Nafarroako irakaskuntza elebiduna: irakasleen jarrerak eta sinesmenak

Pablo Sotes, Nekane Oroz, Carlos Vilches
Aipamenak
Kolektibo horren barruan irakasle elebidunak interesatzen zaizkigu bereziki, beraien bidez ikasleek hizkuntza batekiko jarrerak eta hizkuntza hori erabiltzeko joerak jasotzen dituztelako. Ezin daiteke ahaztu kontzientzia metalinguistikoa askoz ere bilakatuagoa dagoela elebidunengan: kapazagoak omen dira hizkuntzen arteko erlazioa edo funtzionamenduari buruzko hausnarketak egiteko (Baker, 2001; Lasagabaster 1997, 1998, 2000) eta horrek ere bere eragina dauka ikasleekin burututako ekintzetan eta hausnarketa metalinguistikoetan.

Nafarroako irakaskuntza elebiduna hiru eredu linguistikotan eskaintzen da, 1988ko maiatzaren 19ko eta abuztuaren 30eko foru dekretuek araututakoak eta Euskal Autonomi Erkidegokoekin antz handia dutenak. Eredu linguistiko horiek ezarpen ezberdina dute Euskararen Legeak ezarritako hiru eremuetan (Aldasoro, 2001; Sotés, 2002). Zonifikazioa eta ereduen ezarpena kontuan hartuz, ondoko mapan agertzen diren zehazpenak aztertuko ditugu Nafarroako egoera soziolinguistiko berezia ulertu ahal izateko.

Faktore horiek guztiak kontuan hartuz, ikerlan honetan Nafarroako irakasle elebidunen kolektiboan sakondu nahi izan dugu, kidego horretan lan egiten duten irakasle elebidunek irakaskuntza elebidunari buruz dituzten jarrerak ezagutzeko asmoz bai euskararen kasuan baita atzerriko hizkuntzen kasuan ere.

Bigarren fasean erabilitako metodoa inkesta soziologikoa izan zen. Inkesta horren unibertsoa maila unibertsitariotik beherako Nafarroako irakasle guztiak izan dira. Lagina lan-hizkuntzaren, hizkuntza-eremuaren eta sektore pribatu/publikoa aldagaiaren arabera banatu dugu. 629 irakasle elkarrizketatu dira. Ikerlanaren parametroak ondoko fitxa teknikoan laburbildu ditugu:

Azken bi ezaugarri horiek (irakasle mota eta eremu soziolinguistikoa) oso garrantzitsuak izan dira gainontzeko ondorioak interpretatzeko orduan. Laburbilduz, irakasle elebidunaren profila honelakoa da: emakumezkoa, gaztea, eremu mistoko ikastetxe publikoan nahiz pribatuan lan egiten duena. Irakasle elebidunen artean euskarazko eredu linguistikoei (A eta D ereduei) lotutakoek gehiengoa (% 55,5) osatzen dute.

Irakasle elebidunen ezaugarriez gain, irakasle horiek zergatik ari diren gaztelania ez den beste hizkuntza batean irakasten eta beren burua nola ikusten duten ezagutu nahi izan dugu. Irakasle elebidun guztiek euskara edo atzerriko hizkuntzak irakasteko ematen duten arrazoi nagusia da “bokazioagatik” egiten dutela (% 49,6), baina diferentziarik nabarmenak irakasle euskaldunen eta atzerriko hizkuntza irakasle erdaldunen artean aurkitzen dira.

Atal honetan hezkuntza-sistema barruan eskolatze prozesuaren hasieratik bigarren hizkuntza eta ondoren hirugarren hizkuntza sartzeari buruz irakasleek dauzkaten jarrerak aztertzen dira. Irakasle gehienek (% 78,4) adostasuna erakusten dute eskolako curriculumean bigarren hizkuntza haur hezkuntzatik sartzearekin. Irakasleek bigarren hizkuntzaren sartze goiztiarra defendatzen dute arrazoi psikolinguistiko eta kulturalengatik: “errazagoa eta aberasgarriagoa delako”.

Ondoko taulan antzeman daitekeen bezala, irakasle elebidun gehienek ez dute balorazio positiborik egiten Nafarroako Hezkuntza Administrazioak bigarren eta hirugarren hizkuntzen irakaskuntzan betetzen duen paperaz. Oso irakasle gutxik iritzi ona edo oso ona dauka Administrazioaren lanarekiko (% 14,2). Irakasle-motaren arabera jarrerak ezberdinak dira.

Beraz irakasle euskaldunek, atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunak barne, eskolako curriculumean dauden hizkuntzen trataera orekatuagoa daukate. Irakasle horientzat irakaskuntza elebidunaren helburua da euskara nahiz gaztelania ongi menperatzea eta gainera ingelesaren maila handi bat eskuratzea. Atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunentzat, berriz, Nafarroako irakaskuntza elebidunaren helburua ingelesa menperatzea izango litzateke gaztelaniaren gainetik eta euskara baztertuz.

Irakasle elebidun guztientzat euskarak betetzen dituen funtzioen artean baloratuena transmisiobide sozio-kulturala da, hau da, gizartean komunikatzeko eta kultura trasmititzeko balio duena. Irakasle elebidunek gutxien baloratzen dutena da euskarak duen balioa zientzia transmititzeko. Espero zen bezala, irakasle euskaldunek analizatzen diren hiru ikuspegietan batez bestekotik gorako balorazioa egiten dute.

Irakasleria euskaldunaren gehiengo batentzat A eredua “berrikusi egin behar da hobetzeko” (% 56,6) eta % 26,5entzat A eredua “bertan behera utzi behar da”. D ereduaren jarraipenari buruz, berriz, irakasleen iritzi nagusia da “dagoen bezala jarraitu behar duela” (% 48,9) eta beste kopuru garrantzitsuarentzat (% 38) “berrikusi egin behar da hobetzeko”.

Lehenengoan, ingelesak zientzia transmititzeko duen balioari buruz adostasun handia agertzen da irakasle elebidun guztien artean. Gehiengo handi batek (% 87,6) balio handia edo oso handia onartzen dio. Irakasleek antzeko balorazioa dute ingelesaren kontsiderazio sozialari dagokionez (handia eta oso handia % 88,7). Eta hirugarrenean, ingelesa transmisiobide sozio-kultural bezala, irakasleen balorazioa ona izan arren, handiak eta oso handiak % 64,3 besterik ez du hartzen.

Irakasle euskaldunen bereizgarririk garrantzitsuena da euskararekin mantentzen duten atxikimendu afektiboa eta euskaraz edo euskara irakasteko erakusten duten motibazio bateratzailea. Irakasle gisa nahiko pozik sentitzen badira ere, oso kezkatuak agertzen dira Nafarroako Gobernuak, oro har, euskararekin eta, bereziki, euskararen eredu elebidunekin erakusten dituen jarrera eta eginkizun ezkorrekin.

. Irakasle erdaldunen ustetan, euskarak balio eskasa dauka zientzia transmititzeko, Hortaz, Nafarroako hezkuntzan D ereduan aurrera eraman diren ikasketak eta eredu horretako irakasleek lortu duten esperientzia eta arrakasta ez dituzte aintzat hartzen. Jarrera horiek garbi azaltzen dute Nafarroako egoera berezia: ingelesez egiten dena da irakaskuntza elebidun bakarra, euskarazko irakaskuntza bigarren mailako hezkuntza-sistema balitz bezala.

Euskararekiko jarrerak oso ezberdinak dira: irakasle euskaldunentzat euskara nafar guztion hizkuntza da eta atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunentzat euskara gutxiengo baten hizkuntza da. Beste bi eremuetan bezala, bigarren eta hirugarren hizkuntza hezkuntza sisteman sartzearen alde agertzen dira. Eremu honetan, zientzia transmisio bide bezala eta gizarte-kontsiderazioan ingelesak euskarak baino balorazio hobea dauka. Beraz, eremu ez-euskalduneko irakasle gehienek defendatzen duten eredua ingelesezkoa da eta ez euskarazkoa.

