
2008 - BAT 68: Hedabideak eta euskara-plangintza
BAT 68: Hedabideak eta euskara-plangintza
I. EGOERAREN AZTERKETA
Javier Díaz Noci. Euskal komunikabideak eta ziberkomunikabideetan euskararen erabilera
Idatzizko zein ikus-entzunezko komunikabideekin batera, azken 15 urteetan internet dugu euskararentzako argitalpen- eta garapen-gune berri bat. Artikulu honetan zeintzuk diren euskal ziberkomunikabideen ezaugarriak aztertzen ditugu. Alde batetik, edizio digitalaren ezaugarrien erabilera aztertuko dugu; beste alde batetik, euskararen barietateen erabilera ere bai. Euskal Herriko Autonomi Erkidegoko euskal komunikabideen sisteman ere nola kokatzen diren internetekoak azalduko ditugu. Momentuz, konklusio gisa honako hauek aurrera ditzakegu: EHAEko ziberkomunikabideen herenak erabiltzen du sistematikoki euskara; Gipuzkoa da ziberkomunikabide gehien dituen lurraldea; gehienak egunkariak edo berritze etengabekoak dira; batua da nagusi; euskalkiaz idatzita dauden komunikabideak (partzialki, beti), batik bat bizkaieraren barietate bat erabiltzen dute; diru publikoz lagunduak dira, eta publizitatea modu mugatuan erabiltzen da; gutxi erabiltzen dira elkarreragina eta multimediatasuna; eta, oro har, euskal ziberkomunikabideen laurdena baino ez da propio interneterako sortua.
Euskarazko kazetaritzarentzako hazkundea, gure ustez, bi komunikabide motetatik etorriko da: tokian tokiko prentsa eta internet. Tokian tokiko aldizkariek irakurle euskaldun portzentaia handi bat dute; baita publizitatea ere. XXI. mendearekin batera, doaneko prentsak, egunkariak eta tokian tokiko aldizkariek tokian tokiko egunkariak sortu dituzte. Audientzia gehien duten komunikabideek, bestalde, ez dute beharrezko ikusten euskara komunikazio-tresna gisa erabiltzea.
Josu Amezaga, Edorta Arana. Telebistagintzaren digitalizazioa eta euskara
Digitalizazioak ekarriko dituen aldaketa teknologikoak kontuan hartuta, egileek testuinguru berrian euskararentzat zer-nolako baldintza eta aukerak emango diren aztergai dute. Horretarako, ETB sortu zen unetik hona, kate biek euskarari buruz izan dituzten planteamendu teorikoak eta jardun errealak kritikoki aztertu eta baloratzen dira artikuluan. Eskarmentu horretan oinarrituta, eta telebistaren digitalizazioak dakarren aldaketak baliatuta, euskararen susperkuntza helburu duten hainbat gomendio ondorioztatzen da.
Koldo Meso Ayerdi. Euskarazko hedabideak Interneten
Artikulu honen helburua euskarazko kazetaritzak Interneten nolako presentzia duen adieraztea da. Gure arteko komunikabideak berandu samar sartu dira sarean, eta haien egituran eskasiak badaude. Hala ere, mundu fisikoan gertatzen den legez, ziberespazioan ere Euskal Herriko komunikabideek zenbait esparru konkistatzeko lanean dihardute. Testu honetan Interneten dauden euskal hedabideen historia egiteaz gain, haien ezaugarriak, haien proeikzioa eta etorkizunerako antzematen diren joerak ere azaltzen dira.
