
LAN GIROKO HIZKUNTZA ERABILERAN ERAGITEN DUTEN ALDAGAIAK "ERALAN" IKERKETA PROIEKTUA
KOKAPENA ETA HELBURUA
Lan giroko hizkuntza erabileran eragiten duten aldagaiak zeintzuk diren eta horietan eragiteko nolako dinamikak erabili aztertu nahi ditu Soziolinguistika Klusterrak sustatu eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantziatzen duen «ERALAN» izeneko ikerketa proiektuak.
Gaurkotasun handiko gaiari heldu nahi izan dio ikerketa honek. Azken urte hauetan, lan munduaren esparruan bilakaera positiboa ezagutzen ari gara hizkuntza normalizaziorako interbentzio egitasmoei dagokionez. Gero eta erakunde gehiagotan euskararen erabilera hobetzeko programak diseinatzen eta garatzen ari dira, bai administrazio publikoan zein eremu pribatuan ere (enpresetan zein merkataritzan). Hausnarketa estrategiko oro bat dator lan munduan aurrera egiteak hizkuntzaren normalizaziorako duen berebiziko garrantziaz eta horrela jasotzen du, beste batzuen artean, Eusko Jaurlaritzaren “Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia”k ere. Gure errealitate hurbilean, bestalde, ikus dezakegu proiektuekin batera, eskuhartze hauek gidatzeko ardura duten teknikarien kopurua administrazioetan eta enpresa pribatuetan areagotzen ari dela nabarmenki.
Hazkunde-errealitate positibo horrek badu, hala ere, bere alde iluna. Euskararen normalizaziorako egitasmo horietan aurrera nola egin ez dugu erabat argi, zailtasunak oso maiz sortzen zaizkigu, eta ongi ezagutzen ez ditugun aspektu askorekin lan egitea edo gestionatzea suertatzen zaigu, bereziki lan giroko hizkuntza erabileran eragiten duten aldagaiei eta portaerei dagokionez. Galderak ugari dira, esate baterako:
• Zerk bultzatzen du pertsona bat bere lantokian euskara erabiltzera? Eta zerk eragozten dio erabiltzea?
• Ezagunak diren hizkuntza gaitasunaz eta ingurune soziolinguistikoaz gain, zein beste faktorek eragiten dute hizkuntzaren erabileran erakunde baten barruan?
• Euskara normalizatzea hizkuntza portaeren eraldaketa moduan defini al dezakegu?
• Noiz hitz egin dezakegu norbanakoen portaerez eta noiz organizazioen portaerez? Hizkuntza portaeren eraldaketa zein planotan kokatu behar da?
• Hizkuntza portaeren eraldaketa aktibatzen duten inpultsoak zeintzuk dira?
• Hizkuntza portaeren eraldaketak egonkortzen dituzten ainguratzeak zeintzuk izan daitezke?
• Eta beste hainbat ....
Proiektu honen bitartez, ikerketa prozesu bat sistematizatu nahi izan dugu aipatutako zalantza eta galdera horiek ongi identifikatzera iristeko eta, horiek abiapuntu, lan alorreko normalizazio egitasmoen hobekuntzarako eskuhartze-proposamen positiboak formulatzera iristeko. Zentzu horretan, proiektuaren xede nagusia horrela formulatu da:
ENFOKEA ETA METODOLOGIA
Proiektuaren enfoke metodologikoari dagokionez, bi ezaugarri nagusi hartu ditugu ikerketaren diseinurako irizpide gisa: Ekintza-Ikerkuntzaren ereduan oinarrituko da eta ikuspegi sistemikoa izango du.
Ekintza-Ikerkuntza. Planteatu dugun ikerketa lan enpirikoa da, gizartean indarrean dagoen errealitate baten gainean egiten ari dena, hizkuntza normalizazioa ardatz errealitatea eraldatzea xede duena, dagoenekoz inplementatzen ari diren eskuhartze programa batzuk erreferentziatzat hartzen dituena, eta helburu praktikoak izango dituena.
Proiektuaren izaera halakoa izanik, berau garatzeko hautatu dugun enfokea ikerketa kualitatiboaren baitan kokatzen den «Ekintza-Ikerkuntza»ren eredu teoriko-metodologikoa izan da; Kemmis eta McTaggarte-ek (1988) ikerkuntza-ekintzari ematen dioten zentzuan, hau da, eraldaketa soziala sustatu nahi duen praktikari buruzko eta praktika horren hobekuntzari buruzko ikerkuntza gisa ulertuta. Eredu honen bi ezaugarri garrantzitsu dira:
-
Inplikatuen parte-hartzea. Ikertutako gaian inplikatutako agenteak ikerketaren protagonista bihurtzen dira. Bere testuingurutik abiatuz eta bere egoeraren irakurketa propioa eginez, inplikatutako eragileek analisia edukiekin gorpuzten dute eta ikerketaren norabidea markatzen dute.
-
Teoria/diskurtsoa eta praktika/esperientziaren arteko lotura. Esperientziaren irakurketatik abiatu, erreferentzia teorikoak ezagutu, bi horiek erlazionatuz diskurtso propio bat egituratu, diskurtso horretan oinarrituz eraldaketarako ekintza edo praktika gauzatu, praktikaren analisia egin eta, ateratako ondorioekin, diskurtso teorikoa berrosatu.
