HELDUEN EUSKALDUNTZE-ALFABETATZEA IPARRALDEAN

Jakes Bortairu
Aipamenak
Hegoaldean sortu berri zen AEK federazioarekin naturalki harremanetan sartu ziren eta 1980ko azaroan Iparraldean ere egitura xutik ezartzea erabaki zuten. 500 ikasle 24 herritan banaturik eta 50 bat irakasle bildu ziren AEKn. Talde bakar batzuk baizik ez ziren federaziotik kanpo gelditu. Horietarik bakar batek irauten du gaur egun, Angeluko ikasleak elkartea hain zuzen.

Azken urteetan, agintarien aldetik HEAren garrantzia estrategikoa gero eta onartuagoa dela erran daiteke. Herriko etxe nahiz Departamenduko langileei lan denboran euskara ikasteko parada eskainia izan zitzaien eta 2006ko hondarrean lehen aldikoz Iparraldean, erakunde publikoek, Euskararen Erakunde Publikoan bildurik, plazaratu duten hizkuntza politika egitasmoan HEA alorrari bere leku osoa aitortzen diote.

Hala nola, 2002tik Euskal Konfederazioak Herriko Etxeei proposaturiko hitzarmenaren ildotik euskararen presentzia bermatzen hasi da herri administrazioan eta ondorioz bertako langileen formakuntza garatzen. Gisa berean duela 2 urte Departamenduko agintariek euskara ikasteko parada (parte batez lan denboran eta dohainik) eman diote beren langileei. Galdeari erantzuteko irakasle bat kontratatu dute eta AEKrekin ere hitzarmen bat izenpetu.

Iparraldean euskaldun kopuruari buruz datu zehatzak eskas ditugu. Sekulan ez da erroldarekin batera kontaketa orokorrik egin. Ditugun datu fidagarrienak, 1987tik hona egin diren inkesta soziolinguistikoetatik ateratakoak dira. HEA alorrari doakionez berdin gertatzen da. Datu zehatzik ez, baizik eta ebaluaketa batzuk. 1980tik goiti urtez urteko ikasle kopuruak kontuan hartuz, erran daiteke Iparraldean, gutxi gora behera, 12.000/15.000 jendek euskarazko kurtsoak segitu dituztela. Bestalde, berriki plazaratu kulturari buruzko inkesta batean Iparraldeko biztanleen % 20 euskara ikasteko prest agertzen da.

 

Ipar Euskal Herrian helduen euskalduntze-alfabetatzea aipatzerakoan bi datu azpimarratu behar dira. Lehenik, herri ekimenaz ari gara oroz gainetik. Alabaina, orain arte esperientzia puntual eta isolatu batzuk kenduta, elkarteak dira helduei euskarazko kurtsoak proposatzen dizkieten bakarrak. Salbuespen gisa aipa daitezke GRETA formakuntza organismoak eta Baionako komertzio Ganbarako hizkuntzen irakaskuntza zentroak (CEL) noizbait emandako ikastaro batzuk edota Departamenduko administrazioak bere langileentzat antolaturiko barne formakuntzak. Bigarrenik, AEKaz ari gara nagusiki, Iparraldean ikasturtean emandako ikasle orduen % 95 AEK-k emaiten baititu.

1. HISTORIA LABURRA

HEA mugimenduak 1970eko hamarkadan ditu bere sustraiak. Garai hartan, Hegoaldean bezala, euskal kultura eta euskararen aldeko interes bizia zabalduz joan zen jendarte osoan. Euskara ikasteko gogoa hedatu zen eta han-hemenka euskarazko kurtsoak antolatzen hasi ziren, izan dadin lagunen arteko talde informaletan, herriko kultur taldeetan ala hizkuntza irakasteko herriko elkarteetan. Denbora berean Mende Berri izeneko taldea lehen barnetegiak antolatzen hasi zen, Iparraldeko euskaldun berrien lehengo belaunaldia sortuz. Urte gutxi barne, iniziatiba horiek guztiak koordinatzen hasi ziren. Arloaren diagnosia eta beharrak egin ondoren taldeetako irakasleek eta animatzaileek urrats kualitatiboaren beharra ikusi zuten, beren lana emankorrago izateko. Hegoaldean sortu berri zen AEK federazioarekin naturalki harremanetan sartu ziren eta 1980ko azaroan Iparraldean ere egitura xutik ezartzea erabaki zuten. 500 ikasle 24 herritan banaturik eta 50 bat irakasle bildu ziren AEKn. Talde bakar batzuk baizik ez ziren federaziotik kanpo gelditu. Horietarik bakar batek irauten du gaur egun, Angeluko ikasleak elkartea hain zuzen.

