat hartu genituen bi planak. Baina bazegoen elkarrengandik aldentzen zituen alderdia —prozesuaren gidaritza zeinek izango zuen— eta hori bereziki aztertu genuen. EBPN gauzatzeko prozesuaren gidaritza oso-osorik administrazioak hartzen du bere gain, nahiz eta gizarte eragileei ekarpenak egiteko aukerak eman EABen bitartez. Bai Euskarari akordio prozesuaren gidaritza, berriz, euskalgintzak hartu behar du bere gain, eta administrazioak parte hartzen du beste gizarte-eragileekin batera.

Zestoako plangintza oso-osorik sartu zen EBPNren eskeman —Bai Euskarari akordio prozesua barne—. Era berean, EBPNk proposatutako gehien-gehiena era batean edo bestean lantzen ari ginen Zestoan. Inondik ere balorazio positiboa zen, baina gogoratu behar da EBPNn egiten diren proposamenak hainbat urtetan udaletako euskara zerbitzuek, euskalgintzako erakunde eta taldeek sortutako egitasmoak direla. Hortaz, Zestoako plangintzak eta EBPNk azken finean iturri beretik edaten zuten.

Hurrengo bi urteetan —2004 eta 2005 Kudeaketa planak— aldaketa batzuk egin genizkion EBPNren antolaketa sistemari. Kudeaketa planak hiru arlo ez zituen jasotzen: ikerketa eta azterketa soziolinguistikoa, komunikazio-plana, eta kudeaketa ekintzak. Beharrezkotzat jo genuen horiek Kudeaketa planean jasotzea: ekintza zehatzak eta dagokien diru-baliabideak dakartzatelako, eta horiek ere baloratu beharrekoak direlako.

Hori da gaur egun dugun hutsunerik handiena. Zatikako ikuspegi murritzak ditugu: datu soziolinguistiko batzuk, eskolen matrikulazio datuak, prentsaren kontsumoa. Baina falta dugu oraindik, euskararen egoera osoa neurtzeko eta horren bilakaera antzemateko tresna —sistema, eta sistema horren oinarri zientifikoak—.

Euskara teknikari guztion kezka da, baina momentuz, bakoitza bere aldetik dabil horren bila.

Euskara bultzatzeko egiten diren ekimen, plan, eta proiektu guztiak integra ditzake EBPNk , baita euskararen aldeko lan horiei guztiei nolabaiteko koherentzia eman ere. Gaur egun, herritar xumeak euskararen inguruko mezu asko eta anitzak jasotzen ditu aldi berean, eta askotan —behar baino gehiagotan— mezu horiek kontraesanean egoten dira. Euskararen aldeko lanen atomizazioa gainditu behar da, eta horretan oso lagungarria izan daiteke EBPN, baldin eta ekimen eta eragile horiek guztiak integratzen baditu.

EBPN bulegoetan sortutako egitasmoa da, errealitatearen analisitik abiatuta baina errealitatearekin harreman zuzena eta egunerokoa ez daukan jendeak sortutakoa. EBPN gauzatu behar dutenak, aldiz, errealitatearekin aritzen dira, errealitate hori ulertzeko eta errealitate horri aurre egiteko bide batzuk dituzte eta, horiek guztiak EBPNren eskemara egokitu behar dituzte.

EBPNko neurriek eta ekintzek jasotzen dituzten edukiak ez datoz bat udal administrazioko erabilera planen —AEBE planen— egiturekin. Kontrakoak ez badira ere, lehenengoak ez du bestea bere osotasunean hartzen, eta ez du bestearen egitura aintzat hartzen. Moldatu beharreko esparrua da, eta kontuan hartuta biak Eusko Jaurlaritzako HPSk garatutako planak direla ez luke arazorik sortu beharko.

Halaber, euskalgintza egituratua eta aktiboa duten herrietan, beraien plangintzak txertatu beharko dira EBPNn

, aberasgarriak izango baitira. Era beran, kontuz jokatu beharko da egitasmo guztien arteko koherentzia ziurtatzeko. Zestoako kasuan, esate baterako, Bai Euskarari akordio prozesua. Zer gertatuko zen proposamen hori onartu barik?

Prozesua ondo doala adierazten duten zantzuak badira: ekintza berriak, ebaluatzeko beharra, ekintzak hobeto egiteko proposamenak... lan egiteko gogoa. Baina planaren emaitzak ebaluatzeke ditugu, eta ebaluatzeko tresnarik ez daukagu. Horixe da gehiago luza ezin dezakegun erronka.

Zestoako planaren funtsa eta oinarria elkarlana da, administrazioaren eta euskalgintzaren arteko elkarlana. Ez dakit horrelakorik posible den toki guztietan, baina saiatzeak merezi du.

