Eleaniztasuna muga aldeko eskoletan
IKERKETAREN TESTUINGURUA
Hendaiako eta Urruñako eskolak Donibane Lohizuneko zirkunskripzioan kokaturik daude, eta, muga dela medio, problematika berezia dute. Tradizio historiko luze batek Hendaiako herria batik bat, baina baita Urruñakoa ere, mugaz bi aldetako nazioetan nahasirik bizitzera eraman ditu eta, halaber, hiru hizkuntza izatera; esan nahi baita frantsesa, euskara, eta gaztelera.
Izan ere, 1999ko irailean hasitako hiru ikasturtetako ikerketaren arabera, (1999/2000-2000/01-2001/02) Hendaiako populazioak, % 20 batez beste, espainiar nazionalitatea du. Iparraldean bizi den aipatutako populazioaren haurren kopuruari, Hendaiako eskola publikoan nahiz pribatuan eskolatutakoei, egunero Irundik eta Hondarribiatik, batik bat, baina baita Errenteriatik, Pasaiatik, eta Donostiatik ere etortzen diren 222 haur gaineratu behar dizkiegu. Guztiok, noski, Hendaian Lehen Irakaskuntzan (Haur edo Lehen Hezkuntzan) eskolatzen dira. Kontuan harturik denetara Lehen Irakaskuntzan 1581 haur eskolatzen direla, 222 haur hauek Hendaian eskolatuen artean % 14,04 egiten dute. 222 haur horiei Hendaian bizi baina hizkuntza gaztelera dutenak gehitzen badizkiegu, Lehen Irakaskuntzako populazioaren artean % 31k gaztelera, edo euskara eta gaztelera duela aitor dezakegu.
Urruñan espainiar nazionalitatea dutenak gutxiago dira (1999an erroldatutako 7171 biztanletik 390; % 5,4, hain zuzen ere). Hegoaldean bizi eta hor eskolatutako haurren kopurua Hendaiakoaren antzekoa da; batez beste % 13.
Hendaian eta Urruñan bizi eta gaztelera egiten dutenek edo muga egunero igarotzen dutenek eskolatzea bizpahiru urterekin hasten dute murgiltze ereduan, frantsesean, edo murgiltze bikoitz batean: frantsesa-euskara, gurasoen hautaketaren arabera; kontuan izan behar da ikasle hauetariko gehienentzat euskara atzerritar hizkuntza dela. Baina ohituren, tradizioen, eta egunerokotasunaren eraginez, haur horiek joaten diren eskolek ez dute berezitasun hori bizi eta, beraz, ez da existitzen.
Hori dela eta, eskolek nahiz kolegioek, irakasleek zein ikasleek egunero errealitate eleanitz horri aurre egin behar diote, zeinak zalantzak eta arazoak sortzen dituen. Ikastaro Pedagogiko batean irakasle batek honako galdera jaurti zuen: “Haur Hezkuntzan izena ematerakoan, euskara-frantsesa elebidunean, hizkuntza gaztelera duen haur baten gurasoei hitz egin behar al zaie argi eta garbi murgiltze horrek dituen zailtasunez?”
Hain konkretua den arazo honek batetik, eta eleaniztasunarekiko sentsibilitateak bestetik, familian nahiz profesional gisa bizi dugunoi, mugaldeko Hendaia eta Urruñako herrietan ikerketa egiteko aukera eman zigun.
IKERKETAREN HELBURUA
Horrela bada, gure helburuak honako hiru puntu nagusi jaso eta erlazionatzen ditu:
1) Ikasturte hasieran Lehen Hezkuntzako CE2an (3.maila) eta Kolegioko 6.ean (6.maila), Frantsesean eta Matematikan, Ebaluazio Nazionaletan, lortutako emaitza globalak. 2) Irakaskuntza ereduak: elebakarra, elebiduna, eta internazionala (6.ean) 3) Aztertutako ikasleek (1247) duten ama-hizkuntza.
Irakaskuntza mota bakoitzean, frankofono elebakar haurren emaitzak eta ebaluazioak frankofono ez diren haurrenekin (gaztelera duten elebakarrak, euskaldun elebakarrak, eta elebidunak: euskara-gaztelera) alderatu ditugu. Halaber, irakaskuntza eredua eta gurasoen giza-lanbide kategoriaren arteko harremanak aztertu ditugu.
