Egoera bat, hamaika ondorio. Hizkuntza-eskubideak 2004an

Paul Bilbao
Aipamenak
Urteko txostenaren bidez Behatokiak hizkuntzaren normalizazio-prozesuari ekarpena egin nahi dio. Horrela, egoeraren argazkia prestatzen du, hain zuzen ere, egoerak agertzen dituen beltzune nagusienak zein izan daitezkeen detektatzeko. Horrela, Behatokiak urteko txostena administrazioen, euskalgintzako eragileen eta gizartearen esku uzten du; bertan islatutako egoerari konponbidea ematen saia daitezen.

2004 urtean zehar Behatokiak 707 kasu bildu ditu. Horietarik, 705 herritarrek Euskararen telefonoa zerbitzuaren bidez igorritako informazioaz osatutako eta Behatokiak bideratutako espedienteak izan dira: 636 kexa, 28 txalotze edo zoriontze, eta 19 kontsulta. Bestalde, Behatokiaren ekimenez zabaldutako zenbait espediente ere izan dira, 2 auzitegiratze hain zuzen ere.

Bestalde, administrazioei dagokienez, Behatokian detektatu dugun beste fenomeno bat kontuan hartzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, hain zuzen ere, lege babesa. Herritarren pertzepzioan eragiten duen beste faktore bat da lege babesa, eta horren ondorioz, hizkuntza-eskubideak legez aitorturik ez dituzten eremuetako herritarrek gutxiagotan jotzen dute Behatokira, naturalizatu baitute hizkuntza-eskubideez gabeturik daudela.

Hizkuntza-eskubidea herrien eta gizabanakoen berezko eta oinarrizko eskubide gisa hartzen du Behatokiak. Hortaz, eskubidea ezin zaio lotu tokian tokiko hizkuntza legediari, are gutxiago, legeriak berak hizkuntza-eskubideak urratzea ahalbideratzen duenean. Euskal hizkuntza-komunitatearen eskubideak, munduko beste edozein hizkuntza-komunitatearenak bezalaxe, giza berdintasunezko irizpideetan eta oinarrizko giza eskubideen printzipioetan kokatzen ditu Behatokiak.

Espainiako Estatuko Administrazioaren joera egun indarrean dagoen ofizialtasun bikoitza ez errespetatzea da. Horrela, Espainiako Konstituzioak ezartzen duen gaztelania ezagutzeko derrigortasuna herritarren eskubideen gainetik jartzen dute, eta beraz, euskalduna babesik gabe geratzen da hizkuntza-eskubidea errespetatzeko eskatzen duenean.

Bestalde, Frantziako Administrazioaren jarrera jakobinista oso argia izan da justiziaren eremuan: Hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeak kalte fisiko larriak eragin zizkien herritarrei, poliziak bortizki kaleratu baitzituen epaitegira hurbildutako pertsonak; Pauen Hego Euskal Herriko akusatuentzako interpretea egonik ere, Ipar Euskal Herriko akusatuei ez zitzaien aukerarik eman berau baliatzeko; Prokuradore batek kapritxotzat jo zuen euskaraz deklaratu nahi izatea; herritar bati euskaraz ez baina ingelesez deklaratzeko aukera eskaini zioten eta abar.

Behatokian jaso diren kexa gehienak idatzizko jakinarazpenei buruzkoak izan dira. Lehen esan bezala, Nafarroako Gobernua 29/2003 Foru Dekretuan oinarritu da euskararen erabilera saihesteko; are gehiago, Gobernuak Dekretuaren irakurketa murritzena egin du, izan ere, jendeari eman beharreko dokumentuak euskaraz ere argitaratzeko aukera egon denean, ez du baliatu eta gaztelania hutsean argitaratzeari ekin dio, zenbait kasutan Arartekoaren gomendioei ere muzin eginez.

herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko lege berria indarrean jarri izanak ez du ondoriorik izan urraketetan. 2003 urtearen amaieran Kontsumitzaileen Estatutua indarrean jarri zen, eta bertan kontsumitzaileei hizkuntza-eskubideak aitortzen zitzaizkien. 2004 urtean eskubideen urraketek bere horretan jarraitu dute, hain zuzen ere, legea betetzeko derrigortasunik ez dagoelako, eta beraz, erakundeen borondatearen mende gelditzen delako herritarren hizkuntza-eskubideei erreparatzea.

Zerbitzu Erakundeen Euskara Planak egiteko eta horiek Euskara Plan Orokorrean integratzeko gidaliburuaren 1. zirriborroak zekarren kronogramaren arabera, 2004ko ekainerako prest egon behar zuen, uztailerako onartuta eta irailean abiarazi behar zen Osakidetzaren Euskara Plana. Hori ez da gertatu, eta 2005eko maiatzera arte ez da Plana onartu. Hortaz, Behatokiak iazko txostenean plazaratu zituen aurreikuspenik ezkorrenak egiaztatu egin dira.