II. TEORIAK ETA AZTERKETAK
Iñigo Fernández Ostolaza. Euskarazko hedabideak eta publizitatea
Iñigo Fernandezek sinaturiko artikulu honetan publizitateak euskarazko hedabideetan duen presentzia aztertzen da, eta arreta berezia jarri zaio gai honen inguruan azterketa eta eztabaida oso gutxi egin izanari. Euskal kulturaren eta komunikabideen kontsumitzaile kopurua oso mugatua izateak ezinbestean bultzatu behar du marketinean eta publizitatean berritzaileak izatera. Baina erdarekin lehiatzeko zailtasunak daude, eta produktuen hobekuntzan inbertitzeko baliabide ekonomiko sendorik ere ez da izaten. Beraz, egiten diren galderen artean honakoak daude: zergatik dago horren publizitate gutxi euskal hedabideetan? Euskaldunok ez al gara publizitatea euskaraz egiten duten markengatik hurbilago sentitzen?
Jose Inazio Basterretxea Polo. Arto gutxitan, kalabaza jaki -gizarte-komunikazioa, euskaraz eraikitzen
Euskaraz bizi den eta hala bizi nahi duen hizkuntza-komunitatearen eta gizarte-komunikazioaren sektorearen arteko harremanak aztertzen dira artikulu honetan. Komunikazio sektorea osasuntsua eta normalizatua behar dela planteatzen da, eta, horretarako, modu orekaturen bat aurkitu beharko dela euskaraz diharduten hedabide-mota guztiak uztartzeko. Modu horretan soilik aterako baitzaio egungo produktuei etekin ekonomiko, sozial eta kultural handiagoa. Berebiziko garrantzia hartzen du alor horretan sinergien kudeaketak eta eragileen beregaintasun autozentratuak.
H.Zubiri, A. Retortillo eta X. Aierdi. Euskal hedabideak Euskal Autonomi Erkidegoan
Artikulu honetan, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskatuta egileek egindako hainbat ikerketen azterketaren sintesia eskaintzen da. Ikerketak horiek honakoak dira: CIESen Euskarazko komunikabideen polikontsumoari buruzko azterlana, 2007; CIES-en Euskarazko hedabideen ikus-entzuleei buruzko azterketa, 2007; Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskarazko hedabideak azterketa, 2006; Ikerfel-en Euskarazko komunikabideak erabiltzeko eragingarriak eta eragozpenak, 2007, eta Euskararen Erakunde Publikoarentzat IPSOS-ek egindako Komunikabideen erabilpenaren azterketa: telebista eta irratia, 2007. Lan honetan, beraz, lau ikerketa zehatz horien emaitza esanguratsuak nabarmentzen dira.
Aztertu diren gaien artean euskal hedabideen irismen txikia da. Erkidego handiekin alderatuta, euskararen hizkuntza erkidegoa oso txikia dela eta bere eremuko biztanle guztiek euskaraz jakingo balute ere hala izango zela planteatzen da; eta aztertzen da, kontsumitzaile potentzialetik euskal komunikabideak zer ehunekotara heltzen diren. Ondoren, hedapen txikiaren zergatien inguruko hainbat datu eskaintzen dira eskariaren eta eskaintzaren arteko bereizketak kontuan hartuz, arazo horien arabera, egungo komunikabide guztien beharraz galdera egin ondoren, etorkizun hurbilean egin beharreko ikerketaz proposamena ere egiten da.
III. ESPERIENTZIA PRAKTIKOAK
Iban Arantzabal Arrieta. Tokiko hedabideek etorkizun handia dute
Idatzi honetan hedabideen nolakotasuna, Interneten garrantzia eta hurbiltasunak berez dakarren erakargarritasuna izango ditu mintzagai Iban Arantzabal, Goienako Ikus-entzunezkoen zuzendariak. Hiru puntu horiek azalduko ditu tokiko hedabideen garrantzia “azpimarratzeko, pertsona eta entitateen arteko komunikazio-beharrak asetzeko balio dutela tokian tokiko komunikabideek eta baita aisia, kultura eta prestakuntzarako bideak eskaintzeko ere, euskaraz, elkarlanean oinarriturik eta era guztietako euskarri komunikatiboez baliatuz.”