3. mailako klaseetarako sei eskola publikoko emaitzak hartu ditugu kontuan: hauetako hiruk, 1999ko irailean irakaskuntza elebiduna eskaintzen zuten (euskara-frantsesa), beste hiruk elebakarra. Beste hiru pribatuak izan dira, hauetatik bata elebiduna eta bi elebakarrak. Bai eredu elebakarrean bai elebidunean, astean ordu t’erdiz atzerriko hizkuntza dute; eskola bakoitzak, bere proiektuaren arabera, espainola, ingelesa, edo alemana eskaintzen du:
- Eskola elebidunetan, gurasoek ordu kopuru berdinetan banatutako irakaskuntza aukeratzen dute, esan nahi baita 12 ordu frantsesez eta 12 ordu euskaraz (gehienetan arlo zientifikoak). - Eskola elebakarra aipatzerakoan, frantsesez bakarrik ematen den eskolaz ari gara.6.mailako klaseetarako, hiru eredu eskaintzen dituen kolegio publikoko emaitzak aztertu ditugu: elebakarra, elebiduna (frantses-euskara) eta internazionala. Eta kolegio pribatuko batekoa, non eredu elebakarra dagoen:
- Eredu elebidunean, esan nahi baita frantses-euskara, ikasleek historia eta geografia euskaraz hartzen dituzte astean hiru orduz, eta ordutegi normaletik gain hiru edo lau ordu euskara hizkuntza gisa.
- Eredu internazionalean, historia eta geografia gazteleraz egiten dituzte astean hiru orduz, eta ordutegi normaletik gain hiru ordu dituzte gaztelerarentzat eta beste hiru ordu gaztelerako literaturarentzat. Eredu internazionalean, beraz, frantsesez eta espainolez egiten dute, eta ez dute euskararik aukeran. - Eredu elebakarrean, euskara aukerako ikasgai modura eskaintzen da, astean ordubetez. Hau, ordea, eskola-orduz kanpo izaten da, nahiz eta eskola barruan eta bertako irakasleek emana izan.Hiru ereduotan ingelesa eta alemana dute aukeran, atzerriko hizkuntza modura, astean hiru ordu. Eredu elebidunean eta elebakarrean baita espainola ere.
Datu hauek guztiak, batetik, ikasturte hasieran gurasoek betetzen dituzten informazio fitxen bidez jasotzen dira eta, bestetik, 3. mailan eta 6. mailan jasotako ebaluazio nazionalen emaitzen arabera.
HAURREN AMA-HIZKUNTZA
Horrez gain, eta hiru urteren buruan, Hendaiako eta Urruñako 3. eta 6. mailetako ikastetxeetan haur bakoitzarekin hitz egin dugu, beren ama-hizkuntza ezagutu ahal izateko. Ama-hizkuntzari dagokion informazio guztia pertsona bakarrak egin du, haurren hizkuntza erreala bere neurri justuan ezagutzeko. Izan ere, zenbait ingurunetan eleaniztasuna gordetzeko joera dagoen bitartean, mugaz honuntza eleaniztasunean murgildurik bizi dira eta haurrak beraien hizkuntza konpetentziak puztea gustukoa dute. Garrantzitsua da, beraz, zehazki bereiztea haurrak bere familia artean zein hizkuntza erabiltzen duen.
Gure ikerketaren testuinguru linguistikoa kokatzeko, lehen grafikoa aurkeztuko dugu. Bertan ikusarazten da aztertutako % 58,4 ikaslek bakarrik dutela frantsesa lehen hizkuntza, % 17,6k gaztelera eta %12,3 direla elebidunak, frantsesa-gaztelera; beste eleaniztunak % 4tik behera geratzen dira.
Ikertutako 1247 ikasle kopuruaren ama-hizkuntzaren grafikoa

LEHENENGO OHARPENAK
Publikoari eta pribatuari dagokionean, kontuan hartutako haurren kopurua askoz garrantzitsuagoa da publikoan (% 71) pribatuan baino (% 29). Hau baieztatu ondoren, jarraian esan nahi dugu publikoen eta pribatuen artean ez dugula inongo konparaziorik egiten, gure asmoa ez baita publikoko eta pribatuko haurren emaitzak alderatzea; egin nahi duguna da haurrak bere osotasunean hartu eta ikerketa irakaskuntza-eredura eta ama-hizkuntzara zuzendu edo bideratu.
Haur eskolatuen kopurua garrantzitsuagoa da Hendaian (% 86,1) Urruñan baino (% 13,5). Maila honetan ere ez dugu konparaziorik egin nahi; bi herrietako datuak bere osotasunean hartu dira, Urruñako datuek laginketa aberastu dutelarik.