Egoera hori larria izanik ere, ez dago indarrean horri aurre egiteko mekanismo juridiko-administratiborik. Horrek hiru ondorio negatibo dakartza; batetik, herritarrak eskubideez gabeturik ikusten du bere burua eta naturalizatu egiten du hizkuntza-eskubideen urraketa. Urraketak saihesteko mekanismorik ez dagoenez, herritarraren ustea da hizkuntza-eskubideen bermea erakundearen jarreraren araberakoa izango dela, alegia, ez da ohartzen derrigorrez bermatu beharreko eskubideak direnik.

Argi dago lurralde batzuetan ordenamendu juridikoa bera dela hizkuntza-eskubideen urraketak legez ahalbideratzen dituena, beste lurralde batzuetan mekanismo eraginkorrik ez dagoela legea betearazteko eta, beste eremu batzuetan ez bezala, legea urratzeak ez duela inolako ondoriorik. Horrek guztiak aldaketak nondik nora egin beharko liratekeen erakusten du.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Behatokia sortzeko hainbat arrazoi izan zuen; besteak beste, euskararen eremu batzuetan atzerapausoak gertatzen ari ziren eta beste batzuetan ez ziren behar bezalako aurrerapausoak ematen ari. Horrela, euskaldunon hizkuntza-eskubideak Euskal Herri osoan eta administrazio guztiek urratzen zituztela susmatzen bazen ere, ez zegoen egoera hori modu independentean eta objektiboan hartzen zuen erakunderik, eta hutsune hori betetzeko Hizkuntz Eskubideen Behatokia sortu zuen.

Horrela, Behatokiari lan ildo nagusi gisa urtero hizkuntza-eskubideen egoerari buruzko argazkia egitea esleitu zitzaion, gurea bezalako erakundeak beste erakunde edo administrazioekin alderatuz dituen abantailak baliatuz:

· Euskararen lurralde guztiak hartzen ditu aztergai. · Eremu publikoa zein pribatua hartzen ditu aztergai. · Ez dauka inolako loturarik administrazio publiko zein erakunde pribatuekin, hartara, modu independentean egin dezake egoeraren azterketa.

Eginkizun hori zehazturik, Behatokiak egoeraren argazkia egiteko moduez hausnartu behar izan zuen. Finean, azterketa egiteko bi modu erabil zitzakeela ikusi zuen; batetik, indukzioz jokatu eta behaketa hutsetan oinarritutako azterketak egitea, edota bestetik, herritarren bizipenetan oinarritutako azterketak bideratzea. Bataren zein bestearen abantailak eta desabantailak ikusirik, bigarren bidea erabiltzea deliberatu zuen, izan ere, herritarrek helarazitako bizipenak informazio iturri izateaz gain, urraketa zehatzen berri emateko eta berriz ere gerta ez daitezela eskatzeko aukera ematen dio Behatokiari. Horretaz gain, Behatokiak azterketak modu ez interesatuan egiten dituela egiaztatzen du erabilitako prozedurak, hirugarren pertsonek bidalitako informazioa baitu oinarri.

Urteko txostenaren bidez Behatokiak hizkuntzaren normalizazio-prozesuari ekarpena egin nahi dio. Horrela, egoeraren argazkia prestatzen du, hain zuzen ere, egoerak agertzen dituen beltzune nagusienak zein izan daitezkeen detektatzeko. Horrela, Behatokiak urteko txostena administrazioen, euskalgintzako eragileen eta gizartearen esku uzten du; bertan islatutako egoerari konponbidea ematen saia daitezen.

Hartara, urteko txostena material interesgarria da hizkuntza-eskubideen eremuan urraketa larrienak non gertatzen diren ikusteko eta lehentasunezko eremuak zein izan daitezkeen erabakitzen laguntzeko. Gainera, kasu zehatzetan oinarritutako azterketa izanda, kasu zehatz horiei irtenbidea emateko aukera ere eskaintzen du urteko txostenak.

Gauzak horrela, Behatokiak bi helburu nagusirekin aurkezten du urteko txostena:

  • Euskal hizkuntza-komunitateari haren egoera erreala hautemateko adierazleak eskaintzen dizkio.
  • Erakunde publikoei haien jarduera hobetzeko laguntza eskaini nahi die. Hizkuntza-eskubideen eremuan dauden beltzuneak, gabeziak... agerian jartzen ditu. Kasu batzuetan, hizkuntza-eskubideak bermatzeko corpus juridiko desegokia delako, legeak inplementatzen ez direlako, herritarrei hizkuntza-eskubideak urratzen zaizkie Euskal Herrian.

BILDUTAKO DATUAK

2004 urtean zehar Behatokiak 707 kasu bildu ditu. Horietarik, 705 herritarrek Euskararen telefonoa zerbitzuaren bidez igorritako informazioaz osatutako eta Behatokiak bideratutako espedienteak izan dira: 636 kexa, 28 txalotze edo zoriontze, eta 19 kontsulta. Bestalde, Behatokiaren ekimenez zabaldutako zenbait espediente ere izan dira, 2 auzitegiratze hain zuzen ere. Azkenik, gizarte eragileen ekimenen bidez jasotako beste multzo bat dugu aipagai, alegia, Euskal Herrian Euskaraz erakundeak Behatokiaren esku utzitako 4.184 eskaera, osasun zerbitzuak euskaraz berma ditzatela eskatzeko.