Nafarroako irakasle elebidunen artean bi identitate-talde aurkitzen ditugu. Bata, irakasle euskaldunek eta atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunek osatzen dutena. Talde berekoa izatearen pertenentzia sentitzen dute eta hiru eremu soziolinguistikoetan kokatuta badaude ere, antzeko jarrerak erakusten dituzte. Identitate handiko taldea da irakasle euskaldunena. Bestea, atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunen taldea da. Talde honetako kideen lotura-gai ia bakarra Nafarroako hezkuntza sisteman ingelesari eta frantsesari onartzen dioten garrantzia da. Talde honetan euskararekiko jarrerak mota guztietakoak dira lanean dauden eremu soziolinguistikoaren arabera.


1. SARRERA

Nafarroako egoera soziolinguistiko bereziak eragin nabarmena du komunitate honen hainbat jardueratan. Euskarari buruzko 18/86 Legeak eragindako zonifikazioak, gainera, egoera gehiago nahasi du, izan ere, lege horren ezarpenak garrantzizko ondorioak ekarri ditu euskararen ezagupenean, erabilpenean eta hizkuntzarekiko jarreretan, horren inguruko ikerketetan frogatu den bezala (Aizpurua, 1995; Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia, 1995, 1997; Eusko Jaurlaritza 1997, 2003, Oroz, 1999; Nafarroako Gobernua, 2004; Vilches eta Cosín, 1995).

Jarduera horien artean garrantzitsuenetako bat hezkuntza sistema da, bertan nabarmentzen baitira gizarte diglosiko baten ondorio eta inplikazio anizkunak (Schiffman, 1997). Hizkuntza baten jabetzea oso prozesu konplexua da, egitura linguistiko batzuen jabetzeaz gainera, hizkuntza komunitate batekiko atxikimendua dakarrelako. Prozesu horretan ikasleen jarreren eta hizkuntza barneratze prozesuan parte hartzen duten faktoreen arteko elkarrekintza sorrarazten da. Elkarrekintza hori, aldi berean, ikaskuntzan jasandako esperientzietan oinarrituriko jarrera linguistikoetan islatzen da. Prozesu horretan eragina daukaten faktoreak honako hauek dira: gurasoen kolektiboa, irakasleria, lagunak, eta eskola bera.

Hezkuntza sistemaren barruan irakasleen papera funtsezkoa da. Ikasleen eta irakasleen arteko harremanak aztertzea (Sotés, 1995, 2000) gauza zaila bada ere, garbi dago irakasleak erakusten duen interesak eragina duela ikasleen jarrera positiboak sortzen eta mantentzen (Lasagabaster, 2003).

Kolektibo horren barruan irakasle elebidunak interesatzen zaizkigu bereziki, beraien bidez ikasleek hizkuntza batekiko jarrerak eta hizkuntza hori erabiltzeko joerak jasotzen dituztelako. Ezin daiteke ahaztu kontzientzia metalinguistikoa askoz ere bilakatuagoa dagoela elebidunengan: kapazagoak omen dira hizkuntzen arteko erlazioa edo funtzionamenduari buruzko hausnarketak egiteko (Baker, 2001; Lasagabaster 1997, 1998, 2000) eta horrek ere bere eragina dauka ikasleekin burututako ekintzetan eta hausnarketa metalinguistikoetan.

Gai honen inguruan egin diren ikerketen arabera, irakasleek izugarrizko garrantzia daukate bigarren hizkuntzaren barneratze prozesuan, alde batetik eragin handia dutelako ikasleen sozializazio prozesuan eta bestetik, jarrera batzuen sorkuntza edo aldaketa eragiten dutelako. Eragin hori agerian gelditu da bai inguru anglosaxoniarrean egindako ikerketetan (Clark & Trafford, 1995; Gardner, Lalonde & Moorcroft, 1985; Morgan, 1993; Walqui, 2000) bai estatu espainoleko hizkuntzen inguruan egindakoetan (Arnau, 2000; Huguet, 2000; Rojo, 1979).

Euskararen inguruan, Euskal Autonomi Erkidegoko egoera ikuspuntu ezberdinetatik aztertua izan da. Erkidego horretan euskarazko ereduak ezarpen homogeneoa daukate lurralde osoan eta kezkatuagoak agertzen dira kalitatearekin (Larringan, 2000), hizkuntzaren erabilpenarekin (Madariaga, 2000) edo hirugarren hizkuntzaren sartzearekin (Cenoz, 1998). Nafarroaren kasuan, berriz, egoera erabat irregularra da bertan eragina duten faktore anitzengatik: komunitateko zonifikazio linguistikoa, irakaskuntzan erabiltzen diren eredu linguistiko ezberdinak (A, B, D eta G) eta gizartean nabarmentzen diren euskararen aldeko jarrera afektiboak eta euskararen kontrako jarrera instrumentalak (Eusko Jaurlaritza, 1997, 2003; Oroz, 1998a, 1998b; Sotés eta Oroz, 2005; Vilches, 2002).

Nafarroako irakaskuntza elebiduna hiru eredu linguistikotan eskaintzen da, 1988ko maiatzaren 19ko eta abuztuaren 30eko foru dekretuek araututakoak eta Euskal Autonomi Erkidegokoekin antz handia dutenak. Eredu linguistiko horiek ezarpen ezberdina dute Euskararen Legeak ezarritako hiru eremuetan (Aldasoro, 2001; Sotés, 2002). Zonifikazioa eta ereduen ezarpena kontuan hartuz, ondoko mapan agertzen diren zehazpenak aztertuko ditugu Nafarroako egoera soziolinguistiko berezia ulertu ahal izateko.

bat56sotes1

EREMU EZ EUSKALDUNA

Biztanleriaren % 37,2

A eta G EREDUAK

EREMU MISTOA

Biztanleriaren % 52

A, D eta G EREDUAK

bat56sotes2
bat56sotes3
bat56sotes4

Nafarroan euskara eremu euskaldunean baino ez da ofiziala, gaztelaniarekin batera, baina bertan nafar biztanleen % 10,8 besterik ez da bizi. Bertako biztanle gehienak elebidunak dira. Eremu hori 61 herri txikik osatzen dute, denak 10.000 biztanletik beherakoak.

Eremu mistoan (Iruñean eta Iruñerrian) nafarren erdiak bizi dira (% 52). Bertan komunitateko zerbitzu gehienak kontzentratzen dira. Eremu euskaldunetik hiriburura joaten diren biztanleei murriztu egiten zaie administrazioan eta zerbitzu publikoetan euskara erabiltzeko eskubidea, eremu mistoan eskubide linguistiko gutxiago bermatzen direlako.

Gainerako biztanleak eremu ez-euskaldunean bizi dira (% 37,2). Kontuan hartu behar da Iruñerrian bertan aurkitzen diren hiri eta herri anitz eremu misto honetatik kanpo gelditzen direla, adibide bat jartzeagatik, Aranguren, Elortz, eta Galar ibarrek osatzen dutena. Bertako biztanle gehienek Iruñean (eremu mistoan) egiten dute lan, baina beren herrira bueltatzean eskubide linguistiko guztiak galtzen dituzte eremu ez-euskaldunean daudelako. Aipatutako leku horietako batzuetan, borondate politikoz elebitasunaren aldeko ekintza batzuk eramaten dira aurrera, baina, betiere, inongo babes juridikorik gabe.