HISTORIA APUR BAT

Zestoan ez dira berriak euskararen aldeko lana eta elkarlana. Izan ere, aspalditik datorren dinamika da: gau eskoletatik gaurko euskaltegira; ikastolaren eta ikastetxearen batze prozesutik gaurko herri eskolara; Euskal Herrian Euskaraz ere, batzuetan indartsuago, beste batzuetan ahulago, aspalditik dabil herrian. Izan badira gazteagoak diren egitasmoak: Danbolin-zulo elkartea, hilero-hilero euskarazko Danbolin aldizkaria herriko etxe guztietara eramaten duena; eta Erralla bertso-eskola, bertso zaletasuna bultzatzen eta bertsotarako gaitasuna lantzen dituena. Elkarte formalez gain, garaian garaiko egitasmoak bultzatzeko talde eragileak sortu ohi dira —Korrika, AEK eguna, Bai Euskarari kanpaina,...—. Zestoako euskalgintzak askotan demostratu izan du erronka berriei ez diela beldurrik. Hor daude, eta soilik azken egitasmoak aipatzeagatik: 2002an Bai Euskarari akordio prozesua, horretan herriko euskalgintza aitzindari izan da, eta Kontseiluaren gidaritzaz, herriko eragile guztiengana euskararen mezua eraman nahian dabil; 2003an Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarien aldeko batzordeak; eta, azken-azkena sortu berri den Urola Kostako Hitza, Zestoako albisteen presentzia ziurtatzen duena. Bere aldetik, udalak ere egin du bere ahalegina euskara bultzatzeko: hasieran udaleko lanpostuei hizkuntza-eskakizunak ezarri zizkien eta 1995ean Udal Administrazioan Euskararen Erabilera Normaltzeko Araudia onartu zuen. 2000. urtean Euskara Zerbitzua eratu ondoren, Euskara Aholku Batzordea sortu zuen udalak. Horretara, lehenago aipatutako euskalgintzako eragileak gonbidatu zituen eta herritarrei ere dei zabala egin zien. Euskalgintzak, ohi zuen moduan, erronka berritzat hartu zuen proposamena: herrian euskara bultzatzeko plana definitu eta horren jarraipena egitea. Horretarako hilero elkartzea adostu genuen denon artean. Lehenengo bilera horretara etorritakoetatik 9 lagunek onartu zuten proposamena, eta bigarren bileratik aurrera talde egonkorra osatu genuen. Egungo multzo nagusia hasieratik etortzen da, talde batzuen ordezkariak aldatu dira —beren barne funtzionamenduan aldaketak eman direnean— eta ordezkari politikoak, legegintzaldiarekin batera aldatzen direnak. Hortaz, hauexek dira Zestoako Euskara Aholku Batzordean (hemendik aurrera EAB) parte hartzen dutenak: herriko euskalgintzako ordezkariak —Zestoako Herri Eskola, Ekain Guraso Elkartea, AEK Euskaltegia, Euskal Herrian Euskaraz, Danbolin-zulo Elkartea eta Danbolin aldizkaria, eta Erralla bertso eskola—, norbere izenean datozenak, ordezkari politikoak —alkatea eta zinegotzi pare bat— eta euskara teknikaria. Esan behar da, aholku batzordea bada ere, hots, erabakiak hartzeko ahalmenik ez duen arren, bertan egindako proposamenak direla gero gauzatzen direnak. Lau urte hauetan egon da salbuespen bat, bakarra —hiru toponimoen grafiaren gaineko erabakia hartu zuen Udalbatzak, Toponimia azpibatzordeak eta Euskaltzaindiak proposatutakoari kasu egin gabe, bestelako grafia ezarri zuen—. Hori ez beste proposamen guztiak bere egin zituzten Kultura eta Gobernu Batzordeek eta Udalbatzak. Horixe azpimarratu nahi dut, alde batetik neurri handi batean horregatik izan da eta da EAB dinamikoa; taldea ere horregatik da egonkorra. Beste aldetik, horrek esan nahi du kultura batzordeari proposamenak egin aurretik egin direla azterketak, hausnarketak, eztabaidak, eta negoziazioak. EABren funtzionamendua labur azalduta: gai bat proposatu egiten du euskalgintzako norbaitek, ordezkari politiko batek, edo euskara teknikariak, inolako baldintza formalik bete gabe. Askotan, ekintza zehatza proposatzen da, beste batzuetan gaia lantzeko beharra, beste batzuetan egoera baten inguruko kezka besterik gabe. Bilera horretan bertan, gaiaren lehenengo azterketa egiten dugu eta, denen iritziak eta usteak entzun ondoren, erabakitzen da gaia lantzea —eta helburuak, lortu nahi dena— eta noiz landu —berehala ala aurreragorako utziz—, ala, bestela, baztertzea. Hurrengo bileran, euskara teknikariak lantzeko aukerak aurkeztuko ditu. Horiek sakon eta zorrotz aztertuko dira, eta, denon adostasunez, kultura batzordeari egin beharreko proposamena zehazten da. Prozesua ez da beti hain erraza izan. Batzuetan, gaiak berak eskatzen duelako behin eta berriro aztertzea, proposamenak egokitzea, gehiago lantzea, eta abar. Beste batzuetan denon adostasuna lortzea ez delako hain erraza. Hasiera batean, Zestoako euskara plangintzak —eta EABaren lanak— bi adar nagusi izan zituen: alde batetik, udal administrazioari zuzendutakoa. 2000n AEBE plana onartu zuen udalak eta egun bigarren plangintza aldia garatzen ari gara UEMAren laguntza teknikoaz —2003 urtetik Zestoako Udalak UEMAn parte hartzen du—. Beste aldetik, udalerrian euskara bultzatzeko plangintza. Hain zuzen ere, Aholku Batzordeak izan zuen lehenengo lana euskararen egoeraren diagnosia egitea izan zen. Zeuden datu apurrak, norberak zekiena eta uste zuena mahaian jarri, aztertu, hausnartu, eta lehentasunak erabaki eta helburuak finkatu genituen. Ondoren, beste herrietan egindakoak aztertu eta Zestoan egiteko egokitzat eta bideragarritzat jo genituenak martxan jarri genituen.