Ikerketa honetan kontuan harturiko haurren emaitza osoak, 3. eta 6. mailan, Frantziako emaitza osoak baino altuagoak dira, nola frantsesean hala matematikan. “Pyrénées Atlantiques” Departamentuko emaitzak baina baxuagoak dira 3. eta 6. mailan, 99-2000 bitarteko urteetan; ondorengo urteetan, aldiz, 6. mailan altuagoak. Horrela, bada, egiaztatu dezakeguna zera da: frankofono ez diren haur eleanitzen kopuru garrantzitsu horrek ez ditu muga aldeko eskoletan Frantsesa eta Matematikako emaitzak mailaz jaisten. Neskek frantsesean emaitza hobeak lortzen dituzte, eta mutilek matematikan, nahiz eta aldea frantsesean baino txikiagoa izan.
IRAKASKUNTZA EREDUA: IRIZPIDE DETERMINATZAILEA
Irakaskuntza ereduari dagokionean, ikasketak eredu elebakarrean egiten dituzten ikasleen kopurua (3.ekoak eta 6.ekoak nahasturik), ikasketak eredu elebidunean, (euskara/frantsesa (% 19,6) edo internazionala 6.ean (% 11,6)) egiten dituztenak baino ugariagoa da.
Jarraian datorren grafikoan ditugu irakaskuntza eredu desberdinei dagozkien ehunekoak, 3. eta 6. maila banandurik daudelarik. Azpimarratu behar dugu 6. mailan elebakarren kopurua jaisten dela; hau normala da, haur kopuru batek eredu internazionala aukeratzen baitu. Eta gauza berdina gertatzen da eredu elebidunean, frantsesa / euskaran.
Irakaskuntza ereduen grafikoa haurren mailari dagokionean.

Inkestako haurrak bere osotasunean harturik, esan nahi baita maila guztietakoak, 6.mailan lerro internazionala jarraitu duten ikasleak dira frantsesean nahiz matematikan emaitza onenak lortzen dituztenak.
Batetik, arlo internazionaleko ikasleen goi-emaitza hauek normalak eta espero zitezkeenak dira, 6.ean sartzerakoan aukeraketa egin ohi baita lehen hezkuntzako 5. maila bukatu ondorengo eskola emaitzen arabera, eta horrez gain, gazteleraren konpetentziaren arabera, ezinbesteko konpetentzia delarik, ikasketak gazteleraz jarraitu ahal izateko.
Baina, bestalde, sekzio honetan, frankofono ez diren ikasleen kopuru altuena dago. Ondorengo grafikoak ikusarazten digu % 38,6 direla frantses elebakarrak, eta % 39,4k ez dutela lehen hizkuntza frantsesa (gaztelera hutsa, elebidunak euskara/gaztelera, euskaldun elebakarrak); ikasleen gehiengoa, % 55,3, ama-hizkuntza gaztelera dutenak dira (hispanofono elebakarrak, elebidunak frantsesa/gaztelera, elebidunak euskara/gaztelera, eta hirueledunak frantsesa/euskara/gaztelera).
Horrez gain, ikasle hauek guztiek eskolaurretik irakaskuntza frantses elebakarrean edo elebidunean (frantses/euskara) jarraitu dute. Beraz, esan dezakegu ikasle hauen elebitasuna ez dela eragozpen berauen eskolatzean.
6. mailako lerro internazionaleko ama-hizkuntzen grafikoa.

6. mailako klaseetako beste bi lerroei dagokienean, lerro elebidunetan dauden emaitzak elebakarrean daudenenak baino askoz ere altuagoak dira. Elebidun ereduko haurren artean % 29,2k ez dute frantsesa ama-hizkuntza; elebakarrean, aitzitik, ama-hizkuntza frantsesa ez dutenak % 9,3 dira.
6.mailako ikasleen ama-hizkuntzaren grafikoak
|
|
![]() |
![]() |
||
3. mailakoei dagokienean, elebidun eredua jarraitzen dutenen emaitzak frantsesean zertxobait altuagoak dira elebakarra jarraitzen dutenekin alderatuz; alde hori matematikan altuxeagoa da, elebidunen onerako. Hauen artean % 34,7k ez du ama-hizkuntza frantsesa, elebakarrekoen artean, berriz, % 18,9k.
