Europar Batasuna: egungo hizkuntza-politikaren azterketa eta etorkizunerako proposamena
Miquel Siguan
1. EUROPAKO HIZKUNTZ MOSAIKOA: ESTATU-HIZKUNTZAK, HIZKUNTZA GUTXITUAK, ETA IMMIGRANTEEN HIZKUNTZAK
2004ko maiatzetik, 25 estatu kide ditu Europar Batasunak (EB), eta, hedatuz joan den heinean, kide berrien hizkuntza ofizialak elkarteko hizkuntza ofizial eta lan-hizkuntza bihurtu direnez, alegia, eleaniztasun integralaren printzipioari jarraitu zaionez (Marín 2000), 20 hizkuntza ofizial eta lan-hizkuntza ditu: alemana, frantsesa, ingelesa, daniera, nederlandera, gaztelania, italiera, greziera, portugesa, suediera, eslovakiera, esloveniera, estoniera, hungariera, letoniera, lituaniera, poloniera, txekiera, eta maltera.
Hain zuzen, EB da munduan hizkuntza ofizial eta lan-hizkuntza gehien duen erakundea, eta datu horrek agerian jartzen du, nahiz merkatu, moneta, eta erakunde komunak izan, aniztasun kultural eta linguistiko handiko eremua dela. Ezin daiteke, ordea, Europako hizkuntz aniztasuna erakundearen hizkuntza ofizialetara mugatu, eta hori da EBren dilema: alde batetik, eleaniztasuna defendatzen du, eta hizkuntz aniztasunari eusteko apustu egin duela dio, Europaren kultur ondarea delako; bestetik, ordea, hizkuntza ofizialekin parekatu du Europako hizkuntz aniztasuna, bai lan-hizkuntzak finkatzeko orduan, bai hizkuntzen ezagutza bultzatzeko orduan.
Baina ezin ditugu hizkuntza gutxituak edo erregionalak ahaztu. Europar Batasuneko estatu kideen barruan hitz egiten diren eta estatu horietako hizkuntza ofizial ez diren hizkuntza autoktonoak. Horixe da Europar Batasunean hizkuntza gutxituen definizioa[i], eta 40 milioi baino gehiago dira hizkuntza horietan mintzo diren europarrak.
Hizkuntza horiek oso egoera desberdinetan daude, bai hiztun-kopuruari dagokionez, bai estatuaren aldetik duten errekonozimendu aldetik ere. Miquel Siguanek (Siguan 2004a, Marín 2000) Europako estatuen honako sailkapena egiten du, gutxiengoekin duten harremanaren arabera:
-Herrialde elebakarrak: hizkuntza nazional bakarra aitortzen dute, eta hizkuntza hori soilik defendatzen dute, hizkuntza gutxituak badirela onartu ere egin gabe. Frantzia da adibiderik argiena.
-Hizkuntza gutxitu batzuk babesten dituzten estatuak: hizkuntza nazional bakarra dute. Onura legal batzuk eskaintzen dizkiete hizkuntza gutxituei, baina ez eskubide politikoak. Adibidez, Erresuma Batuan galesa edo Herbereetan frisiera.
-Autonomia linguistikoak dituzten estatuak: estatu-hizkuntza bakarra dute, baina hizkuntza propioa duten lurraldeei autonomia ematen die, eskubide politikoak eta koofizialtasuna aitortzen die, bai eta hizkuntza-politika ezartzeko eskumena ere. Adibiderik argiena Espainia da, eta, zenbait lurraldetan, Italia. Aipagarria da lurraldearen zati batean ofizial diren hizkuntzak (katalana, euskara, galegoa) hizkuntza erregional eta gutxitutzat hartzen direla.
-Linguistikoki federalak diren herriak: Unitate federal bakoitzak bere hizkuntza eta bere hizkuntza-politika ditu. Belgika, Suitza.
-Instituzionalki eleanitzak diren estatuak: bi edo hiru estatu-hizkuntza dituzte, eta neurriak hartzen dira guztiak estatu osoan ezagutu eta erabil daitezen. Kasurik argienak Finlandia (finlandiera eta suediera) eta Luxenburgo (frantsesa, alemana eta luxenburgera) dira.
Europaren jatorrizko aniztasunari, hizkuntz mosaikoa are gehiago zabaltzen duen faktore bat gehitu behar zaio, aberasgarria baina, aldi berean, arazotsua: immigrazioa. Fenomeno honek hizkuntzen arloan duen eragin itzelaz ohartarazteko, datu bat: gaur egun Europan turkierak eta arabierak hiztun gehiago dituzte estatu-hizkuntza batzuek baino: 1994an, turkierak 1.500.000 hiztun zituen Europan eta arabierak 1.100.000 (Siguan 2004b), eta azken urteotan kopuru horrek gora egin du.[ii]
Jatorriz europarrak ez diren hizkuntz komunitate batzuek hizkuntz komunitate tradizional batzuk baino hiztun gehiago dituztela kontuan hartuta, Europako gizarte kulturanitzera gehitzen ari diren hizkuntzek estatuko edo Europako imaginario komuneko zati izateko aukera eduki behar dute.
Azken batean, hizkuntza gutxituen kontzeptuari ikuspegi dinamiko batetik begiratu behar zaio, eta hizkuntz aniztasunaren defentsa hizkuntza hauetara ere hedatu behar da. Herrialde hartzailearen hizkuntzaz eta kulturaz jabetzeko aukera izan behar dute, baina euren jatorrizko kulturari eta hizkuntzari uko egin gabe. Europako Parlamentuak egoera horrekiko kezka adierazi du, baina, hizkuntza gutxituen eta erregionalen kasuan ere askotan gertatu den bezala, Batzordeak ez du inolako neurririk hartu.
Hari horri tira eginda, ikus dezagun lehendabizi Europar Batasuneko erakunde garrantzitsuenen hizkuntz irizpideak zeintzuk diren, eta, ondoren, bakoitzak zer egin duen hizkuntza gutxitu eta erregionalak sustatzeko.