Eredu linguistikoei dagokienez, ondoko taulan zehazten dira, irizpide batzuk kontuan hartuz: transmisio hizkuntza, irakatsitako hizkuntza, eta eremu soziolinguistikoa:

1. taula: Nafarroako hezkuntza-sisteman dauden eredu linguistikoak

EREDU LINGUISTIKOA

TRANSMISIO HIZKUNTZAK

IRAKATSITAKO HIZKUNTZAK

EREMU LINGUISTIKOAK

A

Gaztelania

Euskara (H2) eta Atzerriko Hizkuntza (H2)

Hiru eremu linguistikoetan: euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna

D

Euskara

Gaztelania eta Atzerriko Hizkuntza (3H)

Eremu euskaldunean eta mistoan

G

Gaztelania

Atzerriko Hizkuntza (H2)

Eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean

A eredua (euskara irakasgai gisa duena) unibertsitario ez diren ikasmaila guztietan irakasten den eredua da. Nafarroako hiru eremuetan aukera daiteke, inplikazio eta ondorio ezberdinekin eremu bakoitzaren egoera soziolinguistiko eta juridikoa ezberdina delako. Teorian goiko ikasmailetan irakasgairen batean euskara erabiltzeko aukera eskaintzen du, baina errealitatean egoera hori Nafarroan ez da gertatzen eredu horrek euskaraz zerbait ikasteko beharrezkoa den euskara maila bermatzen ez duelako.

B ereduak oso bilakaera txikia izan du Nafarroan eta ez du eragin handirik izan. D ereduan irakasgai guztiak euskaraz ematen dira, gaztelaniaren irakasgaia salbu. Eredu hori eremu euskaldunean eta mistoan onartuta dago, azken eremu horretan, kasu batzuetan, arazo handiekin. Eremu ez-euskaldunean D eredua ezin daiteke zentro publikoetan ikasi, beraz, aukera hau Nafarroako Gobernuak “alegalak” kontsideratzen dituen ikastola pribatuetan irakats daiteke bakarrik. G ereduan irakasgai guztiak gaztelaniaz irakasten dira.

Eredu guztietan hirugarren hizkuntza bat ere sartzen da, gehienetan ingelesa. Sartze hau haur hezkuntzaren bigarren ikasmailara aurreratu da, eta izugarrizko babesa izan du Administrazioaren partetik, kasu askotan, euskararen kontrako konpetentzia sortuz.

Faktore horiek guztiak kontuan hartuz, ikerlan honetan Nafarroako irakasle elebidunen kolektiboan sakondu nahi izan dugu, kidego horretan lan egiten duten irakasle elebidunek irakaskuntza elebidunari buruz dituzten jarrerak ezagutzeko asmoz bai euskararen kasuan baita atzerriko hizkuntzen kasuan ere.

2. METOLOGIA

2.1. Helburuak

Gure ikerketaren helburuak ondoko hauek dira:

1. Nafarroako irakasle elebidunen ezaugarriak azaltzea. 2. Irakasle elebidunek egiten duten lanaren balorazioa ezagutzea. 3. Hizkuntzen irakaskuntzari buruzko jarrerak aztertzea. 4. Nafarroako irakaskuntza elebidunari buruz egiten dituzten balorazioak ezagutzea. 5. Euskarazko irakaskuntzari eta ingelesaren irakaskuntzari buruzko jarrerak ezagutzea eta konparatzea.

2.2. Diseinu esperimentala

Azaldutako helburuak lortzeko, metodologia kualitatiboa eta kuantitatiboa aukeratu ditugu, bi teknika ezberdinak erabiliz: eztabaida-taldeak eta inkesta soziologikoak. Horrela, fase kualitatiboan azterbide berriak aurkitu nahi izan ditugu gero ikerketaren fase kuantitatiboan azterbide horiek kontrastatu eta neurtu ahal izateko.

Proposaturiko helburuak lortzeko lau eztabaida talde egin ditugu. Taldeak diseinatzeko orduan, aztergai nagusiekin zerikusi handiena duten ezaugarriak bereizi dira: adina, hizkuntz eremua, hizkuntza eta jakintza arloa, antzinatasuna, hezkuntza zikloak eta, azkenik, ikastetxea nolakoa zen, publikoa ala pribatua.

Taldeak honela osatu dira:

1. Bi talde atzerriko hizkuntzen irakasleekin. 2. Beste bi talde euskarazko irakaskuntzan ari diren irakasle elebidunekin.

Bigarren fasean erabilitako metodoa inkesta soziologikoa izan zen. Inkesta horren unibertsoa maila unibertsitariotik beherako Nafarroako irakasle guztiak izan dira. Lagina lan-hizkuntzaren, hizkuntza-eremuaren eta sektore pribatu/publikoa aldagaiaren arabera banatu dugu. 629 irakasle elkarrizketatu dira. Ikerlanaren parametroak ondoko fitxa teknikoan laburbildu ditugu:

UNIBERTSOA Unibertsitatetik beherako Nafarroako irakasle guztiak (7.141)

KONFIANTZA MAILA % 5,5. Dos sigma (2).

HIPOTESIA P=Q=% 50

HUTSEGITE-TARTEA ± % 3,7

LAGINA Lan-hizkuntzaren, hizkuntza eremuaren eta sektore pribatu/publikoa aldagaiaren arabera banatua.

ELKARRIZKETA KOPURUA 629 elkarrizketa ikastetxeetan.

2.3. Hipotesiak

Nafarroako egoera soziolinguistikoa eta bertako hezkuntza sistema kontuan hartuz, honako hipotesiak aurrera ditzakegu:

1. Nafarroako irakasle elebidunen artean tipologia berezi bat aurki daiteke: irakasle euskaldunak, atzerriko hizkuntzaren irakasle euskaldunak, eta atzerriko hizkuntzaren irakasle erdaldunak. 2. Irakasle mota bakoitzean hizkuntzekiko eta irakaskuntza elebidunarekiko jarrera ezberdinak agertuko dira. 3. Irakasle elebidunen jarrerak eremu soziolinguistikoen arabera ezberdinak izango dira.

3. IKERKETAREN EMAITZAK

3.1. Nafarroako irakasle elebidunen ezaugarriak

Ikerketa honetan planteatutako helburuak lortzeko, lehen atalean Nafarroako irakasleria elebidunaren profila egiten dugu ondoko aldagaiak bereiziz: sexua, adina, ikastetxearen titulartasuna, irakasten duten maila akademikoa, hezkuntza-trasmisiorako erabilitako hizkuntza edo hizkuntzak, eta lan egiten duten eremu soziolinguistikoa.

Hartutako laginaren arabera, galdesorta bete duten irakasle elebidunen artean gehienak emakumezkoak dira (% 68,7), irakaskuntzan oro har gertatzen den bezala. Gizonezkoak % 30 dira. Aldagai horri dagokionez ez dago bereizketarik irakasleen tipologiari edo eremu soziolinguistikoari begiratzen bazaio. Irakasle elebidunen batez besteko adina 38koa da, hau da, gehiengoa (% 55,8) 31 urtetik 39ra bitartean kokatzen da. Nabarmentzekoa da 50 urte baino gehiagoko irakasleak eremu mistoan elkartzen direla (% 12,9).

Irakasle elebidunek lan egiten duten ikastetxearen titulartasunari begira gehienek sare publikoan (% 67,2) irakasten dute. Sare pribatuan % 32,8 ari da. Datu hauek Nafarroako hezkuntza-sistemaren ezaugarri bat islatzen dute: eremu euskaldunean nahiz ez-euskaldunean ikastetxe gehienak publikoak dira eta, berriz, eremu mistoan (Iruñerrian batez ere) ikastetxe pribatuen presentzia handiagoa da. Hori dela eta, irakasleek ikastetxearekin mantentzen duten lan harremana oso anitza da ikastetxearen titulartasunaren arabera (funtzionarioak, lan kontratatuak,...). Eremu soziolinguistikoen arabera, eremu ez-euskaldunean behin-behineko kontratua duten irakasleen portzentaia (% 42,9) altuena da nabarmen.