Urte eta erdiko ibilbidearen ondoren plan orokor baten beharra ikusi zuen EABk. Seguru asko, generaman martxak berak sortu zuelako, baina horrez gain, gizarte-arlo guztietan —baita euskalgintzan eta administrazioan ere— “plan estrategikoak” sortzen ari zirelako.

PLAN ESTRATEGIKOA: EBPN ALA BAI EUSKARARI AKORDIO PROZESUA

HPSren EBPN eta Kontseiluaren Plan Estrategikoa aztertzea erabaki genuen. Ordurako hasita zegoen bien arteko ika-mika.

Biak alderatuta, beste askok atera zuten ondoriora iritsi ginen gu ere: alde teorikoak aztertuta ez zegoen bien arteko kontraesanik, ezta elkarren oztopo bihur zitzakeen ezer ere. Eta biek bazituzten beren alde onak: § EBPNk plangintza sistematizatzeko era bat eskaintzen zigun. Helburuak, esparruak, neurriak, eta ekintzak. Gainera, azken hiru horiek egokitzeko aukera ere bai. Baina ez zuen ekintza zehatzik ematen, ezta ekintzak aukeratzeko irizpiderik ere. Teknikariaren esku gelditzen zen baloratzea ekintza horren “bideragarritasuna” eta “eraginkortasuna”; baina horiek baloratzeko adierazlerik ez zuen aurreikusten. Horretaz gain, beste udaletan egindako esperientzien berri izateko aukera ere eskaintzen zigun; eta, batez ere aurrera begira, ebaluatzeko orduan adierazleak beste herriekin adosteko eta ondorioz alderatzeko aukera. Eta, nola ez, dirulaguntzak; argi baitzegoen EBPN gauzatuko zuketen herriek lehentasuna izango zutela dirulaguntza jasotzeko orduan. § Kontseiluaren Plan Estrategikoak arlo garrantzitsu batzuk lantzeko metodologia zehatza eskaintzen zigun, eta beste herrietan fruituak ematen hasita zegoen. Herri mailan euskararen erabilera bultzatzeko beste egitasmo batzuk ere ezagutzen genituen —udalek edo mankomunitateek bideratutakoak; SIADECOk, Elhuyarrek, Artezek, Planikerrek, Emunek, ... egindakoak—, baina baloratu genuen Kontseilua sortzea eta horrek garatutako Plan Estrategikoa zirela Euskalgintzak emandako pausu garrantzitsuenetarikoak; jauzi kualitatiboa aurretik egindako lan guztiarekin konparatuta. Aintzat hartu genuen, halaber, 1998ko Bai Euskarari kanpainak Zestoan izan zuen oihartzuna eta herritarren parte-hartzea. Era berean, aurreikusi genuen indarra eta ospe handia lortuko zuen prozesua zela. Kontseiluarekin harremanetan jarri ginenean, Plan Estrategikorik gabe Bai Euskarari akordio prozesua martxan jartzea proposatu zigun, esperientzia pilotu gisa. Hain zuzen ere, hainbat herritan landutako Plan Estrategikoek antzeko emaitzak —diagnostikoaren ondorioak eta egoeran eragiteko ekintzen proposamenak— eman zituzten. Hortaz, zuzenean akordio prozesura joz denbora irabazteko aukera zegoen. Horiek kontuan hartuta, elkarren osagarritzat hartu genituen bi planak. Baina bazegoen elkarrengandik aldentzen zituen alderdia —prozesuaren gidaritza zeinek izango zuen— eta hori bereziki aztertu genuen. EBPN gauzatzeko prozesuaren gidaritza oso-osorik administrazioak hartzen du bere gain, nahiz eta gizarte eragileei ekarpenak egiteko aukerak eman EABen bitartez. Bai Euskarari akordio prozesuaren gidaritza, berriz, euskalgintzak hartu behar du bere gain, eta administrazioak parte hartzen du beste gizarte-eragileekin batera. Garrantzi handiko kontua da hori, eta erabakigarria izan daiteke herri batek bata ala bestea aukeratzeko orduan. Espektroaren mutur batean egongo litzateke euskalgintza duen herria baina administrazioan euskara zerbitzurik ez —herri euskaldunen askoren kasua—; beste muturrean, euskalgintzarik ez duten euskara zerbitzudun herriak. Eta, espektrotik kanpo, ez bata ez bestea ez duten herriak. Egon badaude, eta asko herri euskaldunenen artean. Eskema horretan, Zestoa espektroaren erdi-erdian kokatzen zen. Euskalgintza eta Euskara Zerbitzua zituen herria izateaz gain, elkarlanean bi urteko bidea eginda zuena.

