
HABE ETA EUSKALDUNTZE-ALFABETATZEA, 1981 - 2007:
Baliabide egokia baita gramatika, bai ikaslearentzat eta bai irakaslearentzat, zertan ari diren jakin dezaten. Batzuetan gerta baitaiteke, gaizki ulertutako ikuspegi komunikatiboaren eraginez, jardunean jardutea irakasleak eta ikasleek, zertan ari diren ongi jakin gabe.
Ikuspegi askotatik egin daiteke bai HABEren historia, bai helduen euskalduntze eta alfabetatzearena ere. Bi ikuspegi landuko ditut nik idazlan honetan. Lehenik, ikuspegi didaktikoa azalduko dut; didaktikoa baita HABEren jardueraren erdigunea. Bigarrenik, helduen euskalduntze eta alfabetatzeko sarea sendotzeko eta egonkortzeko egiten ari garen kudeaketa eta antolamendu lana agertuko dut.
Azken batean, euskaltegi eta irakasle baten jarduera guztiak baitaude elkarrekin lotuta, elkarren osagarri eta eragile.
HABE-REN EGITASMO DIDAKTIKOA
Saiatuko naiz HABEren bizitzako nondik norako nagusiak atzematen eta azaltzen. Hiru dira, nire ustetan. Horietan ikusten dut HABEk gaur arte egindako ibilbidearen ardatza eta horiek lagun diezagukete aurrerabidea markatzen ere.
Kurrikulu gramatikaletik kurrikulu komunikatibora
Euskaltegiak, euskal eskola bezala, euskal gizartearen ispilu dira. Ispilu horretan ikusten ditu euskal gizarteak bere buruaren indarra eta ahulezia. Indarra, horiek sortu, eratu eta garatzeko gai dela erakusten ari zaio-eta. Ahulezia, hutsune larri bat gogorarazten baitio etengabe.
Euskal gizartea berez izan da gai, gizaldiz gizaldi, gaurdaino euskaldun irauteko. Berez transmititu du euskara belaunaldiz belaunaldi; familiari eta lagunarteari esker, batik bat. Eta berez euskaldundu zituen hainbat etorkin, euskaldun giroan. Gaur, ordea, beharrezkoa du euskal eskola, hainbat haur euskaldunduko baditu; eta beharrezkoak ditu euskaltegiak, hainbat heldu euskaldun daitezen.
Gure egitekoa da, jakina, euskal gizarteak geure esku jarri dituen baliabide horiek ahalik egokien erabiltzea, salatutako gabeziari ahalik eta ongien erantzun diezaiogun.
Aipatutako hutsune larri horri erantzuteko sortu dira, besteak beste, HABE eta euskaltegiak.
Jarduera didaktikoa da euskaltegien funtsezko egitekoa; eta HABErena, funtsezko jarduera hori sustatzea eta bideratzea.
HABEk, egiteko horretan, kurrikulua jotzen du oinarrizko baliabidetzat; horren arabera gauzatzen baitu irakasle bakoitzak, jakinaren gainean nahiz oharkabean, eguneroko jarduera didaktikoa.
Azken batean, bi kurrikuluk gidatu dute helduen euskalduntzea, azken hogeita sei urte hauetan: soil esanda, kurrikulu gramatikalak eta kurrikulu komunikatiboak.
Data mugarri bat ere jar daiteke, bien arteko bereizle: 2000ko otsailaren 9a; egun horretan jarri baitzen indarrean Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua (HEOK), hori onartzen zuen Agindua bezperan argitaratuta.
Baina ondo ulertu behar da bereizketa hori. Izan ere, hasiera-hasieratik antolatu zuen HABEk euskararen irakaskuntza benetako komunikazioari begira, nahiz eta gramatikaren arabera zehaztu zituen ikas-edukiak. Hasiera-hasieratik saiatu zen uztartzen hizkuntz formen ikasketa eta lau hizkuntz trebetasunen (ulermena, mintzamena, irakurmena eta idazmenaren) garapena. Hasiera-hasieratik jo zuen euskararen ezagutza eta erabilera lotzera, ikasgelatik bertatik hasita eta ekintza osagarriak eta kanpo-ekintzak eta barnetegiak sustatuz. Eta hasiera-hasieratik hasi ziren euskaltegiak eta barnetegiak euskaldun osoak sortzen.