2. EB ETA HIZKUNTZEN EREMUA
Hasiera batean horretarako asmorik ez bazegoen ere, hizkuntza-politika bat finkatzeko ekimenak eta erabakiak hartu behar izan dituzte EBko erakundeek, nahiz eta hizkuntza-politikarik ez den inoiz formulatu esplizituki. Lau maila bereiz daitezke ekimen eta irizpide horietan:
2.1. Hizkuntza-auziak, EBren printzipio orokorrekin lotuta.
1.- Diskriminazio ezaren printzipioa: Erromako Itunean diskriminazio ezaren printzipioa jasotzen da, aukera-berdintasunaren berme gisa. Gaitzesten diren diskriminazio-arrazoien artean, hizkuntzarena arbuiatzen da esplizituki.
Formulazio orokorra egitea erraza da; ez, ordea, diskriminazio ezaren printzipiotik zein eskubide eratortzen diren zehaztea. Bide horretan egindako ahalegin bakarra Europako Kontseiluaren eskutik etorri da: 1992an, Hizkuntza Erregional edo Gutxituen Europako Gutuna onartu zuen, eta gutun horretan estatuek gutxiengo linguistikoen eskubideak zaintzeko dituzten betebeharren multzoa jasotzen da. Betebeharrak jaso bai, baina ez du zehazten zein hizkuntza gutxituri aplikatu behar zaizkion. Estatuaren beraren esku geratzen da nori eta nola aplikatu erabakitzea, eta, ondorioz, nahiko sinbolikoa da.
Beraz, giza eskubideek eta diskriminaziorik ezaren printzipioek zein hizkuntz ondorio ekartzen dituzten zehaztu behar du EBk; alegia, hizkuntza-eskubide indibidual eta kolektiboak definitu behar ditu.
2.- Pertsonen eta merkantzien zirkulazio askea: EBk ez du gaiaren inguruko irizpide zehatzik eman. Dena den, esan liteke herrialdeko hizkuntza ezagutzea betekizun orokorra izatearen aurkakoa dela, baina onartu duela hainbat lanpostutarako (batez ere, administrazio publikorako) ezinbesteko eskakizuna dela.
Merkantziei dagokienez, zein hizkuntzatan izan behar dituzte argibideak? Zenbateraino exiji daiteke argibideek kontsumitzaileentzat ulergarri izan behar dutela, eta, beraz, produktua saltzen den herrialdeko hizkuntzan eman behar direla, nahiz eta produktua beste herrialde batean egin? Gai horren inguruan ere sortu dira arazoak, eta Europako Auzitegira ere iritsi dira hainbat afera. Dena den, EBk ez du irizpiderik zehaztu. Arlo horretan egiteko garrantzitsua du, hain zuzen: jurisprudentzia sistematizatu beharko luke, Batasuneko hiritar guztien hizkuntz eskubideak eta betebeharrak biltzen dituen kode baten bidez.
3.- Diru-laguntzak ikus-entzunezko produktuentzat: Estatu askok, bertako hizkuntzan egindako ikus-entzunezko materialak sustatzeko, diru-laguntzak ematen dituzte. Frantziak, gainera, proposatu du merkataritza-askatasunari “salbuespen kulturala” ezartzea, ikus-entzunezkoetan atzerriko hizkuntzaren (bistan da, ingelesaren) presentzia mugatzeko. “Salbuespen kultural” hori inbasio anglosaxoiaren aurrean Europaren aniztasuna defendatzeko modu bat da, baina, aldi berean, EBk defendatzen duen merkataritza-askatasunaren printzipioaren aurkakoa da.
2.2. Zuzenean edo zeharka hizkuntzen ezagutzarekin edo erabilerarekin lotzen diren programak eta ekimenak.
Erromako Itunak ez zuen hizkuntza-arloan helbururik ezarri, ez eta hezkuntzan ere. Maastricht-eko Itunak, ordea, apurtu egingo du tradizio hori, eta baieztatuko du Europako herrialdeetako hezkuntza-sistemek kultura europar komuna sortzen lagundu behar dutela. Itunak abiatutako bide berritik, zabaldu egingo dira hezkuntzarekin lotutako helburuak. Ildo horretatik, Europako Batzordeak nolabait hizkuntzekin lotutako programak jarri ditu abian, batzuetan itzulpena errazteko (Syntram aplikazioa, Eurotra itzulpen-sistema, Eurodicautom datu-banku terminologikoa), beste batzuetan hizkuntzak ikasi eta zabaltzeko (Socrates programa eta horren barruan Lingua, Leonardo eta Erasmus).
2.3. Europako erakundeen hizkuntza-irizpideak
Ministroen Kontseiluak 1958ko apirilean onartutako lehen xedapenaren 6. eta 7. artikuluetan Batasuneko erakundeei eskumena ematen zaie bere prozedura-arauetan auzi bakoitzean zein hizkuntza erabili erabakitzeko. Hona hemen erakunde bakoitzaren barne-funtzionamendua hizkuntzari dagokionez.
2.3.1. Justizia AuzitegiaJustizia Auzitegiari zuzentzeko, edozein hizkuntza ofizial balia daiteke, gaelikoa barne, eta eskaera egin den hizkuntza horretan gauzatzen da prozedura guztia. Prozesuan beharrezkoak diren dokumentuak hizkuntza horretan ez badaude, itzuli egiten dira. Sententziak EBko hizkuntza ofizial guztietara itzultzen dira, baina barne-funtzionamendua frantsesez gauzatzen da ia erabat.
2.3.2. Ministroen KontseiluaHizkuntza ofizialak lan-hizkuntza dira osoko bilkuretan, baina bilera informaletan normalean hiru hizkuntza erabiltzen dira: ingelesa, frantsesa eta alemana, edo ingelesa, frantsesa eta seihilabete horretan presidentzia duen estatuaren hizkuntza ofiziala. Administrazio-lanetan, berriz, ingelesa eta frantsesa erabiltzen dira eskuarki.
2.3.3. Europako ParlamentuaOsoko bilkuretan, interbentzioak hizkuntza ofizial guztietara itzultzen dira, bai eta hartutako erabakiak ere. Baina Parlamentuaren barruko administrazio-lanei dagokienez, neurri handi batean frantsesez eta ingelesez egiten dira.