3.mailako ikasleen ama hizkuntzaren grafikoak.
|
||||
|
||||

Azpimarratzekoa da eskolaurretik eredu elebidunean diharduten haurrek frantsesez astean 12 ordu egiten dituztela (beste 12 ordu euskaraz), eta eskolatzearen hasieratik euskara hutsean soilik matematika ematen dutela; aldiz, 3. mailako Ebaluazio Nazionalak frantsesez egiten dituzte. Horrela, bada, ondoriozta dezakegu, batetik, eta haurrak bere osotasunean harturik, eskolatzea eredu elebakarrean dihardutenen antzera jarraitzen dutela eta, bestetik, matematikan, gai hau euskaraz landu baitute, jaso dituzten konpetentziak frantsesera transferigarriak direla.
IKASLEEN GIZA-JATORRIA
Inkesta honen analisiak ikasleen emaitzak dituzte abiapuntu. Baina irizpide bakar horretan oinarritzea, eskola ez dela soilik ikasle eta irakasleriaren arteko harremana ez onartzea litzateke.
Inkesta hauek erakutsi izan digutena da irakaskuntzaren lerro elebidunean jarraitzen duten ikasleek elebakarrekoenak baino emaitza hobeak lortzen dituztela. Hau baieztatu ondoren, honako galdera mahaira dezakegu: ez al dago eredutik haratago ikasleen emaitzetan eraginik duen beste faktorerik?
Zein dira irakaskuntza elebiduna eta internazionala jarraitzen duten ikasleak? Irakaskuntza eredu honetan ikasketak egitea ez al dago nolabait klase sozial bati baldintzatua, zeina guk giza-lanbide kategoria bezala defini dezakegun? Galdera honi erantzuteko interesgarria deritzogu ikasleen giza jatorria ezagutzeari, batik bat gurasoen giza-lanbidean oinarrituz.
Giza-lanbide kategoriei buruzko zenbait ohar:
Inkesta honetan islatzen diren giza-lanbideen kategoriei zenbait ohar egingo diegu (INSEE Frantziako Estatistikako Institutu Nazionalaren araberako definizioetan oinarrituta). Izan ere, oso normaltzat jotzen bada familia buruaren lanbidea ontzat hartzea, kasu honetan aitarena, interesgarria iritzi diogu amaren lanbidea ere kontuan hartzeari, guraso bakarreko familien bilakaera kontuan harturik.
Aitei dagokienez, ordezkatuenak enplegatuak eta langileak dira (% 43,5). Amei dagokienez, berriz, enplegatuak (% 30,2) eta lanik gabekoak (% 28,7) etxekoandreak edo etxeko lanetan dihardutenak barne.
Azpimarratu behar da erantzun ez dutenen kopurua kontuan hartzekoa dela: % 13,3 aitei dagokienez eta % 10,1 amei dagokienez. Haurrei banatutako informazio orrialdeetan gurasoen lanbidea ez agertzea nahita eginiko zerbait da. Irakasleen irudiko, lanbidea ez agertzea giza arrazoiei zor zaie (gizartean gutxietsitako lanbidea) edo segurtasun arrazoiei (Erkide Autonomikoko poliziak, adibidez). Horrez gain, ama askok, familia-buru eta bikoterik gabe bizi direnak, ez dute aitaren lanbidea jartzen, nahita edo ez dakitelako ze lanbide duen. Nahiz eta lastima den erantzunik gabekoen portzentaia altua izatea, hala eta guztiz ere jasotakoak ondorengo taulan jarriko ditugu zenbait behaketetara eraman baikaitzakete.
Giza-lanbide kategorien eta irakaskuntzaren arteko harremana bistan jartzeko, independentziarako desbideratzeak adierazten dituzten taula gurutzatuak egin ditugu. Indikatzaile honek bi aldagaien arteko harremanaren indarra neurtzeko balio du. Taulak irakurtzeko honako hauxe gogoan izan behar dugu: esan nahi baita, independentziarako desbideratze positiboak koadro batean (0tik gorakoa) aldagai bakoitzaren bi modalitateen arteko erakartasuna adierazten du (hemen giza-lanbidea eta irakaskuntza-eredua). Negatiboak, aldiz, elkar aldarapena dakar.
Aitaren giza-lanbide kategoriari buruz:
Ondorengo taulak enpresa-buruen eta irakaskuntza elebakarraren arteko korrelazioa adierazten digu (11,3 puntu), beste era batera esanik, “enpresaburuen” seme-alabak elebakarrera doaz, eta gainera, giza-lanbide kategoria horren eta irakaskuntza internazionalaren artean (-8,1 puntu) ez dagoela inongo erlaziorik azpimarratzen digu.
