AISIA EUSKARAZ BIZI!

Sonia Perez
Aipamenak
Aisialdia edo kultur animazioaren sareen metodologian, analisiaren oinarrizko unitatea ez dira norbanakoa parte hartzailea eta bere ezaugarriak, parte hartzaileen arteko harremanen loturak baizik. Haur eta gazteen artean euskararen erabilera eragitea eta beraien harreman sarea euskalduntzea da ezagutza eta erabileraren arteko oreka aurkitzeko estrategia: harreman sarea osatzen duten lagunen arteko komunikaziorako tresna euskara izatea.

Haur eta gaztetxoek aisialdiko baliabide batetik bestera pasatzeko zubiak eraiki behar dira. Etenik gabeko kate luze horren helburua haur eta gazteen hizkuntza ohituratan eragitea da.

Euskararen erabiltzaile kopurua gehitzea erronka nagusia bada ere, erabiltzaileen artean, motibazioa gehien dutenei euskararen erabilera suspertzeko eragile aktiboak bilakatzeko aukera eskainiko zaie. Euskara Elkartean aisialdiko ekintzetan hezitzaile, dinamizatzaile, begirale izateko aukera izango dute.

Hezitzaileak aldaketa eragitea izango du helburu eta horretarako bere lana prozesu baten barruan antolatu eta garatuko du. Prozesuak hainbat urrats izango ditu: egoeraren azterketa, diagnostikoa, programaren diseinua, programako ekintzen dinamizazioa, eta azkenik ebaluazioa.

Hezitzailearen eta euskara suspertzailearen perfila biltzen duen pertsonak behar izaten dira euskara elkarteetan eta hauek sortzeko, formazioak berebiziko garrantzia du. Bi funtzioen beharrak (hezitzailea eta euskara suspertzailea) estaltzeko moduko formazioa da pertsona hauek behar izaten dutena.

Kontuan izan behar da beti, ekintzaren helburuen lorpenean, eta ekintzaren arrakastan, portzentaia handienean eragiten duen faktorea hezitzailea dela.

Azken urteotan asko eta maiz hitz egiten da aisialdiaz eta aisiako ekintzetaz. Esparru ugarietatik egiten zaio erreferentzia aisialdiari eta honek euskararen normalizaziorako izan dezakeen eraginari. Baina finean asko aipatzen den arren, aitorpen gutxi duen esparrua dela adierazi behar da.

 

AISIAKO ESKAINTZAREN OINARRIAN

Banakoen arteko elkar ekintzak dakar hizkuntza baten erabilera. Eguneroko bizitzan gizarte sareak sortzen eta osatzen ari dira etengabe. Jaiotzetik, gizarte sare askotako partaide bihurtzen da norbanakoa. Urteak pasa ahala, norberak harreman sareak aukeratzen ditu. Aisialdia edo kultur animazioaren sareen metodologian, analisiaren oinarrizko unitatea ez dira norbanakoa parte hartzailea eta bere ezaugarriak, parte hartzaileen arteko harremanen loturak baizik. Haur eta gazteen artean euskararen erabilera eragitea eta beraien harreman sarea euskalduntzea da ezagutza eta erabileraren arteko oreka aurkitzeko estrategia: harreman sarea osatzen duten lagunen arteko komunikaziorako tresna euskara izatea. Harreman sare horietan dauden eragile edo antolatzaileei aisiari jartzen dizkioten balio hezitzaileen artean, “edukien” artean, euskarari funtzio berriak zabaltzearena dago.

Demagun norbanakoaren garapen prozesua kate luzea dela. Pertsonaren garapen prozesuak berezkoa du katebegien arteko lotura, hau da, modu naturalean ematen da garapen fase batetik hurrengorako pausoa.

Katearen eredua euskara elkarteen oinarri teorikoetara aplikatuz, euskararen erabilera suspertzeko tresna gisa aisialdia darabilenak etenik gabeko aisiako aukerak sortu beharko ditu, hau da, haur eta gazteen garapeneko aro guztietara egokitutako aisia kate luzea eratu beharko du. Horretarako, lehenik eta behin, etenak non diren aztertu behar da eta, ondoren, baliabideen arabera, etenak dauden lekuetan katebegi berriak ezarri. Gero, katebegi berria aurrekoarekin eta atzekoarekin ondo lotzea garrantzitsua da, katebegi batetik besterako pausoa ahalik eta modu naturalenean eman dadin. Haur eta gaztetxoek aisialdiko baliabide batetik bestera pasatzeko zubiak eraiki behar dira. Etenik gabeko kate luze horren helburua haur eta gazteen hizkuntza ohituratan eragitea da.