2.3.4. Europako BatzordeaGai bat aztertzen hastean, prozedura-hizkuntza aukeratzen da (normalean ingelesa eta frantsesa, eta batzuetan alemana), eta hizkuntza horretan idazten dira hasierako proposamenak eta proposamen horiei egindako zuzenketa eta iradokizunak. Baina azken proposamena eta proposamen horren oinarrian dauden dokumentu guztiak hizkuntza ofizial guztietara itzultzen dira, komisarioen bileran eztabaidatu aurretik.
Batzordea estatu batekin zuzenean harremanetan jartzen denean, estatuaren hizkuntza baliatzen du. Ondoren, estatuarengandik jasotzen duen eskaera edo informazioa prozedura-hizkuntza batera itzultzen da; gaia hizkuntza horretan jorratzen da, eta, ebazpena lortzen denean, ebazpena eta hori justifikatzen duten argudioak estatuaren hizkuntzara itzultzen dira.
2.3.5. Europako KontseiluaBi hizkuntza ofizial ditu: ingelesa eta frantsesa. Oso kritikatua izan da Hizkuntza Erregional edo Gutxituen Europako Gutuna bultzatu zuen erakundeak bi hizkuntza ofizial baino ez izatea, baina ezin da ahaztu erakunde honek lan esanguratsua egin duela hizkuntz aniztasunaren alde.
2.4. Europako erakundeek hizkuntza gutxituen eta erregionalen alde egindako lana
EBk hasieratik baieztatu du Europako kultur eta hizkuntz aniztasuna errespetatzen dituela, eta, hortik bere lema: Batasuna aniztasunean. Erronka nagusia: Europako herrien arteko elkartasuna sustatzea, baina hizkuntz eta kultur aniztasunari eutsiz. Hasieran adierazi bezala, aniztasuna estatu-hizkuntzetara mugatu da gehientsuenetan, baina izan da hizkuntza gutxitu eta erregionalak kontuan hartu dituen ekimenik ere. Hona hemen erakunde bakoitzak gauzatutako ahalegina.
2.4.1. Europako KontseiluaGiza eskubideen eta sistema demokratikoaren defendatzaile den aldetik, ez da harritzekoa bera izatea gutxiengo linguistikoen gaia aztertu duen Europako lehenengo erakundea.
1960ko eta 1970eko hamarkadetan Europako gobernuek eta hiritarrek Europako hizkuntz aniztasunarekiko zuten kontzientzia handitzen saiatu zen, eta gomendio ugari onartu zituen. Aipagarrienak, hauexek:
285. gomendioa (1961): gutxiengo nazionalen eskubide kolektiboak bete egin beharko liratekeela adierazten du, baldin eta Estatuen oinarrizko interesekin bateragarriak baldin badira.
814. gomendioa (1977): Europako hizkuntza biziei buruzkoa da. Bertan jasotzen denez, hizkuntz aniztasuna aberastasun ordezkaezina da, eta horrek justifikatzen du Europako gutxiengo linguistikoak babesteko ahalegin aktiboa.
1980ko hamarkadan gutxiengo etniko eta linguistikoen baluartetako bat bihurtu zen Europako Kontseilua, eta agiri garrantzitsu batekin abiatu zuen hamarkada: 1981ean Cirici Txostena onartu zuen, Europako Kontseiluak hizkuntza gutxituen alde egindako lanaren eta onartutako deklarazioen abiapuntu eta oinarri ideologiko-pragmatikoa den txostena. Lau puntu nagusi jasotzen ditu:
a) Arlo zientifikoan, tokiko toponimia errespetatu egin behar da. b) Arlo humanoan, haur guztiek ama-hizkuntzan eskolatzeko eskubidea dute. c) Arlo kulturalean, hizkuntza-komunitateek euren hizkuntza eta kultura normaltasunez garatzeko eskubidea dute. Normalizazio horretan, komunikabideak eta goi mailako irakaskuntza ere aintzat hartu behar dira. d) Arlo politikoan, estatuaren barruan egitura administratibo propioa duten komunitateek euren hizkuntza koofizial deklaratu dadin exijitzeko eskubidea dute.Europako Kontseiluko Kultura eta Hezkuntza Batzordeak aho batez onartu zuen ebazpena 1981ean, eta Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarrera bidali zen. Parlamentuak ere oniritzia eman zion urte hartan bertan, eta, hala, abstentzio bakarrarekin, 928. gomendio bihurtu zen. Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak, ordea, “aparkatuta” utzi zuen, hizkuntza-politika estatu bakoitzaren kontua zela, eta, beraz, ez zuela arteztarau bihurtu behar argudiatuta.
Cirici Txostenaz gain, bada Europako Kontseiluak aurrera eramandako ekimen zinez garrantzitsu bat: Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Gutuna, hain zuzen ere. Premiazkotzat jo zen Europako hizkuntza gutxitu eta erregionalen defentsa eta babesa bermatzeko bitarteko juridiko bat lantzea, eta hortik sortu zen gutuna.
“Les parts es comprometen a eliminar, si encara no ho han fet, tota discriminació, exclusió, restricció o preferència injustificada que afectin l’ús d’una llengua regional o minoritària i tinguin per objecte descoratjar o posar en perill el seu manteniment o el seu depsenvolupament”.[iii]Frantzia izan zen gutunaren aurka egin zuen estatuetako bat. Marín Gonzálezek bere tesian ezin hobeto azaltzen du zergatia:
“La idea de unión europea debería tender hacia la uniformidad y la homogeneidad en vez de la dispersión y la diversidad, sostuvo el francés Sergent.
(…) los europeos tenían que fomentar una gran lengua común a todos y no perder el tiempo multiplicando, favoreciendo, promocionando y salvando o recuperando lenguas a punto de desaparecer por imperativo de la historia (Mr. Nungesser, francés)”.[iv]Azkenean, zirriborroari aldaketa ugari egin, edukia leundu (esaterako, hasieran estatuek derrigor bete beharreko hainbat neurri hautazko bihurtu ziren behin betiko bertsioan), hainbat aldiz atzera bota, eta traba asko gainditu ondoren, 1992an onartu zen Gutuna. Frantzia, Erresuma Batua, Txipre eta Turkia abstenitu egin ziren, eta Greziak kontra bozkatu zuen. Bulgariako ordezkaria, berriz, ez zen bozketan izan.