Apurka-apurka, gorputz hartzen joan da nahi komunikatibo hura, eta kontzeptu bihurtzen hasierako intuizio eta senak: funtzio, nozio, testu, estrategia... gaitasun komunikatibo; eta ikas-eduki berriak gehitu zaizkie lehengoei. Eta lan hori guztia biltzera, sendotzera, indarberritzera eta biribiltzera etorri zen HEOK.
Horregatik, abiaburu ere izan da HEOK: aldi berri eta berritzaile baten hasiera, eta egiteko asko planteatzen ari zaiguna. Hala sortu ditu HABEk euskalduntzearen lehen bi mailetako agiriak, eta probatzen eta garatzen ari da laugarren maila, eta bideratzen hirugarren mailaren indarberritzea.
Eta espero dut, biziki espero ere, berandu baino lehen ikustea baliokidetuta euskalduntzearen lau mailetako agiriak eta euskal administrazioaren gainerako agiriak, euskararen ikaskuntzaren eta erabileraren onerako.
Dena den, bada luze joko digun lan bat. Noiz ordezkatu ahal izango dugu, izan ere, ikuspegi gramatikalaren arabera egindako ikas-edukien banaketa, ikuspegi komunikatibotik egindako batez? Edo, bestela galdetuta, noizko “gramatika” komunikatibo bat?
Baliabide egokia baita gramatika, bai ikaslearentzat eta bai irakaslearentzat, zertan ari diren jakin dezaten. Batzuetan gerta baitaiteke, gaizki ulertutako ikuspegi komunikatiboaren eraginez, jardunean jardutea irakasleak eta ikasleek, zertan ari diren ongi jakin gabe.
Baina hori guztia baino gehiago da HEOK.
Irakaskuntzaren ikuspegi teknikotik ikuspegi praktikora
HEOKak, horretaz gain, beste nondik norako bat ere markatzen digu, niretzat funtsezkoa, irakaskuntza oro har ulertzeko erari dagokiona: ikuspegi teknikotik ikuspegi praktikora.
Norabide horretan eginarazi zion, hain zuzen, aipatutako 2000ko Aginduak euskaltegi bakoitzari kurrikulu proiektua (EKP: Euskaltegiaren Kurrikulu Proiektua).
Ikuspegi teknikoaren arabera, zerbait mekanikoa da hizkuntzaren irakaskuntza; edozein izan daiteke euskara-irakasle; nahikoa du eskuliburu on batekin. Adituei legokieke erabakiak hartzea; hauek egingo lukete katoia; eta hori aplikatzea izango litzateke irakaslearen lana. Eta euskaltegi bakoitzak ziurtatu beharko luke aplikatze zuzen eta zurrun hori, irakaslearen jarduera zainduz eta jarduera horren berri HABEri emanez. Azken batean, adituak izango lirateke irakaskuntzaren erantzule eta irakasleak morroi leial.
Baina gero eta argiago ikusten ari gara zeinen okerra den ikuspegi hori. Eta hori zuzentzera dator ikuspegi praktikoa. Honen arabera, irakasleari dagokio erabakiak hartzea. Irakaslea da jarduera didaktikoaren erantzulea. Irakaslea bera da aditua, eta ez du beste adituren batek egindakoa aplikatzen eta mekanikoki erabiltzen jardun behar, nahiz eta beste aditu guztien ekarpenak baliatzeko prest egongo den.
Beraz, horrek ez du esan nahi, inola ere, baliabiderik gabe utzi behar denik irakaslea. Alderantziz baizik: behar hainbat baliabide jarriko zaizkio eskura, praktika egokia gauzatzeko aukera izan dezan, gero eta erabaki hobeak hartuz; hitz batean, gero eta profesionalago izan dadin.
Lehen ondorio horretaz gain, beste bi ondorio ere badarizkio ikuspegi praktikoari, ezinbestez: euskaltegien autonomia (askatasuna eta erantzukizuna) garatu beharra eta irakasleen prestakuntza areagotu beharra.