Aisialdiko jardueretako partehartzailea den haurra euskararen erabiltzailea den gaztea izatea iristea da helburua. Euskararen erabiltzaile kopurua gehitzea erronka nagusia bada ere, erabiltzaileen artean, motibazioa gehien dutenei euskararen erabilera suspertzeko eragile aktiboak bilakatzeko aukera eskainiko zaie. Euskara Elkartean aisialdiko ekintzetan hezitzaile, dinamizatzaile, begirale izateko aukera izango dute.

AISIAKO ESKAINTZAREN BEREIZGARRIA

Euskara elkarteetan sortzen diren aisialdiko jarduerek badute bereizgarriak. Ondokoak dira esanguratsuenak:

  • Plangintza sendo eta jarraian kokatutako aisiako eskaintza: haurtzarotik hasi eta heldutasunera arte luzatzen den eskaintza da, eta noizbehinkako ekintzetatik hasita, jarraitua den eskaintza lehenesten du.
  • Herritartasunean oinarritutako aisiako eskaintza: herritik sortua, herriari begira landua eta eskainia eta herrian erreferentea izatea lortu duen eskaintza.
  • Sormenezko aisiako eskaintza: helburu berdina lortzeko hamaika modu lantzen dituen eskaintza; jaialdiak, tailerrak, hitzaldiak, lehiaketak, udalekuak, negulekuak, ludoteka, gaztelekuak…
  • Malgua den aisiako eskaintza: helburua zurrun eta zuhur mantenduz, egoera eta behar berrietara egokitzeko gaitasuna duen eskaintza. Euskara eta euskal kultura joera berriekin uztartuz lantzen den eskaintza.
  • Kalitatezko aisiako eskaintza: profesionalak diren hezitzaileak, aisian adituak eta arituak izateaz gain, euskara eragileak dira.
  • Aisiako eskaintza anitza eta integratzailea: egungo gizartearen beharrei aurre egiteko diseinaturiko eskaintza zabala.
  • Aukera berdintasunean oinarrituriko aisiako eskaintza: herritar guztiei zabalik eta herriko taldeak elkartzeko helburua duen eskaintza.
  • Tokian tokiko berezitasunak errespetatzeko eta sustatzeko sorturiko Euskal Herri mailako aisiako eskaintza antolatua.

Hau horrela izanik Euskara Elkarteak haien aisialdiko eskaintza definitzeko ondoko leloa erabiltzen dute: “Aisiaz gozatzeko hamaika arrazoi eta mila aukera”.

Euskara Elkarteen aisiako eskaintza hamaika ezaugarrietan laburbildu daitekeelako eta eskaintzen hartzen duen formatuen zerrenda zabala delako.

NOLAKO ESKAINTZA HALAKO HEZITZAILEA

“Hezitzaile”, “Dinamizatzaile”, “Begirale”… hainbat kontzeptu erabiltzen dira aisialdiko ekintzatan diharduen pertsonala eta hauen funtzioak definitzeko.

Gure ustetan aisialdiko ekintzetan lanean diharduen pertsona, kasu guztietan hezitzailea da. Izan ere helburu gisa haur eta gazteengan aldaketa eragitea izango baitu. Hortaz, hezitzailearen lanak izaera pedagogikoa izango du. Hezitzaileak bereziki eremu ez formalean eragingo du eta erabiliko duen tresna nagusia aisiako eskaintza izango da.

Hezitzaileak aldaketa eragitea izango du helburu eta horretarako bere lana prozesu baten barruan antolatu eta garatuko du. Prozesuak hainbat urrats izango ditu: egoeraren azterketa, diagnostikoa, programaren diseinua, programako ekintzen dinamizazioa, eta azkenik ebaluazioa. Hezitzaileak taldearen ezaugarriak kontuan hartuz eta baita ere taldeko kide guztien eta bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz gidatzen du prozesu osoa.

Hezitzaileak bere lana egiteko hainbat ezaugarri beharrezkoak ditu: portaera aktiboa aurkeztu behar du, jarrera eraikitzailea, izaera solidarioa eta enpatikoa agertu behar du, prozesuan eta ekintza bakoitzean parte hartzailea izango da eta talde kideen parte hartzea bultzatuko du, jarrera hezkidetzailea izango du; hau da berdintasunean oinarritutako portaera aurkeztuko du.

Hezitzaileak une oro jarrera eta portaeraren arteko koherentzia aurkeztuko du. Eta taldearekiko eta taldeko kide guztiekiko errespetua agertuko du.