1992ko azaroaren 5ean 11 estatuk sinatu zuten gutuna Estrasburgon: Austria, Danimarka, Finlandia, Alemania, Hungaria, Liechtenstein, Luxemburgo, Malta, Herbeereak, Norvegia, eta Espainiak.
2004ra bitartean, 18 herrialdek sinatu eta berretsi dute: Austria, Alemania, Kroazia, Txipre, Danimarka, Eslovenia, Espainia, Finlandia, Holanda, Hungaria, Liechtenstein, Luxenburgo, Malta, Norvegia, Errumania, Mazedonia, Suitza, eta Ukrainiak. Beste 13k sinatu dute, baina oraindik ez dute berretsi.
Gutunean oso argi azaltzen da ezingo duela Estatuaren lurralde-batasunaren printzipioaren aurka jo, eta horrek ederki erakusten du hizkuntzen auziak estatuari zer-nolako beldurra ematen dion. Halaber, lehenengo artikuluan, hizkuntza gutxituen eta erregionalen definizioa egiteaz gain, argi eta garbi azaltzen da gutun horrek ez dituela aintzat hartzen ez dialektoak, ez immigranteen hizkuntzak.
“Regional or minority languages that are: (i) traditionally used within a given territory of a State by nationals of that State who form a group numerically smaller than the rest of the State’s population; and (ii) different from the official language(s) of that State; it does not include either dialects of the official language(s) of the State or the languages of migrants”.[v]
Estatuak berak erabakitzen du zein hizkuntzari aplikatu eta bakoitzari zer-nolako babesa eman. Edukiak betetzeko konpromisoa hartzeaz gain, kanpo-kontrola ere onartzen dute estatuek: hiru urtean behin, gutuna sinatu eta berretsi duen estatuak txosten bat aurkeztu behar du Europako Kontseiluan, konpromisoen betetze-maila zenbatekoa izan den ikusteko, eta Estatuak onartu dituen Itunaren III. zatiko erabakiak ezartze bidean eraman duen politika azaltzeko. Txosten hori aditu-talde independente batek aztertzen du, eta txostenean bildutakoaz eta bestelako informazioaz baliatuta (erakunde eta elkarteek Adituen Lantaldeari oharrak egiteko eskubidea dute), oharrak eta gomendioak egiten dizkio estatuari.
Espainiako estatuak 2002ko irailaren 23an aurkeztu zuen bere txostena, eta 2004ko maiatzean Hizkuntza Gutxituen Itunaren jarraipen-batzordea Hego Euskal Herrian izan zen, Espainiak 2001ean berretsi zuen Ituna betetzen ari den jakiteko.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak informazioa helarazi zion Adituen Lantandeari, Ministroen Kontseiluari bidaliko zion txostena egiteko orduan kontuan har zezan. Bertan salatu zuen Espainiak ez duela bete Ituna, eta EAEn eta Nafarroan etengabe urratzen dituela euskaldunon hizkuntza-eskubideak.
Frantziak, berriz, ez du gutuna izenpetu ere egin, konstituzioaren aurkakoa dela argudiatuta. Izan ere, konstituzioak argi uzten du Frantziako Errepublikako hizkuntza bakarra frantsesa dela.
2.4.2. Ministroen KontseiluaMinistroen Kontseiluan estatu kide bakoitzeko gobernuak daude ordezkaturik, eta, beraz, herrialdeko alderdi handiek soilik dute ordezkaritza. Horiek, askotan, ez dira gutxiengo linguistikoen aldarrikapenen aldekoak, eta ez dago erakundearen jardunari begiratu besterik hori baieztatzeko: Ministroen Kontseiluak ez du inolako proposamenik egin hizkuntza erregionalen eta gutxituen arloan. Gainera, erakunde hau da hizkuntza ofizialen eta lan-hizkuntzen arteko identifikazioa tinkoen defendatzen duena.
EBko erakunde gorenak hizkuntza erregionalen eta gutxituen auzia aintzat ez hartzeak argi erakusten du gaia erabakiguneetatik kanpo eztabaidatzen dela, eta, beraz, tamalez, maila sinbolikora mugatzen dela gehien-gehienetan.
2.4.3. Europako ParlamentuaEuropako Parlamentuak ere kontu handiz zaintzen du hizkuntza ofizialen eta lan-hizkuntzen arteko parekotasuna, diputatu guztiek euren hizkuntzan mintzatzeko eskubidea izan dezaten.
Baina, aldi berean, Europako Parlamentuan sortu da hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak defendatzeko kezka eta interes handiena, eta ildo horretatik ebazpen asko onartu ditu; izan ere, erakunde horretan estatu bakoitzeko biztanleria guztiaren ordezkariak daude, horien artean baita gutxiengoen aldeko alderdi politikoetako ordezkariak ere.
Dena den, argi utzi behar da Europako Parlamentuak ez duela eskumen legegilerik, aholku-emailea baino ez da; Ministroen Kontseiluari (EBko botere gorena) eta Europako Batzordeari (organo betearazlea) gomendioak egitera mugatzen da. Halaber, Europako Parlamentuak onarturiko erabakiek ez daukate ondorio juridikorik estatu kideengan, eta, horregatik, ebazpenen eraginkortasuna benetan eskasa da.
Zalantzarik gabe, ordea, ebazpenok aurrerapauso garrantzitsu izan dira hizkuntza gutxitu eta erregionalen sustapenean. Hona hemen kronologia:
-Arfe ebazpena (1981): Lehenengo eskaera-sortan, Estatuko gobernuei eta aginte erregionalei galdegiten die hizkuntza gutxituen aldeko politika gauzatzeko hezkuntzan, komunikabideetan, bizitza publikoan, eta gizarte-gaietan.
Bigarren eskaera-sortan, besteak beste, hezkuntza eleanitzaren proiektu pilotuak abiarazteko eskatzen dio Europako Batzordeari, bai eta hizkuntza gutxituak baztertzen dituzten legeak eta jokabideak aztertzeko ere. Bitxia da: “Hizkuntza eta kultura erregionalen eta gutxiengo etnikoen eskubideen gutuna” izena zuen ebazpenak, baina testuan ez da gutuna aipatu ere egiten, zirriborrotik azken bertsiora aldaketa asko izan zituen eta. Nolanahi ere, gaiarekiko lehenengo hurbilpena izan zen, eta 1992an Europako Batzordeak onartuko zuen Hizkuntza Erregional edo Gutxituen Gutunaren oinarria.