707 espedientek ezin dezakete hizkuntza-eskubideen egoera osoa islatu; aitzitik, horren zati bat agertzen dute, hain zuzen ere, Behatokira jo duten herritarren datuek eskaintzen duten egoera. Dena den, herritarren bizipen edo esperientzietan oinarritutako diagnosia dela kontuan harturik, Behatokiak egindako azterketa guztiz erreala dela ondoriozta dezakegu. Hartara, Behatokiak aurkezten dituen baieztapen eta ondorio guztiek herritarren bizipenen bermea dute, eta beraz, errealitate osoa aurkezteko aukerarik ez izanik ere, egoerara hurbiltzeko material interesgarria delakoan gaude. Horrexegatik, kexa zehatzetan oinarrituta egonik ere, jakin dakigu ez direla salbuespenak eta errealitatearen argazkia dela berretsi dezakegu.

2004 URTEKO TXOSTENAREN ONDORIOAK

1. Euskal Herri osoan

2004 urtean kudeatutako espedienteei dagokienez, euskaldunon hizkuntza-eskubideak Euskal Herri osoan eta lurralde guztietan urratu dira.

Puntu honetan azpimarratu nahiko genuke Behatokira helarazitako espedienteak bideratzean atera dugun beste ondorio batek herritarren jatorriaren errealitate soziolinguistikoarekin lotura handia duela. Horrela, soziolinguistikoki euskaldunak diren eremuetako herritarrek kontzientzia maila altuagoa izaten dute eta sarriagotan jotzen dute Behatokira. Eremu horietako herritarrek konpromiso eta exigentzia maila altuagoa agertzen dute hizkuntza-eskubideak urratzen zaizkienean.

Hona hemen Behatokiak bideratutako espedienteak eragin dituzten kexen jatorria[ii]:

56paul1

2. Administrazio guztietan

Arestian aipatutako metodologia kontuan harturik, pare bat argibide ematea komenigarria delakoan gaude. Behatokiak egoeraren berri emateko erabiltzen duen irizpidea ez da ikuspegi kuantitatiboa, aitzitik, ikuspegi kualitatiboari eusten diogu eta kexen zioari edo edukiari erreparatzen diogu. Izan ere, gerta liteke herritar batek helarazitako kexa gertaera puntuala izatea eta herritar horri besterik ez eragitea, eta, beste alde batetik, izan liteke, herritar guztiei eragiten dien kexa izatea, eta beraz, eskubidearen urraketa sistematikoa sortzea.

Bestalde, administrazioei dagokienez, Behatokian detektatu dugun beste fenomeno bat kontuan hartzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, hain zuzen ere, lege babesa. Herritarren pertzepzioan eragiten duen beste faktore bat da lege babesa, eta horren ondorioz, hizkuntza-eskubideak legez aitorturik ez dituzten eremuetako herritarrek gutxiagotan jotzen dute Behatokira, naturalizatu baitute hizkuntza-eskubideez gabeturik daudela.

Hori dela eta, kuantitatiboki administrazio batzuek kexa gehiago jaso izanak ez du derrigorrez esan nahi administrazio horiek hizkuntza-eskubideen urraketa larriagoak eragin dituztenik, edota hizkuntza-eskubideen ohiko urratzaileak direnik. Hala ere, beste urte batez, egitatea da 2004 urtean ere administrazio guztiek urratu dituztela hizkuntza-eskubideak.

Hona hemen, eremu publikoari dagokionez, 2004 urtean kexak hartu dituzten erakundeak:

Espainiako Estatuko Administrazioa eta erakunde autonomiadunak

60

Frantziako Estatuko Administrazioa eta erakunde autonomiadunak

7

Eusko Jaurlaritza eta erakunde autonomiadunak

87

Nafarroako Gobernua eta erakunde autonomiadunak

65

Foru Aldundiak eta erakunde autonomiadunak

28

Udalak

125

Bestelakoak

3

Hortaz, Frantziako Estatuko Administrazioak 7 kexa jaso izanak ez du adierazi nahi beste administrazioek baino jarrera hobea duenik hizkuntza-eskubideen babesari begira. Lehen esan bezala, irakurketa kuantitatibo hutsak ondorio desitxuratuak sortuko lituzke.

3. Eskubide-urraketak eta lege-urraketak:

Euskal hizkuntza-komunitatea administrazio desberdinetan kokatuta egonik, hainbat ordenamendu juridikoren mende dago. Horrela, tokiko legeak bizi den eremuaren arabera aitortzen dizkio hizkuntza-eskubideak herritarrari.

Hizkuntza-eskubidea herrien eta gizabanakoen berezko eta oinarrizko eskubide gisa hartzen du Behatokiak. Hortaz, eskubidea ezin zaio lotu tokian tokiko hizkuntza legediari, are gutxiago, legeriak berak hizkuntza-eskubideak urratzea ahalbideratzen duenean. Euskal hizkuntza-komunitatearen eskubideak, munduko beste edozein hizkuntza-komunitatearenak bezalaxe, giza berdintasunezko irizpideetan eta oinarrizko giza eskubideen printzipioetan kokatzen ditu Behatokiak.