Irakasle elebidunek irakasten duten maila akademikoari dagokionez ondoko emaitzak ateratzen dira: % 22,4 haur hezkuntzan ari dira, % 48,5 lehen hezkuntzan, % 44,8 derrigorrezko bigarren hezkuntzan, % 20,8 batxilergoan eta % 1,7 lanbide heziketan. Aldagai honetan kontuan hartu behar da inkestatutako irakasle batzuek aldi berean maila ezberdinetan irakasten dutela, hala nola, haur eta lehen hezkuntzan edo lehen hezkuntzan eta derrigorrezko bigarren hezkuntzan edo azken honetan eta batxilergoan.

Ikerketa honetan planteatu den irakasle tipologiatik abiatuz, euskara edo euskaraz irakasten duten irakasleak (irakasle euskaldunak) % 47,2 (297) dira, atzerriko hizkuntzak irakasten dituzten irakasle euskaldunak % 8,3 (52) eta atzerriko hizkuntza irakasten duten irakasle erdaldunak % 44,5 (280).

bat56sotes5

Ikerketa honetan parte hartu duten irakasleak Nafarroako hiru eremu soziolinguistikoetatik hartu dira ondoko proportzioaren arabera: eremu euskaldunean 162 irakasle (% 25,8), eremu mistoan 310 irakasle (% 49,3) eta eremu ez-euskaldunean 156 irakasle (% 24,8).

2. grafikoa: Irakasle elebidunen tipologia eremuaren arabera (%)

bat56sotes6

Azken bi ezaugarri horiek (irakasle mota eta eremu soziolinguistikoa) oso garrantzitsuak izan dira gainontzeko ondorioak interpretatzeko orduan. Laburbilduz, irakasle elebidunaren profila honelakoa da: emakumezkoa, gaztea, eremu mistoko ikastetxe publikoan nahiz pribatuan lan egiten duena. Irakasle elebidunen artean euskarazko eredu linguistikoei (A eta D ereduei) lotutakoek gehiengoa (% 55,5) osatzen dute.

Irakasle euskaldunek eremu euskaldunean gehiengoa (% 77,78) osatzen dute eta eremu mistoan talde garrantzitsu bat (% 42,38). Eremu ez-euskaldunean, berriz, % 23,8 dira. Azken eremu horretan irakaslerik gazteenak dira, gehienak (% 42,1) 31 urtetik beherakoak baitira, behin-behineko kontratua dute eta ikastetxe publikoetan eta ikastoletan lan egiten dute.

Atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunen portzentaia nahiko txikia dela kontutan hartuz, horien presentzia eremu euskaldunean ugaritzen da (% 13,58). Eremu euskaldun nahiz ez euskalduneko irakasleak nahiko gazteak dira, ikastetxearekin mantentzen duten harremana behin-behinekoa da eta ikastetxe publikoetan eta ikastoletan lan egiten dute.

Atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunen gehiengoa eremu mistoan (% 49,35) eta ez-euskaldunean (% 72,44) aurkitzen da. Eremu soziolinguistikoaren arabera bi profil desberdin bereizten dira: bata eremu mistoko ikastetxe pribatuetan lan egiten duena, bestea eremu ez-euskalduneko ikastetxe publikoetan lan egiten duena.

3.2. Irakasle elebidunek egiten duten lanaren balorazioa

Irakasle elebidunen ezaugarriez gain, irakasle horiek zergatik ari diren gaztelania ez den beste hizkuntza batean irakasten eta beren burua nola ikusten duten ezagutu nahi izan dugu. Irakasle elebidun guztiek euskara edo atzerriko hizkuntzak irakasteko ematen duten arrazoi nagusia da “bokazioagatik” egiten dutela (% 49,6), baina diferentziarik nabarmenak irakasle euskaldunen eta atzerriko hizkuntza irakasle erdaldunen artean aurkitzen dira.

Hiru eremuetan, irakasle euskaldunengan arrazoi afektiboak eta hizkuntzarekiko lotura erakusten dutenak nagusitzen dira: “nire ama hizkuntza delako” (% 44,4) da erantzunik ohikoena. Atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunek, berriz, arrazoi instrumentalak aipatzen dituzte gehienbat, hiru eremuetan. Adibidez, “ikasketak egin bidenabar ikasi nuelako hizkuntza delako” edo “lanak behartu nauelako” edo “lanerako aukera gehiago ematen duelako”. Atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunek ere “lanerako aukera gehiago ematen duelako” (% 32,7) lan egiten dute hizkuntzen irakaskuntzan.

Irakasle elebidunek beren satisfakzio-mailari buruz egiten duten balorazioa nahiko ona da. Orokorrean, irakasleak pozik sentitzen dira egiten duten lanarekin (5etik batez bestekoa 3,9). Irakasle euskaldunengan satisfakzio-maila handiagoa den bitartean (oso pozik: % 21,9) atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunengan satisfakzio-maila jaisten da (oso pozik: % 7,9). Sentimendu horren jatorria azterketa kualitatiboan kanpoko hizkuntzak irakasterakoan irakasleek aipatzen dituzten kezka eta zailtasunetan aurkitzen da: ikasleen gaitasun eta maila ezberdinak, motibazio-eza, jarrera desegokiak, eta baliabide metodologiko eskasak.

Nabarmentzekoa da atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunengan satisfakzio-maila oso altua dela (oso pozik: % 25) atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunekin (% 7,9) konparatuz gero. Diferentzia horren arrazoi nagusietariko bat da D ereduan lan egiten dutela beste irakasle euskaldunekin batera, beraz programa elebidun batean sartuak daude eta eredu horrekiko identifikazio handiagoa daukate. Beste alde batetik, irakasleek nahiz ikasleek osatzen duten sistema elebidun horretan hizkuntzekiko jarrera positiboagoak nabarmentzen dira. Azkenik, ikastetxe elebidunak euskara bigarren hizkuntza gisa irakasteko esperientziadunak dira eta atzerriko hizkuntzak sartzeko programak eta metodologia aurreratuagoak dituzte.

3.3. Eskolako testuinguruan hizkuntzen ikaskuntzari buruzko jarrerak

Atal honetan hezkuntza-sistema barruan eskolatze prozesuaren hasieratik bigarren hizkuntza eta ondoren hirugarren hizkuntza sartzeari buruz irakasleek dauzkaten jarrerak aztertzen dira. Irakasle gehienek (% 78,4) adostasuna erakusten dute eskolako curriculumean bigarren hizkuntza haur hezkuntzatik sartzearekin. Irakasleek bigarren hizkuntzaren sartze goiztiarra defendatzen dute arrazoi psikolinguistiko eta kulturalengatik: “errazagoa eta aberasgarriagoa delako”. Gutxiengo batek (% 13,4) desadostasuna erakusten du arrazoi psikolinguistikoengatik: “lehen hizkuntza menperatzea ziurtatu behar delako”.

Hirugarren hizkuntzaren ikaskuntzari dagokionez irakasle gehienek (% 75,7) ere uste dute hirugarren hizkuntza eskolako curriculumean sartu behar dela arrazoi instrumentalengatik, hau da, “gaurko gizarteak eskatzen duelako” eta bestetik arrazoi psikolinguistikoengatik, hau da, “garapen linguistiko eta kognitiboa zabaltzen duelako”. Hirugarren hizkuntza sartzearen aurkako jarrera erakusten duten irakasleen portzentaia % 15,3koa da. Irakasle horiek aipatutako arrazoien artean garrantzitsuenak ondoko bi hauek dira: “bi hizkuntzekin nahikoa da” eta “beste lehentasun batzuk daudelako”.

