Bai Euskarari Akordioa eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia
BAI EUSKARARI AKORDIOA
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua euskarak garapen osoa izatea helburu duten jatorri, iritzi, eta lan eremu desberdinetan diharduten 50 erakunde autonomoren bilgunea da. Kontseiluaren zeregin nagusienetakoa da euskararen aldeko gizarte konpromisoa sustatzea. Bide horretan, Bai Euskarari Akordioaren prozesua abiatu zuen, 1998an. Bai Euskarari Akordioaren helburua da enpresetan, saltokietan eta era guztietako entitateetan euskararen garapen osoa behin betiko bideratuko duen prozesua abiatzea, horretarako herritarron konpromisoa sustatuz.
BAI EUSKARARI AKORDIOA HERRIETAN
2000n herrietara hedatu zen Bai Euskarari Akordioaren prozesua, bi urrats nagusitan: lehenbizi esperientzia pilotu batzuk jarri ziren abian eta, ondoren, orokortu egin da. Kontseiluak modu bateratuan bultzatzen ditu dinamika horiek, prozesu honetan parte hartu nahi duten herri guztiei marko bat eskainiz, guztientzako eredu malgua eta egokitzeko modukoa planteatuz, eta Euskal Herri mailan gizarte eragile nagusienekin garatzen ari den prozesuarekiko koherentzia bermatuz. Herrietan gizarte eragileen eskutik, euskararen normalizaziora iristeko konpromiso prozesu bat abiatzea da gakoa. Egun 29 esperientzia daude abian, Euskal Herriko 113 herritan[*].
Ezaugarriak:
1. Malgua da; eredu hau ez da itxia, moldaketak egiten dizkio herri bakoitzeko euskalgintzak.
2. Metodo bat proposatzen du dinamika honek, Konpromisoaren bidea. Euskararen egoeraren konponbidea guztion ahalegin egingarrian jartzen du. Kanpo faktoreak aurkakoak izanda ere, enpresetan, saltokietan eta era guztietako entitateetan euskarak garapen oso zabala lortzea ahalbidetzen du, erakundeko kideen borondatean oinarritzen baita.
Hiru urrats nagusi ditu:A. Prozesuan parte hartzeko gonbidapena.
Prozesu erakargarri, asmo handiko, eta beharrezko batean parte hartzeko deia egiten zaie enpresei, saltokiei, eta era guztietako entitateei.B. Konpromisoak hartzea eta Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea.
Erakundearen hizkuntz egoera aztertzen, hartuko dituen konpromisoak erabakitzen, eta neurriok betetzeko modua zehazten laguntzen zaio eragile bakoitzari. Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko proposamena egiten zaie.C. Konpromisoen ezarpenaren jarraipena.
Konpromisoak hartzea baino garrantzitsuagoa horiek betetzea da. Hain zuzen ere, konpromisoen betetze mailaren jarraipena eta neurri berriak hartzeko proposamena egingo die Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten eragileei, urtero. Urtean zehar konpromiso hartzaileei neurriak betetzeko laguntza eskaini eta segimendua egiteko proposamena egiten zaie udalei, horrek asko laguntzen baitu emaitza arrakastatsua izaten.Prozesua urtero egiten da enpresa, saltoki eta era guztietako entitate berriekin. Ziurtagiria eskuratuta dutenekin konpromisoen segimendua eta neurri berriak hartzeko proposamena egiten da.
Lan hauek egiteko teknikari dedikatuak hartzea da egokiena. Langileok herrian hautatuko dira. Teknikariaren soldataz gain, komunikazio eta eragite lanerako diru baliabideren bat izatea komeni da. Baliabide horiek guztiak udalek jartzea proposatzen dugu, horrelako prozesu baten etekina herriak berak jasoko baitu.
3. Prozesu partehartzailea proposatzen dugu, bai helburu dituenen aldetik (enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak) zein eragileen aldetik ere (tokiko euskalgintza eta udala). Funtsezko aldagaia da hori, edozein normalizazio planek atxikimendu soziala aurkitzeko gizartearen protagonismoa aintzat hartu behar du:
3.1. Herri bakoitzeko euskalgintza. Herriko euskalgintza inplikatzea ezinbestekoa da. Berari dagokio prozesua abiatzeko erabakia hartzea, herriko prozesuaren diseinua prestatzea Kontseiluaren ereduaren gainean, partehartzaileekin harremana eta koordinazioa izatea, prozesuari segimendua egitea eta eragin sozialerako lana egitea. Jakina, Euskal Herri osoan euskalgintzaren egoera ez da berbera eta, ondorioz, ez dira modu berean osatzen euskalgintzaren lan talde horiek. Beraz, prozesuan lanean aritu nahi duen orori zabaltzen zaizkio ateak.