Hala ere, herritarrak legea aldeko duenean ere eskubidea urratzen dela egiaztatu du Behatokiak urterik urte. Ulergaitza da eskubideak bermatzeko legeria indarrean jarri eta betetzen ez dela ikustea. Kasu horietan eskubidea ez ezik, legea ere urratzen dela ohartu gara, honako taula honetan agertu bezala:

LEGEA

ARTIKULUA

30/1992 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzkoa

35

1465/1999 Erret Dekretua

5

10/1985 Legea, azaroaren 24koa, euskararen erabilera arauzkotzezkoa

4, 5.2, 6.1., 8.1, 8.2. 10.3., 11, 13

6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa

97.1.

6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena

37.b, 39.2., 40.2.

18/1986 Foru Legea, Euskarari buruzkoa

10, 5.2.

26/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duena

10.1., 11.2., 15.2., 16.3.

Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna

7, 9, 10, 11, 13

Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen Markoa

3, 10, 11

4. Espainiako Estatuko Administrazioa

Espainiako Estatuko Administrazioak ohiko jarrerari eutsi izan dio 2004 urtean. Hartara, aipatu administrazioetako erakundeek sistematikoki urratu dituzte herritarren hizkuntza-eskubideak. Urraketa sistematiko horiek frogatzeko hainbat datu objektibo jaso izan ditu Behatokiak, esaterako, errotulu berriak gaztelania hutsean jarri izana. Horrelako kasuek aski argi uzten dute jarrera. Beste hainbat adibide ekar genitzake egoeraren larritasuna agerian jartzeko, esaterako, CORREOS enpresak euskarazko toponimoak bakarrik erabiltzeagatik zenbait eskutitz bidaltzaileari itzuli zizkion. Ohikoa da herritarrei isunen berri gaztelania hutsean ematea, legeak hizkuntzari ofizialtasuna aitortzen dion eremuetan ere bai. Ohikoa da inprimakiak gaztelania hutsean egotea, herritarrei eman beharreko mezuak gaztelania hutsean izatea, dibulgaziorako argitaratzen dituzten liburuxkak gaztelania hutsean egotea...

Espainiako Estatuko Administrazioaren joera egun indarrean dagoen ofizialtasun bikoitza ez errespetatzea da. Horrela, Espainiako Konstituzioak ezartzen duen gaztelania ezagutzeko derrigortasuna herritarren eskubideen gainetik jartzen dute, eta beraz, euskalduna babesik gabe geratzen da hizkuntza-eskubidea errespetatzeko eskatzen duenean.

Justizia Administrazioari dagokionez, 2004 urtean ere herritarrei ez zaie bermatu epaiketa berezko hizkuntzan izateko eskubidea. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ez du inolako neurri berezirik hartu epaiketa herritarren eta lurraldearen berezko hizkuntzan izan dadin. Horrela, euskara baliatu nahi duen herritarrari interpretea jartzen zaio hizkuntza horretan egin ahal izateko. Behatokiak behin baino gehiagotan adierazi bezala, interprete bidezko sistema salbuespen gisa onar liteke akusatuari leporatzen zaizkion delituak modu argian ulertzeko; hau da, intepretea bitarteko egokia izan daiteke akusatua atzerritarra bada eta auziperatuaren hizkuntza tokiko hizkuntzaren desberdina bada. Kasu horretan interpretea da herritarren eskubideak bermatzeko bide bakarra, bai defentsa eskubidea, bai eta babes judizial eraginkorrerako eskubidea ere. Hala ere, berezko hizkuntza baliatu nahi duen herritarrari dagokionez, ezin onar daiteke hizkuntza ofizialean egin nahi duen herritarrak justiziarekin harreman zuzena ez izatea.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari buruz esandakoari Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Presidentearen izendapena ere erantsi beharko genioke. Hautaketa egin zutenean, ez zioten erreparatu hautagaien euskararen ezagutzari, ez eta auzitegi bereko 1998ko otsailaren 25eko akordioari ere, zeinaren arabera ezagutzak lehentasunezko meritua izan beharko lukeen kargu horretarako. Hartara, Behatokiak helegitea tarteratu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean.

5. Frantziako Estatuko Administrazioa

Frantziako Estatuko Administrazioak herritarren eskubideak sistematikoki eta legearen bidez urratzen jarraitu du 2004 urtean. 2001 urtean UNESCO erakundeak argitaratutako atlasean[iii], eta Ipar Euskal Herriari dagokionez, euskara arrisku bizian dauden hizkuntzen barruan kokatu zuen –seriously endangered language–. Hartara, administrazioek neurri bereziak hartu behar zituzten hizkuntzaren biziraupena bermatzeko. Tamalez, 2004 urtean Frantziako Gobernuak are traba gehiago jarri dizkio.