2. 27 URTEKO IBILBIDEA

Lehengo urteetan federazio berriaren dinamismo handiak jende franko erakarri zuen. Sartze kanpaina ikusgarriek, Korrikako lehengo edizioek eta AEKantuz bezalako musika emanaldiek denbora gutxi barne bikoiztu zituzten ikasle kopuruak. Baina kantuak dioen bezala: “ez da hain fazila” eta abandona azkarra etorri zen segidan. Gau-eskolek militanteen garra eskas ez bazuten ere gaineratekoa falta zuten: esperientzia, jende formatua, metodo egokiak, dirua, egitura sendoak. 1985ean elkarteak 4 liberatu baizik ez zituen. Pixkanaka eta urtez urte federazioak aurrera egin zuen halere, bere egitura hobetuz, bere irakasleak formatuz, didaktikan ere aurrerapausoa eginez. Bestalde, 1980ko hamarkadaren bukaeran euskalgintzako beste herri mugimenduekin batera DEIADAR mobilizazioak antolatzen hasi zen, euskal kultura eta euskararen aldeko neurriak eta dirulaguntzak lortzeko.

Gau-eskoletako lana ezagutu eta laguntzeko prest agertu ziren lehen instituzioak Herriko Etxe batzuk izan ziren, AEKri bere liberatuen sarea hedatzeko parada emanez. Ondoko urteetan Euskal Herri 2010 deituriko gogoetatik ateratako Lurralde Antolaketa Eskeman hizkuntza kapitulua idatzi zen, helduei euskalduntze alfabetatze alorra sustatzeko helburua barne. Azkenik 2001ean Iparraldea gobernatzen duten Erakunde guztiek (Estatua, Akitania, Departamendua) AEKrekin hitzarmena izenpetu zuten, bere lanaren garrantzia ezagutuz eta zazpi urteko dirulaguntza segurtatuz.

Azken urteetan, agintarien aldetik HEAren garrantzia estrategikoa gero eta onartuagoa dela erran daiteke. Herriko etxe nahiz Departamenduko langileei lan denboran euskara ikasteko parada eskainia izan zitzaien eta 2006ko hondarrean lehen aldikoz Iparraldean, erakunde publikoek, Euskararen Erakunde Publikoan bildurik, plazaratu duten hizkuntza politika egitasmoan HEA alorrari bere leku osoa aitortzen diote.

Hemendik goiti irekitzen den fase berrian ikustekoa da hitzak ekintzak bihurtuko direnez eta, besteak beste, HEA garatzeko plangintza eta diruztatze sistema bat martxan ezarriko dituztenez.

3. NORK, NOLA, ETA NON IKASI?

Lehen erran bezala, euskara ikasten duten heldu gehienek AEKrekin ikasten dute. Halere, beste egitura batzuek kurtsoak eskaintzen dituzte, hala nola, Angeluko Ikasleak Angelun edo Maite dugulako Miarritzen. Aipamen bat egin behar da ere Angeluko ikastolako esperientziari buruz. Guraso talde bat (20 lagun) osatu da euskararen oinarriak ikasteko. Astean behin biltzen dira oren bateko kurtso bat segitzeko.

2005/06 ikasturteko ikasle kopuruak hauek dira:

  Herriak Ikasle kopurua Klase kopurua Talde ratioa
AEK Hendaia 87 12 7
  Azkaine 34 4 9
  D. Lohizune 113 11 10
  Arbona 13 2 7
  Biarritze 104 10 10
  Baiona 211 20 11
  Lehuntze 5 1 5
  Hiriburu 18 2 9
  Hazparne 39 6 7
  Uztaritze 60 6 10
  Kanbo/Itsasu 79 7 11
  Garazi 56 6 9
  Amikuze 66 7 9
  Xiberua 88 10 9
  Orotara 973 104 9
ANGELUKO IKASLEAK Angelu 101 7 14
MAITE DUGULAKO Miarritze 20 3 7
Orotara   1094 114 9

Horrez gain AEK-k harreman jarraikiak atxiki eta elkarlan iraunkorra eramaten du Euskal Herritik kanpoko herri batzuetan euskara klaseak ematen dituzten elkarteekin, hala nola, Sustraiak-Erroak Parisen, Lagun eta Maita Pauen, Bordaleko Euskal Etxea eta Toulouseko ikasleekin. Orotara urtez urte, 120/150 ikasle biltzen dira zentro horietan.