Bigarren eta hirugarren hizkuntzen arteko loturak aztertzean irakasle gehienen iritzia (% 93,1) da bigarren hizkuntza bat jakiteak errazago egiten duela hirugarren hizkuntza bat ikastea. Irakasle horien ustez hizkuntzen arteko konparaketak beste hizkuntza baten ikaskuntza eta ikasteko gaitasuna errazten du.

3.4. Nafarroako irakaskuntza elebidunari buruzko balorazioak

Atal honen lehen zatian Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak irakaskuntza elebidunean eginiko lanari buruz irakasleek dauzkaten iritziak aztertzen dira. Bigarren zatian derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasleek menperatu behar dituzten hizkuntzei buruzko balorazioak analizatzen dira.

2. taula : Nafarroako Hezkuntza Departamentuak egiten duen lanaren balorazioa (%)

TIPOLOGIA

Osotara

Euskaldunak

Atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunak

Atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunak

Iritzi oso ona

1,3

0,7

-

2,1

Iritzi ona

12,9

6,1

11,5

20,4

Diru baliabideak ematen ditu; ez, ordea laguntza metodologikoa

13,0

17,8

13,5

7,9

Laguntza metodologikoa ematen du; ez, ordea, diru baliabideak

9,2

3

3,8

16,8

Ikastetxeei ez die laguntzen

22,4

30,3

32,7

12,1

Irakasleei ez die laguntzen

23,5

25,9

21,2

21,4

Ez du birziklaia egiten, denbora liberazioa emanez

29,3

16,2

17,3

45,4

Administrazioaren jarrera ezkorra

6,4

10,1

9,6

1,8

Balorazio ezkorra

4,1

4

1,9

4,6

Ingelesa gehiago bultzatzen da

2,2

1,7

9,6

1,4

Besteak

2,7

0,6

1,9

4,8

ED/ED

15,9

21,5

17,3

9,6

Ondoko taulan antzeman daitekeen bezala, irakasle elebidun gehienek ez dute balorazio positiborik egiten Nafarroako Hezkuntza Administrazioak bigarren eta hirugarren hizkuntzen irakaskuntzan betetzen duen paperaz. Oso irakasle gutxik iritzi ona edo oso ona dauka Administrazioaren lanarekiko (% 14,2). Irakasle-motaren arabera jarrerak ezberdinak dira.

Irakasle euskaldunen ustez, atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunak barne, Administrazioak ez du behar bezalako laguntzarik eskaintzen: “ikastetxeei eta irakasleei ez die laguntzen”, “laguntza metodologikorik ez die ematen” eta orokorrean beraiengan jarrera ezezkorra hautematen da. Atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunek pertzepzio ezberdina daukate, irakasle horien jarrera positiboagoa baita (% 22,5). Irakasle mota horren eskakizun nagusia da “Administrazioak ez duela birziklaia eskaintzen denbora liberazioa emanez” (% 45,4). Eremu soziolinguistikoen arabera, euskaldunean irakasleen jarrera ezezkorra da eta “ikastetxeei ez diela laguntzen” hautematen dute. Eremu mistoko irakasleen jarrerak batez bestekoetatik oso hurbil daude. Eta eremu ez-euskaldunean Administrazioarekiko balorazioa positiboagoa da (% 18,6).

Gai hau azterketa kualitatiboan burutu ziren eztabaida-taldeetan ere agertu zen. Nafarroako hezkuntza-sisteman euskarazko irakaskuntzarekin sortzen diren tirabirak Nafarroako Gobernuak daraman hizkuntza eta hezkuntza-politikak sortuak dira. Oraindik ere, euskara, neurri handi batean, ideologia politiko zehatz batekin lotzen da. Dena dela, irakasleen diskurtsoak bat egiten du ondorengo iritziarekin:

“.... mucha gente lleva a los hijos a estudiar euskera y no tiene ninguna idea política clara de decir el euskera significa ésto y es lo contrario de lo otro” (Euskarazko birziklaian dauden irakasleen eztabaida-taldea).

Hizkuntzen ezagutza mailari dagokionez, irakasle elebidun ororentzat derrigorrezko bigarren hezkuntza bukatzen duten ikasleek menperatu beharko luketen lehen hizkuntza gaztelania da (% 85,4), bigarrena euskara (% 66,3), hirugarrena ingelesa (% 66) eta laugarrena frantsesa (% 18). Hizkuntzen ordena aldatu egiten da nabarmenki irakasle mota ezberdinetan eta hiru eremu soziolinguistikoetan.

3. grafikoa: Derrigorrezko Hezkuntza bukatzean ikasleek menperatu behar dituzten hizkuntzak irakasle motaren arabera (%)

bat56sotes7

Irakasle euskaldunentzat euskara da ikasleek menperatu behar duten lehen hizkuntza (% 95,3), bigarrena gaztelania (% 94,6) eta hirugarrena ingelesa (% 48,8). Antzeko joera agertzen da eremu euskalduneko irakasleengan. Atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunek irakasle euskaldunen lehentasun bera dute baina ingelesaren portzentaia igotzen da (% 73,1). Atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunentzat lehentasuna ingelesa da (% 82,9), bigarrena gaztelania da (% 75,4) eta hirugarrena euskara (% 30,4). Eremu ez-euskaldunean nabarmentzekoa da gaztelaniaren (% 80,8) eta ingelesaren (% 73,7) nagusitasuna euskararen (% 44,2) gainetik.

4. grafikoa: Derrigorrezko Hezkuntza bukatzean ikasleek menperatu behar dituzten hizkuntzak eremu soziolinguistikoaren arabera (%)

bat56sotes8

Beraz irakasle euskaldunek, atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunak barne, eskolako curriculumean dauden hizkuntzen trataera orekatuagoa daukate. Irakasle horientzat irakaskuntza elebidunaren helburua da euskara nahiz gaztelania ongi menperatzea eta gainera ingelesaren maila handi bat eskuratzea. Atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunentzat, berriz, Nafarroako irakaskuntza elebidunaren helburua ingelesa menperatzea izango litzateke gaztelaniaren gainetik eta euskara baztertuz. Azken jarrera horiek Administrazioak irakaskuntza elebidunaren inguruan mantentzen duen diskurtsoaren islada dira: irakaskuntza elebiduna ingelesarekin egiten dena da, ez besterik.

3.5. Euskarazko irakaskuntzari buruzko jarrerak

Atal honetan euskarazko irakaskuntzari dagozkion gai batzuk aztertzen dira: euskararen garrantzia Nafarroako hezkuntza sisteman, euskararen balioa hizkuntza bezala, eta eredu elebidunen ondorio linguistikoak.

Nafarroako Hezkuntza sistemaren barruan euskararen garapenari buruzko jarrerei dagokienez irakasle euskaldunen % 61,3k uste du “oraindik ere Administrazioak asko lagundu behar diola hezkuntza normalizazio osoa izan arte”. Atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunak ere iritzi berekoak dira (% 55,8). Aipaturiko bi irakasle euskaldun motetan “nafarren hizkuntza da eta hortaz Nafarroako ikastetxe guztietan derrigorrezko hizkuntza izan behar dela” defendatzen dute.

Atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunengan lau motatako iritziak agertzen dira ondorengo ordenan:

a) “Oraindik ere Administrazioak asko lagundu behar dio hezkuntza normalizazio osoa izan arte” (% 27,5) b) “Nafarroako zati bateko gutxiengoaren hizkuntza da, eta, hortaz, ez litzaioke hainbesteko garrantzia eman behar hezkuntza garapenean” (% 24,6) c) “Guztiz normalizatuta dago eta ez du behar Administrazioak beste edozein hizkuntzari ematen diona baino laguntza handiagoa” (% 22,9)

d) Nafarren hizkuntza da eta hortaz Nafarroako ikastetxe guztietan derrigorrezko hizkuntza izan behar da” (% 10)

5. grafikoa: Euskararen garrantzia Nafarroako hezkuntza sisteman irakasle motaren arabera (%)

bat56sotes9

Nafarroako hezkuntza sistemaren barruan euskararen bilakaerari buruzko jarrerak eremu euskaldunean irakasle euskaldunekin eta atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunekin identifikatzen dira. Eremu ez-euskaldunean agerturiko jarrerek atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunekin antz handia daukate. Eremu mistoko jarrerak bi eremuen artean kokatzen dira.