Gauzak horrela, biak uztartzea erabaki genuen. Ondo hausnartutako erabaki kontzientea izan zen —bai euskalgintzako ordezkarien aldetik, baita ordezkari politikoen aldetik ere—. Lan biek konpromiso eta lan handia eskatuko zuten; biak uztartzeak, gainera, konpromiso eta lan gehiago. Baina Zestoan bide bakarra jorratu nahi genuen, ordura arte egindako bidetik aldendu gabe. Eta horretarako, baliagarria zen guztia aprobetxatu behar genuen. Bide bakarra eta ez bi bide paralelo, ez ekintzak gauzatzeko orduan, ezta alderdi formaletan eta kudeaketan ere.

Bagenekien, ondo jakin ere, erabakia ez zela denen gustukoa izango.

2003 urtean onartu zuen Zestoako Udalbatzak 2003-2006 EBPN udalerrian garatzeko Plan Estrategikoa. Horretan, hainbat arlo garatzeko estrategia nagusia Bai Euskarari akordio prozesua da.

EBPN ZESTOAN

EBPN tresna bat da, tresna malgua eta ahaltsua. Zenbat eta malguagoa orduan eta eraginkorragoa. Duen malgutasun horretaz baliatu eta baliatzen gara Zestoako egoera aldakorrari etengabe egokitzeko.

Prozesua egokitu
EBPNk berak eskaintzen ditu edukiak egokitzeko aukerak: esparruak, neurriak eta ekintzak aukeratzeko bidea ematen du, eta berriak sortzeko ere bai. Horiek guztiak erabili genituen, baina prozesua bera ere egokitu behar izan genuen. Izan ere, HPSk proposatutako bidea (ikus grafikoa) egokia izan daiteke zerotik abiatzen den herri batentzat, baina ez kasu guztietan; esate baterako, bestelako plangintza bat martxan duen herri batentzat. Horixe zen Zestoako kasua, bi urteko dinamikarekin eta elkarlanarekin jarraitu nahi genuen, gure ustez egokia eta eraginkorra zelako. Hortaz, Zestoako prozesua grafiko horretan islatu nahi izanez gero, azken zutabeak, EABri dagokionak, laukitxoak izango lituzke lerro guztietan, urrats guztietan parte hartu izan duelako. Argi gera dadila aldaketa horrek ez duela inolako oztoporik sortu prozesuan.

bat54nora1
bat54nora2

[HPS – EBPN garatzeko prozesua]