Larria da oso Frantziako Administrazioak hezkuntza-sistemari jartzen dizkion trabak. Egun, Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan, legez, debekatuta dago murgiltze sistema erabiltzea. Hori dela eta, Ikastoletan besterik ez dugu aurkitzen murgiltze-sisteman oinarritutako eredua. Gaur egun, LMHn matrikulatutako ikasleen % 72k ez du inolako loturarik euskararekin, hau da, ikasle horientzat euskara ez da existitzen. Bestalde, % 5,50 besterik ez dago matrikulatuta murgiltze ereduan. Gauzak horrela, hizkuntzaren biziraupena bera arriskuan dagoela erakusten digute datuok. Horri erantsi beharko genioke Frantziako Administrazioak euskarazko gela berriak irekitzeko jarri dituen oztopoak, ez baitizkio beharrezko bitartekoak eman Seaska federakundeari.

Bestalde, Frantziako Administrazioaren jarrera jakobinista oso argia izan da justiziaren eremuan: Hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeak kalte fisiko larriak eragin zizkien herritarrei, poliziak bortizki kaleratu baitzituen epaitegira hurbildutako pertsonak; Pauen Hego Euskal Herriko akusatuentzako interpretea egonik ere, Ipar Euskal Herriko akusatuei ez zitzaien aukerarik eman berau baliatzeko; Prokuradore batek kapritxotzat jo zuen euskaraz deklaratu nahi izatea; herritar bati euskaraz ez baina ingelesez deklaratzeko aukera eskaini zioten eta abar.

LA POSTE erakundeak ere ez du erreparorik izan enpresa bat mehatxatzeko eta euskarazko toponimoak erabiltzekotan, eskutitzak ez dituela igorriko esateko.

2004 urtearen amaieran, Obragintza Publikoak bultzatuta, erakunde berri bat eratu zuten Ipar Euskal Herrian: Interes Publikoaren Erakundea. Anekdotikoa bada ere, Frantziako Barne Ministroak frantsesezko sorrera testua besterik ez zuen sinatu, euskarazkoa ez zuen sinatu nahi izan. 2005 urteko txostenean ikusiko dugu zer ematen duen erakunde berri horrek; hala ere, egoera iraultzeko ezinbestekoa izango da hizkuntza-eskubideen babeserako ordenamendu juridiko egokia abian jartzea.

6.Nafarroako Foru Komunitatea

2004 urtean Behatokiak tarteratutako helegiteak epaia jaso du. Epaiak aski garbi utzi du Euskararen Legearen babespean eman direla gutxiagotze instituzionala legez arautzen duten dekretu, agindu eta ebazpenak. Gogora dezagun Nafarroako Gobernuak 2003ko otsailean administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen zuen 29/2003 Dekretua jarri zuela indarrean. Aipaturiko Dekretua urte bat lehenago Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetutako 372/20000 Dekretuaren kopia hutsa izan zen, Auzitegiak Dekretua baliogabetzeko erabili zituen forma-akatsak konponduta.

Auzitegiak berak Behatokia sortu zenetik txostenetan agertutakoa berretsi dugu: Euskararen Legeak ez dio hizkuntza-eskubiderik aitortzen Nafarroako herritarren gehiengoari; eta, beraz, ordenamendu juridiko horrek ahalbideratu egiten ditu legezko hizkuntza-eskubideen urraketak. Dena den, Nafarroako Gobernuak haratago jotzen jarraitu du eta lege murriztaileak ez betetzen jarraitu du 2004an. Horrela, Dekretu murritzak arautzen duena ere ez du bete, eta, esaterako, legeak ezarritako eremu euskalduneko herritarrei igortzen dizkien dokumentu guztiak gaztelania hutsean egiten ditu.

Behatokian jaso diren kexa gehienak idatzizko jakinarazpenei buruzkoak izan dira. Lehen esan bezala, Nafarroako Gobernua 29/2003 Foru Dekretuan oinarritu da euskararen erabilera saihesteko; are gehiago, Gobernuak Dekretuaren irakurketa murritzena egin du, izan ere, jendeari eman beharreko dokumentuak euskaraz ere argitaratzeko aukera egon denean, ez du baliatu eta gaztelania hutsean argitaratzeari ekin dio, zenbait kasutan Arartekoaren gomendioei ere muzin eginez.

Hala ere, Nafarroako Gobernuaren politika murriztailea ez da herritarrekiko harreman zuzenera mugatu, aitzitik, euskararen presentzia soziala arian-arian desagerrarazten ari da: bide seinaleak gaztelania hutsean paratzen ditu, Nafarroa osoko herritarrei begirako zerbitzuetan euskararen presentziarik ez, eta abar.

Euskararen presentzia sozialaren desagertze prozesuari beste elementu bat gehitu beharko genioke, izan ere, Nafarroako Gobernuko zenbait deialditan langile elebidunei ez zitzaien utzi nahi izan euskararen ezagutza derrigorrezkoa ez den lanpostuetarako lekualdaketa lehiaketan parte hartzen. Beste kasu batean lanpostu berean hizkuntzaren araberako zerrendak egiten ziren, eta hortaz, langile elebidunak puntuazio altuagoa izan arren lanposturik gabe geratzen ziren.

