SOZIOLINGUISTIKA RENOKO UNIBERTSITATEKO EUSKAL MINTEGIAN

Estibaliz Amorrortu
Aipamenak
Irakaskuntza mailan Mintegiak graduko eta graduondoko irakasgaiak eskaintzen ditu: Euskal Ikasketetan minor-a, batetik, eta doktorego-ikasketak, bestetik. Horretzaz aparte, graduko hainbat online irakasgai garatu eta sareratu ditu honezkero. Besteak beste, euskara bigarren hizkuntza bezala ikastekoak, Euskal Kultura, Euskal Herriko Ekonomia, Euskal Herriko Historia Modernoa, eta Euskal Soziolinguistika (Basq 456: Basque Language, Society, and Culture).

oso urrun dauden eta inguruan ezin har dezaketen irakasgaia eta tutoretza eskaintzen zaie ikasleei, internet, plataforma eta posta elektronikoari esker. Atzerriko ikasleek Euskal Herriko berri zehatza izan dezakete eta Renoko Mintegiak euskal ikasketetan gai oso ezberdinen gaineko formazioa eskain dezake, modu errazean, eta irakasle guztiak bertan izateko behar barik.

 

NONDIK-NORAKOAK

Renoko Euskal Mintegiak (ingelesez CBS: Center for Basque Studies; ikus webgunea) batez ere ikerkuntzan dihardu. Bere euskal gaiei buruzko liburutegia oso ezaguna da Euskal Herrian eta asko dira Europatik aldi labur batean hainbat dokumentu, artikulu, eta liburu begiratzeko bertaratzen direnak. Euskal Bildumak 50.000 liburu eta 1.500 aldizkari ditu. Mintegiko irakasleak eta ikerlariak honako gai hauen inguruko lanak ari dira argitaratzen: antropologia, historia, emakumearen eta kulturaren inguruko ikerketak, literatura, bibliografia eta lexikografia. Soziolinguistika ez da berez Mintegian lantzen den arloa, ez delako hango irakasleren baten intereseko gaia, baina beti daude pozik ikerlari bisitariak hartzeko eta modu horren bidez badago aukera hango liburutegi eta giro akademiko ezin hobeaz aprobetxatu eta bertan lanak burutzeko.

Irakaskuntza mailan Mintegiak graduko eta graduondoko irakasgaiak eskaintzen ditu: Euskal Ikasketetan minor-a, batetik, eta doktorego-ikasketak, bestetik. Horretzaz aparte, graduko hainbat online irakasgai garatu eta sareratu ditu honezkero. Besteak beste, euskara bigarren hizkuntza bezala ikastekoak, Euskal Kultura, Euskal Herriko Ekonomia, Euskal Herriko Historia Modernoa, eta Euskal Soziolinguistika (Basq 456: Basque Language, Society, and Culture).

Euskal Soziolinguistika hartzen duten ikasleak normalean iparamerikarrak dira eta ameriketako euskaldunak ezagutzen dituztelako edota euskal kultura eta hizkuntzaren berezitasunez jakin mina dutelako ematen dute izena irakasgai horretan. Batzuk Renon bizi dira baina beste batzuk Nevadako beste herriren batean edo Nevadatik kanpo ere bai. Ikaslea nahi duenean hasten da lanean eta urtebete dauka irakasgaiaren betebehar guztiak egiteko: 26 irakasgairi buruzko lan laburrak eta azterketa bi.

Irakasgaiaren helburuak euskararen alde sozial eta kulturalak aztertzea da, baita indar sozialek hizkuntzan duten eragina ere. Honako gaiak aztertzen dira, besteak beste:

- euskara biziberritzeko plangintza: estatusa, korpusa, jabekuntza, hizkuntza jarrerak

- aldakortasun linguistikoa: aldakortasun geografiko, sozial eta erregistro mailakoa, hizkuntz galera estrukturala, euskaran oinarritutako pidginak, AEBetako euskara

- Hizkuntza, identitatea eta kultura: bertsolaritza, tratamendua, generoa eta hizkuntza, abertzaletasuna eta hizkuntza, etnizitatea, euskara eta kultura alternatiboa.