-Arfe ebazpena (1983): Ebazpenak jasotzen du 30 milioi lagun inguruk hizkuntza erregional edo gutxitu bat hitz egiten duela. Gaur egun, zabalkundearekin, kopuru horrek gora egin du: 40 milioi lagun dira eskuarki hizkuntza erregional edo gutxitu batean mintzo direnak, EBko biztanleriaren %10 inguru.
Aurreko ebazpenaren ildo beretik jotzen du. 1981ean bezala, Europako Batzordeari eskatzen dio proiektu pilotuak martxan jar ditzala; era berean, Batasunean eta estatuetan indarrean zeuden eta hizkuntza gutxituak diskriminatzen zituzten legeak eta praktikak berrikusi, eta horiei amaiera emateko bitartekoak jartzeko galdegiten dio. Halaber, eskatzen dio parlamentuaren ebazpenaren printzipioak praktikan beteko direla bermatzeko.
-Kuijpers ebazpena (1987). Hizkuntza erregional eta gutxituen auzian berrikuntza garrantzitsu bat jasotzen du ebazpen honek: F puntuan, lehenengo aldiz adierazten da lurraldearen garapen ekonomikoa hizkuntzaren normalizaziorako funtsezko faktore dela:
“Las condiciones económicas regionales condicionan las posibilidades de expresión y desarrollo de las culturas locales, de modo que las medidas correspondientes se deben elaborar en el marco de una política regional, europea y equilibrada que parta de una base regional y que frene el éxodo de la periferia hacia el centro”.[vi]Gainerakoan, Arfe ebazpenen bidetik jotzen du, baina arlo bakoitzean hartu beharreko neurriak zehaztasun handiagoz azaltzen ditu. Sei paragrafotan, hizkuntza eta kultura gutxituen aldeko hogeita lau neurri proposatzen dizkie estatuei: hezkuntza, administrazioa eta legedia, komunikabideak, kultur azpiegitura, neurri sozioekonomikoak eta azkenik, mugaz haratagoko lankidetza. Halaber, dei egiten dio Europako Batzordeari, neurri horien inplementazioa bultza dezan.
Dena den, oso esanguratsua da ebazpen honek 15. paragrafoan jasotzen duena:
“Stresses categorically that the recommendations constains in this resolution are not to be interpreted or implemented in such a way as to jeopardize, the territorial integrity or public order of the Member States”.[vii]
Beraz, berriz ere agerian geratzen da Europako Parlamentuak ez duela botererik estatu kideekiko, eta hori da ebazpenaren alde ahula: eskakizunak oso zehatz adierazita daude, baina politikoki muga handiak ditu.
-Kililea ebazpena (1994): Berlingo harresia eraisteak, SESB erortzeak, eta Balkanetako gerra pizteak gutxiengoen inguruko ikuspegia aldatzea ekarri zuen.
Mark Kilileak txostena egiteko hiru arrazoi eman zituen:
a) Europa erdialdean eta ekialdean ordura arte zapalduta egon ziren nazio eta komunitate txikiak berpiztu egin ziren, eta gehienek hizkuntza eta kultur eskubideak aldarrikatzen zituzten. Bigarren mundu gerraren amaieran, gutxiengoekiko mesfindantza handia zegoen, eta Europan egonkortasuna ziurtatzeko modurik egokiena gutxiengoak geldi edukitzea zela uste zen; nazio-estatuen batasunari lehentasuna ematea erabaki zen. Harrezkero, ordea, ikuspegia aldatu egin da: Europa eleanitz batek bakarrik bidera ditzake balkanizatzeko joerak. b) Maastricht-eko Ituna: lehendabiziko aldiz EBko kultur eta hizkuntz aniztasuna onartzen du. c) Ordurako Europako Kontseiluak onartua zuen Hizkuntza Erregional edo Gutxituen gutuna, eta 13 herrialdek sinatua zuten.Kililea ebazpenak Estatu kideei gomendioak egiten dizkie, gutxiengoei euren egoera eta eskubideak definituko dizkien estatutu bat eman diezaieten, batez ere hizkuntza gutxituak hezkuntza-sisteman, komunikabideetan eta administrazio publikoan izan behar duen presentzia arautuko duena. Ebazpen horrek espreski onartzen du Europako Kontseiluak 1992an onartutako Europako Hizkuntza Erregional edo Gutxituen Europako Gutuna, eta estatuei dei egiten die onartu eta berretsi dezaten. Ebazpen honek izan du eragin handiena Europako erakundeek hizkuntza eta kultura gutxitu eta erregionalei eman beharreko tratamenduan, eta esan daiteke aurreko ebazpenen edukia biltzen duela.
Bozketan, Frantziak eman zuen aurkako boto bakarra, agiri ofizialak eta administratiboak nazionala ez den hizkuntzetan egotea batasun nazionalarentzat mehatxu zela argudiatuta. Gainera, mugak ezabatu egin behar zirela adierazi zuen Frantziak, eta ez muga berriak sortu.
Ebazpenak berak jasotzen duen bezala, Europa ekialdeko eta erdialdeko gertakariek argi erakusten dute oso garrantzitsua dela gutxiengo kultural eta etnikoei euren kultur eta hizkuntz nortasuna garatzeko bitartekoak ematea, pertsona bakoitzak bere aspirazioak bake- eta demokrazia-testuinguruan gauzatzeko aukera izan dezan. Beraz, gutxiengoak babestea funtsezkoa da egonkortasuna, segurtasuna, bakea, eta kulturen eta herrien arteko elkarbizitza erdiesteko. Hori da ebazpen honen ekarpen garrantzitsuetako bat.
Ebazpen honek badu beste berrikuntza bat ere: Europako Batzordeari eta Ministroen Kontseiluari hainbat neurri har ditzaten eskatzen die, baina ez lurraldeko hizkuntza gutxituentzat soilik, bai eta lurralderik gabeko hizkuntza autoktonoentzat ere (gitanoa, sintia, hebreoa…).