EBPNren egiturara egokitu
Aurretik esan bezala, bide bakarra jorratu nahi genuen, ez plangintza gauzatzean soilik, arlo formal eta burokratikoetan ere bai: guk sortutako eskematik EBPNren eskemara pasatzea izan zen lehenengo lana. Aitortu behar dut, hori ez dela batere erraza izan, eta ulertuko nuke euskara teknikariek nork bere antolaketan jarraitzea erabakitzea. Baina, zinez, ez diot inori gomendatzen, batez ere ebaluaziorako datuak jaso behar direnean, paper eta datu pilaketa itogarria izan daiteke eta. Hortaz, lehenengo lana, gure plangintza zatitu eta zati bakoitza EBPNren eskeman kokatzea izan zen. Ondoren, burokrazia guztia, karpetak, artxiboak, ordenagailuko karpeten antolaketa eta baita aurrekontuena ere EBPNren eskemara egokitu genituen. Zestoako kasuan bi urteko ibilbidean pilatutako material guztia (datuak, artxiboak, txostenak, karpetak, diru-kontuak,...) berrantolatu behar izan genuen. Lan horretan denbora dezente eman bagenuen ere, ez gara inondik inora ere damutu. Lan hori bukatuta, ordura arte egindakoa baloratzeko aukera izan genuen. Izan ere, Zestoako plangintza oso-osorik sartu zen EBPNren eskeman —Bai Euskarari akordio prozesua barne—. Era berean, EBPNk proposatutako gehien-gehiena era batean edo bestean lantzen ari ginen Zestoan. Inondik ere balorazio positiboa zen, baina gogoratu behar da EBPNn egiten diren proposamenak hainbat urtetan udaletako euskara zerbitzuek, euskalgintzako erakunde eta taldeek sortutako egitasmoak direla. Hortaz, Zestoako plangintzak eta EBPNk azken finean iturri beretik edaten zuten. Ondoren, landu gabeko neurriak aztertu, egokitzat jo genituenak aukeratu, eta horiek lantzeko ekintzak erabaki genituen. Hurrengo taulan, 2003ko kudeaketa planean aukeratutako neurrien eta ekintzen kopuruak. Argi ikusten da Zestoako proposamena eta EBPNrena neurri handi batean bat zetozela:

Neurriak

Ekintzak

Eredukoak

(EBPNk proposatutakoak)

27

% 96,5

68

% 81

Berriak

(Zestoak proposatutakoak)

1

% 3,5

16

% 19

Guztira

28

% 100

84

% 100

[HPS. EBPNren betetze-maila toki erakundeetan 2003. urtean]

Plan Estrategikoa eta 2003ko Kudeaketa plana batera landu genituen lehenengo urte horretan, esparruz esparru. Gaur egun, urteko balorazioa eta hurrengo urteko Kudeaketa planarekin gauza bera egiten dugu: esparruz esparru, batera landu.

EBPNren egitura egokitu

Hurrengo bi urteetan —2004 eta 2005 Kudeaketa planak— aldaketa batzuk egin genizkion EBPNren antolaketa sistemari. Kudeaketa planak hiru arlo ez zituen jasotzen: ikerketa eta azterketa soziolinguistikoa, komunikazio-plana, eta kudeaketa ekintzak. Beharrezkotzat jo genuen horiek Kudeaketa planean jasotzea: ekintza zehatzak eta dagokien diru-baliabideak dakartzatelako, eta horiek ere baloratu beharrekoak direlako.

Lehenengo urtean Administrazioa esparruan jaso genituen, baina 2005eko Kudeaketa Planean esparru berria sortu dugu: 2.0a- Komunikazioa, kudeaketa, eta ebaluazioa. Ordutik aurrera egiten dugun guzti-guztia jasotzen da Kudeaketa Planean.
Ebaluazioa
HPSk 2003. urteko kudeaketa planen ebaluazioa egin zuen. Aurretik txosten horretako neurrien gaineko informazioa jaso dugu; ondorengo honetan, ekintzen gainekoa:
EKINTZAK

Proposamena

Eginda

Eginda (%)

A multzoko udalen bataz bestekoa

Eredukoak

68

65

95,6

91,6

Ekarpen berriak

16

16

100

88,8

Guztira

84

81

96,4

90,7

[HPS. EBPNren betetze-maila toki erakundeetan 2003. urtean] Orokorrean bi ondorio atera daitezke datu horietatik: · Zestoako proposamena eta EBPNrena bat datozela. · Zestoako proposamena eta gauzatu diren egitasmoak ere bat datozela.

Baina horiek guztiek ez dute esan nahi egin dugun proposamena, aukeratu ditugun ekintzak, eta ekintza horiek gauzatzeko erak egokiak izan direnik, ezta zenbateko eragina izan duten ere.

Hori da gaur egun dugun hutsunerik handiena. Zatikako ikuspegi murritzak ditugu: datu soziolinguistiko batzuk, eskolen matrikulazio datuak, prentsaren kontsumoa. Baina falta dugu oraindik, euskararen egoera osoa neurtzeko eta horren bilakaera antzemateko tresna —sistema, eta sistema horren oinarri zientifikoak—.

Euskara teknikari guztion kezka da, baina momentuz, bakoitza bere aldetik dabil horren bila.

EBPN-REN INDARGUNEAK ETA AHULUNEAK

Bi urteko esperientzia honetatik, EBPNren balorazio moduko bat egin dezakegu. Aurki guztiak du bere alderantzia, hemen aipatuko ditugun ezaugarriek ere bai. Izan ere, EBPN gauzatzen dugunaren arabera ezaugarriok indargune ala ahulune bihur daitezke. §
EBPNren udal-ereduen araberako garapena
(Indargunea) Diseinutik bertatik hartu izan dira kontuan herrien ezaugarriak, eta baita ezaugarri horiek sortzen duten egoera ere. Horretara egokitu dira helburuak, lantzeko esparruak, neurriak eta ekintzak, eta horiei eman beharreko lehentasuna.