Ez da lan erraza hezitzailearena! Asko dira bete behar dituen funtzioak eta eduki behar dituen ezaugarriak.

Eta ezaugarri eta baldintza hauei guztiei bat gehiago gehitu behar zaio Euskara Elkarteen kasuan. Izan ere, Euskara Elkarteetan aisia, haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko tresna gisa erabiltzen da. Hortaz, Euskara Elkarteen helburu nagusia euskararen erabileran eragitea izanik, hezitzailea izateaz gain, aisiako ekintzetan lanean diharduen pertsonak euskara eragilera edo sustatzailea izan behar du. Haur eta gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko tresnak eta bideak eduki behar ditu. Euskaraz jarduteko aukerak sortu behar ditu.

Hezitzailearen eta euskara suspertzailearen perfila biltzen duen pertsonak behar izaten dira euskara elkarteetan eta hauek sortzeko, formazioak berebiziko garrantzia du. Bi funtzioen beharrak (hezitzailea eta euskara suspertzailea) estaltzeko moduko formazioa da pertsona hauek behar izaten dutena.

Kasu gehientsuenetan hezitzaile perfilarekin hurbiltzen da pertsona elkartera. Ondoren elkarteak euskara suspertzaile izateko formazioa eskaintzen ohi du. Formazioaren edukiak ondoko ataletan laburbildu daitezke: aisialdiaren ezaugarriak, aisiaren funtzio hezitzaileak, soziolinguistika eta Txepetxen teoria, Soziolinguistika aplikatua, “hezitzaileak asko egin dezake” metodoaren aurkezpena…

2006an “Abian” Haur eta Gazte ekintzak martxan jartzeko gidaliburua argitaratu zuen Topaguneak. Gidaliburua euskara elkarteetako hezitzaileentzakoa formazio euskarri gisa aurkeztu izan zaie.

Urteetako eskarmentuaren poderioz euskara elkarte askotan aisiako ekintzen bidez haur eta gaztetxoen artean euskararen erabileran eragiteko plangintzak eta estrategiak garatu dira. Eskola orduz kanpoko jardueretan aritzen diren hezitzaileei euskararen erabilera sustatzeko lanean tresnak eskura jartzeko helburuarekin.

Kontuan izan behar da beti, ekintzaren helburuen lorpenean, eta ekintzaren arrakastan, portzentaia handienean eragiten duen faktorea hezitzailea dela.

AIPATU ASKO BAINA AITORTU…GUTXI!

Orain arte hezitzailearen funtzioaz, ezaugarrietaz eta garrantziaz aritu gara. Baina ezinezkoa egiten zaigu amaitzea hezitzaileen kezka nagusiari eta bere arrazoiari aipamena egin gabe.

Azken urteotan asko eta maiz hitz egiten da aisialdiaz eta aisiako ekintzetaz. Esparru ugarietatik egiten zaio erreferentzia aisialdiari eta honek euskararen normalizaziorako izan dezakeen eraginari. Baina finean asko aipatzen den arren, aitorpen gutxi duen esparrua dela adierazi behar da.

Eta aitorpen ezaren ondorioz esparruak ez du iraunkortasunik ez eta egonkortasunik alor askotan. Hezitzaileen esparruan ordaintzen diren soldatak txikiak izaten dira eta langileen baldintzak eskasak. Honek eragiten du langileen iraupenean. Eta orokorrean oso hezitzaile gutxik ikusten du arloa ogibide gisa. Iraupen motzeko irtenbide gisa baino. Ondorioz hezitzaileen eskarmentua ere gero eta txikiagoa da. Kasu askotan honen islak ekintzaren kalitatean eta helburuen lorpenean eragiten du.

Ikus daitekeenez gurpil zoroan sartzen gara eta hortik ateratzeko eman beharreko lehengo pausua esparruaren benetako aitorpenean dago. Esparruari sor zaion begirunea, dedikazioa eta aurrekontua ematea garrantzitsua izango da. Aurrerapausoa dudarik gabe. Ondoren emango baita hezitzaileen formazioa gehitzea, hezitzaileen espezializazioa, lan baldintza eta soldata duinak finkatzea, langileen egonkortasuna eta eskarmentua… eta abar luzea. Finean eskaintzaren kalitatean eta eraginkortasunean eragina izango dutenak.

Esparruaren aitorpenak lan egiteko baldintza berriak ekarriko ditu. Euskararen erabileran eragiteko baldintza eta aukera hobeak! Hausnartu dezagun; izan ere aisia euskaraz bizitzea jolasa baino gehiago baita!.

 

EranskinaTamaina
10 S Perez.pdf90.41 KB