Hain zuzen, autonomia bideratu nahiarekin ere badu zerikusi zuzena euskaltegi bakoitzak bere EKP egin behar hark.
Irakasleen prestakuntzak, berriz, merezi du arreta handiagoz azaltzea.
Irakasle amateurretik irakasle profesionalera
Beti irakasleen prestakuntzarekin egiten dugu topo, bai ikuspegi komunikatiboaren araberako kurrikulua zabaldu nahi dugunean, bai irakaskuntzaren ikuspegi praktikoa hedatu nahi dugunean ere; hitz batean, irakaskuntzaren kalitatea areagotu nahi dugunean.
Irakaslea da irakaskuntzaren giltzarria. Irakaslea dugu baliabide nagusia, nahiz eta ikaslea izan protagonista. Horregatik, irakaslea behar bezala prestatuz bermatuko dugu helduen euskalduntzearen kalitatea.
Horixe esan nahi dugu irakasle profesionala esatean: irakasle prestatua; oinarrizko prestakuntza duena eta etengabe eguneratzen dena.
Nahitaezkoak ditugu irakasle amateurraren borondate ona eta sena, baina ez nahikoak; nahitaezkoak ditugu irakasle militantearen sua eta pazientzia, baina ez nahikoak. Prestakuntza egokiaz hornitu, osatu, landu eta bideratu beharko ditugu gaitasun horiek.
Profesionaltasunaren alderdi bat besterik ez da prestakuntzarena: lanbideari dagokiona. Txanponaren beste alderdiak, berriz, bizibideaz hitz egitera garamatza.
Euskararen irakaskuntzak –ikuspegi praktikoaren araberakoak, behintzat– dedikazio osoa eskatzen du. Eta dedikazio osoak, baldintza ekonomiko duinak. Eta hori, neurri handi batean administrazioari dagokio; kasu honetan, HABEri. Eta horretan ere ari gara une honetan.
EUSKALDUNTZE ETA ALFABETATZE SAREA SENDOTZEA
Gaur egun, 109 euskaltegik eta autoikaskuntza zentrok osatzen dute helduen euskalduntze eta alfabetatzeko sarea. Horietatik 39 publikoak dira, udal-euskaltegiak; gainerakoak, 70, pribatuak dira. Guztiak ere homologatuak; denak baitaude HABEren euskaltegi eta autoikaskuntzako zentroen Erregistroan.
Horrek esan nahi du guztiek betetzen dituztela helduen euskara-irakaskuntzan jarduteko administrazioak ezarritako beharkizunak. Jarduera arautua eta homologatua da, beraz, gaurko egunean helduen euskalduntze eta alfabetatzea.
Udal Euskaltegien sarea
Udal-euskaltegietako irakasleek hasiera-hasieratik izan dute bermatua profesionaltasuna alderdi ekonomikotik, herri-administrazioko langile baitira. Udalekin adostutako hitzarmenez lagundu eta finantzatu du udal-euskaltegien jarduna HABEk. Une hauetan, hain zuzen ere, Bitariko Batzordea dugu eratua, Kultura Sailaren eta EUDELen ordezkariek osatua, harreman hori sendotzeko eta indartzeko asmoz. Izan ere, badira urte batzuk bi aldeon arteko hitzarmena azken aldiz eguneratu zena, eta guztiok sumatzen genuen hura berritu beharra, udal-euskaltegien gaurko egoerara egokitzeko. Besteak beste, euskaltegien mapa izango dugu mintzagai, helduen euskalduntze-alfabetatzeko sarearen antolamendurako duen garrantzia handia baita. Laster ondorio zehatzak izatea espero dugu, eta udal-euskaltegiak indarberritzeko baliagarria izango dela espero dugu.