-1994 eta 1999 epealdia: Europako Parlamentuak ez zuen hizkuntza erregional edo gutxituei buruzko ebazpenik onartu, baina gaia hainbat aldiz eztabaidatu zen, eta hainbat dokumentutan jaso izan dira aipamenak.
-Morgan ebazpena (2001): Bertan jasotzen da hizkuntza guztiek balio bera dutela, eta EBn 40 milioi lagun inguru hizkuntza gutxitu batean mintzo direla. Halaber, hizkuntz aniztasuna eta hizkuntzen ikaskuntza sustatzeko neurriak proposatzeko eskatzen dio Batzordeari, bai eta hizkuntza gutxituei eta erregionalei zabalik egongo den urte anitzeko hizkuntz programa bultzatzeko ere. Azkenik, Europako Gutuna sinatzeko eta berresteko eskatzen die estatuei.
-Michl Ebner-ek proposatutako ebazpena (2003): Aurreko ebazpenetan jasotako eskakizunak biltzen ditu, eta, horiez gain, bi hauek eransten ditu: batetik, Hizkuntz Aniztasunerako eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Europako Agentzia sortzea, betiere hizkuntza erregionalak eta gutxituak kontuan izanda, eta, bestetik, hizkuntz aniztasunerako eta hizkuntzen ikaskuntzarako urte anitzeko programa sortzea.
Halaber, Batzordeari eskatzen dio hizkuntza gutxituak eta erregionalak kultura- eta hezkuntza-programetan, egiturazko fondoetan eta diskriminazioa gainditzeko neurrietan sartzeko, gutxiengoak babesteko eta EBLUL sustatzeko.
Ebazpen horiek inpaktu politiko handia izan dute, baina ondorio legal gutxi. Identitate nazionalaren alderdi garrantzitsu denez, estatuek hizkuntz eta kultur arloko eskumena aldarrikatzen jarraitzen dute, eta horren aurrean zirrikitu txikia geratzen zaio Europako Parlamentuari.
2.4.4. Europako BatzordeaEBko erakunde betearazlea da, eta Europako Parlamentuaren ekimenak babestu izan ditu. Alde batetik, hizkuntza gutxituen eta erregionalen inguruko azterketak egin izan ditu, eta, bestetik, Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoa (EBLUL) finantziatu du.
EBLUL gobernuz kanpoko erakunde independentea da, eta harreman formalizatuak ditu Europako Parlamentuarekin, Europako Batzordearekin, UNESCOrekin, eta Nazio Batuekin.
EBko estatu kideetan ofizial ez diren hizkuntzak (gaelikoa barne) babestu eta sustatzea du helburu EBLULek, hizkuntza horien eta euren hizkuntza-komunitateen egoera eta arazoak aztertu eta ezagutzera ematea. Azken urteotan, gutxiengo linguistikoei eragiten dieten gaien inguruko datu-bankuak eta informazio-zentroak ezarri ditu: Mercator proiektuaz ari gara. Gaur egun, lau gune ditu, eta bakoitza gai batez arduratzen da: hezkuntza (Frisia), komunikabideak (Gales), zuzenbidea (Bartzelona) eta gai orokorrak (Paris).
Arfe ebazpena onartu zenetik 1999ra arte, Europako Batzordeak finantzatu ditu EBLULen jarduerak, B3-1006 aurrekontu-partidaren bidez. Halaber, partida horri esker, laurogeiko hamakadaren erditik aurrera Batzordeak hainbat proiektu bultzatu izan ditu (hezkuntza-proiektuak, Euromosaic…). 1999an, ordea, Europako Auzitegi Nagusiak xedatu zuen legez kanpokoak zirela berariazko oinarri legislatibo bat ez duten gaietarako diru-lerroak, eta hori zen B3-1006 partidaren kasua.
1999an hizkuntza gutxituak sustatzeko berariazko programa bertan behera geratu zenetik, programa orokorretan integratzen dira hizkuntza horiek. Bide horretatik, 2003an, Europako Batzordeak Hizkuntz Aniztasuna eta Hizkuntzen Ikaskuntza Sustatzeko 2004-2006 urteetarako Plana argitaratu zuen, hizkuntza guztiak kontuan hartzen dituena: “the smaller European languages as well as the larger ones, regional, minority and migrant languages as well as those without “national” status” (Europako Batzordea 2003).
Ikus daitekeenez, Europako erakundeek egin dute ahaleginik hizkuntza gutxituak eta erregionalak sustatzeko, baina erakundearen jatorrizko irizpideak indarrean jarraitzen du. Gero eta hizkuntz aniztasun handiagoa du EBk: zabalkundearekin ugaritu egin dira hizkuntza ofizialak eta, zer esanik ez, hizkuntza gutxituak eta erregionalak. Nola kudeatu kapital linguistiko hori guztia? Nola egokitu EBren hizkuntza-araudia egungo errealitatera eta nola gauzatu hizkuntza-politika demokratikoagoa? Hona hemen etorkizunerako proposamen bat.