Aitzitik, egoera alderantzizkoa ere gertatzen da. Koadro eta goi mailako intelektual lanbideek beren seme-alabak irakaskuntza internazionalera (18,6 puntu) bidaltzen dituzte, eta internazionalaren ondoren irakaskuntza elebidunera (11,8 puntu). Halaber, garbi geratzen da korrelaziorik ez dagoela “enplegatuen” eta irakaskuntza internazionalaren artean.
Aitaren giza-lanbidea eta irakaskuntza taula (independentziarako desbideratze taula)
|
elebakarra |
elebiduna |
internazionala |
|
|
erantzunik ez |
26,0 |
-23,2 |
-2,8 |
|
Enpresaburuak |
11,3 |
-3,2 |
-8,1 |
|
koadro eta goi mailako intelektual lanbideak |
-30,5 |
11,8 |
18,6 |
|
lanbide ertainak |
-6,7 |
0,5 |
6,1 |
|
Enplegatuak |
5,1 |
4,4 |
-9,5 |
|
Langileak |
-4,2 |
8,9 |
-4,7 |
|
Langabeak |
-1,0 |
0,7 |
Enplegatuak dira, esate baterako, komertzioetako langileak, eta poliziak edo militarrak. Koadro eta goi mailako intelektual lanbideen artean, berriz, irakasleak, kazetariak, edo artistak aipa litezke, besteak beste.
Amaren giza-lanbide kategoriari buruz:
Nahiz eta neurri txikiagoan izan, aitaren giza-lanbide kategoriaren aldagai berdinen arteko erlazioa egiaztatzen da: enpresaburuen eta irakaskuntza elebakarrean korrelazioa (5,7 puntu), ia erlaziorik ez enpresaburuen eta irakaskuntza internazionalaren artean (-4,5 puntu). Aiten giza-lanbide kategoriarako bezalaxe, korrelazio gutxi dago “koadro eta goi mailako intelektual lanbide” eta irakaskuntza elebakarraren artean (-10,5 puntu). Horrez gain, nabarmendu nahi dugu “lanbide ertainen” eta elebakarreko irakaskuntzaren artean korrelaziorik ez dagoela (-18,5 puntu) baina bai irakaskuntza elebidunarekin (14,3 puntu). Era berean, “langabezian” dauden amen seme-alabak elebakarreko irakaskuntzara bideratzen dira (13 puntu).
Amen giza-lanbidea eta irakaskuntza taula (independentziarako desbideratze taula)
|
elebakarra |
elebiduna |
internazionala |
|
|
erantzunik ez |
13,0 |
-18,1 |
5,1 |
|
Enpresaburuak |
5,7 |
-1,2 |
-4,5 |
|
koadro eta goi mailako intelektual lanbideak |
-10,5 |
5,6 |
4,9 |
|
lanbide ertainak |
-18,5 |
14,3 |
4,3 |
|
Enplegatuak |
-6,4 |
9,1 |
-2,7 |
|
Langileak |
3,7 |
-1,2 |
-2,5 |
|
Langabeak |
13,0 |
-8,3 |
-4,6 |
Lehen ikusi dugun bezala, beraz, emaitza onenak irakaskuntza internazionalekoek lortzen dituzte, jarraian, irakaskuntza elebidunekoek; esan beharra dago azken hauen emaitzak giza kultur inguruak ere baldintzatzen dituela. Giza-lanbide kategoriei buruz, ikusten dugu irakaskuntza elebidunaren ondoren goi mailako profesio intelektualek irakaskuntza internazionala aukeratzen dutela. Emaitza onenak, beraz, kultur maila altua duten gurasoen seme-alabek lortzen dituzte, ezer gutxi esan nahi duelarik berauen ekonomi mailak, enpresaburu diren gurasoen haurrak eredu elebakarreko irakaskuntzara baitoaz, eta ez dituzte emaitza hoberenak. Beraz, giza-kultur determinatzaileek eragin handiagoa dute ikasleen emaitzetan.
ONDORIOAK
Ondorioztatu duguna da ikasleen eskola emaitzek irakaskuntza ereduarekin zerikusia dutela, eta beraien artean korrelazio bat badagoela. Baina, gizarte eleaniztunean kokatzen den gure ikerketa honek erakutsi digu irakaskuntza ereduak haurren ama-hizkuntzarekin zerikusia duela. Izan ere, emaitza onenak lortu dituen eredua internazionala da, eta bertan aurkitzen da gaztelera duten elebakarrek edo eleanitzek osatutako kopururik handiena (% 55,3); jarraian, eredu elebiduna (% 34,7); azkenik, eredu elebakarrak eman ditu emaitza baxuenak, haur frankofono elebakarren kopurua handiena bertan delarik (% 64,4).