Euskararen balioa hiru ikuspegietatik neurtu zen galdetegian: zientzia transmisiobidean, transmisiobide sozio-kulturalean, eta bere kontsiderazio sozialean. Kontuan hartu behar da 1 puntuazioak oso balorazio txikia adierazten duela eta 5 puntuazioak oso handia.

6. grafikoa: Euskararen balioa irakasle motaren arabera (%)

bat56sotes10

Irakasle elebidun guztientzat euskarak betetzen dituen funtzioen artean baloratuena transmisiobide sozio-kulturala da, hau da, gizartean komunikatzeko eta kultura trasmititzeko balio duena. Irakasle elebidunek gutxien baloratzen dutena da euskarak duen balioa zientzia transmititzeko. Espero zen bezala, irakasle euskaldunek analizatzen diren hiru ikuspegietan batez bestekotik gorako balorazioa egiten dute. Atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunengan antzeko balorazioa agertzen da. Atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunengan, berriz, euskararen balorazioa transmisiobide sozio-kultural eta zientifiko gisa nabarmenki jaisten da. Hiru taldeak ados daude euskarari gizarteak ematen dion kontsiderazioan.

7. grafikoa: Euskararen balioa hizkuntza bezala eremu soziolinguistikoaren arabera (%)

bat56sotes11

Euskararen balioari buruz eremu soziolinguistikoen artean ere diferentzia nabariak agertzen dira. Eremu euskaldunean euskararen balioa hiru dimentsioetan nahiko altua den bitartean, eremu mistoan jaisten da eta eremu ez-euskaldunean hiru funtzioetan puntuaziorik baxuenak agertzen dira.

Nafarroako Euskararen Legearen arabera eskaintzen diren eredu elebidunei dagokienez irakasle euskaldunentzat, atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunak barne, A ereduan ikasi duten ikasleak etorkizunean ikasketak gaztelaniaz jarraitzeko gauza dira, baina euskaraz ikasteko gaitasunik ez dute. Eztabaida-taldeetako irakasle euskaldun guztien iritzien arabera “A ereduak ez ditu inolaz ere elebidunak sortuko” (Irakasle euskaldunen eztabaida-taldea).

8. grafikoa: Eredu elebidunek bermatzen duten hizkuntz gaitasuna irakasle euskaldun eta atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunentzat

bat56sotes12

D ereduan ikasi duten ikasleen gaitasuna bi hizkuntzetan (euskaraz eta gaztelaniaz) ziurtatuta dagoela baieztatzen dute irakasle euskaldunek eta horregatik horien ustez etorkizunean gaztelaniaz nahiz euskaraz ikasten segi dezakete, arazorik gabe.

Eredu linguistikoek bermatzen dituzten hizkuntzen gaitasunaz gain irakasle euskaldunei eredu horien jarraipenari buruz galdetu zitzaien. Irakasleria euskaldunaren gehiengo batentzat A eredua “berrikusi egin behar da hobetzeko” (% 56,6) eta % 26,5entzat A eredua “bertan behera utzi behar da”. D ereduaren jarraipenari buruz, berriz, irakasleen iritzi nagusia da “dagoen bezala jarraitu behar duela” (% 48,9) eta beste kopuru garrantzitsuarentzat (% 38) “berrikusi egin behar da hobetzeko”.

3.6. Ingelesaren irakaskuntzari buruzko jarrerak

Atal honetan ingelesak Nafarroako hezkuntza sisteman duen tokia aztertzen da. Irakasle elebidunek atzerriko hizkuntzen artean gaur egun ingelesak eskolako barrutian duen nagusitasunari buruzko iritziak azaldu dituzte. Arrazoirik pisuzkoenak izaera sozialekoak dira, bigarrenez, Administrazioak sustatzen duenaren ondoriozkoak eta, hirugarrenez, modari eta publizitateari lotutako arrazoiak. Arrazoi sozialen artean esanguratsuena da “gizartearen indarragatik” (% 59,1). Gauzak horrela, gaurko gizartean ingelesak nazioarteko hizkuntza bezala duen nagusitasuna azpimarratzen dute. Ildo horri jarraituz, irakasle batzuen aburuz (% 32,4) ingelesa menperatzeak “lan eta gizarte status garaia ziurtatzen du” eta horrelako pertzepzioa lortzen da “gurasoek eskatzen dutelako” (% 46,9).

Ingelesaren nagusitasuna azterketa kualitatiboan burutu ziren eztabaida-taldeetan ere funtsezko gaia izan zen. Atzerriko hizkuntzen irakasleen iritziz, ingelesa hizkuntzarik babestuena bihurtu da, gurasoen ustez lana aurkitzea errazten duelako, gero eta globalizatuagoa den gizarte batean baliagarriagoa delako eta, azken finean, “ingelesez denok elkar ulertzen dugulako”. Irakasleek ondoko adierazpen adierazgarri hauek egin zituzten solasaldietan:

“El inglés y las nuevas teconologías somos los niños bonitos de la Administración”(Atzerriko hizkuntzen irakasleen eztabaida-taldea). “Antes se estudiaban las lenguas fundamentalmente como una riqueza cultural, ahora, sobre todo con el tema del inglés, se hace de cara al puesto de trabajo” (Atzerriko hizkuntzen irakasleen eztabaida-taldea).

Euskararen balioarekin egin dugun bezala, ingelesaren balorazioa hiru ikuspegitatik aztertzen da. Lehenengoan, ingelesak zientzia transmititzeko duen balioari buruz adostasun handia agertzen da irakasle elebidun guztien artean. Gehiengo handi batek (% 87,6) balio handia edo oso handia onartzen dio. Irakasleek antzeko balorazioa dute ingelesaren kontsiderazio sozialari dagokionez (handia eta oso handia % 88,7). Eta hirugarrenean, ingelesa transmisiobide sozio-kultural bezala, irakasleen balorazioa ona izan arren, handiak eta oso handiak % 64,3 besterik ez du hartzen. Irakasle euskaldunen taldean, balorazioa nabarmen jaisten da (% 52,5), funtzio hori gehienbat euskarari onartzen diotelako.

9. grafikoa: Ingelesaren balioa hizkuntza bezala irakasle motaren arabera

bat56sotes13

Orokorrean, irakasle elebidunek egiten duten balorazioa oso positiboa da, ingelesa funtzio guztietarako baliagarria dela uste baitute. Ingelesaren balioa handia da, batez ere, zientzia transmititzeko eta gizartean duen kontsiderazioari dagokionez. Trasnmisiobide sozio-kulturalean, berriz, garrantzia galtzen du bertako hizkuntzen mesedetan.

4. ONDORIOAK ETA EZTABAIDAK

Ikerlan honetan planteatu diren hipotesiak betetzen direla baiezta dezakegu. Ondoko lerroetan hipotesietan aurreikusten ziren lerro nagusiak ikerketak eman dizkigun zehaztapen guztiekin aztertuko ditugu.

Lehenengo hipotesiari dagokionez, Nafarroako irakasle elebidunen artean tipologia berezi bat aurki daitekeela baieztatzen da. Bigarrena kontsideratzen badugu, irakasle mota bakoitzean hizkuntzekiko eta irakaskuntza elebidunarekiko jarrera ezberdinak agertzen direla ere baiezta dezakegu, ondoko zehaztapenak kontuan hartuz.

