2008 - BAT 69: HAUSNARTU. Euskal Soziolinguistika Sariak

BAT 69: HAUSNARTU: EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA SARIAK Fermin Lazkano. Erabilera ala ezagutza sustatzeko politikak? Erabilera neurketak oinarri, politikak erabakitzeko metodo bat

Fermin Lazkanok azken 15 urteetan egindako euskararen kale erabileraren neurketak hartu ditu aztergai artikulu honetan, eta hizkuntza politika diseinatzeko garaian baliagarri izan daitekeen metodo bat proposatu du. Horretarako, 1989. urtetik aurrerako euskararen ezagutza- eta erabilera-maila erlazionatu ditu hiru neurketa puntu aukeratuz: 1989koa, 1997koa eta 2006koa. Analisi grafikoa eginez atera duen ondorio nagusia honakoa da: atalase puntu bat gertatzen da ezagutza eta erabileraren arteko erlazioan, ezagutzaren %45 inguruan, eta maila horretatik aurrera euskararen erabilera bizkortzen da (euskaldun berri bakoitzeko erabiltzaile bat baino gehiago irabazten baita) eta alderantziz. Beraz, hizkuntza politika eraginkor baten inguruan datu hori kontuan hartu beharreko ideia plazaratzen du egileak artikulu honetan. ----------------------------------------------------------------------------------------------------------------- Jone Miren Hernández. Euskara birpentsatu beharra. Ekarpen batzuk antropologiatik

Izenburuak iradokitzen duen moduan, Jone Miren Hernández irakasleak euskararen hizkuntz kontzeptua eta hizkuntz komunitate kontzeptua berraztertu beharra planteatzen du. Euskal soziolinguistikan aztertzen den hizkuntz komunitatearen kontzeptua eta hizkuntza bera antropologia anglosaxoian erabiltzen den praktika komunitatearenarekin erkatzen ditu artikuluan, eta abiapuntu horretatik, antropologia feministatik datozen hainbat ideia eta alboetatik eratorritako ahots eta identitate desberdinak aztertzeari ekiten dio. Bide horretan, euskal bertsolaritzaren baitan gertaturiko aldaketa sakonak kontuan hartuz (emakumearen sartzeak bertsolaritzaren kontzeptuan bertan izandako eragina, esate baterako) agian hizkuntza komunitatearen mugei buruz ere eztabaidatzera eraman beharko lukeela iradokitzen du. Egilearen ustetan “XXI. mendean hizkuntza, hiztuna eta komunitatearen definizioak ezin dira berdin mantendu. Identitatearen osaketa eta hizkuntzen balioa erabat aldatu [bait]dira guztiz globalizatu den mundu honetan”. ----------------------------------------------------------------------------------------------------------------- Castillo Suárez García. Nafarroako toki administrazioetako euskararen normalizazioan eragiteko oinarriak

Argitara ematen dugun lan honen helburua euskara planak diseinatzeko zenbait oinarri eskaintzea da, batez ere Nafarroako Foru Erkidegoko euskara teknikariei. Oinarri horietan Castillo Suárezek planteatzen duen berrikuntza nagusia gero eta erakunde gehiagok kontuan hartzen dituzten kalitatearen kudeaketarako sistemak euskararen plangintzetan ere aplikagarritasuna da. Horretarako Nafarroan indarrean dagoen legeriaren inguruko oinarrizko hainbat datu eskaintzen ditu toki entitateen antolamenduaren arabera, baita hizkuntza normalkuntzarako hartzen diren neurrien berezitasunak ere. Azkenik, ezaugarri horiek kontuan hartuz kalitatearen irizpidea ezartzeko hainbat eredu ere erakusten ditu, esate baterako, Commun Assesment Framework (CAF) eta Gida Panel integralaren eredua (Balanced scoredcard). ----------------------------------------------------------------------------------------------------------------- Eunate Irazabal Olarreta. Emakumea eta euskal irakaskuntza

Eunate Irazabal irakasleak sinaturiko artikulu honetan, emakumeek euskal irakaskuntzan izan duten presentzia eta betekizuna aztertzen da. Hizkuntzaren transmisioan landa giroan emakumeek izandako betekizunetik abiatuz, XX. mendeko lehen euskal eskoletan izandako presentzia ia erabatekoa azpimarratuz, 60. hamarkadan ikastolen sorreran eta garapenean izandako zereginen ezaugarriak lerrokatzen ditu: hasierako garaian hizkuntzaren eta tradizioaren mantentzaile izatetik eragile modernizatzaile bilakatzeraino. Azkenik, gaur egungo hezkuntza-sisteman ere emakumeek duten nagusitasuna agerian jartzen du, eta azken urteetan aipatzen ari den hizkuntzaren (euskararen) feminizazioa azaltzeko ere formulatzen duen hipotesian emakumeen tradiziozko betekizunek duten pisua azpimarratzen du. ----------------------------------------------------------------------------------------------------------------´

Soziolinguistikaren inguruan

Alain Viaut. Hizkuntza-beharraren kontzeptua, beharrean dauden hizkuntzetarako Hizkuntza-beharraren kontzeptutik abiatuz Alain Viaut idazle eta irakasle okzitaniarrak azken urteetan Frantzian piztu den soziolinguistikako eztabaida garrantzizko baten oinarrizko datuak ekartzen ditu artikulu honetan. Bertan, Louis-Jean Calveten grabitazio eredua eta Henry Boyer-en ikuspegia erkatzen ditu, azkenik Lluís V. Aracilen zirkulu funtzionala azalduz. Sakonean, artikulu honetan planteatzen dena hizkuntza-beharra, gizartearen hizkuntza-funtzioen eskaria eta hizkuntza-politiken bitartez eskaini daitezkeen hizkuntzaren gizarte funtzioen arteko harremana da. Ereduek egoeraren aztertzaile izateaz gain eragile ere izan daitezkeen ideia ere azaltzen da.

Ferran Suay i Lema, Gemma Sanginés Sáiz. Hizkuntza-mendetasuna aztertzeko eta egoera horretan esku hartzeko eredu bat

Hizkuntz ukipeneko egoeretan hizkuntza aukeratzeko jokabidea ikuspegi psikologikotik aztertu nahi izan dute egileek hemen aurkezten duten artikuluan. Eta horren aurrean gatazka-egoera horiei (hizkuntza gutxituen kasuan gertatzen diren gatazka-egoerei, hain zuzen) aurre egiteko esku hartze eredu bat proposatu nahi dute, beti ere hizkuntza gutxituko hiztunen ikuspegitik. Hipotesia da hizkuntza-mendetasun egoeran hiztunek sarritan beren hizkuntzan hitz egiteari uko egiten diotela. Horrek ez du esan nahi halabeharrez pertsona mendeko dela baina bai mendeko jokabideak garatzen direla, eta alderantziz. Beraz, jokabidean eragiten duten aldagaiak identifikatu ostean, TELP izeneko psikologian oinarritutako jokabide eredu bat proposatzen dute. Eredua ikastaroen bitartez aurkeztu izan dute eta bere helburua norbanakoaren baliabideak indartzea da.