Euskaltegi pribatu homologatuen sarea
Euskaltegi pribatu homologatuen kasuan, berriz, bide luzea egin da urte hauetan guztietan, betiere profesionaltasunari begira. Bilakaera sakona izan dugu, halabeharrez, behinola euskaltzain batzuen eta herriaren ekimenez sortu eta bultzatutako borondatezko gau-eskola haietatik gaurko euskaltegietara iritsi arte. Bilakaera horri esker, gure gizarte aldakor honi unean-unean egoki erantzuteko gai izan dira euskaltegiak, herritarrek gaur eskatzen duten kalitatezko zerbitzua eskaintzeko gauza.
Ibilbide honetan erabakigarria izan da 2003tik 2005era bitartean euskaltegi pribatu homologatuek eta euskal administrazioak (Jaurlaritzak eta aldundiek) eratutako Bitariko Batzordeak eginiko lana. Sektorearen egoeraz eta etorkizunaz gogoeta konpartitua eginik, aurrera begirako hainbat ondorio adostu ditu Batzordeak. Horietarako oso lagungarria izan da, hain zuzen ere, Euskararen Aholku Batzordeak sektoreari buruz 2003an plazaratutako gogoeta-txostena: Euskalduntze-alfabetatzearen etorkizunerako oinarriak eraginkortasunari eta kalitatea hobetzeari begira.
Gogoeta horietatik abiatuta eta helduen euskalduntzeko sarea sendotzeko xedez, HABEren 2006ko aurrekontuek gehikuntza nabaria jaso zuten euskaltegi pribatu homologatuen lerrorako: aurreko urtean denetara hamabost milioi euro erabili ziren bitartean, iaz hemeretzi milioitik gora xedatu ziren sarerako.
Aurrez eginiko diagnostikoetan oinarrituta eta gehikuntza horretaz baliatuta, finantzaketa irizpideak eta aurreikuspen zehatza adostu genituen HABEk eta euskaltegi pribatu homologatuen sektoreko ordezkari nagusiek.
Sektoreari egonkortasuna eta kudeaketari eraginkortasuna eman nahiz, itun edo kontzertazio-izaerako sistema bat adostu genuen. Sistema horren ardatz gisa, erabaki genuen klase-orduko oinarrizko modulu bat ezartzea. Oinarrizko modulu horri erantsiko zaizkio ratioagatiko gehigarri batzuk (hiru urtetan era progresiboan aplikatuko direnak, hiri handietatik hasi eta guztietara hedatuz). Gainera, aurrez aurreko eskolei ez ezik, berariazko tratamendua ematen zaie autoikaskuntzako eskolei ere. Orobat, itun-izaerako sistema horretan, konpromiso bat hartzen da zerbitzuaren kalitatea hobetzen jarraitzeko; laguntza osoaren portzentaje zehatz bat (ehuneko bitik laura, hiru urtetan) lau lerro indartzera xedatuko da: irakasleen prestakuntza; ikasmaterialgintza; informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak; eta kudeaketaren hobekuntza edo bikaintasuna.
Sare osorako neurriak
Euskararen Aholku Batzordearen txostena eta euskaltegiekiko gogoeta eta ondorioak aintzat hartuta, hainbat modutara malgutu ditu HABEk diru-laguntza deialdiak, sare publikoko nahiz pribatuko euskaltegiei zuzendutakoak. Adibidez, gutxieneko trinkotasunera iristen ez diren hainbat ikastaro lagungarritzat jotzeko nahikoa izango da EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia), LanHitz (lan mundua euskalduntzeko egitasmoa), edo udalerri mailako plangintzaren batean sartua egotea. Horrela ahalbidetu nahi da euskararen irakaskuntza xede-talde berezietara iristea (enpresako taldeak, familia bidezko transmisioa indartzeko egitasmoetan parte hartzen ari diren gurasoak, dendariak, etorkinak...).
Halaber, ikasleen motibazioari eragiteko, egiaztapen-sistema egituratu dugu HEOKaren lau mailetan mugarrituta; eta HEOKaren mailaren bat gainditzen duten ikasleentzako diru-laguntza sistema jarri dugu abian, euskaltegietako ikasleek matrikulatze-gastuak –osorik edo parte batean- berreskuratu ahal izan ditzaten. Egiaztapen-sistemari dagokionez, aipagarria da, baita ere, iazko uztailean Eusko Jaurlaritzak erabakita, euskarazko egiaztagiri-sistema desberdinak elkarrekin erkatzeko eta baliokide direnak konbalidatzeko abian den prozesua, seguru asko aurten argia ikusiko duena. Bistan da honelako homologazio-prozesu batek zer mesede egin diezaiokeen, euskara ikasten ari den orori ez ezik, ezagupena egiaztatu beharra gertatzen zaion edonori eta, azken batean, euskal gizarte osoari.