Ikuspegi sistemikoa. Hizkuntza erabilera norbanakoek gauzatzen duten zerbait da, baina betiere besteekiko harremanetan eta testuinguru jakinetan, kasu honetan erakundearen lan harremanetan. Beraz, plano ezberdinak kontuan hartu nahi izan ditugu, bakoitzean nagusiki eragiten duten aldagaiak zeintzuk diren bereiziz. Horretarako, informazioaren azterketa eta ikerketaren diseinua ikuspegi sistemikoan oinarritu dugu eta hiru planotako aldagaiak hartu dira kontuan: langileari dagozkion aldagaiak, langilearen harreman sareari edo taldeari dagozkion aldagaiak, eta erakundeari dagozkionak. Gerora, proiektuan aurreratu ahala eta analisiaren ondorioz, hiru hauei beste laugarren bat erantsi zaie: ingurunearekin zer ikusia duen maila sistemikoa, alegia.
PROIEKTUAREN DESPLIEGEA, EGITURA ETA PARTAIDEAK
Ikerketa fase ezberdinetan garatuko da, 2005-2006 eta 2006-2007 ikasturteetan zehar. Lehen fasea Argitze Fasea izango da eta bigarrena, Balidatze Fasea. Argitze Fasean ikerketa antolatu, informazioa bildu, erreferente teorikoak ezagutu, problematika zehaztu, aldagaiak identifikatu eta sailkatu, eta analisirako ekintza-hipotesiak eta hauen balidaziorako metodologiak finkatuko dira.
Balidatze Fasean, berriz, aurretik finkatutako ekintza-hipotesien balidaziorako ekintzak burutu, emaitzak jaso, emaitzak aztertu, eta hipotesi horiek argitzen diren ala ez ondorioak aterako dira, interbentziorako erreferentziazko ezagutza-gida bat prestatze aldera
Ikerketaren nukleoa Garapen Taldea deitu dugunak osatzen du. Talde honetan parte hartzen duten erakundeak dira, hasieratik: Soziolinguistika Klusterra, UPV-EHU, Mondragon Unibertsitatea, Bizkaiko Foru Aldundia, EMUN kooperatiba, Elhuyar aholkularitza, Fagor Arrasate, eta LAB sindikatua. Gerora proiektura batu dira: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Ikaskuntza.
Proiektuaren inguruan, bestalde, Sarea deitu dugun komunikazio gune zabala eratu dugu, aldioroko kontrasteak eta informazio zabalkundeak ahalbideratuko dituen gunea. Sare honetara deituak izan dira : Ezagutzaren Klusterrak eraturiko “Euskara-Kudeaketa” lantaldeko kideak, Soziolinguistika Klusterreko kide diren erakundeetako ordezkariak, Administrazioetako ordezkariak eta adituak.
PROIEKTUAREN GARAPENA
Une honetan proiektua lehen fasearen amaierara iristen ari da. Orain arte egindako lanak nagusiki bi lan-mota izan dira: analisia eta dokumentazioa. Eta bi planotan: praktikoan eta teorikoan.
Zehazkiago, egindakoak hauek izan dira:
1. Garapen Taldeak bere esperientzia partikularren irakurketa egin du, organizazioetan euskararen erabileran eragiten duten faktoreak eta aldagaiak zehaztu asmoz. Praktikan oinarritutako analisia. Lan honen emaitza, lau maila sistemikoetan eta bost faktore-ardatzetan erabileran eragiten duten aldagaiak sailkatzen dituen ANALISI-MATRIZA SISTEMIKO-FAKTORIALA izan da. Matrizean oinarrituta, Garapen Taldeak lehentasunezko aldagaien zerrenda zehaztu du.
2. Bi adituri (Igor Calzadari eta Aitor Aritzetari) soziologiatik eta psikologia sozialetik erakundeen eraldaketetan eragiten duten faktoreen inguruko analisia egin dezaten eskatu zaie. Adituen hitzaldiekin Sarearen I. Lan-topaketa burutu da eta bertan 16 erakundetako 30 bat kidek hartu dute parte. Lan honen emaitza izan dira: Topaketa bera, Topaketan Analisi-matrizari egindako aportazioak, adituen hitzaldiak, eta adituen txostenak.
3. Gaiarekin zer ikusia duten artikulu eta bestelako lanen, erreferentzien, eta dokumentazioen bilketa egiten hasi gara. Lan honen emaitza, erreferentzia bibliografikoen zerrenda da.
Une honetan, lehen faseari amaiera eman eta bigarrenaren norabidea diseinatzen ari gara. Bigarren fase honetan, aukeratutako aldagaien inguruko analisian sakondu nahi da interbentzioak bideratuko diren aplikazio eremuetan (Xede Taldeak deitu ditugunak), erakundearen eta kideen planoak uztartuz talde mailan gauzatzen diren portaeren baldintzak hobeto ezagutu eta ondoren portaera horietan eragin asmoz. Horrekin batera, portaera horien bilakaeraren jarraipenerako adierazleak zehaztu nahi dira batetik, eta, bestetik, erabileran eragiteko dinamiken esperientzien bilketa egin nahi da; bilketa horrek Sarearen II. Topaketari emango dio bide. Azkenik, eta esperientzien “benchmarking” lan horrek lagunduta, talde mailako portaeretan hautatuko adierazleetan eragiteko ekintza-hipotesiak eta interbentzioak diseinatu eta bideratuko dira.
BIBLIOGRAFIA
KEMMIS, S.; MCTAGGART, R. (1988): Cómo planificar la investigación-acción. Barcelona: Laertes
LUJANBIO, Ohiana (2006): Eraldaketaren kudeaketa organizazioetan eta hizkuntza eraldaketa. Eralan ikerketa proiektuaren Lan-topaketa. Ekitaldiaren Memoria. Txosten fotokopiatua
MARKO, J. Inazio. (2005): Lan giroko hizkuntza erabileran eragiten duten aldagaiak – Eralan Proiektua. Proiektuaren Diseinu Txostena. Txosten fotokopiatua.