3. ETORKIZUNA: EB-ren HIZKUNTZA-POLITIKA EGOKITZEKO PROPOSAMENA
Gero eta gehiago dira indarrean dagoen irizpideari ezin zaiola eutsi eta formula berriak bilatu behar direla dioten ahotsak. Gaiak eztabaida sutsuak eragiten ditu, ordea: batzuen iritziz, irizpide hori aldatzea EBren esentziaren eta helburuen kontra doa; beste muturrean, badira lan-hizkuntza bakarra nahi dutenak, ingelesaren alde egiten dutenak, alegia; hirugarren multzo batean, aldiz, lan-hizkuntzak hiru (ingelesa, frantsesa eta alemana) edo bostera (ingelesa, frantsesa, aleman, gaztelania eta italiera) murriztea defendatzen dutenak daude. Azter ditzagun aukera horiek banan-banan:
· Hizkuntza ofizialak = lan-hizkuntzak. Hainbat estatuk ez dute ekuazio hori apurtzerik nahi, ofizialtasunaren estatusa galtzeko beldurrez. 1994an, Frantziako atzerri-ministroak, Alain Lamassourek, EBko lan-hizkuntzak ingelesera, frantsesera, alemanera, gaztelaniara, eta italierara mugatu beharko liratekeela adierazi zuen elkarrizketa batean. Berehala entzun ziren kontrako ahotsak, eta 1995ean Europako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuen, hizkuntza ofizialen eta lan-hizkuntzen arteko parekotasuna aldarrikatuz, eta parekotasun hori apurtzeko edozein saio arbuiatuz. · Ingelesaren aldeko apustua: Ikuspegi honen arabera, ingelesa da mundu mailan komunikatzeko erabiltzen den hizkuntza, eta, beraz, EBk ere hori soilik hartu behar luke lan-hizkuntzatzat. Hainbatek defendatu izan du ekonomiaren, zientziaren, eta kulturaren unibertsalizazioari hizkuntzaren unibertsalizazioa dagokiola.Ez dirudi, ordea, ikuspegi hori nagusituko denik, kontrako arrazoi ugari ditu-eta:
1. Ingelesa bitartekari unibertsal izan dadin defendatzen dutenek hizkuntza kode inpertsonaltzat hartzen dute, komunikazio teknikorako bitarteko soiltzat, bere dimentsio soziopolitikoa alde batera utzita. Defendatzen dute nazioarteko komunikazio-bide gisa erabilitako ingelesa hizkuntza neutroa dela, konnotazio kulturalik gabekoa, eta, beraz, ez dela mehatxu gainerako hizkuntzentzat, komunikazio-bide osagarria baizik. Baina ez da horrela: beste hizkuntzetako hiztunek hitz egiten duten ingelesa sinplifikatua da, baina finean ingeles-hiztunek hitz egiten duten bera, eta, beraz, beste edozein hizkuntza bezala, inplikazio kultural eta sozialez josia dago.
2. Ingelesa erabiltzeak, batetik, kultura amerikarrarekiko mendekotasun-sentimendua sortzen du europar askorengan, eta, bestetik, jatorriz ingeles-hiztunak direnei abantaila ematen die. Hizkuntza eta boterea banaezinak direnez, herrialde anglosaxoien hegemonia eta gainerakoen kolonizazio kulturala ekarriko luke.
3. Sentimendu europarra oso apala izan da herrialde anglosaxoietan.
4. Ez da bateragarria hizkuntz aniztasunaren aldarrikapenarekin eta defentsarekin. Esperientzia historikoak erakusten du edozein “lingua francak” besteak ordezteko joera duela, eta, ondorioz, gatazka eta mendekotasun-sentimendua sortzen direla.
Aniztasunari eusteko eta mundu globalizatuaren komunikazio-premiei erantzuteko, areagotu egin behar da hizkuntzen ezagutza, eta, ildo horretatik, Ministroen Kontseiluak, Europar Batasuneko aginte gorenak, behin baino gehiagotan adierazi du etorkizuneko europarrek, ama-hizkuntzaz gain, bi hizkuntza jakin beharko lituzketela. Izan ere, hizkuntza bakarrera mugatuz gero, ingelesa nazioarteko komunikazio-hizkuntza bihurtuko litzateke Europan, eta hori ekidin nahia dago horren atzean.
Europa batua eraikitzeak ezin du ekarri aniztasunari bizkar eman eta hizkuntza bakar baten alde egitea: Europa batua eraikitzeko bidean, hizkuntza-politikak aniztasunari eustea izan behar du helburu, eta, beraz, bestelako bide batetik jo beharko litzateke.
· Lan-hizkuntzak mugatzea. Itzulpen-sistema gero eta konplexuagoa da, gero eta gastu handiagoa du, eta gero eta bideragaitzagoa da. 20 hizkuntza ofizial izanda 360 hizkuntz bikote sortzen dira. Terminoen arteko parekotasun falta eta horrek segurtasun legalaren aldetik dakarren mehatxua, gutxien hedatutako hizkuntzetara itzulpena egin arte igarotzen den denbora-tarte luzea (hilabete inguru), egindako ahaleginaren eta lortutako emaitzen arteko oreka falta… Esan liteke eleaniztasun integralaren printzipioa, alegia, estatu kide guztietako hizkuntza ofizialak EBko hizkuntza ofizial izatearen printzipioa, agortuta dagoela egun.Gainera, irizpide horrek ez du bermatzen hizkuntza guztiak maila berean daudenik: komunikazio pertsonalen eta zerbitzu-harremanen bi heren ingelesez eta frantsesez egiten dira.
Kontuan izan behar da, halaber, EBz gain, ez dagoela hizkuntza-irizpide hori duen nazioarteko erakunderik, guztiek lan-hizkuntzak mugatuta dituzte-eta. Esaterako, NBEk sei lan-hizkuntza ditu (frantsesa, ingelesa, errusiera, gaztelania, eta txinera. 1973an arabiera ere hizkuntza ofizial eta neurri batean lan-hizkuntza izendatu zuen), UNESCOk bost (frantsesa, ingelesa, errusiera, gaztelania eta txinera), eta NATOk eta Europako Kontseiluak bi (frantsesa eta ingelesa).
Erakunde horietan zabaldutako bideari jarraituz, hirugarren ikuspegi honen aldeko batzuek ingelesa eta frantsesa ezarri nahi dituzte lan-hizkuntza gisa. Miquel Siguanen esanetan, Erromako Ituna sinatzean irizpide hori ezarri izan balitz, gaur egun inork ez luke eztabaidatuko, baina Ingalaterra hasierako sinatzaileen artean ez zegoenez, ingelesa kanpoan uzteko tentazioa handiegia izan zen. Orain ezinezkoa da erabaki hori hartzea, Alemaniak ez luke-eta inondik inora onartuko; izan ere, pisu politiko handia du erakundean eta, gainera, alemana da EBn gehien hitz egiten den hizkuntza. Hori kontuan izanda, egokiagoa dirudi lan-hizkuntza ingelesa, frantsesa eta alemana izendatzea.
