EBPN: sistematizaziorako tresna egokia
Katastrofeen teoriaren sortzaile den Ernest Querolen iritziz, “el uso de una lengua genera uso, y el desuso genera desuso”.
Euskal Autonomia Erkidegoan 1980ko hamarkadaren hasieran euskararen erabilera normalizatzeko hartu ziren neurriei esker euskararen etengabeko galera gelditu da, eta azkeneko mendean nagusitu den beheranzko joera horri buelta eman zaio. Horretara, aurrerakada nabarmena antzeman da demografikoki (elebitasunaren unibertsalizazioa), geografikoki (hirigune handienetan batez ere) eta funtzionalki (euskararen erabileraren eta belaunaldien arteko familia bidezko euskararen jarraipenaren hazkunde progresiboa, baita guraso euskaldun berrien aldetik ere). Horrek guztiak ez du ekarri gaztelaniaren atzerakadarik, erdaldun elebakarraren atzerakada baizik. Hau da, muturreko egoerak, alde batekoak zein bestekoak, atzera doaz azkar, hizkuntza nahiz kultura integrazioari eta mestizajeari ateak zabalduz. Halere, gaur gaurkoz, erdaldun elebakarrak eta erdararen erabilera, oraindik, nagusi dira EAEn.
Nafarroan, euskararen erabileraren alde taxutu diren ekimenak EAEn baino gutxiago eta berantiarragoak izan arren, galerak moteltzen ari dira.
Iparraldean, ordea, ez dago euskararen aldeko inongo neurri instituzionalik eta euskara etenik gabe ari da galtzen, eta belaunez belauneko transmisioa ez dago bermaturik.
Hori dela eta, euskara biziberritzeko ezezik euskarak bizirik irauteko ere derrigorrezkoa da euskararen aldeko politika, euskararen ez aldeko ez aurkako politikak galera etengabea areagotzea baino ez baitakar Euskal Herrian.
Azken urteotan, berriz, euskararen erabilera normalizatzeko burutu diren ekimenak norabide beretsuan bideratzeko eta indartzeko, Eusko Legebiltzarrak, 1999ko abenduaren 10ean egindako osoko bilkuran EBPN berresteaz gain, EBPN Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan eta hiri handietan garatzeko oinarrizko irizpideak aztertzeko eskatu zuen. Hori horrela, Euskararen Aholku Batzordeak 2000ko lan-egitarauan, hiriburuetan ezezik 5.000 biztanletik gorako udalerrietan ere EBPN garatzeko oinarrizko azterketa eta proposamena egitea hobetsi zuen. Euskararen Aholku Batzordearen erabaki hori betetze-aldera, HPSk, hiriburuetan ez ezik, udal guztietan ere EBPN garatzeko oinarrizko azterketa egin zuen, eta proposamenak aurkeztu zituen udalen egoera soziolinguistikoa eta tamaina kontuan izanda.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia gidari, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko udaletan garatzeko moduko plan xehatuak egin dira, udalok euskararen erabilera areagotzeko lanetan gida eta erreferentzia egokitua izan dezagun. Horretarako, jatorrizko EBPN egokitu eta moldatu zen udalen jardunbideei eta beharrei egokitzeko. Modu berean, jatorrizko EBPNren helburu nagusia eta hiru helburu estrategikoak bere horretan mantendu dira; esparruak moldatu dira eta neurriak aukeratu dira.
Helburu estrategikoei heldu baino lehenago, aipatu behar dugu udalak direla herritarren egunean eguneko bizitzan eta zereginetan hurbilen dauden erakundeak eta herritarrek gertuen sentitzen dituenak. Alde horretatik, udal agintariok EBPN onartu eta berehala herriz herri garatzeko erantzukizuna geure egin dugu.