(Ahulunea) EBPN diseinatzeko orduan 5.000 biztanletik gorako herriak aztertu ziren. Herri horietan udal-administrazioaren egitura handia da, langile eta zerbitzu asko dira; eta Euskara Zerbitzuak, gehienetan, ez dira langile bakarrekoak izaten. Herri txikiagoen egoera guztiz bestelakoa da: kasu onenetan, euskara teknikaria dago; beste batzuetan, euskara teknikari eta itzultzaile aritzen den pertsona bakarra; beste batzuetan, euskara-kultura-kirol teknikaria; eta beste askotan teknikaririk ez —. Herri euskaldunenetariko gehienak daude azken multzo horietan. Herriotan, euskaldunen kopurua oso altua denez EBPNren arabera garatu behar dituzte hiru helburu estrategikoak, esparru guztiak eta neurri eta ekintza ia guztiak, eta gehienek erabateko lehentasuna dute. Beraz, plan handiegia dauden baliabide material eta giza baliabide urrientzat.

§
EBPNren malgutasuna

(Indargunea) Herri eta egoera guztietara egokitzeko gaitasuna izan nahi du eta badu EBPNk. Ezinbesteko baldintza da, herri guztietara zabalduko bada. Herrien ezaugarrien arabera aukeratuko dira planaren edukiak —helburuak, esparruak, neurriak eta ekintzak—, eduki berriak proposatuko dira; eta horiei guztiei herrien ezaugarrien arabera emango zaie lehentasun maila —erabatekoa, altua, ertaina, baxua—.

(Ahulunea) Herri bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko duen gaitasun hori oztopo bihur daiteke herrien arteko konparazioak eta balorazioak egiteko orduan, adierazle komunak aukeratzeko orduan, emaitza orokorrak ateratzeko orduan. Egokitzearen eta orokortzearen arteko oreka lortzea ez da erraza izango. §
EBPNren bateratze-indarra

(Indargunea) Euskara bultzatzeko egiten diren ekimen, plan, eta proiektu guztiak integra ditzake EBPNk , baita euskararen aldeko lan horiei guztiei nolabaiteko koherentzia eman ere. Gaur egun, herritar xumeak euskararen inguruko mezu asko eta anitzak jasotzen ditu aldi berean, eta askotan —behar baino gehiagotan— mezu horiek kontraesanean egoten dira. Euskararen aldeko lanen atomizazioa gainditu behar da, eta horretan oso lagungarria izan daiteke EBPN, baldin eta ekimen eta eragile horiek guztiak integratzen baditu.

(Ahulunea) Bateratzea eta integratzea onuragarriak izango dira, tokian tokiko ezaugarriei erantzuten dieten neurrian. Gehiegizko berdintasuna, egoera baten berezitasunei kasu ez egitea, ... behar den bezala aztertu gabe toki batean emaitza onak eman dituen zerbait besterik gabe toki guztietara zabaldu nahi izatea kaltegarria izango da, zalantzarik gabe.

§
EBPNren kudeaketarako aplikazio informatikoa

(Indargunea) Hobetzeko asko badu ere, lana arintzeko helburuarekin sortu zuten, eta bi urte hauetan hobetu egin da teknikarion iritziak eta eskaerak kontuan hartuta. Behin Plan Estrategikoa eginda —ez da lan makala—, urteko Kudeaketa plana egitea askoz samurragoa da. Teknikarion lana informazioa sartzea da, aplikazioak berak sortzen ditu txostenak —horiek ere hobetu behar dira—. Aurrekontuak eta egutegiak esportatzeko aukera ere badu, ...

(Ahulunea) Arrisku handiena da garrantzia gehiago ematea aplikazioan datuak sartzeari, txostenei eta abarrei, gauzatuko diren ekintzei, errealitateari baino. Aplikazioan sartzen diren datuak dira HPSk ebaluatzen dituenak, eta dirulaguntzak ere horien arabera erabakitzen dira. Horretaz gain, arreta eta denbora asko eskatzen digun langintza da. Hortaz, horri emango diogun denbora ondo kudeatzen ez badugu —aldiro-aldiro datuak eguneratzen—, ebaluazioa eta Kudeaketa planak aurkezteko garaian ezinbestez beste guztia baztertu eta atzeratu beharko dugu. Langile bakarreko Euskara Zerbitzuetan, gutxienez hilabeteko etena sor lezake. Pentsatzen dut langile bat baino gehiago duten zerbitzuetan hobeto konpon daitezkeela garai horietan. §
EBPNren talde teknikoa

(Indargunea) Alde batetik, EBPN Jarraipen Zerbitzuko teknikariak eta beste aldetik udaletan eta udal-mankomunitateetan jarduten diren teknikariak. Denon ahaleginen eta ekarpenen emaitza aberatsa izan daiteke, beharrezko elkarlana eta konpromisoa baldin badaude. Ez da lantegi samurra izango, baina zalantzarik gabe denontzat eta euskararentzat onuragarria. Lehenengo pausuak, zuhurtasun handiz, ematen hasiak garela uste dut.