Irakasle euskaldunen bereizgarririk garrantzitsuena da euskararekin mantentzen duten atxikimendu afektiboa eta euskaraz edo euskara irakasteko erakusten duten motibazio bateratzailea. Irakasle gisa nahiko pozik sentitzen badira ere, oso kezkatuak agertzen dira Nafarroako Gobernuak, oro har, euskararekin eta, bereziki, euskararen eredu elebidunekin erakusten dituen jarrera eta eginkizun ezkorrekin. Irakasle euskaldunen ustetan, euskara nafar guztion hizkuntza da eta oraindik bere egoera normaltzeko asko egin behar da. Gure komunitatean euskarak funtzio guztiak gauzatzeko gizarte-kontsiderazio handiagoa behar du. Irakaskuntza elebidunean sinesten dute Nafarroako euskarazko irakaskuntza elebidunaren ezarreran eta garapenean parte aktiboa hartu baitute. Beraientzat Nafarroako hezkuntza elebiduna da euskaraz egiten dena eta, beraz, D eredua da euskarazko eta gaztelaniazko gaitasunak bermatzen dituen eredu linguistiko bakarra. Eremu linguistikoaren eta familiaren egoera linguistikoaren arabera euskarazko ereduetan ari diren ikasleek lehen hizkuntzan ala bigarren hizkuntzan ikasten dute. Horregatik, bigarren edo hirugarren hizkuntza bat sartze goiztiarraren aldekoak agertzen dira, ondorio onuragarriagoak ekartzen dituela defendatzen dutelako. Irakasle horientzat derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan, ikasleek menperatu beharreko hizkuntzak, batez ere, euskara eta gaztelania dira, baita ingelesa ere.

Atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunek euskara ez den beste hizkuntza bat irakasten badute ere, euskararekiko daukaten atxikimendua oso nabarmena da. Euskararekin erakusten duten motibazioa integratzailea den bitartean, atzerriko hizkuntzak (ingelesa eta frantsesa) irakasteko motibazio instrumentala daukate. Irakaskuntzaren eginkizunekin oso pozik sentitzen dira baina Nafarroako Gobernuak euskararekin mantentzen duen hizkuntza eta hezkuntza politikarekin kritikoak agertzen dira, euskara nafar guztion hizkuntza dela aldarrikatzen baitute. Irakasle horiek eleaniztunak direnez, hezkuntza sisteman bigarren eta hirugarren hizkuntza hasieratik sartzea normaltasunez ikusten dute. Beraientzat Nafarroako hezkuntza-sistema euskarazko irakaskuntzan oinarritu behar da ondoren ingelesaren irakaskuntzara bideratzeko. Modu horretan, atzerriko irakasle euskaldunentzat derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan ikasleek hiru hizkuntzak (euskara, gaztelania, eta ingelesa) menperatu behar dituzte.

Atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunentzat, ingelesa edo frantsesa irakasteko motibazioa instrumentala da. Irakasten duten ikastetxeetan ez dira oso gustura sentitzen ikasleen egoera desberdinengatik. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak betetzen duen papera baloratzean, ez dira baikorrak agertzen, batez ere, birziklatzeko liberazioa errazten ez zaielako. Euskararekiko mantentzen dituzten jarrerak mota guztietakoak dira eta orokorrean euskarak, hizkuntzak bezala, zientzia transmisio bidean bete dezakeen papera zalantzan jartzen dute. Irakaskuntza elebidunari dagokionez, bigarren hizkuntza sartzearen alde azaltzen badira ere, hirugarren hizkuntza sartzeko arazo gehiago ikusten dituzte. Irakasle horientzat Nafarroako irakaskuntza elebiduna ingelesez egiten dena da eta horregatik derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasleek ingelesa menperatu behar dute gaztelaniaren aurretik. Irakasle horien jarrerak nahiko harrigarriak dira eta, dirudienez, aurreiritzietan oinarrituak daude. Irakasle erdaldunen ustetan, euskarak balio eskasa dauka zientzia transmititzeko, Hortaz, Nafarroako hezkuntzan D ereduan aurrera eraman diren ikasketak eta eredu horretako irakasleek lortu duten esperientzia eta arrakasta ez dituzte aintzat hartzen. Jarrera horiek garbi azaltzen dute Nafarroako egoera berezia: ingelesez egiten dena da irakaskuntza elebidun bakarra, euskarazko irakaskuntza bigarren mailako hezkuntza-sistema balitz bezala. Azken finean, euskarazko ereduei buruz ez dago ezagutza handia irakasle erdaldunen artean eta gehienetan Administrazioak muga bat bultzatzen du, hizkuntza ezberdinetako irakaskuntzaren elkarrekintza galarazten duena.

Ikerketa honetako hirugarren hipotesiaren arabera, irakasle elebidunen jarrerak Nafarroako eremu soziolinguistikoen menpe egongo lirateke. Emaitzak aztertu ondoren eremuek jarreretan daukaten eragina ezberdina dela esan dezakegu. Eremu euskalduneko irakasleak beren lanarekin gustura sentitzen dira. Eremu horretan legeak ezartzen duen euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasuna defendatzen dute. Beraien aburuz, euskara funtzio guztietarako balio du eta normaltzeko oraindik urratsak eman behar dira. Hala ere, Nafarroako Gobernuak aurrera daraman hizkuntza eta hezkuntza-politikarekin jarrera ezkorra adierazten dute. Eremu horretan eskaintzen diren eredu linguistikoei (A, B eta D) dagokienez, euskarazko irakaskuntzarekin konprometituta daude eta euskara komunitate honetako lehen hizkuntzatzat hartzen dute. Euskaraz eta gaztelaniaz gain hezkuntza-sisteman beste hizkuntzak sartzearen aldekoak agertzen dira baina euskara baztertu gabe edo, beste modu batean esanda, euskarazko irakaskuntzan oinarrituz.

Eremu mistoan, Iruña eta Iruñerria barruan daudela kontuan hartuta, Nafarroako biztanleriaren erdiak bizi dira. Eremu horretako irakasle elebidun guztiak egiten duten lanarekin pozik daude. Irakaskuntza elebidunean bigarren eta hirugarren hizkuntza sartzearen aldeko jarrerak erakusten dituzte. Hizkuntzen irakaskuntzan hezkuntza administrazioak daraman jokabidearekin desadostasuna erakusten dute. Euskararekiko jarreren artean bi mota desberdin aurkitzen dira: batzuentzat euskara nafar guztion hizkuntza da eta besteentzat gutxiengoaren hizkuntza da. Euskararen balioa onartzen da esparru zientifikoan izan ezik. Nafarroako hezkuntza-sistemaren barruan, irakaskuntza elebidunak bultzatu behar dituen hizkuntzak gaztelaniaren ondoren ingelesa eta euskara dira.

Eremu ez-euskaldunean diharduten irakasleen satisfakzio maila hala-holakoa da. A ereduan euskara irakasten duten irakasleek eta atzerriko hizkuntza irakasleek bakardade-sentimendua adierazten dute bi arrazoiengatik: hezkuntza-sistema elebidun batean murgilduta aurkitzen ez direlako eta ikasleen egoerak oso heterogeneoak direlako. Hezkuntza administrazioaren zereginen aurrean beraien kezka nagusia birziklatzeko liberazio-eza da, ingeles irakasleena bereziki. Euskararekiko jarrerak oso ezberdinak dira: irakasle euskaldunentzat euskara nafar guztion hizkuntza da eta atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunentzat euskara gutxiengo baten hizkuntza da. Beste bi eremuetan bezala, bigarren eta hirugarren hizkuntza hezkuntza sisteman sartzearen alde agertzen dira. Eremu honetan, zientzia transmisio bide bezala eta gizarte-kontsiderazioan ingelesak euskarak baino balorazio hobea dauka. Beraz, eremu ez-euskalduneko irakasle gehienek defendatzen duten eredua ingelesezkoa da eta ez euskarazkoa.