Helburu estrategikoei dagokienean, hiru dira helburuok: euskara ondorengoetaratzea, euskararen erabilera, eta euskararen kalitatea. Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntzaren ikuspegitik aniztasuna da ezaugarririk behinenetarikoa. Horren ondorenez, EBPN egiterakoan, aniztasun hori kontuan izan da eta udalez udaleko egokitzapena egitea ezinezkoa zenez, udal ereduak edo taldeak definitu dira, udal bakoitzaren biztanle kopurua, 1996ko erroldako datuen arabera, eta euskaldun-kopuruaren portzentajea. Horretara, euskaldunen kopuruari begiratuz eta udalen tamainari begiratuz talde desberdinak sortu dira. Ez da ahaztu behar, modu horretan 160 udalerri hartzen direla, hiriburuak barne. Bertan EAEko udalerrien % 64 eta biztanleriaren % 93,5 hartu dira eta biztanle horietarik % 30,6 dira euskaldunak.
Ereduak alde batera utziz, euskararen erabilera areagotzeko zereginetan bi alde bereizi behar dira: barrukoa eta kanpokoa. Batetik, udal barruko jarduerak eta bestetik, udalerriko zereginak. Barrukoari dagokionez, herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzea da helburua. Kanpokoaren inguruan esan behar da, ordea, udalek lehenetsi beharko lituzketen helburu eta ekintza zehatzak proposatu behar direla.
Horiek guztiak kontuan hartuta, EUDELen ustez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak oinarrizko lan-tresna eskaini digu euskara biziberritzeko politika sistematizatzeko eta bateratzeko, izan ere, tresna hau eskuan izanda udal bakoitzak bere baliabideak eta errealitatea kontuan izanda, plangintza tokian tokira egokitu du. Udaletako esperientziak ikusita, EBPN abian jarri duten udalek hizkuntza-kudeaketan bide berriak zabaldu dituzte, langileen eta herritarren inplikazioa bilatuz, bai maila politikoan zein teknikoan. Horretaz gain, HPSren eta Foru Aldundien laguntza teknikoa ezinbestekoa eta aberasgarria izan da, eta aurrerantzean garatuko diren programei begira bide beretik jarraitu beharko dugu EUDELen iritziz.
Aipatu behar dugu, bestalde, EUDELek aurten euskara arloko zinegotziei beren lana arrakastaz betetzeko oinarrizko ezagutza eta trebakuntza ematea erabaki duela, izan ere, hizkuntza normalizazioaren inguruan hartu behar diren erabakiak hartu ahal izateko zinegotziek eta alkateek irizpide nagusiak behar zituztela uste genuen. Horretara, zinegotzientzako formazio-moduluak antolatu genituen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera. Lau modulu horietan landu ziren Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa, euskararen estatus juridikoa, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren garapena udaletan. Modulu horiek Internet bidez egiteko aukera eman zen eta berrogeita hamabost zinegotzi inguruk burutu zituzten.
Bestalde, udal agintarion ustez, EBPN aplikatzearen ondorioz, euskara biziberritzeko politikan udal mailako erantzukizunak zehaztu dira, izan ere, udal-aurrekontuetan horretarako behar ziren baliabideak ezarri dira eta giza baliabideak zehaztu eta osatu dira tokian-tokian. Azken horiek ezinbesteko euskarri dira hizkuntza normalizazioari behar den moduan ekiteko.
Asko dira EBPN garatzen ari diren udalak eta mankomunitateak; hala ere, udal gehiagotara zabaltzeko ahaleginean gabiltza EUDELen eta dagoeneko onartuta dutenetan plana ebaluatzen eta eguneratzen hasi beharko dute.
Amaitzeko, Euskal Udalen Elkarteak gizarte elebiduna eraikitzeko apustu irmoa egiten duela esan behar da, izan ere, euskararen etorkizuna ziurtatzeko biderik egokiena da elebidunez osatutako gizartea eraikitzea. Gisa berean, geure herritarren artean elebitasun hori lortzeko adostasun zabala dagoela jakin badakigu eta euskararen normalizaziorako horiek biak ezinbestekoak dira, alegia, erabaki politikoa eta gizartearen adostasuna.