3.2. Herriko udala. Elkarlanean aritzeko proposamena egingo dio euskalgintzak. Udala da herri baten ordezkari naturala eta legala, eta gainera, eragin handia du herrian. Horregatik, komeni da euskalgintzarekin batera lidergo funtzioa betetzea.
4. Euskararen normalizazioaren aldeko giro zabala bultzatzen du, normalizazioa erdiesteko bide egokiena konpromisoarena dela zabalduz. Helarazi nahi den mezua: euskarak aurrera egingo badu, guztion ahalegina behar duela, eta beraiek konpromisoak hartuz, beste batzuk ere eragingo dituztela urrats bera ematera, olatu bilakatuz.
5. Ikuskatua. Nahitaezkoa da prozesuak metodologia egokia izatea eta zorroztasun eta kontrol handiz bideratzea. Horretarako, bi tresna ditugu:
5.1. Bai Euskarari Ziurtagiria. Enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak euskararen normalizaziora iristeko garatzen ari diren konpromiso prozesuaren adierazlea da. Ziurtagiriaren bidez, entitate horiek normalizazio neurriak garatzen ari direla kreditatzen du Kontseiluak. Horrela, erakunde horien ahalegina aitortu eta, aldi berean, konpromisoa jende aurrean erakusteko ikur bat ematen die.
Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu nahi duten entitateek euren hizkuntza egoera aztertu behar dute eta, hemendik abiatuta, urtean zehar garatu nahi dituzten helburuak, eta horiek gauzatzeko epeak, baliabideak, eta arduradunak proposatu behar dituzte. Lan horretan Kontseiluaren laguntza izango dute. 2004ean 458 ziurtagiri banatu dira herrietako prozesuan, kopuru osoaren % 57a. Aipagarria da 2003 urtearekiko % 65eko gehikuntza izan duela ziurtagiriak herrietan.Bai Euskarari Ziurtagiriak hiru maila ditu:
|
|
Euskararen normalizaziorako gutxieneko neurriak hartzen eta garatzen ari diren enpresei, saltokiei, eta entitateei zuzendua. |
|
|
Zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresei, saltokiei, eta entitateei zuzendua. |
|
|
Zerbitzua euskaraz eskaini eta euskara lan hizkuntzatzat duten enpresei, saltokiei, eta entitateei zuzendua. |
5.2. Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordea. Herri bakoitzeko prozesuaren zuzendaritza hiruko batzorde batek eramatea proposatzen dugu, honakoek osatua: udalak, herriko gizarte eragileen ordezkariak, eta euskalgintzak. Batzorde honi dagokio prozesuaren definizioa aztertzea, jarraipena egitea, eta erabakiak hartzea.
6. Euskal Herri osorakoa. Bai Euskarari Akordioak berdin balio du Euskal Herri osorako.
EAEKO EUSKARA BIZIBERRITZEKO PLAN NAGUSIA (EBPN)
Eusko Jaurlaritzak 1999an onartu zuen planak honela dio: “EBPN hizkuntzaren normalizazioa eskuratzen jarraitzeko plan estrategikoa da, hizkuntza-politika egiten diharduten agintariei euren jarduna bideratzen lagunduko dien oinarrizko tresna”.
EBPN-n ageri diren neurriak proposamenak dira, Eusko Jaurlaritzak udal bakoitzari egiten dizkion gomendioak, gobernuak ez baititu udalak behartzen EBPN egitera. EBPNk marko bat eskaintzen du eta udalak egiten du EBPNren egokitzapena. Beraz, herri bakoitzeko EBPNk jasoko du euskararen alde zer ekintza garatuko dituen udalak hurrengo urteetan, eta ekimen horiei zer baliabide bideratuko zaizkien.
Aukerak:
1. EBPN eta Bai Euskarari Akordioa osagarriak dira. Batak plan instituzional baten izaera du (diagnostikoa, neurriak, eta baliabideak) eta, besteak konpromiso sozialaren prozesua (erakundeak euskararen garapen osora iristeko modu bat) proposatu eta euskararen normalizazioaren aldeko giroa indartzea bultzatzen du. Gainera, EBPNk eragin esparrua Euskal Autonomia Erkidegoa du, eta Bai Euskarari Akordioak Euskal Herri osoa.