7. Euskal Autonomia Erkidegoa

Zalantzarik gabe Eusko Jaurlaritzaren mende dauden erakundeei lotutako kexen artean larrienak osasun eremuari buruzkoak dira: zerbitzu asistentziala euskaraz ezin jasotzea, pediatrarekin euskaraz ezin aritzea, gaztelania nekez ulertzen duen pertsona edadetuari euskararik ulertzen ez duen medikua esleitzea, edota, umeari euskaraz ezin egin eta amari semearekin euskaraz aritzeko “baimena” ematea.

2001 urtetik kezka handia eragin duen eremua izan da osasungintza, eta beste urte batez, benetako aurrerapausorik izan ez dela ondorioztatu dugu, azterketa berezituetan agertu bezala.

Bestela, hizkuntza-eskubide urraketak maila guztietan izan dira: herritarrak administrazioari idatzizko erreklamazioa euskaraz zuzenduta ere, administrazioak herritarrari gaztelania hutsean erantzuten jarraitzen du; erakunde batzuek euskaraz lan egiteko hartutako erabakia ezin izan dute gauzatu dokumentazioa gaztelania hutsean jasotzen dutelako; hainbat kartelek gaztelania hutsean egoten jarraitzen dute; inkestetan euskaraz egiteko aukerarik ez zaie ematen herritarrei...

Oraindik ere, herritar euskalduna bigarren mailako herritarra da, eta hizkuntzarengatiko bereizkeriak bere horretan jarraitzen du. Hor dugu, esaterako, zenbait ikasketa euskaraz egiteko aukerarik eza edota lehiaketa batean doktorego proiektuaren idatzizko txostena euskaraz aurkeztuta, epaimahaia osatzen zuten hiru kide erdal elebakarrei proiektuaren gaztelaniazko bertsioa eman ez izana eta herritarrak proiektua euskaraz defendatu ezin izana.

Asko dira egun Euskal Autonomia Erkidegoan gertatzen diren hizkuntza-eskubideen urraketak, bai eta lege urraketak ere. Hartara, eskubideen babeserako legeria betearazteko derrigortasunik ez egoteak hizkuntza-eskubideen urraketak betikotzen ditu. Are gehiago, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko lege berria indarrean jarri izanak ez du ondoriorik izan urraketetan. 2003 urtearen amaieran Kontsumitzaileen Estatutua indarrean jarri zen, eta bertan kontsumitzaileei hizkuntza-eskubideak aitortzen zitzaizkien. 2004 urtean eskubideen urraketek bere horretan jarraitu dute, hain zuzen ere, legea betetzeko derrigortasunik ez dagoelako, eta beraz, erakundeen borondatearen mende gelditzen delako herritarren hizkuntza-eskubideei erreparatzea.

8. Azterketa berezituen jarraipenetan aurrerapausorik ez

Behatokiak 2001 urtetik zenbait azterketa berezitu egin izan ditu txostenetan. Azken hiru urteotan zabaldutako kasu guztietan aurrerapauso nabarmenik ez dela eman ondorioztatu dugu; are gehiago, zenbait kasutan atzera egin da.

Itsu euskaldunen hizkuntza-eskubideak

Behatokiak 2001 urtetik zabalik duen espedientea dugu, hain zuzen ere, itsu euskaldunek euskarazko liburuak ezin eskuratzeari buruzkoa. Hainbat gestio eta bilera eginda ere, 2004 urtean ez da inolako urratsik eman euskarazko liburu bat ere braille sisteman argitaratzeko.

Euskaraz mintzatzeko eskubidea Espainiako Estatuko espetxeetan

Beste urte batez Espainiako Estatuan preso bati galarazi egin diote familiaren eta lagunen komunikazioetan euskara erabiltzea. Hartara, hizkuntza-eskubide kolektiboak ez ezik, norbanakoaren dimentsioa ere urratu du Espetxe Zuzendaritzak; izan ere, herritar bati bere inguruneko jendearekin berezko hizkuntzan berba egiteko debekua ezarri baitzaio, nazioarteko standard guztien aurka joz.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Ez da aldaketa handirik izan 2004 urtean. Enborreko, derrigorrezko, eta hautazko ikasgaien hasierako eskaintzan euskarazkoen igoera txikia onartu bazuten ere, ez ziren inondik inora gainditu 1998ko neurri iragankorretan ezarritako mugak. Ikasle berrien hizkuntza gaitasuna ezagutzeko bitartekoak jarri baziren ere, matrikula egiteko aukera gaztelaniaz besterik ez zen izan. Udako ikastaroetan, beste urte batez, ez zen ikasgai bat ere euskaraz eskaini. Hortaz, ez da benetako urratsik eman ikasle euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko.

Hizkuntza-eskubideak segurtasun kidegoekiko harremanetan

Askotan azpimarratu ditugu herritarrek segurtasun kidegoekiko harremanetan hizkuntza-eskubidea baliatzeagatik izandako gorabeherak eta horrek herritarrari eragindako alboko kalte ondorioak. 2004 urtean ere herritarrek tratu zakarra jaso dute euskara erabili nahi izan dutelako, eta ez dago onartzerik herritarraren aurka builaka hastea, are gutxiago langile horren eginkizuna zerbitzu publikoa eta herritarren babesa bermatzea izanik.