3.1. Ordukako eskaintza

Goiko taulan agertzen diren ikasleek erritmo desberdinak segitzen dituzte. Ikasturtea 30 astekoa da, urritik ekainera. Segitzen duten asteroko ordu kopuruaren araberako ikasleen banaketa honela dugu:

  2 oren 3 oren 4 oren 5 oren 6 oren
AEK 10 74 44 541 304
ANGELUKO IKASLEAK 101        
MAITE DUGULAKO 20        
Orotara 131 74 44 541 304

 

3.2. Ikasleen banaketa mailaka (2005/06)

AEK 1.urratsa 2. 3. 4. 5. 6. 7. 8. Alfa Orot.
Ikasleak 389 197 155 86 45 13 28 51 9 973
% 40% 20% 16% 9% 5% 1% 3% 5% 1% 100%

 

Angeluko ikasleak 1. maila 2. maila 3.maila 4. maila 5. maila 6.maila OROTARA
Ikasle 20 24 15 0 28 14 101
% 20% 24% 15% 0% 27% 15% 100%

3.3. Xede taldeak

Xede taldeak talde bereziak dira. Gehienetan lantegi bateko ikasleak dira edota lanbide berdina duten pertsonak. Lehenago ere hainbat esperientzia batzuk izan baziren ere, arlo hori iraunkortu da azken urte hauetan, euskararen presentzia jendarteko zenbait alorretan hedatu arau. Hala nola, 2002tik Euskal Konfederazioak Herriko Etxeei proposaturiko hitzarmenaren ildotik euskararen presentzia bermatzen hasi da herri administrazioan eta ondorioz bertako langileen formakuntza garatzen. Gisa berean duela 2 urte Departamenduko agintariek euskara ikasteko parada (parte batez lan denboran eta dohainik) eman diote beren langileei. Galdeari erantzuteko irakasle bat kontratatu dute eta AEKrekin ere hitzarmen bat izenpetu. Azkenik enpresa pribatuen alorrean ere eskaerak sortzen ari dira. Hona hemen 2006an ematen ziren taldeak:

Nork Ikasleak Zonbat Taldeak
AEK Herriko langileak 43 9
  Departamenduko langileak 18 3
  Enpresa pribatuak 9 1
Departamenduko administrazioa Departamenduko langileak 26 5
  Orotara 96 18

 

3.4. Ikastaldiak

AEK-k bakarrik proposatzen ditu eta bi motakoak dira: barnetegiak eta ikastaro trinkoak (aste bat edo bikoak). 2005/06 ikasturtean 175 ikaslek parte hartu dute ikastaldi horietako batean:

  Non Ikastaldi mota Zenbat egun ikasle kopurua
2005ko uda Urepele Barnetegia 15 22
  Uztaritze Ikastaroa 15 24
  Urepele Barnetegia 15 36
2006ko negua Uztaritze Barnetegia 5 45
  Uztaritze Barnetegia 5 19
  Miarritze Ikastaroa 5 29

 

Horrez gain urtero Iparraldeko 15/20 lagunek AEK-k Forun duen barnetegian parte hartzen dute (iraupena: hilabete batetik laura).

4. 05/06 IKASTURTEKO AEK-KO IKASLEEN EZAUGARRIAK

4.1. Sexua

Gizonak %46
Emazteak %54

 

 

4.2. Adina : bataz beste 38 urte

<=25 >25<=35 >35<=45 >45<=55 >55<=65 >65
22% 26% 18% 12% 13% 8%

 

4.3. Sorlekua

EHtik kanpo 43,3%  
E.Herrian 56,7%  
  3,2% Hegoaldean
  3,7% B. Nafarroan
  6,0% Xiberuan
  43,9% Lapurdin
  23,1% BAB (Baiona/Angelu/Miarritze)

4.4. Zonbat urtez Euskal Herrian bizi?

betidanik 54%  
Kanpotik etorriak 46%  
  Urte bat baino guttiago 12%
  5 urte baino guttiago 15%
  10 urte baino guttiago 6%
  10 urte baino gehiago 14%

 

4.5. Ikasleen motibazioak

Euskaldunekin komunikatzeko 82,5%
Euskal kultura nireganatzeko 57,4%
Hizkuntzak maite ditudalako 44,8%
Nire sustraiak, nortasuna atzemateko 43,3%
Euskal Herrian integratzeko 36,2%
Nire haurra euskara ikasten ari delako 20,2%
Lana atzemateko edo aldatzeko 14,8%

 