2. “Euskalgintzan diharduten bestelako enpresekiko eta herri-elkarteekiko harremana bideratzeko nahia” azaltzen du EBPNk. Aipamen garrantzitsua da, herrietako euskalgintzarekin elkarlana bideratzeko asmoa azaltzen baitu. Normalizazio prozesuak arrakasta izateko, protagonismoa konpartitu behar dute instituzioek. Herri-erakundeek zeresan handia dute hizkuntzaren alde egin beharreko lanean, baina baita euskararen normalizazioaren alde egunero lanean ari diren enpresek, saltokiek, eta era guztietako entitateek ere.
3. Bide horretan, EBPNri jarraipena egingo dion Euskararen Aholku Batzordea osatzea edota indartzea bultzatuko du udalak. Oro har, udalak, ikastetxeak, euskaltegiak, eta herriko elkarteek parte hartzen dute. Aipagarria da Kontseiluak proposatzen duen Jarraipen Batzordea eta EBPNk proposatzen duen Euskararen Aholku Batzordea antzeko gauza direla.
Arriskua:
Argi dago herri batetik bestera alde handiak izan daitezkeela EBPNren ezaugarritzean, tokian tokiko arduradun politikoen eta teknikarien nahien eta jarreren baitan izango baita hein handi batean. Adibidez, EBPNk zehazten du udalak partaidetza bermatuko duela, eta hori hala izateko, Euskararen Aholku Batzordea osatzea proposatzen du. Baina, ez du zehazten zer erabakimen izango duen eta, gure ustez, benetako inplikatze-saioa izan behar du. Euskarari gagozkionean adostasuna izan behar du oinarrizko irizpidea; udalak, gizarte eragileek, eta euskalgintzak adostasunez jokatu behar dute, inoren aldetik mendetasunezko planteamendurik onartu gabe.
AURRERA BEGIRAKO GOGOETA
1999an EAEko Legebiltzarrak onartutako erabakian jaso zen, EBPN Kontseiluaren Bai Euskarari Akordioaren Plan Estrategikoaz osatu eta herri-aginteen eta gizarte eragileen lana batzeko borondatea. Kontseiluaren ustea da EBPNk egiten dituen diagnostikoak eta markatzen dituen ildo estrategikoak gizarte eragileei proposatu eta haiekin kontrastatzekoak direla, ahalik eta neurririk handienean planen arteko kontraesanak ekiditeko eta herri mailako prozesuan sortzen diren ekarpenekin EBPN aberastuz joateko. Une honetan HPSrekin hitzarmenik indarrean ez dagoen arren, Bai Euskarari Akordioaren esperientzietatik bostetan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta Bai Euskarari Akordioaren arteko uztarketa egin da. Bereziki aipatzekoa da Tolosaldean egin den ahalegina, eskualde hau izan baita elkarlanaren aitzindaria eta gainerakoentzako eredua.
Ondarroa
Eskualdeko euskalgintzak (LeaArtibaieuskarari elkarteak ordezkatua) eta udalak elkarlan hitzarmena dute; era berean, euskalgintzak Kontseiluarekin du elkarlan hitzarmena. Honen bidez, euskalgintzak konpromiso prozesua bultzatzen du, Ondarroako eta eskualdeko enpresei, saltokiei, eta era guztietako entitateei Bai Euskarari Ziurtagiria eskainiz. Kontseiluak prozesua dinamizatzeko aholkularitza eta laguntza eskaintzen dio LeaArtibaieuskarari elkarteari. Euskalgintzak parte hartzen du udalarekin batera Ondarroako Euskara Batzordean, eta bertan egin da EBPNren herrirako egokitzapena. Gainera, Ondarroako Udalak parte hartzen du euskalgintzaren, Kontseiluaren, eta eragileen ordezkariekin batera Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordean, eskualdeko konpromiso prozesuari segimendua egiteko.