Iñaki Iurrebaso Biteri. Hedabideak eta euskara Zarautzen, 2006 ikerketaren emaitzak
Artikulu honetan Iñaki Iurrebasok Zarautzen 2006an buruturiko ikerketaren berri eman du. Ikerketaren helburuak hedabideen kontsumo-ohiturak (telebista eta egunkariena zehazki) ezagutzea, eta zenbakietara ekartzea, kontsumo hori hizkuntzaren ikuspegitik aztertzea (euskalduna versus erdalduna), eta kontsumo euskaldunaren logikara hurbiltzea, galdera honi erantzunez: nork (herritarren zein alorrek) kontsumitzen du gehiago euskaraz eta nork gehiago erdaraz?
Emaitzak eta ondorioak aurkezteaz gain etorkizunerako erronka ere planteatzen du egileak, izan ere, bere esanetan “egungo euskarazko hedabideak, lehiakide bezainbeste, elkarren laguntzaile dira espazio komun bat trinkotzeko lanean. Mundu globalizatu honetan, [] geroz eta beharrezkoak izango dira euskarazko hedabideen inguruko azterketa eta estrategia bateratuak”.
Mikel Arrieta. Berria, bost urrats etorkizunari begira
Bost urteko ibilbidearen ondoren Mikel Arrietak BERRIA eta Euskarazko Komunikazio Taldearen (EKT) ibilbideari begirada eman dio. EGUNKARIA itxi zutenez geroztik euskarazko komunikazio eremua osatzea izan du helburu EKT taldeak, BERRIA abian jartzearekin batera. Bere erronka euskarazko hedabideen merkatuan hedatzea da, baina horretarako hainbat baldintza bete behar direla planteatzen du egileak: euskararen presentzia handitu beharra eta euskaraz naturaltasunez irakurtzeko adinako gaitasuna izatea, besteak beste. Aldi berean, EKTren bi erronken berri ematen du: abian dituen proiektuak garatzearekin batera proiektu berriak martxan jartzea, eta euskarazko komunikabideen arteko elkarlana sustatzea.
GUREAN
Nekane Goikoetxea. Hizkuntzen arteko elkar eragina EAE-ko hezkuntza eleanitzean
Artikulu honetan D ereduko ikasleen hiru hizkuntzen arteko elkar eragina (HAEE) aztertuko dugu gure testuinguruan ditugun faktoreen argitara (hizkuntzen tipologia, hizkuntzen estatusa, 2Hren garapen maila...). Elkar eragina bi norabidetan neurtu dugu: ingelesean ematen den euskararen eta gaztelaniaren eragina, batetik, euskararen eta gaztelaniaren artekoa, bestetik. Gainera, ikasleen 1Hak eta EAE-ko hezkuntza eleanitzean orokortu den ingelesaren sarrera goiztiar partzialak gure aztergunean duten eragina ere ezagutu nahi dugu. Metodologia kualitatiboa erabiliz ondorioztatu ahal izan dugu garrantzitsuagoa dela HAEE ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz baino eta baita ingelesaren sarrera goiztiarra jarraitu duten ikasleengan ere. Azpimarratzekoa da, era berean, hizkuntzen arteko distantzia tipologikoak eta euskararen gutxiagotasun egoerak duten garrantzia.
Kike Amonarriz. Gazte hizkerak – hizkera gazteak
Udako Euskal Unibertsitateko Soziolinguistika Sailak 2006ko uztailean antolatu zuen “Erronka berriak euskararen erabileran” ikastaroan emandako hitzaldiaren haritik idatzitako artikulua da honako hau. Bertan, gazte hizkera edo gazte hizkerak aztertzen ditu Kike Amonarrizek. Aztertzen diren gaiak honakoak dira besteren artean, Internetek, digitalizazioak eta telefoniaren garapenak hizkuntzaren erabilpenean duten eragina, eta hizkera-mota desberdinen garatzea, batez ere maila idatzian. Sortzen ari diren hizkera berri horien ezaugarriak erakusteaz gain, euskalkien lekua, euskalkien eta batuaren arteko harremanak eta erdaren lekua ere aztertzen du egileak.



