
2009 - BAT 70: Euskararen legeak
Iñaki Agirreazkuenaga. EUSKARAREN
ARAUBIDE JURIDIKOA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN, NAFARROAN ETA IPAR EUSKAL HERRIAN
Iñaki Agirreazkuenaga irakasle katedradunak Euskal Herrian euskararen
ofizialtasuna zehazten dituzten legeen ikuspegi orokor eta zehatza eskaintzen
du artikulu honetan. Hiru lurralde administratiboak banan bana aztertuz honako
atalak landu ditu: Euskal Autonomia Erkidegoan legeek hizkuntza arloko oinarrizko
printzipioekin dituzten harremanak, hizkuntzen ofizialtasuna, Espainiako Konstituzioaren
eraginpeko lurraldean gaztelania jakin beharra, lurralde bateko berezko hizkuntza
eta hizkuntza dela-eta ez diskriminatze printzipioa, besteak beste. Ondoren
Nafarroako legearekiko egoera eta Ipar Euskal Herrian euskaldunen hizkuntza
-eskubideak zertan diren ere aztertu du.
----------------------------------------------------------------------------------------------------
Jean-Baptiste Coyos. EUSKARA ETA LEGERIA IPAR EUSKAL HERRIAN:
GIZARTE ELEBIDUN BATERANTZ AUKERAK ETA MUGAK
Artikulu honetan Frantziako hizkuntza-legeria eta oinarritzen
duen hizkuntza-ideologia aurkezten ditugu. Erakusten dugu legeria hori zein
desorekatua den, frantsesaren aldekoa izanez. Eskualdeetako hizkuntzak ez ditu
aterbetzen. Halere euskal elkarte batzuek, euskaltzale ausartek hizkuntza-politika
eremu zenbait ideki dituzte. Ondotik, duela gutxi, podere publikoek euskararen
aldeko hizkuntza-politika proiektua sortu dute.
Oraiko legezko marko desorekatuan ere hizkuntza-politika publikoa,
elkarteen ekintzak, gizartearen engaimendua azkarragoak, eraginkorragoak izan
daitezkeela azpimarratzen dugu.
----------------------------------------------------------------------------------------------------
Julen Urbiola. ILP-REN KONTAKIZUNAK
Julen Urbiola egileak artikuluaren buruan azaldu du lan honen nondik norakoa:
“zure aurrean daukazun … idazki honetan ez dut azterketa tekniko
hutsa egin nahi eta, asmo horrekin bat, zuen begietara istorio bat ekarriko
dizuet, edo hobe esanda, hiru istorio ezberdin; hirurak beste hainbat nafarren
istorioak. Eta istorio horien bitartez Nafarroan, azken 25 urtean, euskararen
inguruan azpimarratzeko izan diren joan-etorriak ezagutuko ditugu. Finean, euskaldunen
hizkuntza eskubideez ari garenean, pertsonez mintzo baikara.” Kontakizunaren
protagonistak I, L eta P dira, Euskararen Foru Legeak Nafarroa zatitu duen hiru
eremu banatan jaioak duela 25 bat urte: eremu mistoan, eremu euskaldunean eta
eremu ez euskaldunean jaioak, alegia. ILPren kontakizunaren bidez Nafarroan
Euskararen Foru Legea onartu zenetik 22 urte pasa diren honetan euskararen legeen
ibilbideari begirada kritiko zorrotza eskaintzen dio egileak.
----------------------------------------------------------------------------------------------------
Paul Bilbao. MILAKA URRAKETA EUSKARAREN LEGEEN BABESPEAN
Euskararen legeek zer-nolako babesa eskaintzen dien hizkuntza-eskubideei
aztertzen du Paul Bilbaok artikulu honetan. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak
2001ean Euskararen telefonoa abian jarri zuenetik zazpi mila espediente jaso
eta bideratu ditu. Horietatik gehienak hizkuntza-eskubideen urraketekin lotuta
daude, eta horiei erantzuteko Administrazio desberdinek emaniko erantzunak aztertzen
ditu egileak. Lan honetan oso zehatz ikus daitezke erantzun horietan erabilitako
argudioak. Beraz, hemen ageri dira Frantziako SNCF-k, Agence Nationale Pour
l’Empoloi-k emandako erantzunak, Espainiako Herri Defendatzaileak, Barne
Ministerioak, Nafarroako Arartekoak, Osakidetzak, Herrizaingoak, eta Eusko Jaurlaritzako
Kultura Sailak emanikoak ere, besteak beste.
----------------------------------------------------------------------------------------------------
Erramun Osa. KONTSUMITZAILEEN ETA ERABILTZAILEEN 123/2008
DEKRETUA. HIZKUNTZA AUKERA BERDINTASUNA ETA ASKATASUNA OINARRI
Artikulu honen iturburua 2008. urtean Udako Euskal Unibertsitateko
(UEU) Baionako ekinaldian emaniko hitzaldia da. Hitzaldi hura "Ez inposatu,
ez eragotzi, euskara baliatzeko aukerak areagotu" izenburua zuen. Bere
abiapuntua Eusko Jaurlaritzak uztailan 1ean onarturiko 123/2008 Dekretua zen,
kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzkoa. Egileak dekretu
horren garrantzia honela adierazten du: “akaso, 10/1982ko Euskararen Legearen
ondoren eremu pribatuan horren eragin zabaleko araubiderik ez [bai]ta indarrean
jarri”. Horrela, Dekretuaren nondik norakoak, iturburua eta helburua erakusteaz
gain izan dituen bi aldeko kritikei ere erantzuten die Osak. Nolanahi ere, egileak
zehaztasunak eman aurretik, euskara “merkataritzan, ostalaritzan, bezeroekiko
harremana duten zerbitzu-enpresetan, eta abar luze batean zein egoeratan dagoen”ari
buruz azalpen argigarriak ere eskaini ditu.
----------------------------------------------------------------------------------------------------
Mikel Irizar. HIZKUNTZAK ENPRESAN, LEGETIK HARATAGO
Kutxaren Hizkuntza Plangintzaren inguruan gogoeta egin du Mikel Irizarrek artikulu
honetan. Gipuzkoan sortutako enpresa honek eremu geografiko berrietan ere hedatzen
joan da eta bertan ere hizkuntza politika zehatza ezarri du. Bere langile kopuru
guztitik herena Euskal Herritik kanpokoak dira, eta horien artean badira elebidunak
direnak ere (Katalunian, Valentzian eta Galizian, esate baterako). Errealitate
horretatik abiatuz Irizarrek Kutxaren hizkuntza-politikaren ildo nagusiak ematen
ditu ezagutzera, legeak ezartzen dituen betebeharretik haratago. Hor sartzen
dira bezeroari zor zaion arreta hobetzea helburu duten ekimenak, lan-postuetarako
hizkuntza-eskakizunak zehaztearena, eta euskara lan-hizkuntza izan dadin jartzen
diren baliabideen inguruko gogoeta.