Tolosa
Eskualdeko euskalgintzak (Galtzaundi Elkarteak ordezkatua), Kontseiluak, eta udalak elkarlan hitzarmena dute. Honen bidez, euskalgintzak konpromiso prozesua bultzatzen du eskualdeko enpresei, saltokiei ,eta era guztietako entitateei Bai Euskarari Ziurtagiria eskainiz. Euskalgintzak, Kontseiluak, eta eragileen ordezkariek parte hartzen dute udalarekin batera Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordean, eskualdeko konpromiso prozesuari segimendua egiteko. Batzorde horrek berak egin du EBPNren Tolosarako egokitzapena.
Villabona
Eskualdeko euskalgintzak (Galtzaundi Elkarteak ordezkatua), Kontseiluak, eta udalak elkarlan hitzarmena dute. Honen bidez, euskalgintzak konpromiso prozesua bultzatzen du eskualdeko enpresei, saltokiei, eta era guztietako entitateei Bai Euskarari Ziurtagiria eskainiz. Euskalgintzak, Kontseiluak, eta eragileen ordezkariek parte hartzen dute udalarekin batera Euskara Batzordean, EBPNren Villabonarako egokitzapena egin eta eskualdeko konpromiso prozesuari segimendua egiteko.
Zestoa
Herriko euskalgintzak (Danbolin Elkarteak ordezkatua), Kontseiluak, eta udalak elkarlan hitzarmena dute. Honen bidez, euskalgintzak konpromiso prozesua bultzatzen du herriko enpresei, saltokiei, eta era guztietako entitateei Bai Euskarari Ziurtagiria eskainiz. Euskalgintzak, Kontseiluak, eta eragileen ordezkariek parte hartzen dute udalarekin batera Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordean, herriko konpromiso prozesuari segimendua egiteko. Batzorde horrek berak egin du EBPNren Zestoarako egokitzapena.
Azpeitia
Esperientziarik zailena izaten ari da bera, zalantzarik gabe. 2000ko urrian Bai Euskarari Akordioa abian jartzeko prestasuna azaldu zuen udalak herriko euskalgintzako erakunde guztiekin batera, baina urte erdi beranduago atzera egin eta EBPN abiatu zuen. Hurrengo bi urteetan euskararen aldeko testu bat sinatzeko ekitaldia egin zuen, plan estrategiko bat diseinatu zuen arlokako lantaldeak planteatuz, eta egiaztagiri propioa izango zuen konpromiso prozesu bat bideratzen hasi zen gizarte eragileekin. Azpimarragarria da urrats horiek beraiek direla euskalgintzak proposatu zituenak hiru urte lehenago. Baina euskalgintzak ez zuen onartu bigarren egiaztagiria sortzea, Azpeitiko 36 enpresak, saltokik, eta era guztietako entitatek Bai Euskarari Ziurtagiria baitzeukaten jada.
Azkenik, egoera berbideratu eta elkarlanean jarduteko hitzarmena sinatu zen, lor zitekeen elkarlan onena ez bada ere. Honen bidez, euskalgintzak konpromiso prozesua bultzatzen du Azpeitiko saltokiei Bai Euskarari Ziurtagiria eskainiz. Gainera, euskalgintzak eta eragileen ordezkariek parte hartzen dute udalarekin batera Euskara Batzordean, konpromiso prozesuari segimendua egiteko. Batzorde horrek berak egin du EBPNren herrirako egokitzapena.
Une honetan krisi zail bat bizi du berriro ere elkarlan horrek. Udalak ez du bete hitzarmenean adostutakoa, baina konpontzeko eta berbideratzeko ahaleginean ari gara.
Herri hauetan ikusi da Euskara Biziberritzeko Plana eta Bai Euskarari Akordioa prozesu berean uztar daitezkeela. Uztarketa hori emateko, ondokoak behar dira:
1. EBPN egokitzeko, euskalgintzak eta eragileen ordezkariek planaren diseinuan, garapenean eta balorazioan parte hartzea, eta beraien ekarpenak kontuan hartuak izatea.
2. Konpromiso prozesu bat sustatzea herriko eragileekin. Konpromisoak hartu eta Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzera gonbidatu enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak. Ekimen hau burutzeko, EBPNren urteroko kudeaketa planean dirulaguntzak esleitu beharko lituzke udalak, herriko euskalgintzarekin eta Kontseiluarekin elkarlan hitzarmenak sinatuz: konpromisoak hartzeko faserako teknikaria(k), eragiteko eta komunikaziorako baliabideak, hartzen diren konpromisoak garatzeko laguntzak, eta prozesuari segimendua egiteko baliabideak.