Ikasteko aukerak aniztearren, autoikaskuntza-sistemetan eta sistema mistoetan izaten ari garen esperientziaz gogoeta egiteko berariazko taldea sortu dugu sare publiko nahiz pribatuko euskaltegiekin batera. Helburua da elkarrekin aztertzea zer gutxieneko beharkizun didaktiko bete behar dituzten sistema ez presentzial edo erdi presentzial hauek, arrakasta izango badute; dagoeneko ia lau mila lagun ari baitira euskara ikasten halakoetan.
Hain zuzen ere, ikas-prozesuaren eraginkortasuna hobetzeari begira, lehenago azpimarratu dugun legez, giltzarria da irakasleen prestakuntza areagotzea eta etengabeko birziklatzea sustatzea. Horregatik, prestakuntzari buruzko berariazko gogoeta-taldea dugu, baita ere, bi sareetako euskaltegiekin batera. Taldearen xedea da HABEren eta azpi-sareen prestakuntza-eskaintzak aztertzea, hutsuneak zein diren antzemateko eta plangintza egokiago egin ahal izateko. Gure arloan prestakuntzak duen garrantziaz ohartzeko nahikoa izan daiteke datu bakarra ematea: HABEren 2005/06ko prestakuntza-plangintzan 44 saio eskaini ziren (aurrez aurrekoak udan eta on line neguan), eta 1.219 lagunek parte hartu zuten.
Lan-ildo hauek ondo jorratzea eta, antolamendu-bitarteko gisa, euskaltegien mapa bi sare nagusiekin adostea dira datozen garaiotarako ditugun helburu zehatzak.
Bestalde, sektoreak gizartean duen garrantzi ekonomikoa ere aintzat hartuz (gogoan izan behar baita badirela euskaltegiak urtean bizpahiru mila ikasle izatera iristen direnak), euskaltegiak esparru orokorreko enpresa-laguntzetara aurkezteko aukerak landu dira; hala, esaterako, SPRIren laguntza deialdi jakin batzuetara aurkezteko bidea ireki zaie euskaltegiei, teknologia berriak eskuratzeko.
Azkenik, helduen euskalduntze eta alfabetatzea hizkuntzaren normalkuntzarako gainerako arloekin hobeto uztartzeari ekin nahi diogu. Horren lehenengo emaitza izan daiteke Mintzalaguna izeneko egitasmoa behar den lekuetan erkidego osora hedatzeko saioa, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Topagunearekin hitzartu duena. Euskaltegien eta gizartearen arteko zubi bikaina izan liteke egitasmo hau testuinguru soziolinguistiko batzuetan. Orobat, hizkuntza politika orokorrean txertatu behar delakoan nago euskaldun berriekiko jarrera positiboa eta aktiboa hartzea euskaldun zaharrok. Euskaldunon hizkuntzarekiko sentiberatasuna pizteko ahalegina bezalaxe. Den-dena hizkuntzak benetan ezinbestekoa duen arnasbidea, erabilera, zabaltzera begira.
Baditu, bai, arazoak helduen euskalduntze eta alfabetatzeak; bizia den edozein sektoretan bezalaxe gauza asko dugu oraindik egiteko, baina, sektorea erakusten ari den ekimen eta heldutasunarekin eta administrazioaren konpromisoarekin, bidean aurrera egiteko moduan gaudela uste dut. Hala behar du, gainera. Irakaskuntza arautuarekin batera, helduen euskalduntzea eta alfabetatzea baita gure gizartean euskara biziberritzeko egin diren urratsetan nagusietakoa.
| Eranskina | Tamaina |
|---|---|
| 01JErkizia.pdf | 57.81 KB |