(Ahulunea) Horretan ere teoria eta errealitatea, plangintza eta ekintza, bereizteko arriskua dago. EBPN bulegoetan sortutako egitasmoa da, errealitatearen analisitik abiatuta baina errealitatearekin harreman zuzena eta egunerokoa ez daukan jendeak sortutakoa. EBPN gauzatu behar dutenak, aldiz, errealitatearekin aritzen dira, errealitate hori ulertzeko eta errealitate horri aurre egiteko bide batzuk dituzte eta, horiek guztiak EBPNren eskemara egokitu behar dituzte. Bien aldetik hurbiltzeko eta elkar ulertzeko —eta onartzeko— ahaleginik gabe, beste arlo batzuetan gertatzen den legez, teoria eta praktika banandutako bideetatik garatuko dira eta emaitzak, batean eta bestean, murriztuko.

§
EBPNren neurrien eta ekintzen zehaztasun maila

(Indargunea) EBPNren zehaztasun maila altua da. Orokorrean, eragiteko arloak eta lortu beharrekoa garbi adierazten du. Laguntza handia izan daiteke zerotik hasten direnentzat eta teknikari berrientzat.

(Ahulunea) Halere, ekintzatik ekintzara alde handia dago. Batzuetan egitasmoa bera adierazten du, beste batzuetan ekintza mila eratako egitasmoen bidez gara daiteke. Ekintza batzuk beste neurri batzuk baino orokorragoak dira. Honek zaildu egiten du datuak jasotzeko prozesua, batez ere fitxa bakar batean egitasmo bat baino gehiago jaso behar izaten denean. §
EBPNren esparru, neurri eta ekintzen arteko korrespondentzia

(Indargunea) Esparruen banaketa da gure planaren argazkia ematen diguna, planaren ikuspegi orokorra hain zuzen. Argi erakusten du zer arlo landu diren eta zer ez, arloen arteko oreka ala oreka falta, eta abar.

(Ahulunea) Baina askotan, egitasmo bakar batekin neurri eta arlo bat baino gehiago lantzen ditugu. Aurrekoarekin bezala, datuak jasotzeko orduan arazoak izaten ditugu. Izan ere, informazio bera —dagokion aurrekontua barne— hainbat esparrutan errepikatu behar izaten dugu. Zestoako kasuan errepikatu egiten dugu informazioa dagozkion esparruetan, baina diru-baliabideak ez, horiek horietako batean soilik jasotzen ditugu. EBPNren egitura honetan ez dut uste honek konponbidea duenik, eta ez dut uste merezi duenik horrengatik beste antolaketaren bat asmatzea. Baina oso kontuan hartzekoa da aurrekontuen azterketa egiten denean —aurrekontuak orekatuak diren ala ez aztertzen denean—, diru baliabideen banaketak islatzen duena ez datorrelako bat errealitatearekin. §
Administrazioaren erabilera plana EBPNn

(Indargunea) Administrazioa ere lantzeko esparrua da EBPNn. Horretaz gain, EBPN martxan jartzeko ezinbesteko baldintza da udal-administraziorako erabilera plana onartuta edukitzea. Egokia da oso, administrazioak parte hartu behar du prozesu honetan; are gehiago, eredu behar du izan.

(Ahulunea) Hala eta guztiz ere, EBPNko neurriek eta ekintzek jasotzen dituzten edukiak ez datoz bat udal administrazioko erabilera planen —AEBE planen— egiturekin. Kontrakoak ez badira ere, lehenengoak ez du bestea bere osotasunean hartzen, eta ez du bestearen egitura aintzat hartzen. Moldatu beharreko esparrua da, eta kontuan hartuta biak Eusko Jaurlaritzako HPSk garatutako planak direla ez luke arazorik sortu beharko. §
Ordezkari politikoen parte-hartzea eta dirulaguntzak EBPNren prozesuan

(Indargunea) Ordezkari politikoen parte-hartzea bermatu nahi du EBPNk, ez soilik euskara-zinegotziena. Lehen aurkeztutako grafikoan, argi ikusten da zein unetan gauzatzen den parte-hartze hori: prozesua martxan jarri aurretik konpromisoa hartzen, hainbat komunikazio-ekintzetan; eta, seguru asko eraginkorrena, plana eta aurrekontuak adostu eta onartzeko Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egiten diren “negoziazio-bileretan”. Orain arte bilera horietan erabakigarria izan dena aurrekontuen bilakaera izan da, hain zuzen ere urte batetik bestera ematen den euskara aurrekontuaren igoera. Horretaz gain, HPSk hasiera ikastaro bat du martxan, ordezkari politikoen oinarrizko prestakuntza ziurtatzeko. Horrek ere bere emaitzak emango ditu.