Ondorio gisa, esan genezake irakasle elebidunen jarreretan eragin handiena duen faktorea irakasle tipologia dela, eremu soziolinguistikoaren gainetik, bigarren hori lehenarekin kutsatzen baita. Nafarroako irakasle elebidunen artean bi identitate-talde aurkitzen ditugu. Bata, irakasle euskaldunek eta atzerriko hizkuntzen irakasle euskaldunek osatzen dutena. Talde berekoa izatearen pertenentzia sentitzen dute eta hiru eremu soziolinguistikoetan kokatuta badaude ere, antzeko jarrerak erakusten dituzte. Identitate handiko taldea da irakasle euskaldunena. Bestea, atzerriko hizkuntzen irakasle erdaldunen taldea da. Talde honetako kideen lotura-gai ia bakarra Nafarroako hezkuntza sisteman ingelesari eta frantsesari onartzen dioten garrantzia da. Talde honetan euskararekiko jarrerak mota guztietakoak dira lanean dauden eremu soziolinguistikoaren arabera. Irakasle horien identitatea hiru eremu soziolinguistikoetan eta irakasten duten hizkuntzetan sakabanatzen da.

BIBLIOGRAFIA

Aizpurua, X. (1995). Euskararen Jarraipena. La continuidad del euskera. La continuité de la langue basque. Vitoria-Gasteiz: Viceconsejería de Política Lingüística del Gobierno Vasco.

Aldasoro, E. (2001). La evolución de la enseñanza en euskera en Navarra: una perspectiva pedagógica, in 15 años de la Ley del Euskera en Navarra, Riev/ Revista Internacional de Estudios Vascos. Dossier: 15 años de la Ley del Euskera en Navarra, 46 (2), 593-624.

Arnau, J. (2000). Pensamiento de los profesores relacionado con la práctica, Ikastaria. Cuadernos de Educación: Hezkuntza eleaniztunerako bide berriak, 11, 77-95.

Baker, C. (2001). Foundations of Bilingual Eduation and Bilingualism (3. arg.). Clevedon: Multilingual Matters.

Cenoz, J. (1998). Multilingual Education in the Basque Country. In J. Cenoz & F. Genesee (eds.). Beyond Bilingualism: Multilingualism and Multilingual Education. Clevedon, Multilingual Matters (175-195 or.).

Clark, A. & Trafford, J. (1995). Boys into modern languages: An investigation of the discrepancy in attitudes and performance between boys and girls in modern languages, Gender and Education, 7.

Euskararen 18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 154. zk., abenduaren 17koa.

Eusko Jaurlaritza eta Euskal Kultur Erakundea. (2003). Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkesta 2001. Euskararen Jarraipena III.

Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Kultur Erakundea. (1997). Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkesta 1996. Euskararen Jarraipena II.

Gardner, R.C., Lalonde, R.N. and Moorcroft, R. (1985). The role of attitudes and motivation in Second Language Learning: Correlational and Experimental Considerations. Language Learning: A Journal of Applied Linguistics, 35 (2), 207-227. Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia (1995). Euskara Nafarroan. 1991ko biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuaren datu soziolinguistikoak. Euskara en Navarra. Datos sociolingüísticos del censo de población y viviendas de 1991. Pamplona-Iruña: Gobierno de Navarra.

Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia (1997). Nafarroako Mapa Soziolinguistikoa. 1991. Biztanleria euskaldunaren dinamika eta bilakaera. Mapa Sociolingüístico de Navarra. 1991. Dinámica y evolución de la población vascófona. Pamplona-Iruña: Gobierno de Navarra.

Huguet, A. (2000). Tratamiento de las lenguas en la Comunidad Aragonesa. Hacia una evaluación. Ikastaria. Cuadernos de Educación: Hezkuntza eleaniztunerako bide berriak, 11, 205-223.

Larringan, L.M. (2000). Hizkuntzaren kalitatea. Ikastaria. Cuadernos de Educación: Hezkuntza eleaniztunerako bide berriak, 11, 65-76.

Lasagabaster, D. (1997). Zertan datza kontzientzia metalinguistikoa?. Hizpide, 38.

Lasagabaster, D. (1998). Creatividad y conciencia metalingüística: incidencia en el aprendizaje del inglés como L3. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitatea.

Lasagabaster, D. (2000). Language learning and the development of metalinguistic awareness: Rassegna Italiana di Lingüística Applicata, XXXII.

Lasagabaster, D. (2003). Trilingüismo en la enseñanza. Actitudes hacia la lengua minoritaria, la mayoritaria y la extranjera. Lleida: Milenio.

Madariaga, J.M. (2000). Educación plurilingüe: hacia una perspectiva social más integradora. Ikastaria. Cuadernos de Educación: Hezkuntza eleaniztunerako bide berriak, 11, 193-203. Morgan, C. (1993). Attitude change and foreign language culture learning. Language Teaching, 26(2): 63-75. Nafarroako Gobernua. (2004). Estudio Sociolingüístico sobre el Vascuence en Navarra. 2003. Competencia lingüística, uso y actitudes. Pamplona-Iruña: Servicio de Publicaciones del Gobierno de Navarra.

Oroz, N. (1998a) Las actitudes hacia la lengua vasca en Navarra. Notas y Estudios Filológicos, 13, 159-179.

Oroz, N. (1998b) La lengua vasca en Navarra. Creencias, actitudes e ideología. Tesis doctoral publicada en edición electrónica. Pamplona:-Iruña: Universidad Pública de Navarra.

Oroz, N. (1999). Euskararekiko jarrerak Nafarroan. Bat. Soziolinguistika Aldizkaria: Neurketa soziolinguistikoak Euskal Herrian. 32, 35-45.

Rojo, G. (1979). Aproximación a las actitudes lingüísticas del profesorado de E.G.B. en Galicia. Santiago de Compostela: Instituto de Ciencias de la Educación de la Universidad de Santiago de Compostela. Schiffman, H.F. (1997). Diglossia as a Sociolinguistic Situation. In F. Coulmas, (ed.) The Handbook of Sociolinguistics. Oxford: Blackwell Publishers ( 205-216 or.). Sotés, P. (1995). Ikasgelako elkarreragina eta bigarren hizkuntzaren eskurapena. Huarte de San Juan: Psicología y Pedagogía, 1, 319-331. Sotés, P. (2000). Euskararen jabekuntza Nafarroako inmertsio programa batean. Ikastaria. Cuadernos de Educación, 12, 155-176. Sotés, P. (2002) Euskararen egoera juridikoa irakaskuntzan. In J. L. Mendoza eta beste Hizkuntzen Europako Urtea. Euskararen Egoera Juridikoa Nafarroan. Iruña: Euskara Kultur Elkargoa (91-112 or.). Sotés, P. eta Oroz, N. (2005). El tratamiento de las lenguas en Navarra. In X. P. Rodríguez-Yanes, A. M. Suarez & F. Ramallo (eds.) (2004). Bilingualism and Education: From the Family to the School. Muenchen: Lincom Europa.

Vilches, C. (2002). Evolución de las actitudes ante el euskera de los universitarios de Navarra. 1992-2002. (Tesis inédita). Pamplona-Iruña: Universidad Pública de Navarra.

Vilches, C. eta Cosín, J. (1995). Euskara Nafarroan zertan den. Ikerketa soziolinguistikoa hizkuntz eremuen arabera. Iruña: Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia. Walqui, A. (2000). Preparación de profesores y lenguas minorizadas. Ikastaria. Cuadernos de Educación: Hezkuntza eleaniztunerako bide berriak, 11, 147-159.