Proposamen horrek aldeko asko ditu (horien artean Siguan bera), baina baita kontrakoak ere, eta, Erromako Itunak Batasuneko hizkuntza-araudia aho batez onartu behar zela xedatu zuenez, oraingoz, ez da ezer aldatuko, nahiz eta zabalkuntzak zailtasun ugari ekarri. Akordio batera iristeko zailtasunak hainbestekoak dira, Konstituzioan ez da aldaketarik sartuko, eta Europaren hizkuntz aniztasuna gogoraraztera mugatuko da. Bide horretatik, gero eta ahots gehiagok eskatzen dute hizkuntza-auzietan gehiengo kualifikatua aski izatea, zabalkundeak gero eta zailago egiten du-eta erabakiak aho batez hartzea.
Eragozpenak eragozpen eta zailtasunak zailtasun, artikulu honen egileak hirugarren ikuspegiarekin bat egiten du, eta etorkizunean bide horretatik joko delakoan dago. Era horretan, gaur egun bezala, EBko erakundeen akordio eta erabaki guztiak hizkuntza ofizial guztietara itzuliko lirateke, baina lan-hizkuntza gisa (erabakien prestaketa, kudeaketa…) gutxienez hiru (ingelesa, frantsesa, alemana) eta gehienez bost (ingelesa, frantsesa, alemana, gaztelania eta italiera) erabiliko lirateke.
Dena den, lan-hizkuntzak murriztuta ere, hizkuntza ofizial guztiek tratamendu bera izan behar lukete hiru arlotan:
-Europako Parlamentuaren funtzionamendua. Aukeratuak izateko eskubidea ezin da murriztu hizkuntza jakin batzuek dakizkitenengana. Parlamentuko kideek euren herrialdeko hizkuntza ofizialean jarduteko eskubidea dute, eta jardun hori hizkuntza ofizial guztietara itzuliko da.
-Herritarrei zuzendutako informazioa hizkuntza ofizial guztietan argitaratu behar da: herritarrei zuzendutako legeak eta programak, argitalpenak, oinarrizko lege-testuak eta abar.
-EBko erakundeen eta estatu kidearen artean estatuaren hizkuntza ofiziala baliatuko da. Berdin erakundeen eta herritarren arteko harreman formaletan ere.
Hala, hizkuntz aniztasunari ikuspegi praktiko batetik helduko genioke, eta ez litzateke auzi burokratiko hutsa izango. Halaber, lan-hizkuntzak murrizteak hizkuntza erregional edo gutxituei atea zabalduko lieke, goiko hiru arlo horietan erabili ahal izango lirateke eta. Hala dio Bojan Brezigar-ek:
“If the linguistic rights would be limited to these points, the saving could probably make available sufficiente amount of money to give the same service in the most important regional or minority languages as well, maybe starting with those linguistic family which do not have any linguistic reference to any of the official/work languages of the EU”.[viii]
Beraz, hasiera batean besterik eman badezake ere, ikuspegi hau askoz ere mesedegarriagoa da hizkuntz aniztasunarentzat egun indarrean dagoena baino. Izan ere, bide horretatik joz gero, leundu egingo litzateke hizkuntza ofizialen eta ez-ofizialen artean gaur egun egiten den bereizketa, eta zenbait hizkuntza ez-ofizial Batasunean erabiltzeko aukera zabalduko litzateke.
Bestela esanda, etorkizuneko eredu horretan, egungo hizkuntza ofizial eta ez-ofizialen bereizketa egin beharrean, lan-hizkuntzak eta zerbitzu-hizkuntzak bereiziko lirateke (Dónall Ó Riagáin 2001). Zerbitzu-hizkuntza izan beharko lukete hizkuntza erregional eta gutxituek ere, bigarren mailako hiritarrik egon ez dadin eta guztien hizkuntz eskubideak gauza daitezen. Hori da hirugarren bide honek defendatzen duena: zerbitzu-hizkuntzaren figurarekin, hiritarrek erakundeetan euren hizkuntza erabiltzeko duten eskubide demokratikoa gauzatuko litzateke, eta lege-testuak ere hizkuntza horietan guztietan egongo lirateke eskuragai.
Gainera, gaur egungo ereduak berak uzten du zirrikiturik horretarako. Izan ere, EBk, berez, hizkuntza ofizialak/lan-hizkuntzak eta hizkuntza gutxitu edo erregionalak bakarrik bereizten ditu. Baina gaelikoaren eta luxenburgeraren estatus bereziak, batetik, hizkuntza ofizial eta ez-ofizialen arteko banaketa zurruna apurtzen du, eta, bestetik, agerian uzten du hizkuntza batek hizkuntza ofizial eta lan-hizkuntza egoeraz bestelako estatusa ere izan dezakeela. Funtsean, estatus berezi horrek hizkuntz eredu europarra gara daitekeela erakusten du, eta horrek atea zabaltzen die egun EBn ofizial ez diren hizkuntzei. Hor dago Europaren hizkuntz antolamendu berrirako gakoa.
* Eskerrak eman nahi dizkiet lan hau egiten lagundu didaten guztiei: Mercator, SEI, Elin Haf Jones, George Jones, Onno Falkena, Alexia Bos i Solé, Miquell Strubell, Iñaki Martinez de Luna, Belen Uranga, Aitor Zuberogoitia, eta, batez ere, Patxi Juaristiri.
** Siguan, M. (1996). L´Europa de les llengües. 2. Edizioa. Bartzelona, Edicions 62. (8.or.).
[i] EBk hizkuntza ofizialak eta hizkuntza gutxituak edo erregionalak bereizten ditu. Banaketa horri ñabardura ugari egin beharko litzaizkioke, baina lan honen helburua EBren hizkuntza-politika aztertzea denez, sailkapen berari jarraitu zaio.
[ii] Immigranteen egoera sozial arazotsua dela-eta, zifra horiek hurbilpen bat baino ez dira, inondik ere ez datu zehatzak.
[iii] Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Gutuna, 1992.
[iv] Marín González, G. (2000): Atlas de Europa: La Europa de las lenguas, la Europa de las naciones. Madrid, Fundamentos. (205. orrialdea).
[v] Hizkuntza Gutxituen edo Erregionalen Europako Gutuna, 1. artikulua
[vi] Kuijpers ebazpena (1987), F puntua.
[vii] Kuipers ebazpena (1987), 15. Paragrafoa.
[viii] Brezigar, B. (2003): “Official languages and language diversity in the European Union”, www.amarauna-languages.com