(Ahulunea) Zalantzarik gabe, bide horiek eraginkorrak izango dira aurrekontuak dirulaguntzen menpe dauden bitartean; eta oso baliagarriak gainera aurrekontuak handitzera bultzatzeko. Baina ez euskara aurrekontu finko eta nahikoak dituztenentzat; ezta aurrekontuak handitzeko aukera ez dutenentzat ere. Oso epe motzean, dirulaguntzarik gabe geldituko dira udal eta mankomunitate asko. Dirulaguntzarik ez bada jasotzen, zertarako jarraitu EBPNn? Dirulaguntzak emateko irizpideak aldatzen ez badira —eta baita aldatzen badira ere— EBPNk beste balio batzuetan oinarritu beharko du bere erakargarritasuna: hain zuzen ere eraginkortasunak emango dion prestigioan. §
Euskalgintzaren parte-hartzea EBPNren prozesuan

(Indargunea) Oso aurrerapauso handia da euskalgintzaren parte-hartzea ofizialki onartzea, eta parte-hartze hori gauzatzeko bideak ere edukitzea. EBPNk berak aurreikusten du euskalgintza bultzatu behar dela udal administraziotik, baita indartzen lagundu ere.

(Ahulunea) Paradoxikoa bada ere, euskalgintzaren indarrak baldintzatuko du neurri handi batean plangintzaren arrakasta. Aldi berean, plangintza on batek, eta administrazioaren lan onak euskalgintza ahul dezakete —lasaitu, alfertu, desmobilizatu—. Horregatik da funtsezkoa elkarlana lortzea. §
Euskalgintzaren ekarpena EBPNren prozesuan

(Indargunea) Halaber, euskalgintza egituratua eta aktiboa duten herrietan, beraien plangintzak txertatu beharko dira EBPNn, aberasgarriak izango baitira. Era beran, kontuz jokatu beharko da egitasmo guztien arteko koherentzia ziurtatzeko. Zestoako kasuan, esate baterako, Bai Euskarari akordio prozesua. Zer gertatuko zen proposamen hori onartu barik? Zer bide aukeratuko genukeen, esparru horiek euskalgintzaren esku uztea? Egitasmo paraleloren bat martxan jartzea? Ziur gaude erabaki egokia hartu genuela: Bai Euskarari akordio prozesua ere EBPNn eta elkarlanean —euskalgintza, udala eta UEMA— aurrera eramatea. Bi urteko esperientzia dugu eta emaitzak ezin hobeak dira.

(Ahulunea) Izan ere, euskalgintza izan daiteke motorea, laguntzailea, baina baita oztopo ere EBPN garatzeko orduan. Eta hori administrazioaren eta euskalgintzaren arteko komunikazioaren eta elkarlanaren baitan egongo da.

§
EBPNren komunikazio-plana

(Indargunea) Plangintzan bertan jaso behar dira plangintza osoa gizarteratzeko ekintzak. Garrantzitsua da oso herritarrek edukitzea euskararen aldeko lanen ikuspegi orokorra; eta ikustea euskara bultzatzeko egitasmo guztiek helburu bera dutela.

(Ahulunea) Komunikazio-plana marketing kanpaina da, eraginkorra izan daiteke baina bi arrisku ditu. Lehenengoa, edukirik gabeko publizitatea egitea, publizitateak berak —izena, irudi korporatiboa, leloa— garrantzia gehiago edukitzea ekintzek baino. Bigarrena, publizitate horren protagonismoa planeko eragile bakar batek bereganatzea.

AZKEN HITZAK

Zestoako lana EBPNra moldatzea ez da erraza izan. Baina horrek ez gintuen ustekabean harrapatu, erabakia hartu genuenean horren jakitun baikinen. Horregatik, abiatu aurretik, gure helburuak eta iparra ere zehaztu genituen: zer lortu nahi genuen eta nola.

Prozesua ondo doala adierazten duten zantzuak badira: ekintza berriak, ebaluatzeko beharra, ekintzak hobeto egiteko proposamenak... lan egiteko gogoa. Baina planaren emaitzak ebaluatzeke ditugu, eta ebaluatzeko tresnarik ez daukagu. Horixe da gehiago luza ezin dezakegun erronka.

Zestoako planaren funtsa eta oinarria elkarlana da, administrazioaren eta euskalgintzaren arteko elkarlana. Ez dakit horrelakorik posible den toki guztietan, baina saiatzeak merezi du.