4.6. Ikasleen helburuak izena ematerakoan

Lagunekin sinpleki mintzatu nahi nuke 53,4%
Irrati eta telebista ulertu nahi nituzke 42,6%
Nahi nuke frantsesez bezain ongi euskaraz mintzatu 42,4%
Nozio batzuk ikasi nahi ditut 41,4%
Nahi dut ahal bezainbat euskaraz mintzatu nire harremanetan, nire lanean 33,3%
Nahi nuke nire lana euskaraz burutu 23,2%
Eskolan euskara ikasten duten nire haurrak lagundu nahi ditut 13,1%
Euskara lehen hizkuntza bezala transmititu nahi diet nire haurrei 12,8%
Esaldi sinple batzuk ulertu nahi ditut 12,4%
Euskarari esker lan bat atzeman nahi dut 6,1%

5. HEA-REN ERAGINA

Iparraldean euskaldun kopuruari buruz datu zehatzak eskas ditugu. Sekulan ez da erroldarekin batera kontaketa orokorrik egin. Ditugun datu fidagarrienak, 1987tik hona egin diren inkesta soziolinguistikoetatik ateratakoak dira. HEA alorrari doakionez berdin gertatzen da. Datu zehatzik ez, baizik eta ebaluaketa batzuk. 1980tik goiti urtez urteko ikasle kopuruak kontuan hartuz, erran daiteke Iparraldean, gutxi gora behera, 12.000/15.000 jendek euskarazko kurtsoak segitu dituztela. Bestalde, berriki plazaratu kulturari buruzko inkesta batean Iparraldeko biztanleen % 20 euskara ikasteko prest agertzen da.

Emaitzak direla eta, 2001eko inkesta soziolinguistikoak pista batzuk ematen dizkigu. Hala nola inkestaren momentuan jendearen hizkuntzen ezagupena, bere lehen hizkuntzarekin parekatzen da. Horrela irabaziak eta galtzeak agertzen dira:

  Galdutako euskal hiztunak Irabazitako euskal hiztunak
Osoki 5 900 3 700
Partzialki 12 200 13 800

Irabazitako hiztun horiek eskola eta HEAri zor zaizkie. Adinari so eginez gero, ondoriozta daiteke 2000 inguru euskaldun oso eta 7500 inguru hiztun pasibo zor zaizkiola HEAri. Emaitza mugatuak dudarik gabe, are gehiago denbora berean egoera soziolinguistikoak eragin duen hiztun galtzearekin konparatuz gero: 5900 jende erdaldun bilakatu eta beste 12200 euskaldun pasibo bilakatu.

Ondoko urteei begira erronka ez da txikia. Dirudienez Ipar Euskal Herria gobernatzen duten agintariak ere horretaz ohartu dira. Alabaina, Euskararen Erakunde publikoak 2006ko abenduan aurkeztu duen hizkuntza politika proiektuetan zera irakur daiteke: “...Horregatik, hizkuntza politika proiektuak erabilpen pribatu eta profesionalen sustatzeko, helduei euskara ikasi eta hobetzeko aukera eskaintzeko xedea finkatzen du erronka.” Eta erronka horren lan ildoak zerrendatzen ditu honela:

1/ Helduei eman, lurralde osoan, euskararen ikasteko eta hobetzeko parada: 2/ Irakasleei behar bezala lan egiteko gaitasunak eta tresnak eman: 3/ Euskararen menperatze osoa helburu duen irakaskuntza sistema bati buruz joan:

Ondoko hilabeteek eta urteek erakutsiko digute egitarau polit hau zer heinetan eta zer epetan gauzatuko den. Horri begira aurrekontua izanen da elementu erabakigarria. Euskararen Erakunde publikoak hizkuntza politika diruz laguntzeko Jaurlaritzarekin izenpetu duen hitzarmena aurrerapausoa izanik ere, eskasa gelditzen da. Bestelako diru iturriak (moldakuntza jarraikikoak besteak beste) lortu eta mobilizatzeko gai izanen ote dira? Bestalde, traba nagusi batekin topo eginen du, oro har hizkuntza politikak duen oztopo bera, hots hizkuntzaren ezagupen falta. Legezko oinarririk gabe, hiztunen eskubideak ezagutu gabe, eragileen borondate ona da gelditzen den errekurtso bakarra. Zaila da pentsatzea nahikoa izanen dela inertziak gainditzeko.

Arazoak arazo, HEA alorra garatzeko baldintzak sekulan baino hobeak dira eta bestelako aitzinamenduak lortu bitartean, % 100ez baliatu beharko dira ahal bezainbat jende euskal hiztun oso bilakatzen laguntzeko.

 

EranskinaTamaina
08JBortairu.pdf92.8 KB