2004 urtean ez da inolako aurrerapausorik eman Ertzaintza erakundean hizkuntza-normalizazioari dagokionez. Horrela, beste urte batez, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko ez dela mekanismorik abian jarri ondorioztatu behar izan dugu, urterik urte, herritarren eskubideen urraketak islatzen dituzten kexak jasotzen ditugun arren.

Hizkuntza-eskubideak osasun arloan

2003 urtean Osakidetzan euskararen erabilera arautzeko 67/2003 Dekretua onetsi bazen ere, 2004 urteak ez du ezer berririk ekarri. 2004 urteak gakoa izan behar zuen Dekretuaren garapenerako. Zerbitzu Erakundeen Euskara Planak egiteko eta horiek Euskara Plan Orokorrean integratzeko gidaliburuaren 1. zirriborroak zekarren kronogramaren arabera, 2004ko ekainerako prest egon behar zuen, uztailerako onartuta eta irailean abiarazi behar zen Osakidetzaren Euskara Plana. Hori ez da gertatu, eta 2005eko maiatzera arte ez da Plana onartu. Hortaz, Behatokiak iazko txostenean plazaratu zituen aurreikuspenik ezkorrenak egiaztatu egin dira.

Hizkuntza-eskubideak bermatzeko urrats eraginkorrik ez, baina herritarrek gero eta kexa gehiago helarazten dituzte osasun arloan izandako eskubide urraketekin eta, ondorioz, zerbitzu desegokiarekin lotuta.

9. Alboko kalte-ondorioak

Urterik urte Behatokiak egoeraren diagnosiaren berri eman izan duenean, behin eta berriro agertu izan du hizkuntza-eskubideen urraketak edota herritarrak hizkuntza-eskubidea baliatu nahi izateak alboko kalte ondorioak eragin izan dituela kasu askotan. Halaber, hizkuntza-eskubideak urratu direnean, beste zenbait eskubide ere urratu direla adierazi izan dugu.

2004 urtean alboko kalte ondorioak zerrendatu eta horren berri zuzena agertu nahi izan dugu, herritarrek berek bidalitako esperientziak baliatuz:

· Herritarra zerbitzua hartu gabe geratu da. · Defentsa eskubidea eta babes judizial eraginkorrerako eskubidea ukatu zaio. · Informazioa berezko hizkuntzan jasotzeko eskubidea ukatu zaio. · Ezin izan du erreklamaziorako eskubidea baliatu · Herritarren arteko berdintasun printzipioa hautsi da: hizkuntzarengatiko bereizkeria. · Tratu txarra eta errespetu falta agertu da hizkuntza-eskubidea baliatu nahi duen herritarrarekiko. · Isunaren arriskua aipatu zaio legeak aitortutako hizkuntza-eskubidea baliatu nahi duen herritarrari. · ...

10. Hizkuntza-eskubideak bermatzeko mekanismo eraginkorrik ez.

Ez dago Euskal Herri osoan hizkuntza-eskubideak bermatzeko mekanismo eraginkorrik. Aurreko puntuetan ondorioztatu bezala, Euskal Herri osoan eta administrazio guztiek urratzen dituzte hizkuntza-eskubideak, administrazio batzuek hizkuntza-eskubideak urratzeko legeria jartzen dute indarrean, beste administrazio batzuetan legea bera ere urratzen da, herritarrei alboko kalte ondorioak eragiten zaizkie...

Egoera hori larria izanik ere, ez dago indarrean horri aurre egiteko mekanismo juridiko-administratiborik. Horrek hiru ondorio negatibo dakartza; batetik, herritarrak eskubideez gabeturik ikusten du bere burua eta naturalizatu egiten du hizkuntza-eskubideen urraketa. Urraketak saihesteko mekanismorik ez dagoenez, herritarraren ustea da hizkuntza-eskubideen bermea erakundearen jarreraren araberakoa izango dela, alegia, ez da ohartzen derrigorrez bermatu beharreko eskubideak direnik.

Bestetik, erakunde publiko zein pribatuek ez dute hizkuntza-eskubideak bermatzeko beharra ikusten, izan ere, ez die inolako ondoriorik eragiten eskubideak edota legeak urratzeak. Are gehiago, askotan hizkuntza-eskubideen aldarrikapen hutsa herritarren kapritxotzat hartu izan dute adibide, horren atzean egon daitekeen babes juridikoa edota administrazioek berek izan dezaketen betebeharra kontuan hartu gabe.

Azkenik, eskubideen bermerako mekanismo ezaren ondorioz, hizkuntzarengatiko atxikimendua gero eta lausoagoa da, bigarren mailako herritar bihurtzen baitu euskalduna. Hizkuntza-eskubidea baliatzeak esfortzu handiagoa eskatzen dio herritarrari, alboko kalte-ondorioak eragiten dizkio, zenbait kasutan liskarrerako arrazoia izaten da. Hortaz, herritarrak zerbitzua gaztelaniaz edo frantsesez hartzea erosoagoa, arinagoa eta eraginkorragoa dela ohartzen da.