Halaber, ikusi duguna zera da: irakaskuntza eredua aukeratzeak zerikusia duela gurasoen giza-lanbide kategoriarekin. Honela, elebidun eta internazional ereduetan giza-kultur maila altua dutenen ordezkaritza zabala da, eta giza-ekonomi mailan ongi kokatutakoek, berriz, ordezkaritza hobea dute eredu elebakarretan.
Ikerketa honek, beraz, erakusten digu eskola emaitzek hiru faktoreekin dutela zerikusia: aukeratutako irakaskuntza-eredua, haurren elebakar edo eleaniztasuna, eta gurasoen giza-lanbide kategoria (GLK).
![]() |
Hasieran planteatutako galderara itzuliz, esan nahi baita: “haurren ama-hizkuntza gaztelera izanik, berauen gurasoei, haurra elebidun ereduan izena ematera etortzen direnean, agertu behar al zaizkie argi eta garbi bi hizkuntz atzerritarretan sartzeak, murgiltze-ereduan alegia, dituen balizko zailtasunak?” Guk pentsatzen dugu galdera honi jada erantzun diogula. Inkesta honetan lortutako emaitzak garbi azaltzen digu gurasoen zein irakasleen kezkak eta beldurrak ez duela inongo oinarririk. Alderantzizkoa dirudi, esan nahi baita, euskal elebitasunak ez diela haur hauei inongo zailtasun berezirik sortzen.
Horretaz guztiaz gain, beharrezkoa da onartzea emaitza hauek lortzen, irakaskuntza-ereduak laguntzeaz gain, gurasoek eginiko hezkuntza aukera garbiak ere baduela zerikusirik horretan. Irakaskuntza Publikoan 1983ko apirilean eredu elebiduna ireki zenetik, egiaztatu dugu hezkuntza proiektu elebidunarekiko gurasoen jokabide baikorrak asko erraztu duela beraien haurren eskolatze hobea. Txiki-txikitatik eredu elebiduna jarraitzen duten haur askok badakite adierazten gurasoek zergatik aukeratu duten eredu hori. Ikasketa mailan hain garrantzitsua den “argitasun kognitiboaz” ari gara. Aukera linguistiko kontziente horrek azal dezake gurasoen sozio-kultur jatorriak haurren eskolako emaitzetan eragin determinantea duela.
Gure ikerketako ikasle elebidunek eta eleanitzek laguntza handia jasotzen dute orain beraien eleaniztasun pertsonalean, hezkuntza eleaniztuna gero eta onartuago dagoelako, bai gizarte mailan eta bai irakaskuntza mailan. Eleaniztasun horrek beldur gutxiago sortzen du, irakasleek arreta gehiago jartzen dute haurren hizkuntza guztiak kontuan hartuz, eta naturaltasunez onartzen dituzte haurrek beren hizkuntza desberdinekin eraikitzen dituzten zubiak. Normala da Hendaiako eta Urruñako klaseetan hiru hizkuntzei dagozkien hausnarketa metalinguistikoak egitea, esan nahi baita: frantsesa, euskara, eta gaztelera, eta zenbaitetan are gehiago klase batean haur batek portugesa, ingelesa edo arabiera erabiltzen duenean.
Muga inguru honek ez ote du irudikatzen miniaturan jaiotzea nahi genukeen Europa eleanitza!
ERREFERENTZIAK:
Garmendia M., «PLURILINGUISME A L’ECOLE EN ZONE FRONTALIÈRE»
Travail de recherche effectué à partir des résultats aux évaluations nationales de CE2 et de 6e des élèves des écoles et collèges publics et privés d’Hendaye et d’Urrugne.
Années scolaires 1999/2000 – 2000/2001 – 2001/2002
Dabène L., Garmendia M., «L’enseignement en langue régionale», in LIDIL -Revue de linguistique et didactique des langues - Université Stendhal de Grenoble. Hors Série. Sept. 2003. (165-173.or)
Garmendia M., «Le retour du basque à l’école française», in Cahiers Pédagogiques (Dossier: 75 langues en France, et à l’école), nº423 . Avril 2004. (38-39-or)