Hasieran sarrera-gai batzuk lantzen dira, ikasleek ez baitute jakiten gauza handirik ez Euskal Herriaz ez euskal hizkuntza edota kulturaz.

Irakasgaian oinarrituta gai horri buruzko testu-liburua argitaratu du Euskal Mintegiak (Amorrortu 2003) eta, horrela, material gehienak UNReko ikasleen esku ez ezik edonoren esku ere ipini dituzte.

AUKERAK

Aukera nagusi bezala teknologia berriek eskaintzen dituztenak aipatu gura nituzke lehenbizi: oso urrun dauden eta inguruan ezin har dezaketen irakasgaia eta tutoretza eskaintzen zaie ikasleei, internet, plataforma eta posta elektronikoari esker. Atzerriko ikasleek Euskal Herriko berri zehatza izan dezakete eta Renoko Mintegiak euskal ikasketetan gai oso ezberdinen gaineko formazioa eskain dezake, modu errazean, eta irakasle guztiak bertan izateko behar barik. Beraz, abantaila ekonomikoak, bai ikasle bai erakundearentzat, agerikoak dira.

Bigarren aukera nazioartean euskal soziolinguistikari buruzko ikerketa eta lanen berri eman ahal izatea da. Ingelesez idatzitako liburuak (Amorrortu 2003) euskal soziolinguistikaren ikuspegi orokorra eskaintzen du, ingelesdunari begira, baina euskaldunentzat ere baliagarria izan daiteke, atzerrian euskal soziolinguistikari buruz aztertutakoaren berri ere ematen baita. Beraz, irakasgaiaz aparte euskal soziolinguistikaren nazioarteko zabalkuntza aipatu behar da. Gerora begira, irakasgaia gaurkotzen den heinean azken lanen berri ere emango da eta horiek zabaltzeko ere balioko du.

MEHATXUAK

Gerora begira, soziolinguistika arloa indartu beharko litzateke, bai irakaskuntza presentzialean eta baita, eta batez ere, ikerkuntza eta argitalpen mailan. Bestela, oso azalean gera daiteke arlo hau Mintegiaren izaeran, eta Euskal Ikasketak aztertzea eta zabaltzea helburu duen erakundeak hizkuntzaren eta gizartearen arteko erlazioei bere garrantzia eman beharko lieke.

INDARGUNEAK

Nazioartekotasunak ikuspegi anitza sustatzen du, bai ikasle bai irakaslearentzat; ikuspegi oso ezberdinak konparatzeko aukera ematen du. Euskal Herrikoa den eta bertan bizi den irakasleari, guretzat normala dena auzitan ipini beharrak hausnartzeko eta norberaren argumentazioa hobetzeko aukera ematen dio.

Bestetik, liburua bertoko irakurle euskaldunentzat baliagarri izan daiteke euskal soziolinguistikari buruz ingelesez irakurtzea eta AEBetan egin eta Euskal Herrian gutxi ezagutzen diren lanen berri izatea.

AHULEZIAK

Nik antzematen dudan ahuleziarik handiena maila akademikoan azalean geratzea da. Teknologia berriek dituzten aukerak ahulezi ere izan daitezke, aurrez aurre ezin egonak txarto ulertzeak, iluntasunak eta azalkeriak ekar ditzake eta. Ikasle eta irakaslearen arteko harremana askotan hotza suertatzen da.

AIPAMENAK

Amorrortu, Estibaliz (2003). Basque Sociolinguistics: Basque Language, Society and Culture. Reno: Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno. ISBN: 1-877802-22-0.

Euskal Mintegia/Center for Basque Studies-en webgunea: http://www.basque.unr.edu