11. Progresibitatea: lau urteko balantze negatiboa

Behatokiak lau urteko bilakabidea aztertu ahal izan du. Hala ere, perspektiba horri esker hizkuntza-eskubideak bermatzeko orduan progresibitate errealik ez dela aplikatzen ondorioztatu ahal izan dugu.

Nafarroan, esaterako, urterik urte gero eta gehiago urratzen dira herritarren hizkuntza-eskubideak, gero eta legeria murritzagoa jartzen ari dira abian hizkuntza-eskubideen urraketak arautu ahal izateko, neurri gero eta bortitzagoak euskara bizitza sozialetik desagerrarazteko, langile elebidunei gero eta bereizkeria larriagoak eragiten zaizkie. Horrela, ezin hitz egin dezakegu inolako progesibitateaz; hizkuntzaren desagerpena helburu duen inboluzio-politikaz baizik.

Ipar Euskal Herrian ere euskararen etorkizun ilunak ez du ekarri hizkuntza-eskubideen bermearen politika progresiborik. Orain dela lau urteko arazo eta urraketa berdinak gertatzen dira, are gehiago, batzuetan hizkuntzaren garapenerako oztopoak jarri izan ditu urterik urte, bestetan, jarrera zorrotzagoak agertu ditu hizkuntza gutxiagotuen aurrean zuen tolerantziari dagokionez.

Euskal Autonomia Erkidegoan 2001 urtean jasotzen genuen kexa 2004 urtean errepikatu da. 2001 urtean administrazio zehatz batek gaztelaniazko jakinarazpena igorri zion herritar bati, ondorengo urteetan ere gaztelaniazko jakinarazpenak igortzen jarraitu du. Hori dela eta, 2004 urteko txostenean progresibitateari edukia eman behar zaiola agertu dugu. Progresibitatea edota arian-arian bezalako kontzeptuei eduki zehatza eman behar zaie, izen horien aplikazioaren balorazioa egin ahal izateko eta benetako progresibitatea gertatzen ari dela egiaztatzeko. Horrela egin ezean, kontzeptu antzua dela ondorioztatu beharko dugu.

D. EGOERA BAT, HAMAIKA ONDORIO

Behatokiak 2001 urteko txostenean atera zituen ondorio gehienak errepikatu izan dira hurrengo urteetako txostenetan, bai eta 2004koan ere. Pentsa genezake ondorioak errepikatu izanak egoerak bere horretan jarraitzen duela adieraz lezakeela, baina ez da hori Behatokiak egiten duen balorazioa. Hizkuntza-eskubideen urraketek bere horretan jarraitzeak egoeraren larritasuna agerian jarri besterik ez du egiten.

91 espedienterik ateratako ondorioak berretsi egin ditugu lau urte beranduago eta 2000 espediente baino gehiago kudeatu ostean. Espediente bakoitzaren atzean herritar bat izan dugu, hizkuntza-eskubideen urraketa pairatu duen herritarra eta Behatokira jotzeko konpromisoa hartu duen herritarra. Urteko txostenean agertutako ondorioek, beraz, badute pisu espezifikoa eta balio erantsia, hain zuzen ere, herritarren bizipenek emandakoa. Are gehiago, ondorioek balio handiagoa hartzen dute herritarrek hizkuntza-eskubideen urraketek eragindako beste alboko kalte ondorioak pairatu dituztela ikustean.

Zer behar dugu? Argi dago lurralde batzuetan ordenamendu juridikoa bera dela hizkuntza-eskubideen urraketak legez ahalbideratzen dituena, beste lurralde batzuetan mekanismo eraginkorrik ez dagoela legea betearazteko eta, beste eremu batzuetan ez bezala, legea urratzeak ez duela inolako ondoriorik. Horrek guztiak aldaketak nondik nora egin beharko liratekeen erakusten du. Bidea ez da laburra, baina aurrera egitea ezinbestekoa da, hortaz ezin onar dezakegu hurrengo urteetan ere argazki bera agertu behar izatea. Nahitaezkoa da, behingoz, herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko bidean jauzi kualitatiboak ematea, neurri ausartak hartzea, 2000 espediente horiek helarazi dizkiguten herritarrekiko begirunearengatik, euskal hizkuntza-komunitatearekiko begirunearengatik, eta geure etorkizunarengatik.

[i] Artikulu hau Hizkuntz Eskubideen Behatokiak prestatutako urteko txostenaren laburpena da. Txostena osorik irakurri nahi izanez gero www.behatokia.org web gunera jo.

[ii] Ipar Euskal Herriko espedienteak ez ditugu agertu beste prozedura bat erabiltzen dugulako kasu horiek jasotzeko. Hala ere, Lapurdi eta Nafarroa Beherean gertatutako kasuak izan direla adierazi behar dugu.

[iii] Wurm, S.A. (2001). Atlas of the World’s Languages in Danger of Disappearing Bartzelona, Unesco Publishing.